Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Bilbon, 2016ko azaroaren 29an. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatu Ibone Bengoetxeak eta Eudeleko elkarteburu Imanol Landak informazio-jardunaldi bat aurkeztu dute gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri duen Kontratazio Zentralarekin bat egiteko prozesuaren berri emateko. 90 bat pertsonak eman dute izena jardunaldi horretarako; besteak beste, Bizkaiko udaletako alkateak, idazkariak eta udal langile teknikoak.

EUDELeko elkarteburuak, Imanol Landak, oso modu positiboan baloratu du Kontratazioko Zentral berria, “Foru Aldundiaren eta lurraldeko udalen arteko laguntza eta lankidetza juridiko eta teknikorako tresna egoki gisa.” nabarmendu du Landak.

“Udal gobernu guztien lehentasuna da tokiko kudeaketa modernizatzea eta hobetzea. Norabide horretan, denbora eta baliabideak aurreztuz, eraginkortasun handiagoa lortu nahi dugu batik bat.” esan du Elkarteburuak.

Bestalde, foru diputatu Ibone Bengoetxeak Kontratazio Zentraleko onurak azpimarratu nahi izan ditu: “Ziur gaude Kontratazio Zentralak onurak ekarriko dizkigula bertan parte hartzen dugun entitate eta erakunde guztiei. Era askotako onurak izango dira gainera: dirua aurreratzea, denbora eta barne-kostuak aurreratzea, burokrazia administratiboa murriztea, trazabilitatea eta gardentasun nahiz segurtasun handiagoa kontratazio publikoan. Baina enpresa hornitzaileek ere izango dituzte abantailak (enpresa txiki eta ertainek batez ere), prozesu bakar baten bidez erakunde gehiagotara iritsi ahal izango baitira, eta aurrerapen horrek kostu administratiboen murriztea ere ekarriko baitie”,

Joan den uztailaren 20an, Bizkaiko Foru Aldundiak kontratazio zentral bat sortzea erabaki zuen, eta kontratazio publiko zentralizatuaren 35 ondasun eta zerbitzu lizitatzeko, esleitzeko eta kudeatzeko mahai bakar gisa jarduten du. Kontratazio zentral berria apurka-apurka ari da zabaltzen, eta berdin-berdin funtzionatzen du hala Bizkaiko Foru Aldundiarentzat eta foru-sektore publikoko entitateentzat nola euren borondatez harekin bat egin nahi duten Bizkaiko udal, mankomunitate eta partzuergoentzat.

Amaitzeko, Imanol Landak gogorarazi nahi du: “EUDELen, bat egiten dugu baliozko edukia eskaini, kudeaketa aberastu eta udalentzako euskarria eman dezaketen tresnen erabilerari loturiko ekimenekin, herritarrei zerbitzu hobea eskaintzeko asmoz, betiere.”

 

Zer egin dezaket nik euskararen alde?” Hausnarketarako galdera luzatzen die aurten HAKOBAk herritarrei, gizarte-eragileei nahiz bere buruari

  • 500 atxikimendutik gora jaso ditu dagoeneko Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionalak; zerrenda zabalik dago oraindik, izen gehiago hartzeko
  • Bilboko Guggenheim Museoan ospatuko da aurten Euskararen Nazioarteko Eguneko ekitaldi nagusia, abenduaren 3an

Hizkuntza Politika gaietarako Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordea (HAKOBA) osatzen duten erakundeek Euskararen Nazioarteko Egunerako elkarrekin adostu duten adierazpen instituzionala aurkeztu dute gaur eguerdiz Bilbon. Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek, Bilbo, Donostia eta Gasteizko udalek, EUDELEk eta UEMAk galdera bat egin diote euren buruari: “Zer egin dezaket nik euskararen alde?”

Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalak 500 atxikimendutik gora jaso ditu dagoeneko. Norbanakoak, elkarteak, arlo guztietako gizarte-eragileak, enpresak, finantza entitateak, erakundeak, sindikatuak, alderdi politikoak, unibertsitateak, euskaltegiak, museoak, hedabideak, kirolariak… daude dokumentu luze horretan. Atxikimenduen zerrenda ikusgai dago, eta izen gehiago jasotzeko irekita oraindik, www.euskararentxantxangorria.eus atarian.

Bilboko Guggenheim Museoan egin dute aurtengo adierazpen instituzional honen aurkezpena HAKOBA osatzen duten erakundeetako ordezkariek, abenduaren 3ko ekitaldi nagusia burutuko den lekuan bertan. Ekitaldian parte hartzaile izan dira: EUDELetik Koldo Iturbe, Getxoko zinegotzia, Eusko Jaurlaritzatik Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Bizkaiko Foru Aldunditik Lorea Bilbao, Kultura eta Euskara foru diputatua; Arabakotik, Joseba Perez de Heredia, Kultura eta Kirol zuzendari nagusia; Gipuzkoatik Mikel Irizar, Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia; Bilboko Udaletik Koldo Narbaiza, Hezkuntza eta Kultura zinegotzi ordezkaria; Donostiakotik Miren Azkarate, Kultura, Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria; eta UEMAtik Josu Labaka presidentea.

Aurkezpen ekitaldian, Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak azpimarratu du aurtengoa dela herri-erakunde guztiak bat eginda Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionala elkarrekin egiten dutena. “HAKOBA osatzen dugun 9 erakundeok eta 500 gizarte-eragilek bat egin dugu Euskararen Eguneko Adierazpenarekin eta deiarekin. Lehen urtea da hori gertatu dena: halakorik ez da sekulan izan aurten arte, azpimarratu du, atxikimendua eman duten 500 eragileei eskerrak emateaz bat.

Aurten Euskararen Nazioarteko Egunak leloan dakarren galderaz, berriz, “galdera aktibo eta aktibatzailea dela azaldu du Baztarrikak. “Lozorroan geratzeko aukerarik ematen ez duen galdera da. Gutariko bakoitzak egin baitezakegu zerbait euskararen alde. Kontua ez da besteei esatea zer egin behar duten, baizik eta norberak esatea zer egin ahal duen. Denok baitaukagu zereginik. Denok, bakoitzak, “Zer egin dezaket nik?” galderari erantzuteko pare bat minutu hartzera dei egiten dugu”.

Zer egin dezaket nik euskararen alde?”

2016ko Euskararen Nazioarteko Egunerako adierazpen instituzionalean, euren buruari galdera bat zuzendu diote HAKOBA osatzen dute erakundeek. Zer egin dezaket nik euskararen alde?  “Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat”, dio adierazpenak.

Era berean, herritar guztiak eta gizarte-eragile guztiak gonbidatu nahi ditugu galdera hori bera egitera eta nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko”.

Galderari erantzutea eta galdera bera euskal gizarte osoan zabaltzea da aurten Euskararen Nazioarteko Egunaren asmoa.