Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Bilbo, 2015eko martxoaren 16a. Gaur goizean Irene Pardo Nekazaritza diputatuak, Ibone Bengoetxea Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) presidenteak eta Gorka Martínez BBK Banku Fundazioaren zuzendari nagusiak Bizkaian azokak eta merkatuak antolatzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Foru Jauregian. Foru Aldundiko Nekazaritza Sailarentzat, zuzeneko salmentak mesede egiten dio kalitate-bereizgarriak promozionatzeko eta nekazaritzako errentak handitzeko helburu bikoitzari. BBK Fundazioak lehenengo sektorea babestu nahi du orokorrean, baita azokak eta merkatuak ere, batez ere saltokiak jarriz. Eudelen ustez, berebizikoa da azokek eta merkatuek produktuen osasun, kalitate eta jatorrizko bermeak izatea, nekazaritzaren administrazio sektorialaren eta Bizkaiko udalerrien helburuak bateratu eta erakunde antolatzaileak izan daitezen.

Hitzarmen honekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritza Sailak kalitate-bereizgarrietara batu diren ekoizleen zerrenda egingo du. Liburuxka bat ere egingo du kontsumitzaileentzat, zuzenean edo Bizkaiko Landa Garapen Elkarteen Federazioarekin (Bizkaimendi) lankidetzan.

BBK Fundazioak, aldiz, antolatzen eta babesten laguntzeko konpromisoa hartu du, baita saltokiak jartzekoa ere.

Euskadiko Udalen Elkarteak (Eudel) lankidetza-hitzarmenetik eratorritako agiri eta akordio guztiak Bizkaiko udalen artean zabaltzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu du.

Nekazaritzako produktuak saltzen dituzten ekoizleen zentsua

Merkatu eta  azoka tradizionaletan nekazaritzako produktuak eta elikagaiak saltzen dituzten ekoizleen zentsua sortzeari gehituko zaion neurria da hau. Duela gutxi Gobernu Kontseiluak onetsitako Foru Dekretuaren bidez araututako foru ekimena da. Hemendik aurrera, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko merkatu eta azoka tradizionaletan Euskadiko nekazaritzako produktuak eta elikagaiak saltzen dituzten ekoizleak zentzuan argi eta garbi identifikatuta egon beharko dira.

Eusko Jaurlaritzako Kalitate eta Elikagaien Industriaren Zuzendaritzak ekitaldi bakoitzerako argitaratutako zerrendan edota Nekazaritza Sailak egindakoan ageri diren eta Bizkaian egiten diren tokiko nekazal merkatu eta azoka tradizional guztietan izena emanda daudela egiaztatu ahalko dute ekoizle horiek, baita udalek beren eskumenen baitan aplikatzeko eskatzen duten zerrendetan ageri direnetan ere. Hori guztia udaletxeek tokiko merkatu eta azoka tradizionalak eta oro har merkataritza ezarri, arautu, zaindu eta kontrolatzeko dituzten eskumenei kalterik egin gabe.

Onetsitako zentsuaren helburua ekoizleen inbentario eguneratua eskaintzea da, eta horien inguruko informazio eguneratua izatea. Nekazaritza Foru Sailari dagokio zentsuan izena emateko ezarritako betekizunak errespetatzen direla kontrolatzea. Era berean, saltzailearen inskripzioa ondo ikus daitekeen leku batean agertu beharko da, eta saltzen duen produktu bakoitzaren kasuan sortutako bereizgarria ere agertu beharko da.

Beste urte batez, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzatik 2015 urtean bide-segurtasunari buruzko kanpaina 2.000 biztaletik beherako udalerrietara eta herritarrei hurbiltzeko aukera dagoela jakinarazi dio EUDELi, eta informazio hau zuen udalerriarentzat baliogarria izan daitekeela uste dugu.

