Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Gueñesko Udalak Internet bidez herritarren partaidetza sustatzeko proiektua aurkeztuko du eCitizen europar topaketan.

  • Kerryn egingo da topaketa (Irlanda), maiatzaren 28tik 31ra
  • eCitizen foroaren xedea da administrazio elektronikoaren arloko eta herritarren eta administrazio publikoen elkarreraginaren arloko esperientzia eta jardunbide egokien trukea bideratzea, Europan
  • Gueñesko Udalak, EUDELen babesarekin, herritarren partaidetzarako web atari berria aurkeztuko du; inkestak, enplegu eskaintzak, iradokizunen postontzia eta herritarren galderei erantzuteko foroa dira atari horren atal nagusiak.

Prentsa oharra

Bilbon, 2012ko otsailaren 21ean. EUDELek lanak, hornidurak nahiz zerbitzuak kontratatzeko baldintza-orri administratiboen ereduak eta kontratazio espedienteak egiteko inprimakiak jasotzen dituzten bi gidaliburuak (azaroan Euskadiko udalei banatu zizkienak) gaurkotu ditu.

Egindako gaurkotzea azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat dator, eta, horren arabera, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bategina onartu da.

Eguneratutako bertsioak EUDELen webgunean daude eskuragarri, honako esteka honetan: www.eudel.net Sarbidea: KONTRATAZIO ORRIAK / EREDU ORRIAK (http://eudel.eus/eu/documentos/modelos)

Hainbat formatu

Bi gidaliburu horiei esker, baldintza-orri administratiboen eta horiek betetzeko argibideen hainbat adibide izango dituzte udalek. Hortaz, udalek material hori erabiltzen badute udaletan gehien egiten diren kontratuak izapidetzeko orduan, agiri horiek egiteko lana sinplifikatu eta arindu egingo da.

Eredu-agiriak eta betetze-argibideak jaso dira 26. zenbakia duen gidaliburuan; 27.ean, aldiz, eredu-inprimakiak.

Gidaliburuen bitartez, tokiko erakundeek –bereziki, teknikari gutxi dituzten udal txikiek– denbora eta baliabideak aurrez ditzatela nahi du EUDELek.

Ereduzko 100 inprimaki baino gehiago

Guztira, sektore publikoko hainbat kontratu kudeatzeko erabiltzen diren ereduzko 122 inprimaki jaso dira gidaliburuetan. Gidaliburuetan jaso dira, hain zuzen ere, erakunde publikoek kontratazio espedienteak martxan jartzeko erabili ohi dituzten agiriak eta gehien aplikatzen dituzten prozedurak.

Bilaketak erraz egin ahal izateko, bestetik, inprimakiak gaika sailkaturik daude.

 Arestian aipatutakoez gain, agiriak betetzeko hainbat argibide jaso dira gidaliburuetan. Hau da, kontratuen baldintzak eta aldagaiak zuzen aukeratzeko beharrezkoak diren irizpide materialak eta legezko argumentuak jaso dira.

 

 

EUDELek antolatutako Tokiko Zuzenbideari buruzko mintegiaren VI. edizioak Euskadiko udalen aurrekontu-egonkortasunari buruzko gogoeta egingo du

  • Batez ere idazkariei, aholkulariei eta udal langile juridikoei dago zuzenduta
  • Mintegiak bost saio izango ditu; saiootan, toki esparruko arlo juridikoaren zenbait alderdi aztertuko dira, goi mailako katedradun eta magistratuen eskutik. Era berean, esparru juridikoko arlo arau-emaile, jurisprudentzial, dokumental eta bibliografikoko nobedadeak aurkeztuko zaizkie bertaratutakoei
  • Hizlarietako bat Bilboko Udaleko Aurrekontu eta Zerbitzu Orokorren zuzendari ordezkari Carlos Urgoiti izango da, eta Bilboko Udaleko aurrekontu-egonkortasuna eta defizitaren eta zor publikoaren kontrola izango ditu hizpide

Bilbon, 2012ko maiatzaren 4an. Gaur hasiko da EUDELen egoitzan Tokiko Zuzenbidearen Euskal Mintegiaren VI. edizioa, Euskadiko Udalen Elkarteak HAEE-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin lankidetzan antolatuta.

Prentsa oharra

 EMAKUMEEN ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUNERAKO EUSKADIKO LEHEN ORDENANTZA MARKOA

Emakunderen eta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren babesarekin, EUDELek gida bat argitaratu du, Euskadiko udalek Berdintasunerako Ordenantza bat egin dezaten irizpide komunetan oinarrituz.

 Ekimen aitzindaria da Estatuan, eta interes handia piztu du bai Estatuan zein nazioartean. Izan ere, udalerrietan Berdintasun politikak bultzatzeko tresna nahi du.

 Udal autonomia errespetatuz, Gida udalei zuzendutako proposamena eta aholkua da, eta udal bakoitzari dagokio Gida ezartzeko erabakia hartzea.

Prentsa oharra

Taldearen argazkia

Ordenantza

 

 

 

Gaitzespen adierazpena Tolosan eraildako emakumea dela eta

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak irmo gaitzesten du Gipuzkoako Tolosa udalerrian izandako emakume baten hilketa bortitza.

