Eudel

Author

Fran

Azken berriak

  • Hiru lurraldeetako udaletako emakume alkateen eta zinegotzien ordezkaritzaren ondoan, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak parte hartu du gaur arratsaldean EUDELen Bilboko egoitzan 18:00etatik aurrera izan den bileran.
  • Bilera Europako Batzordeak bultzatuta Tunisiako ordezkaritzak Euskadira egindako ikasketa-bidaia batean sartuta dago, eta, horren bidez, politika publikoetan berdintasuna sartzeko dauden praktika onak ezagutu nahi dituzte, adibidez, Basqueskola eta Berdinsarea udal-sareak.

Bilbon, 2018ko irailaren 19an. ‘Virginia Woolf Basqueskola’ sareko emakume alkateen eta zinegotzien ordezkaritza batek Tunisiako gobernuko ordezkariei aurkeztu die nolakoak diren emakumeak udal-politikan ahalduntzeko eskola aitzindari honen funtzionamendua eta laneko plana.

Basqueskola sare plurala da, eta zabalik dago euskal emakume hautetsi guztiek parte har dezaten; hiru lurraldeetako eta sentsibilitate politiko guztietako ordezkariak ditu buru, eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jasotzen du. Tunisiako ordezkaritzari praktika on gisa aurkeztuko zaio Basqueskola, erreferentea delako emakume alkateentzat eta zinegotzientzat, elkartzeko, prestakuntza jasotzeko eta eragin politikoa izateko espazioa, bai eta esperientzia berritzailea ere, ingurune politikoan aldaketak egingo dituzten estrategiak sortu, eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasunerantz aurrera egiteko.

Une honetan, Basqueskolak hainbat ildo ditu zabalik zenbait esparrutan eragiteko, esate baterako, tokiko politikako kontziliazioan eta denboren kudeaketan, edota, 2019ko udal-hauteskundeak direla-eta, udaletan emakumezko hautetsi berriei egin beharreko harreran.

Bestalde, ‘Virginia Woolf Basqueskolak’ emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa lantzen ditu. Bide bat da lan-sareak ehuntzeko, gobernuko edo oposizioko joera politiko desberdinetako emakume hautetsien artean itunak sortzeko. Eskolaren lan-batzordeek ondo koordinatuta prestatzen dituzte agenda politikoan eragiteko behar diren estrategiak, eta berezko ahotsa eta jarrera dituzten emakumeen buruzagitza eta parte-hartzea bultzatzen dituzte.

Sareak nazioarteko ikuspegi nabaria eta lotura sendoak ditu Europarekin. Bestalde, aurreko ekainean tokiko buruzagien Europako Biltzarrean aurkeztutako praktika onen artean hautatu zuten. Biltzar hori EUDELek, Bilboko Udalak eta Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluak antolatu zuten joan den ekainean, Berdintasuna, dibertsitatea eta inklusioa’ izenburupean.

         Informazio gehiago izateko, begiratu hemen: www.virginiawoolfbasqueskola.euseta sare sozialetan.

Ikasketa-bidaia

Gaur arratsaldeko bilera Europako Batzordeak bultzatuta Tunisiako ordezkaritzak Euskadira egindako ikasketa-bidaian sartuta dago. Irailaren 18tik 20ra arteko hiru eguneko bidaia horretan, hainbat bisita instituzional egin, eta harremanak izango dituzte euskal gizartearekin, EAEko politika publikoetan genero ikuspegia txertatzeko dauden praktika onak lehen eskutik zein diren jakiteko. EAEko udalek berdintasuneko politikak bultzatzeko egin duten lana erakutsiko dute, gaur egun Europa osoan ereduzkoak diren sareak aurkeztuz, adibidez, Basqueskola eta EAEko udaletako berdintasun-teknikariei zuzendutako Berdinsarea.

Atzo Eusko Jaurlaritzarekin lehen kontaktuak izan ondoren, asteazken honetan, Tunisiako ordezkaritza Basqueskolako emakume hautetsiekin bilduko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, EUDELek Bilbon duen egoitzan. Bilera horretan, Emakunderen zuzendari Izaskun Landaidak ere parte hartuko du.

