EUDELek udaletan Herritarren Arretarako Zerbitzua ezartzeko oinarrizko hamar gomendio biltzen dituen dekalogo bat prestatu du, Udal Foroan eginiko gogoetetan eta esperientzia- zein iritzi-trukean oinarrituta, eta Tokiko Berrikuntza Agendaren (TBA) esparruaren barruan.
Zerbitzu hau ezartzeko prozesua hasteko gomendio horietako bi hauek dira: Udalaren beraren administrazio-prozeduren eskuliburua edukitzea eta berariazko konpromiso politiko bat izatea.
Herritarren arretarako zerbitzuak herritarrak administraziora iristea eta harekin komunikatzea eta harremanetan egotea erosotasunez gerta dadin errazteko prestatzen dira. Udal zerbitzu gehienak era integratuan eskaintzen saiatzen dira, zerbitzu horiek esku-hartze tekniko espezializatua behar ez dutenean, aurrez aurreko, telefonozko edo telematikazko bideak erabiliz.
Herritarren Arretarako Zerbitzuen (HAZ) Udal Foroa 2012ko maiatzean sortu zen, eta 14 udalerrik parte hartzen dute bertan; gaur egun, herritarren arretarako zerbitzua dute 14 udal horietan. EUDELek sustatutako udalen arteko sare honi esker, esperientziak eta praktika onak trukatzen dira udalerrien artean.