Gaur goizean, EUDELen Batzorde Eragileak, 15 kidek osatuta, Lehendakaritzara egin du bisitaldia, aurkezpen ofiziala egiteko Lehendakari eta Eusko Jaurlaritzako arduradun gorengoaren aurrean, legegintzaldia hasi berria duenean.
Erakundeen arteko topaketa honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du parte Eusko Jaurlaritzaren aldetik. EUDEL ordezkatuz, berriz, Ibone Bengoetxea Elkarteburua eta José Antonio Santano Elkarteburuorde eta Irungo Alkatea egon dira, Elkartearen Batzorde Eragilearen kideekin eta zuzendari nagusiarekin batera.
EUDELen Batzorde Eragileak Euskadiko udalerrientzat lehentasunezko interesa duten gaiak jakinarazi dizkio Lehendakariari. Euskadiko egungo udalgintzaren egoera aztertu ondoren, EUDELek Euskadiko udalek egungo egoera ekonomikoan, politikoan eta sozialean dituzten mehatxuak eta aukerak aipatu ditu.
BILERAREN GAIAK
> ERRONKAK:
- Egoera ekonomikoak eta ekarpenen murrizketak Euskadiko udaletan izandako eragina; eskumeneko zerbitzuak gauzatzeko zailtasunak, finantziazio nahikorik gabe edo eurenak ez diren eskumenei erantzun beharra.
- Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazioaren eta Iraunkortasunaren Legearen (TAAIL) aurreproiektua eta Euskadiko erakundeek komunean duten kezka, aipatutako erreformak kontuan har ditzan Euskadiko udalerriek aintzatetsirik duten euskal erakundeen arkitekturaren bereizgarritasuna eta erdietsitako tokiko autonomia, bai eta emandako zerbitzuen kalitatea ere.
> AUKERAK:
- Adostasun politiko eta instituzionala duen Udal Legea gauzatzea, udal eskumenak zehaztu eta Euskadiko erakundeen arkitektura burutzeko. Hori guztiori Eusko Legebiltzarreko apirilaren 11ko osoko bilkurako hitzarmen berriari jarraiki; horren arabera, 12 hilabeteko epea ezarri da, Eusko Jaurlaritzak Lege proiektua ganberara eraman dezan.
- EUDEL, euskal udalgintza egituratzeko ardatz gisa, kohesioa duen herrialde eredu baten inguruan. Tokiko Gobernuen Elkarte gisa, 30 urtetik gorako ibilbidea egin duen Euskadiko udalen ordezkari eta bozeramaile.
JORDI JOLYK BARTZELONAKO ETA SAN CUGAT DEL VALLÉSKO ESPERIENTZIAK EKARRIKO DITU GARDENTASUNAREN ALDEKO SARERA
Asteazkenean, maiatzak 8, EUDELek honako tailerra eskainiko du, Jordi Joly adituaren eskutik:“Udal kudeaketaren eraginkortasunaren eta efizientziaren Gardentasuna”.
Gaur egun, Joly Ekonomiako eta Sustapen Ekonomikoko gerentea da Bartzelonako Udalean, eta Ekonomia eta Antolakuntzako alkateordea izan zen Sant Cugateko Udalean.
Topaketa euskadiko udaletako ordezkari politiko eta kargu teknikoei zuzenduta dago, eta EUDELen ekitaldi aretoan (Ercilla kalea 13, Bilbao) egingo da, goizeko 10:30etik 12:00etara.
*Bertaratzeko inportantea da baieztatzea: udaltransparencia@eudel.net
Tailerra Gardentasunaren Aldeko euskadiko udalen Sareak garatzen duen lanaren testuinguruan sartzen da. Sarea 2013ko urtarrilaren 30ean sortu zen.
*Sareko kide diren udalentzako lan-saioan – Jordi Jolyren hitzaldiaren ostean -, proiektu-fasean dauden bi agirien zirriborroak aurkeztuko dira, baliozkotzeko:
- Udal Gardentasunaren arloko PRAKTIKA ONAK biltzen dituen gidaliburua.
- Udal gardenagoa lortzeko eman beharreko urratsak jasotzen dituen BIDAIA-ORRIA.
Datorren apirilaren 25ean eta 26an, Lasarte-Oriako Kultur Etxean, 2013 UDALTOP Udaletako Euskara-Zerbitzuetako 5. Topaketa izango da, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Lasarte-Oriako Udala eta EUDELek antolatuta.
Urteroko topaketa horien asmoa da Euskal Herriko udaletako euskara-zerbitzuetako teknikariak biltzea eta herri-erakundeetatik euskararen erabilera soziala bultzatzeko daramagun politikaz hausnartzea eta eztabaidatzea.
Aurtengo topaketetarako planteatzen den galdera honakoa da: “Nola aktibatu herritarrak udalarekin euskaraz jarduteko? Zer eta nola egin, euskaraz ikus gaitzaten?”
Eskatu nahi da, ahal den neurrian, udalean euskara-teknikaririk edo antzeko arduradunik balego berau animatzea eta 2013 UDALTOP Topaketetan matrikulatu dadin bultzatzea, merezi du eta.
Bertara joan daitezen animatzen ditugu udaletako ordezkari politikoak ere. Aurtengo gaia bereziki interesgarria da beraientzat, hizkuntza-normalizazioaren gaia perspektiba globaletik garatzen lagundu diezaieke eta.
Informazio gehiago hemen: www.udaltop.com
