Eudel
  • Negoziazio Mahaia akordio berriarekin (2026-2032) ari da lanean, eta Euskadiko toki-esparruko 23.000 langile publikoen lan-baldintzak arautuko ditu.
  • Proposamen instituzionalak 90 neurri ditu, arau- eta gizarte-aldaketekin bat datozenak. Hobekuntzak ditu ordainsarietan, lanaldi-murrizketan, kontziliazioan, edo soldata-estaldura bajetan; eta berrikuntzak, berriz, telelanean, deskonexio digitalean, mugikortasun jasangarrian, euskara, berdintasunean, aniztasunean eta belaunaldi-erreleboan.

Bilbo, 2026ko maiatzaren 29a. Gaur, maiatzaren 29an (ostirala), EUDELen egoitzan, negoziazio-mahai berri bat bildu da, Udalhitz Akordio Arautzailea eguneratzen aurrera egiteko, hala udal-funtzionarioei, nola lan-kontratudunei dagokienez. Euskadiko udalen ordezkaritza instituzionalak proposamen integral bat aurkeztu die ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuei, toki erakundeetako langileen lan-baldintzak hobetzeko. EUDELek espero du dokumentu hori oinarria izatea akordio bat lortzeko, eta, horrela, hurrengo agintaldiari begira, EAEko 23.000 udal-langile publikoren baino gehiagoren erreferentziazko hitzarmena berritu ahal izateko.

Udalen ordezkariek egindako proposamena urte eta erdi baino gehiagoko lanaren eta 12 negoziazio-mahairen emaitza da. Dokumentuak proposatzen du 2008-2010etik indarrean dagoen hitzarmen kolektiboa sakon eguneratzea, tokiko administrazioak gizarte-, lan- eta antolaketa-arloko erronka berrietara egokitzeko.

Testuak 90 hobekuntza-neurri inguru ditu, bost eremu handitan banatuta: soldatak eta ordainsariak, lizentziak eta kontziliazioa, berdintasuna eta telelana, lan-osasuna, karrera profesionala eta lanaldia, eta plantillak gaztetzea. Gainera, proposamenak planteatzen du hitzarmeneko hogei bat artikulu eguneratzea, gizarte-, familia- eta lan-errealitate berrietara egokitzeko.

EUDELek nabarmendu du bere proposamena elkarrizketa sozialaren eta “entzuketa aktiboko” prozesu baten emaitza dela. Egungo udal-agintaldiaren hasieratik udalekin eta beste instituzio batzuekin egin du entzuketa. Helburua hirukoitza da: langile publikoen lan-baldintzak hobetzea, tokiko erakundeen eraginkortasuna indartzea eta aurrera egitea herritarrei ematen zaizkien zerbitzu publikoen kalitatean.

Era berean, EUDELek proposatzen du Udalhitz berriaren indarraldia 2026-2032 aldirako luzatzea. Horrela, egonkortasuna eta segurtasun juridikoa bermatu, eta behar adina denbora utzi nahi du neurri berriak EAEko 252 udaletan eta gainerako toki-entitateetan ezartzeko.

Soldatak eta ordainsariak

Soldatei dagokienez, proposamenak 2025eko apirilean EUDELek eta sindikatuek sinatutako Protokolo Eratzailean lortutako konpromisoa jasotzen du. Zehazki, aurreikuspena dago hurrengo bost urteetan urtean %1eko funts gehigarri bat sortzeko –%5eko gehieneko metatura arte–, erosteko ahalmenaren galera konpentsatzeko. Funts horrek balioko du Estatuko oinarrizko araudiaren ondoriozko igoerak osatzeko, 2026an %1,5ekoa izan baita.

Udal-gobernuek formula desberdinak erabili ahal izango dituzte funtsa aplikatzeko, adibidez, lanpostuen balorazioen, karrera profesionaleko planen eta/edo jardunaren ebaluazioen bidez.

Lanaldiaren murrizketa, kontziliazioa eta estaldura osoa laneko bajagatik

EUDELen proposamenak hobekuntza garrantzitsuak ditu lanaldiari eta kontziliazioari dagokienez ere. Lanaldiaren arloan, proposamenak urteko benetako presentziaren 45 orduko murrizketa jasotzen du, eta urteko 1.547 orduko gehieneko lanaldia finkatzen du.

Lan-osasunaren arloan, ordainsarien %100eko estaldura sartzen da aldi baterako ezintasun aldi osoan, bai eta plan espezifikoak arrisku psikosozialak eta ergonomikoak prebenitzeko.

Gainera, EUDELek proposatzen du hobekuntzak egitea Udalhitz akordioaren Lizentzia eta Baimenen kapituluko 20 artikulutan, lana eta familia bateragarri egiteko, artikuluetan jasotako kasuetan.

Telelana, deskonexio digitala eta modernizazioa bultzatzea

EUDELen proposamenak indarrean dagoen hitzarmenean orain arte jaso ez diren neurriak sartzen ditu, hala nola telelana arautzea eta deskonexio digitalerako eskubidea onartzea.

Trantsizio ekosozialari eta mugikortasun jasangarriari lotutako ekimenak sartzen dira, baita ingurumeneko ordezkari sindikalaren figura sortzea ere. Antolaketaren arloan, programak jaso dira plantillak gaztetzeko eta ezagutza transferitzeko belaunaldien arteko erreleborako, hainbat formularekin. Era berean, apustu handiagoa egiten da zerbitzu publikoen kudeaketa zuzenaren alde eta behin-behinekotasuna murrizteko bermeak indartzeko.

Euskara, berdintasuna eta aniztasuna

Era berean, proposamenak berdintasun-politikak bultzatzen ditu, neurri zehatz eta ebaluagarriekin, eta berariaz onartzen dira LGTBI eta trans kolektiboaren eskubideak.

Negoziazio-prozesu honek balio izan du, halaber, Euskadiko tokiko administrazioetako hizkuntza-ereduari eta euskararen presentziari eta erabilerari buruzko eztabaida sakona abiarazteko, eta, horretarako, egungo errealitatea gainditzen saiatzen diren hainbat alternatiba planteatu dira.