Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Gipuzkoako Foru Gobernuaren Kontseiluak, gaurko saioan, 2017ko martxoak 28, asteartea, Hiri Lurren Balio Gehikuntzaren gaineko Zerga aldatzen duen Foru-Dekretu Araua onartu du, xede izanik Konstituzio Auzitegiaren 2017ko otsailaren 16ko  epaia betearaztea (BOE, martxoaren 25ekoa).

Aipatutako Foru-Dekretu Araua indarrean sartuko daGAOn argitaratzen den egunean (laster) eta eragina izango du 2017ko martxoaren 25etik aurrera.

Martxoak 28an Francisco Javier de Landaburu Universitas XV. Ikerketa Sariaren liburuaren aurkezpena egingo da, zeinek errefuxiatuen krisien kausak, eraginak eta ondorio juridiko-politikoak aztertzen dituen.

Jardunaldia martxoak 28an, asteartea, goizez ospatuko da, EHU/UPV-ko Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Graduen Aretoan, Bilboko Elkano 21 kalean. Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak, Eurobasquek, eta Universitas 2016ko sarituek, “La crisis de las personas refugiadas y su impacto sobre la UE” liburuaren idazleak, hain zuzen ere, haien analisia eskeiniko dute egungo Europako panorama politiko eta sozialean eragin nabaria duen gai honen inguruan: Europaren krisia babesa bilatzen duten pertsonen dramaren aurrean.

Puri-purian dauden gaietaz arituko dira: Errefuxiatuen Europako babes judiziala, asilo politikoa babesgabetasun egoeretan eta adin gutxikoen zaintzaren marko juridikoa, Euskal Herriko errefuxiatuen arreta beharrizanak, edo Hotspots-en esperientzia errefuxiatuen krisiari eta Europako lan merkatuaren beharrei aurre egiteko.

Etorrera ziurtagiriak emango zaizkie eta iazko Universitas sariko eta Eurobasquek errefuxiatuen inguruan antolatutako udako eskolako lanak jasotzen dituen liburua emango zaie baita ere.

IZEN-EMATEA

Plaza kopuru mugatua. Parte-hartzea dohainik. Izena eman behar da.

Interesdunek izena ematea eskatzen dugu www.eurobasque.eus webgunean.

Edozein argibiderako: Tfnoa: 945 12 35 38  edo helbide elektronikoa: eurobask@eurobask.eus

EUDELek gaitzespen irmoa adierazi nahi du, atzo Londres hirigunean izan den atentatuaren aurrean, eta erabateko irmotasunez gaitzesten du indarkeria terroristaren basakeria. Era berean, Euskadiko Udalen Elkarteak dolumina eta elkartasuna helarazi nahi dizkie biktimen senideei, eta espero du zauritutako pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea.

Euskadiko Udalerrietatik besarkada solidario bat eta hurbiltasun sentimendurik zintzoena bidali nahi diegu Londresko hiriari eta Britaniar herritarrei, une latz hauetan.

Bilbon, 2017ko martxoak 23.

Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen markoan, gaur, martxoaren 17an (ostirala), hasiko da mintegiaren 11. edizioa, Javier Vázquez Matilla* doktoreak emandako saioarekin. (Europako Batzordeko Kontratazio Publikoko adituen taldeko kidea. Kontratu Publikoen Auzitegi Administratiboko kidea. Nafarroa)

Vázquez Matillak sektore publikoko kontratuen lege berriak zein berrikuntza dakartzan aztertuko du.

Jarraian, Elisa de la Nuez abokatua arituko da, bertaratutako entzuleekin gardentasunari, ustelkeria-adierazleei eta administrazio-kontratuei buruzko eztabaida bat sortzeko xedearekin.

2006an hasi zen egiten hitzaldiekin eta eztabaidekin osatutako prestakuntza-ziklo hau, eta gaur egun erabat finkatuta dago EUDELek, HAEE-IVAPek eta Foru Aldundiek elkarlanean antolatutako prestakuntza-eskaintzaren barnean.

2017ko Mintegirako, 150 pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Erreferentziazko programa da toki administrazioko euskal erakundeetako langile juridiko eta teknikoen artean, eta urtetik urtera eskaria handitu egiten da. Hori dela eta, azken urteetan, erabaki da programa EUDELetik jende gehiago har dezaketen areto/lekuetara aldatzea. Gaur egun, saioak Bizkaiko Foru Aldundiaren Agiritegi Historikoan egiten dira (María Díaz Haroko kalea).

Aurtengo programa martxoa eta azaroa bitartean garatuko da, bost saiotan (guztira 20 ordu), eta honako gai hauek jorratuko dira: prozedura elektronikoa eta administrazio elektronikoa; kontratazioa; ordenantzak eta erregelamenduak zehaztea; Udal Erregelamendu Organikoa; eta tokiko zergak.

