Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Lehendakaria buru dela egin den ekitaldian, 14 erakunde eta elkartek 17 konpromiso hartu dituzte trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko
  • Ekimen aitzindari honi esker Euskadi erreferente izango da Europan Bide Segurtasunaren eta trafikoaren kudeaketaren arloan
  • Ituna sinatu duten erakunde eta elkarteen ustez, onartezina da Euskadiko kale eta errepideetan hildakoak edo zauritu larriak izatea, eta erantzukizuna errepidea erabiltzen duen pertsonarena eta Bide Segurtasunaren sistema publikoan eta pribatuan esku hartzen duten gainerako eragileena dela onartzen dute

Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela egin da gaur goizean Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunarekin, lehenengo 14 elkarte eta erakundek guztion ongiaren, Euskadiko Bide Segurtasunaren eta mugikortasun seguru, jasangarri eta efizientearen alde hartu duten konpromiso etikoarekin, bat egiteko ekitaldi publikoa. Ekimen aitzindaria da, ezaugarri horietako lehenengo Ituna baita, eta panorama konparatuan helburu bikoitzarekin sinatu da:

  • 2030erako, 2020. urtearekin alderatuta, % 50 murriztea Euskadiko kale eta errepideetan hildako eta larri zauritutako pertsonen kopurua.
  • 2050erako “Vision Zero” betetzea, hau da, Euskadiko kale eta errepideetan zero hildako edo zauritu larri izatea lortzea.

Lehendakariarekin batera sinatu dute Itun hau Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Vitoria-Gasteizko alkateak; Juan Maria Aburto Bilboko alkateak; Eneko Goia Donostiako alkateak; Ramiro González Arabako diputatu nagusiak; Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiak; Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak; Ainhoa Alustiza EITBMediako gerenteak; Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren ordezkariak; Raúl Mena Euskadiko Txirrindularitza Federazioaren ordezkariak; Marian Cogollos Aesleme Elkartearen ordezkariak; Félix Ortiz de Zarate, Euskofederpen Elkartearen ordezkariak; Ana Novella Istripuak Stop Elkartearen ordezkariak; eta Rosa María Trinidad, Bide Indarkeria Stop Elkartearen ordezkariak.

Gainera, hemendik aurrera, Itun honekin bat egin dezakete bide-segurtasunaren esparruan esku hartzen duten sistema publiko eta pribatuko eragile guztiek.

GJH, Agenda 2030

OMEren kalkuluen arabera, munduan urtean 1,3 milioi pertsona hiltzen dira trafiko-istripu baten ondorioz. Hau da, 3.700 pertsona egunean. Berez, trafiko-istripuak dira 5 urtetik 29 urtera bitarteko pertsonen heriotza-kausa nagusia.

Zifra horien aurrean, Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agendak Bide Segurtasuna eta mugikortasun seguru eta jasangarria sartu zituen Garapen Jasangarrirako 17 Helburuetan. Bide horri jarraituz, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak 17 konpromiso hartu ditu Itunarekin bat egin duten erakunde guztiek egindako ekarpenetatik abiatuta, trafiko-istripuen ondoriozko heriotzarik eta lesio larririk gabeko gizarte bat izatera iristeko erantzukizun eta lankidetza partekatua areagotzeko. 17 konpromiso bateratu horiez gainera, erakunde bakoitzak konpromiso indibidual batzuk zehaztuko ditu, eta, hemendik aurrera, horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da gobernantza-eredu egituratu baten bidez.

Azken helburua da Euskadi Europan erreferente izatea Bide Segurtasunean eta trafikoaren kudeaketan, hildakoen eta zauritu larrien kopurua murrizteko helburu globala betez.

Errepidean, heriotza bakar bat ere ez da onargarria

Azken bi hamarkada hauetan Euskadin:

  • urtean 218 pertsona hil ziren trafiko-istripuetan.
  • 2010ean 67.
  • 2015ean 53.
  • 2019an 51.
  • 2021ean 42.

