Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluan udal ordezkariei emandako informazioa. Kontseilua gaur (2017ko urriaren 17a, asteartea) bildu da, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua joan den asteazkenean, 17/10/11, egindako bileraren ondoren.

Informazio hori erantsitako dokumentuan dago jasota, eta, horietan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira, 2017ko ekitaldiko (Udalkuxa) Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren aurreikuspenei dagokienez, bai halaber 2018ko ekitaldiko Funts horren konturako sarrerak.

IKUSI dokumentuak:

Laster EUDELetik landutako informazio gehiago eskainiko da UDALA aldizkariaren ale berriaren bidez: ‘Udal finantzaketa-2017ko urria/azaroa ’

 Informazio gehiago BFA prensa-oharra

Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan udal ordezkariei emandako informazioa. Kontseilua gaur (2017ko urriaren 16a, astelehena) arratsaldean bertan bildu da, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua joan den asteazkenean, 17/10/11, egindako bileraren ondoren.

Informazio hori erantsitako dokumentuan dago jasota, eta, horietan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira2017ko ekitaldiko (UFFF) Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioaren aurreikuspenei dagokienez, bai halaber 2018ko ekitaldiko Funts horren konturako sarrerak.

Laster EUDELetik landutako informazio gehiago eskainiko da UDALA aldizkariaren ale berriaren bidez: ‘Udal finantzaketa-2017ko urria/azaroa’

INFORMAZIOA: Gipuzkoako Kontseilua 17/10/16

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluako, 2017ko urriak 11, Euskadiko Toki Erakundeen Legea onartuta dagoenez gero hirugarren bilera da. Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur ospatu duen bileran, datozen gaien erabakiak onartu ditu: 2017rako zerga itunden diru-bilketaren aurreikuspenak aztertu eta berrikustea, 2018rako zerga itunden diru-bilketaren aurreikuspenak zehaztea, 208. Ekitaldirako koefiziente horizontalak eta Foru Aldundiek Eusko Jaurlaritzari egin beharreko Ekarpenak zehaztea,  2018. ekitaldirako Egokitzapenerako Funts Orokorraren behin-behineko zenbatekoa zehaztea, 2018.rako Aurrekontu Jarraibideak, Erakundeen arteko Gizarte Zerbitzuen Fondoa, besteak beste.

Euskadiko Toki Erakundeen Lege berriak Euskadiko udalek dituzten ordezkarien kopurua areagotu du (EUDELeko hiru ordezkari), herrialdeko baliabideak banatzen diren erakunde arteko organo garrantzitsu honetan.

Udalek ahotsarekin eta botoarekin hartu dute parte lehenengo aldiz udalerriei eragiten dieten gaiei buruzko erabakiak hartzean.

Udalerrien ordezkariak

EUDELek HDEKn dituen hiru kideek hiru lurralde historikoetako udalerriak (tamaina guztietakoak) ordezkatzen dituzte*:

  • Josune IRABIEN, Amurrioko (Álava/Araba) alkatea
  • Imanol LANDA, EUDELen elkarteburua eta Getxoko (Bizkaia) alkatea
  • Eneko MAIOZ, Orexako (Gipuzkoa) alkatea

* Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen azken xedapenetatik lehe­nengoa eta bigarrena.

Finantzen lurralde kontseiluak, datorren astean

EUDELeko elkarteburu Imanol Landak azaldu du, gaur Jaurlaritzarekin eta Foru Ogasunekin izandako bileran itundutako tributuengatik bildutakoaren itxierari buruz emandako datuei dagokienez, “dagozkion Finantzen Lurralde Kontseiluetan aztertuko direla (datorren asterako deitu dira Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban), eta, horiei esker, ‘zooma’ egin ahal izango dugula diru-bilketa orokorrean eta hiru lurraldeetako datuak eman ahal izango ditugula, udalerrietako bakoitzean diru-bilketaren egoera zein den ikusteko.”