«Tokiko Zuzenbidearen Behatokia»: araugintzan, jurisprudentzian, dokumentuetan eta bibliografian jaso diren berriak aztertzeko gunea.

  • Horrez gain, jurisprudentzia azaltzen duen aldizkari digitala ere barne hartuta dago, arauei buruzko aipamenarekin eta bibliografia interesgarriarekin batera.

2015ean eta 2016an zehar, Arartekoak administrazio eskudun batzuei galdetu die zer-nolako arreta ematen zaien 14 urtetik beherako adingabe arau-hausleei, baldin eta Fiskaltzak, urtarrilaren 12ko 5/2000 Lege Organikoan ezarritakoari jarraiki, “babesteko erakunde publikora” bidaltzen baditu. Esku-hartzeak iraun duen bitartean, Arartekoak hainbat eragileri eskatu die informazioa, hori baloratzeko proposamenak aurreratu dira eta kontrastatzeko bilerak egin dira.

DOKUMENTUA DESKARGATU

Agiri hau ikerketa-prozesuaren emaitza da. Honen bidez, jasotako informazioa eta iritziak bildu eta partekatu nahi dira, hobeto jakin dadin agintariak zer prozedura erabiltzen ari diren adingabe horiekin Euskadin (hiru lurralde historikoetako bakoitzean ñabardura ezberdinekin), eta ikusgarriago egin daitezen horien ahulgune nagusiak.

Proposamenei dagokienez, bai Arartekoak hasieran egindakoak, bai beste eragile batzuenak, beste zenbaitek egokitzat jota egin dituzten balorazioekin batera azaldu dira.


Berdinsarea X. urteurrenaren ekitaldia (2016ko abenduak). EUDEL (Ibon Uribe)-Emakunde(Izaskun Landaida)

  • Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, Berdintasun arloko EUDELen ordezkaria ere badenak, Iruñean hartu du parte gaur goizean, ‘Berdinsarea’ren esperientzia arrakastatsua aurkezteko. Jardunaldia Berdintasuneko Tokiko Politikei buruzko Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak antolatu du.
  • Uribe Berdintasun Batzordeko presidentea da Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE) eta datorren urteetan Europako udal guztietara zabaldu nahi du euskal sarea.

Bilbon, 2017ko martxoaren 16an. EUDELek eta Emakundek sustatutako BERDINSAREA”, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea, erreferente bihurtu da Europan –Europako Berdintasun Itunaren Behatokiak “praktika ontzat” dauka katalogatuta–, bai eta EAE eta Nafarroako ingururik hurbilenekoaren barrukoak ere bai esparruan ere. Gauzak horrela, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak (FNMC) Euskadiko Udalen Elkartea gonbidatu du, EAEko udalen sarearen esperientzia arrakastatsua aurkezteko, Berdintasuneko tokiko politika publikoei buruzko jardunaldi monografikoen barruan.

Lorpenak eta lan-dinamikak aurkezteko, EUDELeko ordezkaritza bat Iruñera joan da; zehazki, berdintasuneko ordezkari politikoak izan dira hara joandakoak: Ibon Uribe (Galdakaoko alkatea) eta Garazi Lopez de Etxezarreta (Errenteriako alkateordea), bai eta Mireia Espiau ere, sarearen koordinatzailea maila teknikoan.

Ibon Uribe alkateak adierazi du berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako borroka oso zeregin konplexua dela, eta, aldi berean, ezinbestekoa ere badela gizarte demokratikoak bermatzeko, oinarrizko eskubideekiko errespetutik.

Berdintasuna lortzeko, indarra eta adimena elkartu behar dira”. Horretarako, Uribek Berdinsarea bezalako udalerrien sareak sustatzearen alde egiten du, elkarri babesa emateko eta elkarrengandik ikasteko. EUDELek eta Emakundek helburu partekatua dugu: berdintasunaren erronkari udalerrien botere eraldatzailetik egitea aurre.”

Berdinsarearen koordinatzaile tekniko gisa, Mireia Espiauk sarearen lan-metodo berezi eta aitzindariaren berri emango du: partaidetzan eta hainbat mailatan oinarritutako lana da, udalen eta gainerako erakundeen artekoa, eta horixe da, hain zuzen ere, ekimenaren arrakasta nagusienetakoa: “Berdinsarea sarearen gakoetako bat da prozesu eta proiektu kolektiboen diseinua; izan ere, horren bitartez, errealitate eta ikuspegi desberdinak sartu daitezke, eta ikasketa-prozesuak ahalbidetzen dituzte udalen artean”

FNMC-eko presidenteak eta Nafarroako berdintasunerako institutuko zuzendariak jardunaldiaren aurkezpena egin dute. Ekitaldia tokiko erakundeetako politikari eta teknikariei dago zabalik, eta, bertan, azken urteotan Nafarroan garatutako zenbait programari buruzko hitzaldiak eskainiko dira. Gainera, Berdinsarearen kasu praktikoa ere aurkeztuko da; hain zuzen ere, iaz, 2016an, Berdinsarea euskal Sareak bere lehenengo urteurrena ospatu zuen, 10 urteko ibilbidea betetzerakoan.

