Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Ostiralean, 2013ko maiatzaren 24an, EUDELek ohiko Batzar Nagusia egin zuen Iruña Oka/Iruña de Ocan (Araba). Topaketa horretan, urtean behin biltzen dira Euskadiko udaletako alkate jaun-andreak.

Lan-saioa 10:30ean hasi eta 13:30ean amaitu zen, eta EUDELen elkarteburu Ibone Bengoetxeak eta Irungo alkate Jose Antonio Santanok zuzendu zuten. Era berean, ekitaldian udalerri antolatzaileko alkate Jose Javier Martínezek eta Ermuko alkate Carlos Totorikak hartu zuten parte; azken horrek elkartearen 2012ko aurrekontuaren likidazioa eta 2013rako aurrekontua aurkeztu zituen.

Ohikoa denez, saioak bi zati izan zituen. Lehenengoan, Eguneko Aztergaien Zerrendako gaiak landu ziren; gai horien artean, nabarmentzekoa da aurrekontuen aurkezpena. Lehenengo zatia ixteko, EUDELen elkarteburuak hitzaldia eskaini zuen.

Euskadiko udalerrien mehatxu, indargune eta aukerak

Elkarteburuak tokiko gobernuentzat une honetan lehentasunezkoak diren gaurkotasunezko zenbait gai izan zituen hizpide. Udalerrien egoeraren diagnosi baten bitartez egituratu zuen hitzaldia, honako ataletan oinarrituta:

  • Mehatxuak: krisi ekonomikoa eta Tokiko Administrazioaren Erreforma (ARSAL).
  • Indarguneak: EUDELen lan instituzionala eta ekintzen estrategia berria Berrikuntza, Gardentasuna eta sareko lana udalekin egitasmoan.
  • Aukerak: Udal Legea eta lotura Europarekin (CMRE eta CPLRE)

Jokabide Kodea

Batzarraren bigarren zatian, EUDELen Batzorde Eragileak gobernantza etikoaren eta erakunde kalitatearen esparruan Euskadiko udalentzat garrantzi handikoa den proposamen bat aurkeztu zien bildutako alkateei: “Euskal Autonomia Erkidegoko Tokiko Politikaren Kalitate Instituzionalerako Konpromiso, Jokabide eta Gobernu Onerako Kodea”. Elkarteburuak eta elkarteburuordeak Kodea aurkeztu zuten bertaratutakoen aurrean, testuaren idazketan parte hartu duten alkateen laguntzarekin.

Ekimen honek Europako Batzordearen babesa jaso du; izan ere, gobernantza demokratikoaren eta tokiko eta Europako eskualdeetako gobernuetan kode etikoak bultzatzearen esparruko 2013-2016 estrategiarekin bat dator.  Erakunde horren bi ordezkarik hartu zuten parte Batzarrean, EUDELekin Kodearen ezarpena, jarraipena eta ebaluazioa egiteko lankidetza aurkezteko.

Kodearen testua alkateen batzorde ordezkari batek 6 hilabetean baino gehiagoan egindako lanaren emaitza da, eta horren edukia gaian adituak diren hainbat pertsonak egiaztatu dute, besteak beste, Rafael Jiménez Asensio aholkulariak eta Transparencia Internacional erakundeko Manuel Villoriak.
Kodea programa pilotu baten bitartez hasiko da aplikatzen EUDELen Batzorde Eragilea osatzen duten 15 udalerrietan.

  • ARABA: Amurrio, Arraia-Maeztu, Iruña Oka/Iruña de Oca, Laguardia, Vitoria-Gasteiz (2. elkarteburordea).
  • BIZKAIA: Bilbao (elkarteburua), Basauri, Durango, Ermua, Galdakao, Portugalete, Santurtzi.
  • GIPUZKOA: Elgoibar, Hondarribia, Irun (1. elkarteburuordea).

Europako Batzordeko laguntzaileen ordezkariak

  • Manuel Lezertua. Europako Toki eta Eskualde Botereen Kongresuaren zuzendaria (CPLRE).
  • Alina Tatarenko. Tokiko Administrazioaren Erreformako Esperientzia Zentroaren zuzendariondokoa

 

Maiatzaren 27an, astelehenez, EUDELeko ordezkaritza batek, Ibone Bengoetxea elkarteburua eta Jose Antonio Santano elkarteburuorde eta Irungo Alkatea buru zirelarik, bilera egin zuen Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarekin, elkarren intereseko hainbat alderdi aztertzeko.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren aldetik, honako hauek ere bertaratu ziren: Erakunde Harremanetarako sailburuorde Peru Bazako, Toki Administrazioekiko eta Administrazio Erregistroekiko Harremanetarako zuzendari Elixabete Etxanobe eta Herri Administrazio eta Justizia Saileko kabineteburu Tatiana González.

EUDELeko lantaldearen ordezkari gisa, Manuel Uriarte Vitoria-Gasteizko zinegotzia  eta Mar Zabala EUDELeko zuzendari orokorra ere izan ziren bileran.

Herri Administrazio eta Justizia Sailaren eta EUDEL Elkartearen arteko topaketan, elkarren intereseko hainbat gai jorratu zituzten. Besteak beste:

  • Legegintzaldi honetan Euskadiko Udalen Legearen Aurreproiektua egiteko aurretiazko lanen prestaketa.
  • Espainiako Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko Legearen Aurreproiektuaren ondorioak.
  • Legebiltzarrean EUDELi aitorpen instituzionala ematea.

EUDELek irmo gaitzesten du Laudioko (Araba) gaztearen hilketa, indarkeria matxistaren biktima. Era berean, gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta lagunei; era berean, gertatutakoa azkar argitzea espero du, eta bat egiten du udalek zein erakundeek deitu ditzaketen elkarretaratze eta ekintza guztiekin.

Bilbon, 2013ko maiatzak 23.