EAEko Udalen Elkarteak bat egiten du Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) ekimenarekin, horrela, beste bultzada bat eman nahi dio emakume eta gizonek tokiko bizitzan Berdintasunean bizitzeko Europako Gutunari, bai eta indartu ere.
CMREren (Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseilua) proiektu berria adierazle-sistema bat garatzean datza. Haren bidez, kide bihurtutako eskualde eta udalerrietan Europako Gutunaren aplikazioa ebaluatzeko aukera egongo da. Aurreko hilabetean, irailean, EUDELek tokian tokiko Berdintasunaren ebaluatzeko eta aztertzeko tresna berri hau gauzatzeko konpromisoa hartu zuen, batez ere, Euskadiko Udalerrietan.
Gaur egun, Euskadiko 32 udalek egin dute bat gutunarekin.
Europako Gutunak tokiko eta eskualdeko Europako elkarteak bat egitera eta berdintasunaren aldeko konpromiso publikoa hartzera gonbidatzen ditu.
Sinatzen duten udalerri eta eskualdeek Berdintasunerako Plan bana izan behar dute, eta euren lurraldeko erakunde eta agintariekin lan egin, hartutako konpromisoa bultzatu eta aurrera eramateko.
Gutunaren testuak neurri jakin batzuk proposatzen dizkie gobernu eta agintariei, betiere euren eskumenen arabera.
EUDELek 2006an, gutunaren sorreran, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluarekin batera lan egin zuen, bai eta berau betetzeko eta sustatzeko konpromiso irmoa sinatu ere.
Gutunak, gainera, Europako Batzordearen babesa jaso zuen, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerako ekintza komunitarioko 5. Programaren barruan.