OHARRA:

**EUDELek informazio zehatzagoa eskainiko du datozen egunetan (UDALA aldizkaria), Herri Dirubideen Lurralde Kontseiluak bildu ondoren, foru arduradunen eta udalen ordezkarien artean lurralde bakoitzeko datuak aztertzeko.
  • Alkateen ordezkaritza bat Bruselara joan da, kontaktuak lortzeko eta Europako esparruko ereduzko proiektuen berri izateko.
  • Euskadiko Udalen Elkartea ekintza-plan bat prestatzen ari da, Gobernantza eta SmartCities-en arloan (udal garapen adimenduna) udalei laguntza emateko.

Brusela, 2017ko urriaren 10a. Euskadiko Udalen Elkarteko alkateen Berrikuntza Batzordea egun hauetan, urriaren 9tik 12ra bitartean, Bruselan egiten ari den Hiri eta Eskualdeen Europar Astean ari da parte hartzen. Azterketa eta trukerako bisita hau 2017-2018ko ekintza-planean sartuta dago, EAEko udaletan Gobernantza eta Udal Garapen Adimenduneko Estrategia bultzatzeko. Estrategia hori EUDELen Berrikuntza Batzordean diseinatzen ari da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskadiko Agenda Digitala 2020 delakoaren esparruan. Beste jarduera batzuen artean, nazioarteko sareekiko eta Europako ereduzko proiektuekiko konexioa dago aurreikusita.

Hainbat tailerretan eta hitzalditan parte hartzeaz gain, Berrikuntza Batzordeak lan-bilera bat egingo du urriaren 11n, asteazkenean, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen egoitzan, SmartCities-en arloko aditu eta Oxfordeko Unibertsitatean Urban Transformations eta Future of Cities programetako aholkuari, irakasle eta ikertzaile seniorra den Igor Calzadarekin. Calzada elkarlanean ari da EUDELek EAEko udalen parte-hartzeaz egin nahi duen Berrikuntza eta Smartcities-en arloko estrategian, aholkulari aditu gisa.

*EUDELen Berrikuntza Batzordea hiru lurraldeetako alkateek eratzen dute: ELGOIBAR, Ane Beitia; ERMUA, Carlos Totorika; LARRABETZU, Iñigo Gastelu; eta ZAMBRANA, Aitor Abecia.* Bruseleko eginkizun horretan Etxebarriko Alkate Loren Oliva eskuordetzen du.

 

Europaren etorkizunari buruzko eztabaida

Eskualdeen eta Hirien Europako Asteak 15 urte bete ditu, eta edizio honetan, EBeko eskualdeko eta hiriko politikak datozen urteetan izango dituen erronkak aztertuko ditu. Europaren etorkizunari buruzko eztabaida Erromako Itunen urteurrenarekin hasi zen (martxoan), eta 2017an garatuko da. Astea aukera bat da, EBko eskualdeek eta hiriek eztabaida horretan laguntzeko eta adibide politiko nagusiak eta ekarpenak elikatzeko, eskualdeen eta hirien ikuspegitik, Europaren etorkizunari forma emateko.

Europar Astea Eskualdeetako Europar Batzordeak (CDR) eta Europar Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiak (DG REGIO) antolatuta dago. Ekitaldia administrazio publikoetako langile politikoei eta teknikariei zuzenduta dago. 6.000 lagun eta 600 txostengile inguru eta 100 tailer baino gehiago izanda, ‘ateak zabaltzeko’ bost egun horietan (Open Days), Brusela eskualde eta hiri arloko jardunbide egokiak eta jakintza espezializatuak trukatzeko foro bilakatzen da.

Informazio gehiago: http://cor.europa.eu/es/events/opendays/pages/open-days.aspx

Urriaren 26an, Arartekoak eta Irungo Udalarekin elkarlanean antolatutako jardunaldia izango da Ficoban (Irun).

Jardunaldiaren helburua hauxe da: energia-pobretasunaren ezagutzan sakontzea, arazo horri erantzuteko onartzen ari diren neurriak eta esperientziak ezagutarazi eta eztabaidatzeko gune bat jartzea, eta arlo horretan erakundeak lankidetzan aritzeko eta elkarrekin koordinatzeko bidea erraztea.

Euskal administrazioko arduradun politiko, arduradun eta teknikarientzat da: Eusko Jaurlaritza eta udalak, gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko ordezkariak, enpresa energia-hornitzaileak, kontsumitzaile elkarteak eta Arartekoa.