Ikasketa-bidaiari amaiera emateko, bihar, ostegunean, bi bilera izango dituzte Donostian. Lehenik, ordezkaritza Gipuzkoako Foru Aldundiaren ordezkariekin bilduko da, eta, horren ondoren, Donostiako Emakumeen Etxera joango da, Berdintasunaren aldeko EAEko Udalen Sareak, Berdinsareak, duen funtzionamenduaren berri izateko. Berdinsarea udal-teknikariek eratzen dute, eta EUDELek eta Emakundek koordinatzen dute elkarrekin.

Euskadiko 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte aurki hasiko den ikasturtean zehar, eta inoiz baino diru-laguntza handiagoak jasoko dituzte matrikula ordaintzeko. Euskadiko udalerri guztien izenean, Ager Izagirrek, Mungiako alkatea eta EUDELen ordezkaria, euskaltegien matrikulazio kanpaina berriaren aurkezpenean parte hartu du gaur goizean, Barakaldoko Udal Euskaltegian.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak 2018-2019 ikasturterako euskaltegien matrikulazio kanpaina berria aurkeztu du, Barakaldoko Udal Euskaltegian. Euskaldiko udal euskaltegirik handiena den zentro hori ordezkatuz, Barakaldoko Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Gazteria zinegotzi Nerea Cantero izan da, bai eta euskaltegien sareko hainbat ordezkari ere. Azaldu dutenez aurkezpenean, Euskadiko Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegiek 35.000 ikasle inguru jasoko dituzte, eta hauek inoizko diru-laguntzarik handienak jasoko dituzte matrikula ordaindu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, esate baterako, % 44 igo du ikasleentzako diru-laguntzetara bideratutako aurrekontua, 1.800.000 euro onartuz (iaz 1.250.000 euro izan ziren).

Euskaltegien ordezkariekin eta aipatu agintariekin batera izan dira, besteak beste,  Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaran, HABEko zuzendari Jokin Azkue, bai eta aldundietako, EUDEL, UEMA eta beste erakunde batzuetako ordezkariak ere. Euskarari ateak irekitzeko eta azken hamarkadetan hizkuntza hori ikasteko erabakia hartu duten milaka pertsonekin bat egiteko gonbita egin diete guztiek ere herritarrei.

“Euskara era nabarmenean gaztetu eta sendotu da azken hamarkadetan, eta egun bizi duen egoera euskarazko hezkuntzaren aldeko apustua egin duten milaka familiei eta euskara euskaltegietan ikasteko esfortzua egin duten milaka hiritarrei esker izan da posible. HABEren datuen arabera, 1986az geroztik, 460.000 herritar ezberdin izan dira uneren batean euskaltegiren batean matrikulatuta. Apustu hori aitortzera gatoz gaur. Eta euskara ez dakiten herritarrak hizkuntza horretara gerturatzera animatu nahi ditugu. Esfortzu bat eskatu arren, euskara ikasteak ematen dizuna bizitza guztirako da; ziur gaude erabaki horrek ez zaiela damutuko”, adierazi du Bingen Zupiriak.

Biziberritzearen adibide

Horrela, Zupiria sailburuak Barakaldo jarri du euskarak hainbat tokitan bizi izan duen suspertzearen adibide gisa: udalerri horretan, euskaldunak hiritar guztien % 2,6 ziren 1986. urtean; egun, % 23 dira. “Orain dela hiru hamarkada, euskaraz aritzeko gai zirenak 2.790 pertsona ziren udalerrian. Barakaldok, egun, 22.000 euskal hiztun ditu; eta euskara ulertzeko gai diren beste 16.000 pertsona. Jauzia izugarria izan da”, aipatu du.

Udal Euskaltegiaren izenean, Nerea Cantero zinegotziak hitz egin du. “Udalerriak une oso egokia bizi du euskara sustatzen jarraitzeko; eta nik, euskararen alde egiteko gonbita luzatu nahi diet barakaldar guztiei. Azken urteotan esfortzu itzela egin dugu hiritarren beharrei erantzun ahal izateko, euskara ikasteko prozesua bateragarri egiteko lan- eta familia-bizitzarekin. Eta lortu dugu. 700 ikasle izatetik 1.250 ikasle izatera igaro gara”, adierazi du.

