Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Donostian, 2016eko maiatzak 19. EUDELeko elkarteburua Imanol Landak Herri Administrazioetako kudeaketa Aurreratuari buruzko VI. Biltzarrako inaugurazio-ekitaldian parte hartu du, gaur, Donostiako Kursaal Jauregian. Biltzarra Euskal Erakunde Publikoak Bikaitasunerantz, QEPEAk antolatuta dago eta maiatzak 19 eta 20 egunetan ospatuko du.

Gaur ostegunean izan da inaugurazio ekitaldia, 9:00etan, euskal erakundeetako hainbat ordezkari bertan izan direlarik, hala nola Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, eta Imanol Landa EUDELeko elkarteburua. Itxiera ekitaldia eta sari banaketa, berriz, ostiralean izango dira, Iñigo Urkullu Lehendakariaren eskutik.

 

Une liluragarria bizi dugu. Herri erakundeek aurre egiten diegu aldaketa sakon eta konplexuei, herritarrekiko elkarlan estuagoa eskatzen baitute.

“Gardentasuna, parte-hartzea eta, batez ere, etika eta osotasun publikoa dira Gobernantza onaren balioak, gaur egun gure kudeaketa publikoa bideratzeko balioak.

Imanol Landa, Getxoko alkatea eta EUDELeko elkarteburua.

Q-Epea VI. Biltzarra

Administrazio Publikoen Kudeaketa Aurreratuari buruzko Biltzarrak, Q-Epeak-ek,  bere VI. edizioa Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Ostegunen eta ostiralean, kudeaketa-arlo ezberdinetako erreferentziazko profesionalek esparru publikoan kudeaketa aurreratua indartzeko gakoak eskainiko dituzte.

Sektore publikoan egunerokotasun osoa duten gaiak landuko dira: lidergoa, gardentasuna, berrikuntza, talde-lana eta komunikazioa, sormena, sare sozialen erabilera, etab. Gai hauen inguruko erronkei aurre egiteko gakoak, eta hainbat erakundek garatutako praktika onak aurkeztuko dira.

Jardunaldian zehar, zona handiko profesionalak arituko dira hizlari. Horien artean egongo dira, besteak beste, Brendan Spillane, nazioarteko aitorpena lortu duen hizlari eta ‘coach’ exekutiboa; Ester Arizmendi, Gardentasuneko eta Gobernu Oneko Kontseiluko Lehendakaria; Dolors Reig, Carlos Fernandez Guerra eta Verónica del Carpio sare sozialetako aditu eta komunikatzaileak; Xavier Marcet berrikuntza estrategikoaren arloko aholkulari eta hizlaria; eta Viktor Küppers, motibaziorako prestakuntzan eta komunikazioan aditua.

Estatu osoko erakunde publiko eta pribatuak elkartu ohi dira Q-epean: Udalak, Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, enpresa publikoak, aholkularitzak, hezkuntzako profesionalak, etab.

Informazio gehiago hurrengo esteka honetan: http://www.qepea.eus/congreso2016/eu/

  •  EUDELen Batzar Orokorrak, gaur goizean Elgoibarren egindako bileran, maiatzaren 9an aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi du, Euskadiko udaletan ordezkaritza duten indarren artean adostasuna lortu ondoren.
  • Getxoko alkateak, Imanol Landak, elkarteburu kargua beteko du berriz ere.  Irungo alkate Jose Antonio Santanok elkarteburuorde izaten jarraituko du, eta Garazi López de Etxezarretak, Errenteriako alkateordeak, bigarren elkarteburuordearen kargua hartu du.
  • Izendapenaren ondoren egindako hitzaldian, Imanol Landak Elkartearen lan komunarekiko “leialtasuna” eta “konpromisoa” eskatu die kide berriei, eta berehala “jarrera eraikitzailearekin” jokatzeko gonbit egin die.
  • Elkarteburuak azpimarratu duenez, “EUDEL ez da entelekia bat”, eta alkate eta zinegotziek baino ezin dute “elkartea funtzionarazi”.

Elgoibar, 2016ko maiatzaren 16a. Euskadiko udaletako alkateek, gaur goizean Elgoibarko Herriko Antzokian izan den Batzar Orokorrean, joan den maiatzaren 9an hainbat indarrek aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi dute aho batez, EUDELen, Batzorde Eragilearen eta hiru lurralde batzordeen organo berrietan Euskadiko tokiko gobernuetako sentsibilitate guztiak gehitzeko adostasuna lortu ondoren.

