EUDEL eta IVAPen arteko lankidetzako akordio-markoan, eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta meteorologiako Zuzendaritzaren partaidetzarekin, aipatzen den jardunaldiari buruzko informazioa: “Planes de Autoprotección en edificios públicos“. Jardunaldia Eusko Jaurlaritzaren Lakua 2 eraikinean (Vitoria-Gasteiz) burutuko da urriaren 26an, asteazkena, 10.00-12.00.
Jardunaldia, Euskadiko tokiko erakundeetako ordezkari politikoei dago zuzendua, eta bertaratuek ez dute ezer ordaindu beharko, dohainik da.
Bertaratzearen konfirmazioa helbide elektroniko honetara bidaltzea eskatzen da datorren urriaren 19a baino lehenago: miriam-berasategi@ivap.eus
- Lugar: Euskaldun Berria Aretoa. Lakua 2. Donostia-San Sebastian, 1. Vitoria-Gasteiz
PROGRAMA
10:00-11:00 Autobabes-planak jendearentzako irekitako eraikinetan. Udalen betebeharrak eta erantzukizunak
Miguel de los Toyos Nazabal, Eibarko alkatea
11:00-12:00 Autobabes-planak egin eta mantentzeko aplikatu behar den araudia
Iñaki Inoriza Aizpurua, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei aurre egiteko eta meteorologiako Zuzendaritzako teknikaria
- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) argitaratu du Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko agiri elektronikoak kudeatzeko politika onartzen duen” agindua.
- Espediente elektronikoak benetakoak, fidagarriak eta eskuragarriak izatea bermatzen da, eta, aldi berean, berreskuratzea eta gordeta egotea ziurtatzen da.
- Administrazioa modernizatzeko emandako beste urrats bat da hau, eta herritarrekiko harremanetan papera pixkana baztertzeko hartutako konpromisoaren bidean aurrera egitea ahalbidetzen dio Eusko Jaurlaritzari.
Iturria: Irekia 16/10/10. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) argitaratu du urriaren 10ean “Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko agiri elektronikoak kudeatzeko politika onartzen duen” agindua. Xedea da irizpide batzuk ezartzea euskal sektore publikoa osatzen duten erakundeek sortutako edo gordetako espediente elektronikoak kudeatzeko, eta, aldi berean, benetakoak, fidagarriak eta eskuragarriak izatea bermatzen da eta, gainera, berreskuratzea eta gordeta geratzea ziurtatzen da.
Agindua honako erakundeei aplikatuko zaie:
-Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrari, administrazio orokorreko erakunde autonomoei eta administrazio orokorrari lotuta edo haren mende dauden zuzenbide publikoko gainerako erakundeei.
-Zuzenbide pribatuko erakunde publikoei eta Euskadiko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeei, zuzenbide publikoaren pean jarduten dutenean.
Era horretara, jarraitu egiten da Euskal Administrazio Publikoa modernizatzeko bidean arinagoa, eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin, eta, aldi berean, herritarrekiko, enpresekiko eta gainerako erakunde publiko eta pribatuekiko harremanetan papera pixkana baztertzeko hartutako konpromisoa betetzen du. Hortaz, Euskal Administrazio Publikoan sartu edo sortuko diren agiriak digitalak izango dira, eta aurrez aurre artatzen diren pertsonek agiriak paperean entregatzen badituzte, agiri horiek hartzen dituzten erakundeek eskaneatu egingo dituzte eta tramitea egin duenari itzuliko diote papera.
AGIRIAK KUDEATZEKO PROZESUAK
Agiri elektronikoak tramitatzeko fase bakoitzerako irizpideen eta prozeduren zerrenda bat ezarri da testuan: agiriak sortzea, erregistratzea, atzitzea, banatzea, sailkatzea, deskribatzea, sartzea, kalifikatzea, gordetzea, transferitzea, garbitzea, digitalizatzea, baimentzea, paperean edo elektronikoa ez den beste edozein euskarritan dauden jatorrizko agiriak ordezkatzea kopia elektroniko baimenduekin eta haiek behin betiko ezabatzea.
Euskal sektore publikoko langileek agiri eta espediente elektronikoak kudeatu eta gordetzeko prestakuntza espezifikoa jasoko dute, eta prestakuntza horretaz IVAP, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea arduratuko da. Prestakuntza-programa aldian behin ebaluatuko da eta ebaluazioaren emaitzen arabera doituko da.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko erakundeek ebaluazioak eta auditoretzak egingo dituzte aldian behin, agiriak kudeatzeko prozesuak gaur onartu den aginduan ezarritakoari jarraituz egiten direla ziurtatzeko eta erakundearen errendimendua eta erabiltzaileen gogobetetze-maila hobetzeko.