Ikasleei erraztasunak emateko apustua izan da, hain zuzen ere, izena emateko epearen irekiera-ekitaldi honetan gehien nabarmendu den alderdietako bat. Zupiriak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzaren laguntzek % 44 egin dute gora. Beste erakunde guztien laguntzak gehituz gero, B2 mailara arteko euskararen ikaskuntza epe laburrean doakoa egiteko apustua lortzetik gertuago gaude. “Ikasleei laguntza ekonomikoak eskaintzeko apustua garbia da, eta geroz eta nabarmenagoa. Eta euskaltegiek geroz eta erraztasun handiagoak eskaintzen dituzte ordutegien malgutasunari, teknologia berrien erabilerari eta ikaskuntza-epearen bateragarritasunari dagokienez. Xedea da euskararen ikaskuntza doakoa egitea, aurki, B2 mailara arte, komunikazioa bermatzen duen maila den heinean”, gaineratu du.

Eusko Jaurlaritzak, halaber, % 6 areagotu du HABEren (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) bidez euskaltegi pribatuei egiten dien ekarpena; eta % 1,5 udal euskaltegiei egiten diena. Guztira, euskaltegien sareak 2018-2019 ikasturterako jasoko duen ekarpena 32.817.000 eurokoa izango da (20.752.000 euskaltegi pribatuentzat eta 12.065.000 euro udal euskaltegientzat).

Ikasleen profila

Iragan 2017-2018 ikasturtean, 34.225 ikaslek eman zuten bere izena Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 103 euskaltegietako batean (zenbateko hauen baitan EAEko euskaltegi guzti-guztiak hartzen dira kontuan). Aipatu ikasketa-zentroetan, 1.300 irakaslek lan egiten dute. Ikasleen % 80ak euskaltegi pribatuetan eman zuen izena. Ikasleen erditik gorak B2 (% 25,11k maila hori gainditzeko eman zuen izena) eta C1 (% 28,8ak) mailetan eman zuen izena. Zupiriak datu hori nabarmendu du: “Egun, maila baxuenak ez dira ikasle gehien dituztenak; aldaketa bat eman da maila altuagoen mesedetan. Euskaltegietako ikasle askok beren gaitasuna hobetzea dute helburu, eta hori osoa positiboa da, lotura zuzena baitago hizkuntza-gaitasunaren eta hizkuntzaren erabileraren artean”

2017-2018 ikasturtean zehar ikasleek egin zituzten euskara ikasketak (helburua izan zen agertzen diren mailak gainditzea).

  A1 A2 B1 B2 C1 C2 Z
Ikasleak 5.052 4.261 5.432 8.594 9.857 667 362
% 14,76 12,45 15,87 25,11 28,8 1,95 1,06

Euskaltegietan izena emateko kanpainak, aurten, keinua egingo die esaera zaharrei, hedatuta baitaude euskal hiztunen artean eta, kasu honetan, ikaskuntza-prozesuari lotu zaizkio. Irailean zehar zenbait ikaslek ikastaro ezberdinetan parte hartuko badute ere, ikasle gehienek urrian hasiko dituzte beren eskolak.

Gaur goizean Izaskun Landaidak eta Zuriñe Elordik, Emakundeko zuzendariak eta idazkari nagusiak hurrenez hurren, 2018ko Beldur Barik kanpainaren aurkezpena egin diete Arabako udalei. Aste honetan bertan, Gipuzkoako eta Bizkaiko udalei ere egingo zaizkie aurkezpenak, asteazkenean eta ostiralean. eldur Barik EAEko instituzioek elkarlanean bultzatuta indarkeria sexista prebenitzeko gazteei zuzendutako programa da, eta bere helburua da, gazteekin batera hausnarketa eta eztabaida prozesuak sustatzea jendarte eraldaketan laguntzeko.

  • Beldur Barik programa urtero Emakundek bultzatzen du, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta EUDELek laguntzen duten gazteei zuzendutako kanpainan,

Landaidak programaren helburua azaldu die udal teknikariei, eta programa euren urteko programaziora egokitzeko ahalegina azpimarratu du, besteak beste. Eta iaz aurkezpenak lurraldeka egiten hastearen onurak azaldu ditu baita ere. Ondoren, Beldur Barikeko idazkaritza teknikoko kideek landu dituzte edukiak.