  • Data: Urriaren 26a
  • Lekua: Ficoba – Iparralde hiribidea 43 – IRUN
  • Hizkuntzak: Ingelesa, frantsesa eta gaztelania

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak, gaur, argitaratu egin du “Belaunaldi Berriko Banda Zabal”eko sareak 1.000 biztanle baino gutxiago duten biztanleria-guneetara, “Gune Zuriak” izenez sailkatuetara, zabaltzeko laguntza-programa deitzen eta arautzen duen agindua; laguntza horiek 10 milioi eurokoak izango dira. Alegia, baldintza horietan Interneten sartzeko zerbitzuak eskaintzen dituzten telekomunikazioetako azpiegiturak ez dituzten eta datozen hiru urteotan egotea aurreikusten ez duten biztanleria-guneak dira, gehienak, landa-guneak eta isolatuak. Zehazki, 391 biztanleria-gune txiki dira, eta %72, Araban daude:

  • 280 Araban
  • 95 Bizkaian
  • 16 Gipuzkoan

Deialdia sektore pribatuko telekomunikazio-operadoreei zuzenduta dago, banda zabaleko sareak horrelako biztanleria-guneetara zabaltzera bultzatzeko. Eusko Jaurlaritzaren laguntza hori gabe, inbertsioa ez litzateke errentagarria izango telekomunikazio enpresentzat.

EUSKADI 2020 AGENDA DIGITALA

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzak Euskadi lurralde adimendun –Smart Country– gisa finkatzeko duen konpromisoaren barruan dago. “Euskadi 2020 Agenda Digital”aren barruan dago, eta dagoeneko, abian diren gainerako proiektuekin bat egiten du: zuntz optikoa 1.700 eraikin publikotara zabaltzea eta banda zabal ultralasterra Euskadiko industria-arloetara zabaltzea.

ZABALKUNDEA 18 HILABETEAN

Deialdiaren diru-laguntzak 2017, 2018 eta 2019ko ekitaldietan banatuko dira. Behin laguntzen ebazpena ezagututa –abenduaren 31 baino lehen-, 18 hilabetetan hedatuko da banda zabala.

Laguntzaren onuradun den konpainiak diruz lagundutako sarearekin, gutxienez, hamar urtez egin beharko du lan, eta gainera, hala eskatzen duten gainerako operadoreei erabateko sarbidea, ez baztertzailea, eskaini beharko die, baita eskainitako zerbitzuei ere.

Itelazpi S.A. sozietate publikoak egingo ditu aurkeztutako proposamenen azterlana eta ebaluazioa.

  • Virginia Woolf Basqueskola, euskal emakume alkate eta zinegotzien sarea, erreferentzia eta gida da Aragoiko Tokiko Emakume Hautetsientzako Lidergo eta Ahalduntze Eskolaren sorreran.
  • EUDELen eta Emakunderen ekimen aitzindaria berdintasun-arloko jardunbide egokitzat aurkeztu da, udal-politikan diharduten emakumeak ahalduntzeko eta esperientziak trukatzeko daukan sare-eredua dela eta.
  • Euskadiko emakume hautetsien ordezkaritza batek truke-mahai batean parte hartu du Zaragozan, EAEko eta Aragoiko emakume politikarien artean esperientziak partekatzeko.

2017ko urriaren 5a. EAEko hiru lurraldeetako emakume alkate eta zinegotzien ordezkaritza bat –hainbat tamainatako udaletako eta hainbat talde politikotako kideak daudela– Zaragozara joan da Virginia Woolf Basqueskola ordezkatuz, Aragoiko homologoekin batera egoteko urriaren 4an (asteazkena) ELEM, hots, Aragoiko Tokiko Emakume Hautetsientzako Lidergo eta Ahalduntze Eskola inauguratzeko izandako jardunaldian.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta, Basqueskola ekimen aitzindaria da, 2012an sortua prestakuntza, lidergo eta ahalduntze politikorako eskola gisa, eta Euskadiko emakume alkate eta zinegotzientzako “berezko espazio” gisa.  Prestakuntzako, coaching-eko eta komunikazioko ikastaroak zenbait ediziotan egin eta gero, gaur egun benetako lan- eta aliantza-sare gisa sendotzen ari da Basqueskola, EAEko udaletan politikan diharduten emakumeen artean.