‘LIKE’ sareak ‑Kulturarako hiri eta eskualdeen sarea‑ Europako «La Rencontre of San Sebastián» urteroko ekitaldia antolatuko du urriaren 10etik 13ra. “Kultura, agora gisa: herritarren, lurraldeen eta sormenaren arteko lotura” gaia landuko da, eta, aurten, Donostia-San Sebastiánen izango da; izan ere, Kulturaren Europako Hiriburua da 2016. urtean.
Bertaratutakoek eta parte-hartzaileek kultura agora demokratikotzat har daitekeen formen inguruan eztabaidatuko dute. Era berean, Europan kultura lankidetzan eraikitzeko bidean, tokiko kultur politikak sortzeko prozesuan agora demokratikotzat har daitezkeen formen inguruan ere eztabaidatuko da. Herritarren ekimenak, demokrazia parte-hartzailea, kulturari lotutako artistak eta profesionalak, etab.
LIKE sareak artean eta kulturan parte-hartze demokratikoa izateko modu berriei buruz hausnartu nahi du, eta, halaber, espazio bat sortu nahi du Donostia Kulturaren Europako Hiriburua 2016 ekimenaren barruan, kulturaren sektorean politika publikoak garatzeko eredu berrien inguruan hausnartzeko.
LIKE, Kulturarako Europako hiri eta eskualdeen sareak konpromisoa agertzen du Europako kultur politiken garapenarekin, eta, sarearen barruan, tokiko hainbat agintaritzaren eta kultur egituraren hautetsi talde bat biltzen du. Sareak lurraldeek eratutako kulturaren Europa eraikitzearen alde egiten du lan, kultur gaietan aukera berriak irekitzeko xedearekin.
Webgunea: www.likeculture.eu
- Gaur goizean, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Eskoziako tokiko hautetsi garrantzitsuenen urteko konferentzian hartu du parte, Austriako eta Europako Batzordeko ordezkari politikoekin batera. Foro honetan, Nicola Sturgeon Eskoziako lehenengo Ministroak ere hartu du parte (argazki erdian, Eudeleko ordezkariarekin).
- Eskoziako udalerriak toki autonomiaren ereduari buruzko gogoeta egiteko eta definitzeko prozesuan daude, eta Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko autogobernuko sistema ezagutzeko interesa adierazi dute; izan ere, Europako deszentralizatuenetakotzat eta aurreratuenetakotzat hartzen dute.
Edinburgon, 2016ko urriaren 6an.
Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragilearen ordezkari gisa, Galdakaoko alkate Ibon Uribek Eskoziako Toki Aginteen Konbentzioaren urteko Batzarrean (COSLA) arituko da gaur eta bihar Edinburgon. Egun hauetan, 32 kontzejutan (Scotish councils) edo tokiko unitate administratibotan hurrengo urteetan garatu beharreko toki gobernantzako eredua aztertzen eta sakontzen ari dira.
“Local Government: Leading Reform” izenburupean, gaurko programatutako hitzaldiak araudian, prozesuetan eta metodologietan oinarritzen dira, Eskoziako toki gobernantzari gidaritza berria emateko. Zehazki, toki gobernuen ‘jabekuntzari’ (empowerment) eta Europako udalerrien aniztasuneko bizikidetzan laguntzeko moduari buruzko mahai-inguruan hartu du parte Ibon Uribek, EUDELen izenean.
Eztabaidan, Uribe EBko toki erakundeetako bi ordezkari ezagunekin batera egon da taldean: Gudrun Mosler-Törnström, Austriako Salzburgoko ‘land’-eko Parlamentuko presidenteordea eta Europako Batzordeko Tokiko eta Eskualdeetako Agintarien Kongresuko presidentea, eta Andreas Kiefer, Kongresuko zuzendaria.
Bi sistemen artean ezberdintasunak egon arren, Eskoziako tokiko erakundeek EAEko instituzioen eredu berezia eta funtzionamendua xehetasunez ezagutzeko interesa adierazi dute, batez ere gobernuko mailen arteko (Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundiak eta Udalak) kooperazioari nahiz udal finantziazioko mekanismoei eta Kontzertu Ekonomikoaren gure eredu berdingabeari dagokienez.
Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen ardatz garrantzitsuenak garatu ditu Ibon Uribek. Legea Euskadiko udalen legealdi honen hasieran onartu zen, eta Toki Autonomiari buruzko Europako Gutunean oinarrituta dago. Horrez gain, udal eskumenak, finantziazioa eta erakundeen arteko kooperaziorako funtsezko organoak elkartzen dituen ikuspuntu integrala hartzen du barne.