Aurten, 12 udalerri izango dira ekimen honen onuradunak eta euren interesen arabera aukera hauetako bat hautatu ahal izango dutenak:

  • Bide-segurtasunari buruzko informazioa eta materiala duen trafikoko autobusa udalerrira hurbiltzea, azokak, erromeriak, jaiegunak edo bestelakoak aprobetxatuz. Herritar guztiei orokorrean zuzenduta.
  • Ikastetxea duten udalerrietan bide-segurtasunari buruzko sentsibilizazio saio bat egitea, trafikoko autobusa ikastetxearen ingurura eramanez neska-mutikoak eskolatik irteten diren orduan. Gurasoei eta adin txikikoei zuzenduta.
Zuen udalak aukera horietako batean interesa baldin badauka, erantzun posta elektroniko honetara martxoaren 26a baino lehen  hurrengo datuekin: gai honetarako udaleko kontaktuaren izena eta telefonoa, hautatutako aukera, baita autobusa zuen udalerrira joatea nahiko zenuketen data ere.
*Lehenengo 12 eskariak baino ez dira kontuan hartuko.
*Eskariei arreta jarriko zaie sarrera-ordenari zehatz jarraituz.

Aurreko urteetan bezala, EUDEL eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren artean elkarlanerako Hitzarmena sinatu da, enplegua eta ekonomia sustatzeko politikak Bizkaiko lurralde mailan artikulatzeko (Behargintza Zentroak).

Hitzarmen berri hau 2016ko otsailaren 29an bukatzen da, eta gogoratu nahi dizuegu, eskualdeko jarduerak betearazteko proiektuak aurkezteko epea apirilaren 16an bukatzen dela.

Hitzarmen horren bidez  foru erakundeak 725.000 euro jarri ditu  Bizkaiko eskualde guztietan jarduten duten enplegurako eta garapenerako 21 zentroak kudeatzeko.

EUDELek eta Ekonomia Sustatzeko Sailaren ustez Behargintzak toki mailan enplegua kudeatzeko eta  ekonomia sustatzeko formularik egokienak dira, lehiakortasuna hobetuz,  eskualdearen potentzialtasun ekonomikoa aprobetxatuz eta, azken finean, enplegua hobetuz eta sortuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak, horien kudeaketa sustatzen jarraitu nahi dute, zertarako-eta euren ahaleginak biltzeko eta enpleguan eta toki mailako egitura horien garapenean laguntzeko.

Bilboko Arriaga antzokiaren aurreko plazan, 19:00etan, astelehenean, martxoak 9, desagertutako personak gogoratzeko kontzentrazioa egingo da, Hodei Egiluz galdakoztarra oroitzapenean izango dala, 2013ko urrian bere barri galdu eta gero.

Kontzentrazio hau “Itxuraz arrazoi barik desagertu diranen eguna”ren ospakizunagaz batera egingo da. Kontzentrazioa hamar minutuz isilean izango da, eta bertan komunikadu bat be irakurriko da.

Holan aldarrikatu gura da persona desagertuek eskubidea daukiela bilatuak izateko eta horri buruzko protokolo instituzionalak eskatzeko, batez be Europar Batasunaren mailan.

  • 2014ko urrian egindako Etxegabeen zenbaketan partaide izan dira, hiru hiriburuez gain, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zazpi udalerri. Zenbaketan partaide diren udalerri horiek guztiek EAEko biztanleriaren %55 osatzen dute.
  • Zenbaketan partaide izan dira 780 boluntario, eta lankidetzan burutu dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak; hiru Foru Aldundiek; Barakaldo, Bilbo, Donostia, Getxo, Irun, Laudio, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko Udalek; eta Euskal Udalen Elkarteak (EUDEL).
  • Bizitegi-bazterketa larria pairatzen duten pertsonen zenbaketa globalki berean mantendu arren, hazten ari da Donostian kalean lo egiten duten pertsonen zenbaketa, eta gutxitu egin da egoera hori bizi dutenen zenbaketa Gasteiz eta Bilbon.
  • Guztira, 1.500 pertsona baino gehiagok erabiltzen dituzte Euskadiko bizitegi-bazterketa larrirako prest dauden baliabideak. Horiei gehitu behar zaizkie kalean edo beste leku batzuetan aurkitu diren beste 323 pertsona (autoak, gune publikoak, etab.).