Emakumeenganako indarkeriaren zorigaiztoko beste kasu baten aurrean gaude. Ezin dugu alde batera utzi, berorrek argiki erakusten baitu gizonen eta emakumeen arteko berdintasunezaren. Tragedia honek berriro jartzen gaitu hala erakundeek nola herritarrek egunik egun gure udalerrietan eta gizartearen osotasunean Berdintasuna eraginkorra egiteko dugun erantzukizun eta larritasunaren aurrean.

EUDELek elkartasuna adierazten die hildakoaren senideei eta lagunei; era berean, bat egiten du erakundeek zein udalek deitu ditzaketen elkarretaratze eta ekintza guztiekin.

Bilbon, 2012ko martxoak 26

Jaitsi “Gaitzespen adierazpena” PDF formatuan

Lapurtutako haurren eta adopzio irregularren kasuak Euskadin

EUDELek elkartasuna adierazten du, eta eragindako pertsonei laguntzeko eskaera egiten die Euskadiko udalei

Bilbon, 2012ko martxoak 23. EUDELen Batzorde Agintariak Euskadiko adopzio irregularren eta lapurtutako haurren kasuei buruz martxoaren 15ean hartutako Akordioaren arabera, Euskadiko Udalen Elkarteak elkartasuna adierazten die eragindako pertsonei, eta udalei zirkular bat bidali die, ahal duten neurrian gertaerak argitzeko laguntza eman dezaten eskatuz.

EUDEL erakundeak SOS Haur Lapurtuak Euskadi elkartearekin egin du lan azken asteotan, arazoak zuzenean ezagutzeko asmoz, eta irtenbideak eta lankidetzarako bideak prestatu ahal izateko.

Prentsa oharra

Akordioa-Acuerdo

 

EUDELEK ETA BIZKAIKO FORU ALDUNDIAK LANKIDETZA BERRITU DUTE UDALERRI TXIKIETAN BERDINTASUN POLITIKAK BULTZATZEKO

  •  Bi erakundeek hitzarmena sinatu ostean, lehen aldiz bildu dira gaur 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrientzako ekintza estrategia diseinatzeko.

  Bilbao, 2012ko martxoaren 14a. Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek Berdinbidean Bizkaia programa berrabiarazi dute; berdintasunaren arloko aholkularitza eta dinamizazio zerbitzua da, 5.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrientzat.

Lehenengo lan-saioa egin dute gaur Bizkaiko Batzar Nagusietan, foru erakundearen, EUDELen eta Emakunderen ordezkariekin batera programa aurkezteko. Hurrengo bilerak teknikoak izango dira, eta modu deszentralizatuan egingo dira Bizkaiko lurraldean zehar. Saio horien helburua da lurraldeko udalerriek Berdintasunaren esparruan dituzten beharrak hautematea, baita Bizkaiko udaletan berdintasunezko tokiko politikak indartzea eta bultzatzea ahalbidetuko duen ekintza-estrategia zehaztea ere.

Ekimena Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eudelen artean sinatutako lankidetza hitzarmenaren barruan dago, eta horren xedea da Bizkaiko udalerri txikietan berdintasunezko tokiko politikak indartzea eta bultzatzea, esfortzuak eta baliabide publikoak ahalik eta ondoen erabiltzea ahalbidetzeko beharrezko koordinazioa eta laguntza teknikoa eskainita.

Berdinbidean programak arrakasta izan du Araban eta Gipuzkoan ere; ekimena 2009an sortu zen Berdintasunaren aldeko udalerrien Berdinsarea izeneko sarearen baitan.  Sare horrek populazioaren %75 hartzen du, eta udalerri handi eta ertain asko daude bertan. Berdinbidean programak, bere aldetik, laguntza ematen die Berdintasun politikak bultzatzeko baliabide handiagoak behar dituzten udalerri txikiei.

Berdinbidean programan, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak ere hartzen dute parte.

 Berdinbidean Bizkaia programa (Berdinbidean programaren logoa)

Zein dira bete nahi dituen helburuak?

  1.  Udalerri txikiei emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko ekimenak abian jartzeko laguntza eskaintzea.
  2.  Berdintasunaren esparruan, udalerrien arteko talde-lana eta esperientzia-trukaketa bultzatzea.
  3.  Udalerrien ekintzak Bizkaiko Foru Aldundiaren berdintasun politikekin koordinatzea.

Zergatik sortu Aholkularitzarako Zerbitzu Berezia?

  •  Hainbat udalerri txiki Aldundira eta Eudelera hurbildu direlako berdintasunaren esparruan aholku, orientazio eta finantzaketa eske.
  •  Bi erakundeek sare-lana sustatu nahi dutelako, eta euren esperientzia Bizkaiko udalerrien eskura jarri nahi dutelako.
  •  Udalerrietan berdintasun politikak ezartzea beharrezkoa delako: indarrean dauden berdintasuneko legeek hala eskatzen dute.
  •  Baliabideak urriak direlako eta BERDINBIDEAN programak lehen urratsak ematen eta ekimenak sendotzen lagunduko dielako udalerri txikiei.
  •  Berdintasunaren alde lan egiteak onurak dakartzalako komunitatearentzat eta hori osatzen dutenentzat, bai emakumeentzat bai gizonentzat.