EUDELen Batzar Orokorrak Euskadiko udaletako alkateak bildu ditu gaur Durangoko Landako gunean, lau urterik behin egiten den bezala eta maiatzeko hauteskundeen ostean udal gobernuak eratu ondoren, estatutu-organoak berritzeko asmoz.
Eudelen Batzar Orokorrak Batzorde Eragilea osatuko duten 15 pertsonak aukeratu ditu, baita Lurralde Batzordeak osatuko dituzten 9 kideak ere.
Getxoko alkate Imanol Landa aukeratu dute EUDELen elkarteburu, osotara emandako 660 botoetatik 657 lortuta. Landak Euskadiko Udalen Elkartearen kargurik gorena hartuko du 2015-2019 agintaldian. Irungo alkateak, Jose Antonio Santanok, 1. elkarteburuorde kargua hartuko du beste behin ere, eta Amurrioko alkatea, Josune Irabien, 2. elkarteburuordea izango da; aurreko agintaldian, Batzorde Eragileko mahaikide izan zen Irabien.
Elkarteburua eta bi elkarteburuordeak aukeratzeaz gain, EUDELen Batzarrak Batzorde Eragileko 12 mahaikideak hautatu ditu; Euskadiko udaletako alkateak dira guztiak.
Esker onak eta lehentasunak
1982. urtean sortu zenetik, Euskadiko Udalen Elkartea zuzenduko duen zazpigarren elkarteburua da Imanol Landa. “Makila” jaso ondoren, “kideei” eskaini nahi izan dizkie lehen hitzak, hurrengo lau urteotan EUDEL zuzentzeko arduradun izateko eskaini dioten babes eta konfiantzagatik eskerrak emateko.
“Sareko lana da EUDELen balioa. Neure agintaldian, ahalegin handia egingo dut talde-lana indartzeko, nire kideengana, alkate zein zinegotziengana, zuen udalak ‘in situ’ ezagutzeko –udal txikienak, batez ere–. Horretarako, behatu, entzun, hitz egin… eta zer arazo dituzuen “antzemango dut”. Imanol Landa, Elkarteburua.
Elkarteburu gisa eman duen lehen hitzaldian, Imanol Landak hiru lehentasun nabarmendu ditu agintaldi berrirako: Udalei buruzko Legea onartzea, Elkartearen “ateak zabalik” edukitzea eta Tokiko Gobernantza Onerako bidean lan egiten jarraitzea, gardentasuna, herritarren partaidetza, etika, elkarbizitza eta gizarte-kohesioa oinarri hartuta.
Gaur Beldur Barik programaren edizio berri bati hasiera eman zaio. Programa hau urtero egiten da gazteekin indarkeria sexista prebenitzeko asmoarekin. Beldur Barik programaren aurkezpena Amurrion egin da gaur goizean. Programaren aurteko xehetasun eta ekimen guztiak azaltzeko udalerriaren gune desberdinetan ekintza bat burutu da, non udalerri eta Aiarako kuadrilako gazteek parte hartu duten. Informazio guztia prentsa oharrean.
Euskadiko udalei jakinarazten zaie EUDELek parte hartu zuela asteazkenean, irailak 9, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen sustaturiko erakunde arteko mahaian, xede izanik pertsona errefuxiatuen krisiari elkar hartuta ekitea.
Bileran Eusko Jaurlaritzako, hiru foru aldundietako, EUDELeko eta hiru hiriburuetako ordezkariak egon ziren, eta bertan adostu zen Ekintza Batzordea sortzea. Horren helburua da pertsona errefuxiatuak hartzeari begira egin beharreko ekintzak antolatu eta koordinatzea, bai halaber hasiera-hasieratik arreta arin eta eraginkorra eskaini ahal izatea, izan litzaketen beharrizanen araberakoa.
Berehalako hurrengo urratsa da gaur arratsalderako bilera, non aipatutako ekintza-batzordea Gobernuz Kanpoko Erakundeekin bilduko den.
Elkarte honetatik unean uneko informazioa emango zaie udalei, argi jakin dezaten zein diren euskal ekintza-estrategian artikulatzen diren erantzunak, esparru honetako udal jarduerak behar bezala koordinatu daitezen.
2015eko urriaren 6 eta 7an, Klima aldaketari eta itsasbazterrari buruzko mugaz gaindiko UHINAK Biltzarra (Ramón Iribarrenen Oroimenezkoa) delakoaren lehenengo edizioa egingo da Irungo Ficoban.
Biltzarra Ficoba Fundazioak antolatu du, AZTI Tecnaliaren lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiaren, Akitaniako Eskualde Kontseiluaren eta Sud-Pays Basque Aglomerazioaren (Frantzia) babesarekin.
Biltzar honen helburua da, klima aldaketaren ondorioei aurre egiteko asmoz, itsasbazterra defendatu eta babesteko beharrezko neurriak hartzeko ekintzen eta konponbideen berri izatea, bai eta itsasbazterra kudeatzen eta mantentzen laguntzea eta horren inguruko esperientziak ezagutzea eta praktika onak ikastea ere, Akitania-Euskadi mugaz gaindiko ikuspuntutik. Biltzarrak 20 hitzalditik gora izango ditu, hizlari espezializatuen eskutik.
Kontsultatu Biltzarraren egitaraua eta izena emateko baldintzak, ondorengo esteka honetan:
www.uhinak.com
www.uhinak.com