EUDELen ordezkariak Euskadiko arkitektura instituzionala behin betiko ixteko arauak ezartzen duen garrantzia azpimarratu du, batez ere XXI. mendeko euskal udalgintzaren etorkizuneko urratsak sustatzeko tresna gisa. Ibon Uribek Euskadiko toki gobernantzaren ibilbide berria irekitzen duen Legea izatearen garrantzia defendatu du, Eskoziako homologoen aurrean. Lege horrekin, udalerriak ikusarazi eta udalerriei pisu handiagoa eman zaie. Era berean, Legea ezartzeak udalei erronka garrantzitsuak ekarri dizkie, eta EUDELen konpromisoa azpimarratu du, benetako protagonisten eskutik (alkateak eta zinegotziak) prozesuko buru izan dadin.
Eskoziarako tokiko erreforma berria
2016ko tokiko aginteen konferentzia (COSLA) Eskoziako eta Europako tokiko demokraziarentzako une erabakigarrian egin da. Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak izan eta sei hilabete baino zertxobait geroago, 2017an tokiko hauteskundeak egingo dira, eta duela gutxi izan da erreferendum britainiarra ere. Hortaz, Eskoziako erakundeek arretaz so egiten diete epe luzean erabaki horrek ekarri ditzakeen ondorioei.
Egoera politiko honetan, eta aurrekontuen doikuntza garrantzitsuek markatutako egoera ekonomikoa kontuan hartuta, tokiko konferentzian aztertzen ari diren etorkizuneko tokiko erreforma eztabaidatzeko abagunea da, bertan parte hartzen baitute Eskoziako parlamentuko alderdi guztietako ordezkariek.
Eranskinak: COSLA 2016 Konferentziako programa. (flyer)
Gaur goizean, EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkate Imanol Landak Deustuko Unibertsitatean Agintzari kooperatibak antolatutako “Erresilientziarako Komunitateak” delako Gizarteratzen II. Jardunaldien inaugurazioan hartu du parte. Agintzari kooperatibak 25. urteurrena ospatzen du aurten.
Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkaria Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburu Angel Toñarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Administraziorako eta Gizarte Sustapenerako zuzendari Gabin Azaolarekin eta Agintzariko zuzendari nagusia, Mikel Gorostizagarekin batera egon da mahaian.
Aurten 300 pertsona bertaratu dira topaketara. Gai nagusia ahultasuna prebenitzeko sare erkidea izan da, babeserako faktore gisa. Udalen izenean, Imanol Landak gizarte-laneko profesional guztiek egiten eta lehen mailako arretarekin udalek eskaintzen duten (oinarrizko gizarte zerbitzuak) “prebentzioko funtsezko lana” balioetsi nahi izan du, “hurbiltasunetik eta pertsonekiko loturaren bidez”. Era berean, hirugarren sektoreko gainerako erakundeek egindakoa ere nabarmendu du.
EUDELen elkarteburuak azken hamarkadetan gizarte eta komunitateko arretan lortutako aurrerapenak azpimarratu ditu; horrez gain, esan du udalak izan direla gizarte-zerbitzuak pertsonen ohiko ingurura hurbildu dituzten lehenengoak, babes, laguntza eta eguneroko beharrekiko hurbiltasun handiagoa eskainiz.
“Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Sistema osoak egindako lanak izugarrizko balioa eta meritua dauka, jarduten dugun testuingurua kontuan hartuz gero, Zorroari buruzko Dekretua onartu zenetik erronka eta desafio handiak izan baititugu. Lurralde eta udalerri bakoitzean gizarte zerbitzuak egoteak instituzioen eta hirugarren sektoreko erakunde eta elkarte guztien arteko inplikazioa eta ahaleginen batura eskatzen du”.
Imanol Landa, EUDELen elkarteburua.
Informazio gehiago:http://gizarteratzen.agintzari.com/jornada/
Mintegia: Belaunaldien arteko Ezagutzaren Kudeaketa
Herri Administrazioaren Europako Institutuaren eta Eskualdeen Europako Zentroa (HAEI-EEZ) eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen artean (IVAP) antolatu duten mintegiari buruzko informazioa: “Belaunaldien arteko Ezagutzaren Kudeaketa”. Mintegia Donostiako Kursaal Jauregian burutuko da urriaren 27 eta 28an.
Hitzaldi eta mahai-inguru batzuen bitartez, erakundeetako belaunaldi-txandakatzeak dakartzan erronkak jorratuko dira, bereziki herri administrazioetan. Euskadiko eta Estatuko herri administrazioaren ordezkariekin batera, hainbat hizlarik hartuko dute parte, bai Europakoek (Alemania, Belgika, Erresuma Batua), bai munduko beste leku batzuetakoek (Santiago de Chile).
*Honekin batera mintegiaren programa eta izen-emate orria bidaltzen dizkizuegu. Izena emateko prozedura ohikoa izango da, hau da, auto-matrikulazio aplikazio bidez. Bertara sarbidea ez duten langileek, solaskidearen bitartez egin beharko dute matrikula (egin ohi duten bezala), zeintzuek izen-emate orria hurrengo helbidera bidaliko duten; prestakuntza@ivap.eus.