2012an Bilbo, Donostia eta Gasteizko Udalek –hiru Foru Aldundiekin bat eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren lankidetzan– burutu zuten berauen udalerri propietan bizitegi-bazterketa larria pairatzen zuten pertsonen lehenengo zenbaketa, aurretik Bilboko Udalak eta Kale Gorrian Lan Taldeak garaturiko ekimenei jarraipena emanaz (horren partaide dira, Donostiako Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain, zenbait gizarte-erakunde). 2014ko urrian berriz burutu zen etxegabeen zenbaketa bateratuaren esperientzia hori, eta ekimen horri heldu zioten ondorengo zazpi euskal udalerriek: Santurtzi, Sestao, Irun, Portugalete, Laudio, Getxo eta Barakaldo. Honela, zenbaketa burutu zen biztanle gehien dituzten hamar euskal udalerrietan, eta bertan bizi da gutxi gorabehera EAEko biztanleriaren %53.

Ondorengo helburu bikoitza du xede zenbaketa horrek: batetik, kuantifikatu nahi da bizitegi-bazterketa larria pairatzen duen pertsonen zenbaketa, horren neurri gisara gau zehatz bat hartuz (2014ko urriaren 29a); bestetik, ezagutu eta aztertu nahi da pertsona horien egoera eta ezaugarriak ondorengo arlo hauetan: egoera administratiboa, hezkuntza-maila, jarduera eta diru-sarrerak, gizarte- eta familia-harremanak, osasun-egoera, bizitegiaren ibilbidea, droga-kontsumoa, eta zerbitzu eta prestazio sozialen erabilera, eskaria eta balorazioa egitea. Azterlan honetako esparruan, kontuan hartzen dira bizitegi-bazterketa larria pairatzen duten ondorengo bi kolektibo desberdin hauek:

  • Gau horretan zenbaketa egin zen hamar udalerrietan (Barakaldo, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Getxo, Irun, Laudio, Portugalete, Santurtzi eta Sestao) kalean lo egin zuten pertsonak.
  • Gaua hiru lurraldeetako gizarte zerbitzu eta zentroetan igaro zuten pertsonak (bizitegi bazterketa pairatzen duten pertsonei laguntzen dieten zerbitzuak).

Emaitzen aurrepenaren arabera, bizitegi-bazterketa larria oairatzen duten 1.836 pertsona identifikatu dira zenbaketa horretan, eta horietatik 323 aurkitu zituzten kalean, eta 1.513 pertsonek ostatu hartu zuten gizarte-zerbitzuetako baliabideetan (aterpe, egoitza, etxebizitzak, etab.). 1.836 pertsona horietatik 297 (%16) identifikatu zituzten Araban, 904 Bizkaian (%49) eta 635 Gipuzkoan (%34).

Gaurtik, martxoaren 3tik, “.EUS” domeinua herri-erakundeen webguneen eta posta elektronikoen izen ofizialarekin erregistratzea eskatzeko epearen azken epealdia hasiko da.

Herri-erakunde bakoitzari dagokion izenarekin domeinua erregistratutakoan, herri-erakunde horiek bakoitzaren domeinuaren jabe bakarra izango da. Gainera, berehala edo, aukeran, geroago erabiltzen hasteko modua izango dute, egoki deritzoten bezala.

2014tik Euskadiko beste herri-erakunde batzuek haien webguneak aldatu dituzte .eus domeinura. Esate baterako, hala egin dute EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak edo Eusko Jaurlaritzak berak, ildo horretan 2014ko uztailaren 29an egindako Gobernu Kontseiluan hartutako erabakian oinarrituta.

Nola erregistratzen da domeinua?

“.EUS” domeinua erregistratzeko zerbitzu informatikoen betiko hornitzailearengana jo behar duzu edo, aukeran, hurrengo webgunean eskura dauden erregistratzaileen berri eduki dezakezu:

Zer gertatzen da erregistroa egin ezean?

Ezarritako epean domeinua erregistratu ezean, Interneteko edozein erabiltzailek erregistratu ahal izango du eta nahi duenerako erabili. PuntuEUS Fundazioaren eskumenetatik kanpo dago domeinu-izen hori blokeatzeko edo berreskuratzeko aukera.

Domeinua eskatzeari buruzko informazio gehiago edukitzeko, PuntuEUS Fundazioaren gutuna erantsita bidaltzen dizuegu. Erakunde horrek .EUS domeinua egiaztatzeko eta kudeatzeko ardura dauka.

Informazio gehiago lortzeko jarri harremanetan Fundazio horrekin:

teléfono 943.085.051 / info@domeinuak.eus

Otsailaren 27an, gaixotasun arraroen Nazioarteko Eguna (otsailak 28) ospatzearekin batera, Eusko Legebiltzarrak aho batez bat egin du EAEko FEDERrekin (Gaixotasun Arraroak Jotakoen Federazioarekin) lan egiteko konpromisoa berresten duen adierazpen instituzionalarekin.