Azken berriak: “Eraso sexistarik gabeko jaiak” kanpaina jarri dute udalen eskuetan

Hilaren 31n argitaratu zen EHAAn 2018ko uztailaren 30eko Agindua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailburuarena, zeinaren bidez onartzen baitira immigrazioko teknikarien kontratazioaren jarraipenerako eta erakunde publikoek immigrazioaren eta kulturarteko bizikidetzaren alorrean jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak eta laguntza horietarako deialdia egiten baita 2018. urterako. Argitaratutako iragarkiaren esteka digitala bidaltzen dizuegu honekin batera.

EHAA:https://www.euskadi.eus/y22-bopv/eu/bopv2/datos/2018/08/1804387e.shtml

*Oharra: Kontuan hartu behar da aurtengo deialdian, lehenbiziko aldiz, tramitazio telematikoa ezartzen dela.

  • Udalei informazioa eta laguntza teknikoa emango zaie Eraikinen Ikuskapen Teknikoen tramitazioa arintzeko eta, ondoren, Euskoregite plataforman erregistratzeko
  • Etxebizitza Sailak 460.000 euro bideratuko ditu jardunak finantzatzera
  • Eraikinen Ikuskapen Teknikoa funtsezko tresna da bizitegi-parkea baldintza egokietan mantentzeko eta eraikinak birgai daitezen eta hiri-eremuak biziberri daitezen sustatzeko

Etxebizitza Sailak eta EUDELek hauteman dute Euskal Autonomia Erkidegoko udal ugarik zailtasunak dituela Eraikinen Ikuskapen Teknikoak (EIT) kudeatzeko eta, gero, erregistratzeko —araudiak ezartzen duen moduan—.Izatez, udal ugarik aditzera eman du haientzat karga handia dela kudeaketa horren ondoriozko zeregina eta zailtasunak dituela lan karga hori bere gain hartzeko. Hori da, hain zuzen ere, gaur goizean Iñaki Arriola Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuak eta Imanol Landa Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidenteak sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren jatorria. Lankidetza-hitzarmenaren helburua da udalei beharrezko informazioa eta laguntza teknikoa ematea, EITen kudeaketa koordinatua egiteko Euskoregite plataforman erregistratzetik abiatuta —udalek beraiek egin behar baitute hori—.

EUDELeko Elkarteburu Imanol Landak azaldu duenez, “Etxebizitza Legeak jabeei eurei egozten die beren eraikinaren ikuskapen teknikoa gauzatzeko betebeharra, eta udaloi dagokiguna da aurkezten diren EITak erregistroan inskribatzea eta ondorengo kudeaketa egitea.” “Hitzarmenaren xede nagusia da udaleko pertsonal teknikoari baliabideak, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea. Era horretan, EAEko Udal guztiek beharrezko laguntza teknikoa izango dute, beren-beregi gai honi erantzuteko prestatua, udalerri bakoitzaren ezaugarri berezietara egokiturik.” azpimarratu du Imanol Landak.

Zentzu horretan EUDELetik, beraz, udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko solaskidetza eta koordinazioa antolatuko da. Gainera, prestakuntza-saioak sustatuko dira, funtzio hauetan jardungo duen pertsonal teknikoaren gaikuntza sendotzeko.

HITZARMENA

Lau urteko iraupena izango duen hitzarmen honen bidez, Etxebizitza Sailak bere gain hartuko du EITak hobeto kudeatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak diseinatzeko eta ezartzeko zeregina, udalek dituzten beharrak kontuan hartuta. Era berean, Sailak konpromisoa hartu du Eraikinen Ikuskapen Teknikoen erregistro integratuaren plataforma (Euskoregite) mantentzeko eta horren eguneratzeak udalen esku jartzeko. Bestalde, EUDEL arduratuko da Etxebizitza Sailaren eta udalen arteko bitartekaritzaz eta elkarrizketaz. Gainera, udalerrietan funtzio horiek betetzen dituzten langileen trebakuntza hobetzeko prestakuntza-jardunaldiak sustatuko ditu.

Etxebizitza Sailak bere gain hartuko du jardun horien kostua, 460.000 euroko kontu-saila bideratuko ditu aurrerantzean.

Euskadik Europa hegoaldeko parke eraiki zaharrenetako bat du. Euskal Autonomia Erkidegoan dauden 163.642 eraikinen % 43 1961. urtearen aurretik eraiki ziren, 2011ko erroldako datuen arabera. Hortaz, 70.000 higiezinek baino gehiagok dute 50 urtetik gora, eta 2020an kopuru hori 89.000 eraikinera arte iritsiko da.

