Eudel

Author

eudel

Azken berriak

“Eman giltza-¡Háblale, escúchale!” leloa daraman kanpainaren helburua, euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzeak duen garrantzia nabarmentzea da. Aipatutako kanpaina Bizkaiko 10.000 familia inguruk jasoko dute eta, Alkarbide bilguneak koordinatuta eta Bizkaiko Foru Aldundiak babestuta, orain dela bi urte martxan hasi zen egitasmo hau aurten ere 39 udalerritan eta 2 mankomunitatetan zabalduko da.

Bilbon, 2013ko urriaren 9an. Kanpaina gaur goizean aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari Ana de Castrok, EUDELeko Batzorde Eragileko kide eta Basauriko Alkate Andoni Busquetek, eta Txorierriko Mankomunitateko Lehendakari Lander Aiarzak.

EUDELetik Andoni Busquetek adierazi du “etxea dela hizkuntzak transmititzeko lekurik naturalena, hurbilena, guraso eta seme-alaben arteko espazio intimoena. Bizkaiko udal askoren sostenguaz datorren ekimen honek hortxe eragitea nahi genuke, herritarren espazio horretan”.

Horretarako, ume jaioberriak eta 1-6 urte bitarteko umeak dituzten gurasoek umearen ingurune hurbilean euskara sustatzeko aholkuak batzen dituen diptikoa jasoko dute etxean eta euren kezka eta beldurrak uxatzeko prestatu den webgunearen berri ere izango dute.

Horrez gain, adur-zapia, askari-poltsa, kotxean jartzeko pegatina eta KU-KU liburuxka eta CDa ere banatuko zaizkie. Liburuxka horretan, besteak beste, abestiak, euskarazko oinarrizko hitzak eta esamoldeak daude jasota. Gainera, aurten ikasturte hasierarekin batera, ETB2n egitasmoa ezagutzera emateko eta transmisioa sustatzeko iragarkia ere ikusi ahal izango da.

Andoni Busqueten hitzetan, “Metafora polita ageri da egitasmo honetan: giltza, batetik; eta engranajea, bestetik. Gurasoak seme-alabei euskara transmititzeko pieza dira. Udalok transmisioaren aldeko giltza ere izan nahi dugu. Euskara giltzarria da, iragana, oraina eta etorkizuna batzen duen elementua delako.”

Parte-hartzaileak

“Eman giltza -¡Háblale escúchale!” kanpainan guztira 54 herri-erakundek parte hartu dute; 39 udalerriak eta 2 mankomunitateak honako hauek dira:

Abadiño, Abanto-Zierbena, Amorebieta-Etxano, Arrankudiaga, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbo, Durango, Elorrio, Erandio, Ermua, Etxebarri, Etxebarria, Fruiz, Galdakao, Gernika-Lumo, Gordexola, Kortezubi, Laukiz, Leioa, Lemoa, Markina-Xemein, Maruri-Jatabe, Mundaka, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Muskiz, Orozko, Ortuella, Sestao, Sukarrieta, Trapagaran, Ugao-Miraballes, Urduña, Zaldibar, Zeberio eta Zierbena. Mankomunitateak hauek dira: Enkarterri eta Txorierri.

Webgunea: www.emangiltza.com.

  • Berdinsarea, gaur Tenerifeko Adejen egindako Generoko Berdintasunaren aldeko Jardunaldiaren aztergaia izan da, hurrengo izenburupean: “Sareak Eraikitzea lan-tresna gisa”.
  • Gaur egun, Euskadiko 59 udalerri sareari atxikita daude, hau da, Euskadiko biztanleriaren %75a. Hurrengo urteetan tamaina erdi eta txikiko udalerrietara zabaltzeko asmoa dago.

Bilbon, 2013ko urriaren 9an. Berdinsarea’ Berdintasunaren aldeko Euskadiko udalen Sarea da eta EUDELek koordinatzen du. Gaur aurkeztu dute aztergai Tenerifeko Eskualdeetako Sareko udalerrien elkarteak antolatutako jardunaldian “La Construcción de Redes como Instrumento de trabajo (Sareak Eraikitzea Lan-tresna gisa) izenburupean.

Ibon Uribe, EUDELeko Batzorde Betearazlearen Berdintasuneko ordezkariak Euskadin Berdintasuna sustatzeko asmoz, burututako ekintza propioak eta beste herri-erakunde batzuekin egindako estrategia bateratuak sustatzeko, Euskadiko udalerriek izandako konpromiso politikoaren ibilbide luzea nabarmendu du. Ahalegin guzti hauek Berdinsareak koordinatzen ditu, Ibon Uriberen esanetan: “Sare honen bitartez, berdintasun alorreko ekintza politikoari ekiteko Euskadik espazio handia sortu zuen”. Indarkeriaren emakume biktimei atentzioa emateko protokoloak, planak edo berdintasuneko ordenantzak bezalako hain tresna garrantzitsuak dituzten udalerriak ugaltzeko balio izan du.”

EUDELeko Berdintasuneko ordezkariak Berdinsarea bezalako espazioek baliabide gutxiago duten udalei eskaintzen dien aukera ere aipatu du. Ibon Uribek gogorarazi duenez, “aukera-kostua, hau da, ezer ez egitearen kostua ere kontuan hartu behar da”. “Gainera, kostu gehigarririk gabeko ekintzak ezarri daitezke, esate baterako, mainstreaminga, zeharkakotasuna … Sail bakoitzeko politiketan (gazteria, ingurumena, euskara, hirigintza …) berdintasuna kontuan hartuta, ekintza ugari egin daitezke.”