2016. eta 2017. urteen artean, Euskadiko udalerrietan zehar jarduera ugariko ibilbide bat egin da, eta eskualdeko bilerak antolatu dira Bizkaian eta Gipuzkoan, bai eta topaketak ere, Arabako kuadrilletako udalerri txiki guztiekin.

Kontaktu horien guztien ondorioz, Basqueskola bere ibilbideko fase berri batean sartu da, bere jarduera-eremuan hedadura eta eragin handiagoak erdiesteko. Hala, bada, sareak bere jardunaren zabalkundea areagotuko du, eta EAEtik kanpoko udaletako beste emakume hautetsi batzuekin harremanetan sartuko da, Aragoikoekin kasu, bai eta Europako esparrukoekin ere, bereziki, Bilbon 2018ko ekainaren 11tik 13ra bitartean egitekoa den Berdintasunari, Aniztasunari eta Inklusioari buruzko Europako Udalerrien Konferentzia dela-eta.

Alderdi guztietako talde eragile berria

Natividad López de Munain, Arabako Burgelu udalerri txikiko alkatea eta, halaber, EUDEL Batzorde Eragilearen ordezkaria, izendatu dute Basqueskolako kideek sarearen ibilbidearen nahiz egungo egoeraren berri emateko. “Bultzada-etapa berri bat”, azaldu duenez, talde eragile batek gidatuko duena –beste talde kolaboratzaile batekin batera–, non EAEko udaletan dauden indar politiko guztietako emakume alkate eta zinegotziak egongo diren:

Bost urte hauetan “ereintzako” lana egin eta gero, Basqueskola “inspirazio-olatu” bilakatu da beste toki batzuetan emakume-sare berriak ehuntzeko. Eskola ‘mugimendu’ baten hazia izan da, eta mugimendu horrek bere ibilbidea izango du eta denborarekin eragin handiagoa lortzeko asmoa du.

Emakume hautetsien sare gisa, gure azken xedea da, udaletan ez ezik, erabakiak hartzeko eginkizunean bertan ere egotea. Parte-hartze politikoak berezkoa du, orobat, erabakiak hartzeko eta eragina izateko ahalmena edukitzea, politika egiteko era berriak bultzatzeko, berdintasuna udal-agendaren erdigunean jartzeko, eta gizarteari kutsatzeko.

Natividad López de Munain, era berean, tokiko esperientziei buruzko mahai-inguru bat moderatzeaz arduratu da; mahai-inguruan Aragoiko Erkidegoko hainbat udaletako zazpi emakume alkate eta zinegotzik parte hartu dute.

Zaragozako jardunaldiarekin batera, ondoren bilera bat ere egin da Euskadiko eta Aragoiko tokiko emakume politikarien artean, ikuspegiak eta esperientziak partekatzeko, emakume gisa udal-politikan garatzen duten eguneroko jardunaren inguruan.

Burgeluko alkatearekin, Zaragozara Josune Irabien Amurrioko alkatea eta Paula Amieva eta Mari Luz Palacio Getxoko eta Sondikako zinegotziak ere joan dira. Udal, Eskualde eta Probintzien Federazioko (FAMCP) buru Carmen Sánchez Pérezek berak egin zion gonbidapena, ekitaldiko anfitrioi gisa, Euskadiko ordezkaritzari, EUDELen bitartez.

Basqueskola zer den eta haren egungo jarduera (berriak, ikastaroak, gidak eta argitalpenak) zein den azaltzen duen informazio guztia webgune ofizialean dago eskuragarri: www.virginiawoolfbasqueskola.eus eta sare sozialetan ere:

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmo bere gaitzespena azaldu du emakume gasteiztarra eta Lantaron auzotarraren hilketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die senideei eta  biktimen hurbilekoei.

EUDELek bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin: Vitoria-Gasteizko Udalak deitu duen gaurko elkarretaratze instituzionalarekin, eta bihar ostegunerako arratsaldeko zazpietan Lantarongo udaletxe aurrean.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa,  fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

Bilbon, 2017ko urriak 4.