Etxebizitzari buruzko Legeak garrantzi handia ematen die EITei, funtsezko tresna baitira bizitegi-parkea baldintza egokietan mantentzeko eta eraikinak birgai daitezen eta hiri-eremuak biziberri daitezen sustatzeko. Etxebizitzari buruzko Legeak ezartzen du bizitegi-erabilerako eraikinak unean une zehazten diren bizigarritasunaren eta segurtasunaren arloko eskakizunetara zein irisgarritasunaren arloko eskakizunetara egokitu beharko direla eta egokitzapen hori pertsonal eskudunak egindako ikuskapen teknikoen bitartez egin beharko dela.

Ildo horretan, eraikinen ikuskapen teknikoko txostenen ondorioz finkatutako konponketetarako edo birgaitzerako neurriak eta jardunak adierazten diren epeen barruan ez gauzatzea arau hauste oso larritzat jotzen da, baldin eta jardun horiek berehalakoak edo premia handikoak badira. Eta 50 urtetik gorako eraikin eta etxebizitza guztiek EITa pasatzeko betebeharra ezarri da. Halaber, eraikinaren EITa edukitzea ezinbesteko baldintza izango da Etxebizitza Sailak birgaitzearen, energia-efizientziaren eta irisgarritasunaren arloan ematen dituen laguntzak eskuratzeko.

Eraikinaren kontserbazio-egoera

Euskal Autonomia Erkidegoan 2012. urteaz geroztik indarrean dagoen Eraikinen Ikuskapen Teknikoa da higiezinen kontserbazio-egoera zehazteko aukera ematen duen tresna bakarra; izan ere, eraikinaren beraren eta ur-hornikuntzako eta -hustuketako instalazioen egitura- eta eraikuntza-kontserbazioaren egoera jasotzen du, eta, eraikinaren egoerari buruz ez ezik, energia-efizientziaren eta irisgarritasun unibertsalaren arloan hobetu ahal izateko aukerari buruz ere informatzen du.

Horrez gain, etxebizitzei legez eska dakizkiekeen arlo horietako oinarrizko baldintzak betetzen diren ebaluatzeko beharrezkoa den informazioa ematen die administrazio publikoei, eta, hartara, birgaitzeko eta biziberritzeko neurri egokiak hartzeko aukera ematen du.

Arriola sailburuak oso balorazio positiboa egin du EUDELekin lortutako akordioari buruz: “Badakigu EITak aurkezteak ahalegin gehigarria eskatzen diela udalei, udalek baitute hirigintzaren arloko eskumena; hori dela eta, baliabide ekonomiko handiak bideratu ditugu udalei haien udalerrietan EITak kudeatzen eta, gero, erregistratzen laguntzeko”. “Herritarrek”, erantsi du, “jakitun izan behar dute EITa pasatzea dela haien eraikinaren segurtasuna bermatzeko modurik onena, baita askoz ere kostu handiagoko konponketak aurrezteko modurik onena ere, autoen azterketa teknikoekin gertatzen den bezalaxe. Horregatik, udalekin soinez soin lan egin nahi dugu parke eraiki seguruagoa, irisgarriagoa, energiaren arloan efizienteagoa eta bertan bizi direnentzat erosoagoa edukitzeko”.

Ildo horretan, Iñaki Arriolak jakinarazi du Sailak ia prest duela EITei buruzko beste dekretu bat, orain arte indarrean dagoen araudia eguneratzen eta argitzen duena, eta laster Gobernu Kontseiluari igorriko diola honek onar dezan.

Parte-hartzaileak: Imanol LANDA, EUDELeko Elkarteburua eta Getxoko alkatea, Jose Antonio SANTANO, elkarteburuordea eta Irungo alkatea, Garazi Lopez de ETXEZARRETA, elkarteburuordea eta Errenteriako alkateordea; eta Eudelen Batzorde Eragileko hautetsi kideak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 12a.

Euskadiko udalerrietako alkateak Vitoria-Gasteizen bildu dira gaur EUDELen Ohiko Batzar Nagusia egiteko; aurten, Arabako hiriburuko Europa Jauregian izan da.