EAEko FEDERen lana

FEDERen webgune ofizialaren informazioa: www.federpaisvasco.org

EAEko FEDER Gaixotasun Arraroen Federazioaren ordezkaritza da. Federazio horren xedea Gaixotasun Arraroen garrantzia eta herritarrengan duten eragina erakustea da, eragindako pertsonak eta haien familiak gizarteratzeko asmoz. Hala, Euskadin duten bizi-kalitatea hobetuko da.

Ez ohiko gaixotasunak 10.000 herritarretik 5engan baino gutxiagorengan eragina dutenak dira. Eusko Jaurlaritzaren kalkuluen arabera, Euskadin, 40.000 lagun daude zuzenean eraginda eta 150.000 baino gehiago zeharka. EAEko FEDERek pertsona guzti horien alde lan egiten du, laguntza eta orientabidea, baliabide, prestazio eta laguntzei buruzko informazioa eta desgaitasunari lotutako gaiei buruzko orientabidea eskainita.

Gaur goizean Herritarrentzako Arreta Zerbitzuen Udal sareko topaketa berri bat egon da, eta oraingo honetan herritarrak ardatz dituen zerbitzuak berdiseinatzeko ikuspegi berritzailea hizpide izan dute. Bilboko EUDELeko egoitzan dibulgaziozko hitzaldia egon da ‘The Young Foundation’ britainiar aholkularitzako Rowena Young adituaren eskutik. Arlo publikoaren berrikuntzari dagokionez, Europan arrakasta izandako joera eta praktikak aurkeztu dizkie udal arduradunei. Azalpena amaitutakoan, tailer teknikoa (worklab) eskaini dute, taldeka antolatuta. Bertan, parte-hartzaileek praktikan jarri dituzte hainbat teknika eta metodologia herritarren ikuspegiaren araberako zerbitzua birdiseinatzeko asmoz.

Beste berriak:

Nondik gatozen

Euskal Udalerriek herritarrekiko harremanetan sakontzeko duten interesari erantzuteko asmoz, 2012an EUDELek Herritarrentzako Arreta Zerbitzua duten Euskadiko Udalen SAREA eratu zuen.

Gaur egun, Sarean Herritarrentzako Arreta Zerbitzua duten 5.000 herritar baino gehiagoko 24 udal daude.

Sarearen esparruan, 2014ko amaieran hiru Udal berrik (Abanto-Zierbena, Etxebarri eta Galdakao) Herritarrentzako Arreta Zerbitzua ireki dute hurrengo izena duen programan parte hartu ostean: PRESTAKUNTZA ETA LAGUNTZA, HERRITARRENTZAKO ARRETA ZERBITZUAK EUSKAL UDALETAN EZARTZEKO PROZESUAK GARATZEKO (EUDEL-HAEE/IVAP). Laster beste bat sartuko da: Gernika.

Gainera, otsailaren bigarren astean amaitu berri da laguntza barne duen HAZei buruzko prestakuntza-programa horren edizio berria. Bigarren edizio honetan, hurrengo hilabeteetan haien HAZ irekiko duten beste 6 udalek parte hartu dute: Elorrio, Gueñes, Ortuella, Trapagaran, Zumaia eta Zarautz.

Hori lankidetzari eta elkarrengandik ikasteari esker egin ahal izan dugu. SAREKO udal batzuen (Urnieta, Arrigorriaga, Ermua, Irun eta Zalla) lankidetza aktiboaren barruan, HAZ ipini nahi izan duten udalei prozesuan lagundu dute (instalakuntzak bisitatzea, zalantzak argitzea, etab.).

HAZen ESTRATEGIA

Orain arte, Udalek Herritarrentzako Arreta Zerbitzua -HAZ- oso-osorik ipini dezaten ahalegindu da EUDEL: erabilterrazagoa, erakargarriagoa eta herritarrentzat “atseginagoa”, udalaren atari gisa.

Baina bide horretan oraindik zati handia ibili behar dugu. 5.000 herritar baino gehiagoko 70 udalerrietatik 25ek HAZ dute eta laster beste 7 udaletan irekitzeko asmoa dago.