Emandako 811 botoen 808 botorekin (3 zuriak) onartu da hautagaitza bateratua. Getxoko alkatea, Imanol Landa, EUDELen elkarteburu aukeratu dute berriro, 2016-2019 aldirako. Irungo alkate Jose Antonio Santano 1. elkarteburuordea izango da berriro ere, eta Errenteriako alkateorde Garazi López de Etxezarreta 2. elkarteburuordea izango da.

Elkarteburuaz eta bi elkarteburordeez gain, Batzorde Eragile berria 12 kidek osatuko dute: 12 emakume eta gizon, hiru lurraldeetako zinegotziak, tamaina guztietako herrietakoak eta kolore guztietako tokiko gobernuetakoak.

Batzorde Eragileaz gain, gaurko Batzarrean EUDELen Lurralde Batzorde bakoitzeko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) 9 kideak ere berritu dira. Horietako bakoitzean, aurkeztutako hautagaitza bateratu eta bakarra berretsi da.

Egun historikoa eta hasiera berria

Berriro ere elkarteburu izendatu ondoren eman duen hitzaldian, Imanol Landak EUDEL indartzen duten “pluraltasun zabala eta adostasuna” nabarmendu ditu, “indar guztien eskuzabaltasunari eta adostasunerako borondateari esker”.

Landaren iritziz, gaurkoa “egun historikoa” da EUDELentzat, baita “hasiera berria” ere, Euskadiko Udalen Elkarteak egiten duen lanerako.

Udalek eta EUDELek une honetan dituzten bi erronkarik garrantzitsuenak ere aipatu ditu Getxoko alkateak. Lehenengo erronka Euskadiko Tokiko Erakundeen Legea abian jartzea da. Imanol Landak azaldutakoaren arabera, “zeregin garrantzitsua” ematen dio EUDELi, araudi berria udaletan ezartzeko xedez; izan ere, oso beharrezkoa da, “Euskadiko tokiko autogobernurako berezko markoa” gauzatu ahal izateko.

EUDELen balioak

Bigarren erronka gisa, udalek tokiko gobernantza onaren balioekin duten konpromisoa azpimarratu du elkarteburuak, hau da, berdintasuna, etika eta erakunde osotasuna, gardentasuna, parte-hartzea eta herritarrekiko hurbiltasuna.

Imanol Landak euskara nabarmendu du EUDELen funtsezko balioen artean, eta “udalen berezko eskumen gisa onartzea” aurrerapausotzat jo du. Azaldu duenez, Lege berriak “segurtasun juridiko osoa ematen dio, eta, aldi berean, udalek ekitaldi eta izapide administratiboak euskaraz egin ahal izatea sustatzen du”.

Baina, batez ere, adostasuna EUDELen balio nagusi gisa zaintzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Posible izan da beste esparru batzuetan lortzeko zailak izan diren akordioak lortzea udaletan. Era berean, EUDELen araua adostasunean lan egitea izan da, eta etorkizunerako printzipioa eta konpromisoa ere bada. “

Hiru mezu, etapa berrirako

Imanol Landak aukera baliatu nahi izan du Batzorde Eragileko eta lurralde batzordeetako kide berriei ongietorria emateko; hiru mezu helarazi dizkie, EUDELen hasiko duten etapa berrirako.

Lehenik eta behin, EUDELekiko “leialtasuna” eskatu die, eta lan komunari “jarrera eraikitzaileaz eta bestearen tokian jartzeko enpatiaz” berehala ekiteko gonbit egin die.

Bigarrenik, zera gogorarazi die kide berriei: “EUDEL ez da entelekia bat. Alkateak eta zinegotziak gara EUDEL”. Beraz, “guk geuk soilik funtzionarazi dezakegu, denok bat”, gaineratu du.

Azkenik, “jabetzeko eta guregan konfiantza izateko” animatu ditu Landak tokiko gobernuak. Azaldu duenez, “tokiko autonomiari esker, adin nagusikoak garela sinetsi eta sentituko dugu, inork eskatu arte zain egon gabe, eta beste erakunde batzuen tutoretzaren beharrik gabe”.