Eudel

Bilbon, 2013ko irailaren 27an. Ministroen Kontseiluak uztailaren 26an onartutako Toki Administrazioaren Iraunkortasunari eta Arrazionalizatzeari buruzko Lege Proiektuaren kontra dago EUDELEN Batzorde Eragilea. EAEko udalerrien elkartea oso kezkatuta dago erreforma honek Euskadin izango duen eragina dela eta, eta guztiz aurka dago, izan ere, planteatutako lege proiektua onartezina da euskal sistema instituzional eta ekonomiko-finantzario bereziaren barruan.

Balorazio tekniko-juridikoko txosten batek EUDELen jarrera babesten du. Bi dokumentu horiek aste honetan bertan bidali dira Ogasun eta Herri Administrazio Sailera, Kongresuko parlamentuko taldeei, Senatura eta Espainiako Herri eta Eskualdeen Federaziora (FEMP), hurrengo hilabeteetan Lege gisa onartzeko parlamentuan izapidetu aurretik.

Era berean, Lege Proiektuaren balorazioa Eusko Jaurlaritzara bidali da, jakinaren gainean egon daitezen, hiru herrialdeetako Foru Aldundietara, eta EAEko udaletara.

EUDELek egindako oharrek hiru ardatz dauzkate:

  • Erreformak eraso egiten dio udal autonomiari.
  • Euskal autogobernua urratzen du erreformak.
  • Foru erregimenari esker transferitutako eskumenak alboratzen ditu.

EUDELen Batzorde Eragileak askotan kritikatu ditu Lege aurreproiektua zenaren inguruan sortutako zirriborroak; berriki, martxoan, EUDELek EAEko udalei balorazio tekniko-juridiko bat bidali zien, otsailaren 15ean zabaldu zuten Lege aurreproiektua zela eta.