Batzarra EUDELen elkarteburua eta Getxoko alkatea den Imanol Landaren gidaritzapean egin da, eta harekin mahaian egon dira Irungo alkatea, Jose Antonio Santano, eta Errenteriako alkateordea, Garazi López de Etxezarreta, biak Euskadiko Udalen Elkartearen elkateburuordeak.

Bileran garrantzitsua izan da, halaber, EUDELen Batzorde Eragilearen gainerako kideak ere egon izana, baita Vitoria-Gasteizko alkatea, Gorka Urtaran, eta, Bilbokoa, Juan Mari Aburto ere. Donostia/San Sebastiángo alkateak Jaime Dominguez-Macayaren esku utzi zuen bere jarduera.

2018ko Batzarrak Euskadiko Udalen Elkartearen jardueraren balantzea egiteko balio izan du, eta, halaber, udaletan lehentasun diren gaiak gogoratzeko; aldi berean, legealdiko azken txanpa da, ikasturte politikoa amaitu aurretik, eta gero 2019ko udal- eta foru-hauteskundeetara abiatuko da. Etorkizun hurbileko erronkei dagokienez, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea (ETEL) jorratu da, indarrean jarri zenetik bi urte pasatu ondoren.

Bilera, gaur, goizeko 11:00etan hasi da, Gorka Urtaran alkate anfitrioiaren ongietorri-hitzaldiarekin. Ondoren, EUDELen elkarteburuak, Imanol Landak, eguneko gai-zerrendaren puntuak aurkeztu ditu, eta, horien artean, Elkartearen aurrekontua onartu da, 2018ko ekitaldiari dagokiona. Zehazki, 2.958.769 eurokoa izan da guztira EUDELen funtzioak garatzeko zenbatekoa, eta funtzio horiek dira, hala nola, EAEko udal guztiei aholkularitza tekniko-juridikoa eskaintzea eta udal-kudeaketari laguntzeko zerbitzuak ematea.

Imanol Landa elkarteburuak berak Batzarreko kideei jakinarazi die EUDELen zerbitzu-eskaintza berria: aurten, beste behin ere, asmoa da udal txikiei emandako laguntza sendotzea (haiekin egon eta laguntzarako tresnak eman), eta, gainera, udal guztientzako dokumentu-ereduak egin dira, zeinak erreferentziazko ereduak izango diren Euskadiko udalerri guztietarako, orokorrean. Adibidez, Izapideen Eskuliburuak, kudeaketa elektronikora pasatu aurretik, eta Kontratazioko Baldintza-agiriak, Sektore Publikoaren Kontratuen Lege berriari egokitutakoak. Berdintasunaren arloan, eta Emakunderekin lankidetzan, aurten prozedura komuna egin da, uda-arauetan genero-inpaktuari buruzko ebaluazioak egiteko. Urtearen bigarren seihilekoan diseinatuko dira genero-indarkeriako erasoei aurre egiteko aholku-gidak nahiz tokian-tokiko erantzuna emateko eta prebenitzeko protokoloak.

Zenbait arloren artean, EUDELen 2018ko jarduera-balantzean gai hauek azpimarratu dira: tokiko berrikuntza, kudeaketa elektronikoa bultzatzea eta interoperabilitatea oinarri duena; lurralde bakoitzean Gizarte Zerbitzuen Mapak hedatzea; euskararen sustapena udaletan, edo funtzio publikoa, tokiko erakundeen langileentzako ‘Udalhitz’ hitzarmenaren negoziazio kolektiboarekin.

Aldi berean, EUDELek jarraitzen du udalen arteko sareak sendotzen, adibidez Berdinsarea, berdintasun arloko langile teknikoentzat, edo Basqueskola, Euskadiko emakumezko alkate eta zinegotzientzat; horrekin batera, Europan lankidetza-proiektuak bultzatzea, esaterako, Gobernantza onaren arloan Europako Kontseiluarekin egiten dena (ELoGE Zigilua), edo Europako Herrien eta Eskualdeen Batzordearen (CMRE) kide gisa, eta horrek aukera eman dio EUDELi, Bilboko Udalarekin batera, “Berdintasuna, Dibertsitatea eta Inklusioa” konferentzia antolatzeko, ekainaren 11tik 13ra.

Arkaute, 2018ko uztailak 4.

Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak gaur onartu du Euskadiko Udaltzaingoaren bigarren hautaketa-prozesu bateratuko kudeaketa-agindurako hitzarmena, eta lehenengo aldiz sartuko dira hiru hiriburuak. Guztira Euskadiko 26 udalerri atxiki zaizkio borondatez hitzarmenari, eta bertako udaltzaingoei egonkortasuna emateko 226 plaza eskainiko dituzte guztira.

Bigarren urtez jarraian, Arkauteko Zuzendaritza Kontseiluak hitzarmenari borondatez atxikitzea erabaki duten Euskadiko 26 udaletako udaltzaingoetako plaza hutsak betetzeko hitzarmena eta oinarri zehatzak onartu ditu. Iaz hamabi udalerrik erakutsi zuten interesa eta izenpetu zuten hitzarmena, eta guztira 75 plaza eskaini zituzten; aurten bikoiztu egin dira interesa erakutsi duten udalerriak, guztira 26 dira, eta udaltzaingoetako oinarrizko eskalako 226 agente-plaza eskainiko dituzte. 26 udalerri horietako 15 Bizkaikoak dira, 9 Gipuzkoakoak eta 2 Arabakoak.

Segurtasun Sailak EUDEL – Euskadiko Udalen Elkartearekin lankidetzan abian jarritako ekimenarekin lehenengo aldiz egin dute bat hiru hiriburuetako udalek, eta guztira 110 plaza eskainiko dituzte Bilbon, 28 Gasteizen eta 8 Donostian.

Eta horiei batu behar zaizkie Portugaleteko 12 plaza, Sestaoko 9, Barakaldoko 8, Santurtziko 6, Eibarko 5, Bergarako 4, Plentziako 3, Zumaiako 3, Elgoibarko 3, Gernikako 3, Erandioko 2, Mungiako 2, Berangoko 2, Abantoko 2, Zornotzako 2, Amurrioko 1, Legazpiko 1, Balmasedako 1, Beasaingo 1, Basauriko 1, Ordiziako 2, Pasaiako 3 eta Ermuako 4.

Era honetako deialdi bateratuetan udal-autonomia errespetatzen da, azken batean udalena baita bertako funtzionarioak hautatzeko eta deialdiaren oinarriak zehazteko eskumena, eta udalbatzarena dagokion enplegu-eskaintza onartzekoa eta argitaratzekoa.

Bai aginduan bertan bai oinarrietan, hitzarmenari atxikitzen zaizkion udalek izangaiei eskatu nahi dizkieten baldintzak erabaki ahal izango dituzte, besteak beste, hizkuntza-eskakizuna eta gidabaimen-motak.

Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa librea izango da, eta bertan egingo dira test erako proba bat, gaitasunak ebaluatzeko test psikotekniko bat eta nortasuna ebaluatzeko beste bat. Era berean, proba fisikoak eta elkarrizketa pertsonala ere egingo dira. Lehiaketa-fasean Udaltzaingoan egindako zerbitzuak baloratuko dira.

Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko da izangaiek bete nahi duten plazan eskatutako hizkuntza-eskakizuna baino euskara maila handiagoa egiaztatzen duten pertsonen kasuan.

Aurreikusten da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak uztailaren erdialdera argitaratuko duela LEP bateratuaren deialdia, atxikitako udal bakoitzeko behin betiko plaza kopurua zehaztuta.

Hautaketa-prozesu bateratu honetan izena emateko epea abuztuan amaituko da, eta probak irailean hastea eta prestakuntza-ikastaroari urtarrilean hasiera ematea dago aurreikusita.

Abantailak

Hautaketa-profil berak ezartzea, prozesuetako ezaugarriak bateratzea, hautaketa-prozesuen kostuak murriztea, hautaketa-prozesua egiten den bitartean plazak hutsik ez geratzea eta irizpideak bateratuak izatea dira Udaltzaingoaren deialdi bateratuen abantailetako batzuk.

Hain zuzen ere, datorren uztailaren 27an banatuko zaizkie diplomak Udaltzaingoetako 130 agenteri, eta 75 Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berak hamabi udalekin egindako kudeaketa-agindu baten bidez egin duen lehenengo LEP bateratuko agenteak dira, zazpi hilabetez Arkauten prestakuntza jaso dutenak.