Nafarroako Federazioak zehaztasunez jakin nahi du zein den Berdinsareak partaidetzan (politikoa eta teknikoa) oinarrituta eta hainbat mailatan (udalen eta gainerako erakundeen artean) egiten duen lana, hura eredutzat eta inspirazio-iturritzat hartzeko, Nafarroako udalerrien arteko sarea sustatzen saiatzeko.

Zertarako balio du Berdinsareak?

Gaur egun, 62 udalerrik (EAEko populazioaren %77) osatzen dute Berdinsarea. Udalerri horietako gehienak neurri ertainekoak eta populazio handikoak dira.

Hurrengo bi urteetarako ekintza-planean, 5.000 biztanletik beherako udalerri txikiak ere Sarean sartzeko asmoa dago. Horretarako, hainbat baliabide eta programatarako sarbidea eskainiko da, eta euren errealitateetara egokituko dira, euren beharrizanei hobeto egin ahal izateko aurre.

Azken bi hamarkadetan, Berdinsarea sareak berdintasun arloko tokiko politiken oinarriak finkatu ditu EAEn, baina ez hori bakarrik: gaur egun ere, aholkularitzarako eta babeserako tresna nagusia izaten jarraitzen du, udaletako politikarientzat zein teknikarientzat. EUDELen eta Emakunderen arteko lankidetza eta bultzada bateratuaren ondorioz, Berdinsarea sarean ekimen eta programa nabarmenak sortzen dira; esate baterako, berdintasunerako udal ordenantzak eta tokiko planak, gazteen arteko indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik programa, edo, duela denbora gutxiago, ‘Virginia Woolf Basqueskola’, emakumezko alkate eta zinegotzien trebakuntza eta jabekuntza eskola.

Europan erreferentzia den udalerrien Sarea

Ibon Uribe Berdintasun Batzordeko presidentea da Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE). EBko 42 herrialdetako 130.000 tokiko gobernu hartzen ditu bere baitan, eta tokiko politiken norabidea zehazten du Europa 2020 estrategiaren horizontean. Europako Kontseiluaren menpeko erakunde horretan, tokiko politiken norabidea zehazten da Europa 2020 estrategiaren horizontean. Hain zuzen ere, hortxe planifikatzen dira kide diren herrialdeetako udalerrietan toki mailan ezarriko diren etorkizuneko ekintzak eta ekimenak.

EUDELek aukera izan du ez soilik ahotsa izateko, baizik eta Europa eta nazioarte mailan proiekzio handia duen plataforma garrantzitsu hori gidatzeko, eta, horri esker, neurri handi batean, gure mugetatik at ezagutarazi ahal izan dugu Berdinsarearen sareko lana, bai eta Euskadiko udalek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde duten konpromisoa ere.

 

Vitoria-Gasteiz, martxoak 16.

Konstituzio Auzitegiak, 2017ko martxoaren 1ean emandako epaian adierazitakoaren arabera, konstituzioaren kontrakotzat jotzen ditu Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko Zergari buruzko uztailaren 19ko 46/1989 Foru Arauaren 4.1, 4.2 a) eta 7.4 artikuluak; izan ere, zergapetu egiten dituzte balio gehikuntzarik gabeko egoerak.

Epaian bertan ondoriozta daitekeenez, foru araugileari dagokio araudia aldatzeko dagozkion neurriak hartzea, epaia betearazteko xedez. Helburu horretarako, EUDEL eta Foru Aldundia elkarrekin ari dira lanean, horren eraginak aztertzeko eta adostutako proposamen bat egiteko.

Horregatik, eta dagozkion neurriak zehazten ez diren bitartean uste da komenigarria dela, erabaki zehatz iragankorrak hartzea, modu horretan etorkizunean izan litekeen araudi-aldaketatik erator daitezkeen arazoak saihesteko.

Aurrekoa ikusita, Arabako Lurralde Batzordeak, 2017ko martxoaren 16ko saioan, honakoa adostu du:

1.- Hiri-lurren balio gehikuntzaren gaineko Zerga ezarri duten udalen arduradunei gomendatzea, tokiko autonomiaren printzipioari oztoporik egin gabe, aipatutako zergari dagokion likidaziorik ez egitea, Konstituzio Auzitegiaren 2017ko martxoren 1eko epaitik eratorritako eraginak argitzeko asmoz dagozkion neurriak hartzen ez diren arte.

2.- Alor honetan bi erakundeak elkarrekin egiten ari diren lanaren emaitzen berri ematea unean-unean udaletako arduradunei.