Beheranzko joera argi eta garbi finkatu da, eta, berez, Euskadiko milioi biztanleko istripu larrien tasa Europako iparraldearekin bakarrik aldera daiteke. Baina zifrak oraindik ere ez dira onargarriak, horregatik, Bide Segurtasunaren Aldeko Euskal Itunak argi eta garbi adierazten du trafiko-istripuen ondoriozko heriotza edo lesio larri bakar bat ere ez dela onargarria, eta hildakoak edo zauritu larriak eragin dituen istripu baten azken erantzulea ez dela bidea erabiltzen duen pertsona bakarrik, baizik eta baita Bide Segurtasunaren arloan esku hartzen duten gainerako eragileak ere.

Horrela, burutu den aliantzak aditzera ematen du erakundeek eta euskal gizarteak Bide Segurtasunarekin, pertsonen bizitzarekin eta gizarte-ongizatearekin hartzen duten konpromisoa. Era berean, garraio publikoa suspertuko duen eta kolektiborik zaurgarrienen, hau da, oinezkoen, txirrindularien, motor-gidarien, pertsonen mugikortasunerako ibilgailuen gidarien, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta adingabeen, babesa lehenetsiko duen mugikortasun segurua sustatzeko erakundeen arteko eta arlo pribatuaren eta publikoaren arteko lankidetza indartu ere egiten da.

Bestalde, helarazten da trafiko-istripuen ondoriozko hildakorik edo zauritu larririk gabeko errepide-sarea izatea lortzea gizarte osoari dagokion erronka globala dela. Erantzukizun partekatua da, beraz, eta zirkulazio-arauak betetzetik eta bideko erabiltzaileen arteko elkarbizitzatik eta errespetutik abiatzen da.

Bide Segurtasunaren aldeko solasaldiak

Gaur goizean Lehendakaritzaren egoitzan egin den ekitaldian istripuen prebentziorako sentsibilizazio-kanpainetan Eusko Jaurlaritzarekin oso aktiboki lan egiten duten lau pertsonaren arteko solasaldia izan da: Julian Iantzi, motozalea, komunikatzailea eta Bide Segurtasunaren arloko preskriptorea; Alaitz Arbilla, Bizkarrezur Muineko Lesioa Ikertzeko AESLEME elkarteko Euskadiko koordinatzailea; Alfonso Ortiz, 18 urtetik motor-gidaria eta “Versys Aventure Bizkaia” motozale taldeko kidea; eta Edurne Andueza, trafiko-istripuen ondorio diren lesio ugari tratatzen dituen fisioterapeuta.

Solasaldi irekian gogoratu dute istripu larri bakoitzaren atzean pertsonak, familiak, lagun minak eta, batez ere, betiko etendako bizitzak daudela.

  • Udalerriak eta lehia proiektuaren esparruan, kontratu txikien erabilera zuzena sustatzearen garrantzia nabarmendu dute parte-hartzaileek.
  • Kontratazio publikoa estatuko BPGren % 10 eta % 20 artekoa da administrazio osorako

2022ko azaroaren 3a.- Gaur goizean, Bilboko EUDELen egoitzan, CNMC-k eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) toki-erakundeek egiten dituzten kontratu txikien kudeaketa aztertu dute. Ekitaldiak EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartearen laguntza izan du.

Jardunaldian nabarmendu dituzte euskal udalen erronkak eta aukerak, kontratu txikiak izapidetzeko orduan. Horretarako, EAEko hiru udalek eman dute beren esperientzia praktikoa: Amezketak (Jon Burgaña idazkariarekin), Bilbok (Covadonga Ladrón de Guevara kudeaketa, kontrol eta kanpo sustapeneko zuzendariordearekin) eta Ermuak (Blanca Barragán kontratazio arduradunarekin), Lehiaren Euskal Agintaritzako kide Enara Venturinik moderatutako eztabaida batean.

Egitaraua Miguel García Rescalvo adituaren hitzaldiak osotu du, “Kontratu txikien aplikazio integrala, errealista eta legezkoa”, titulupean.

Administrazio osoari dagokionez, kontratazio publikoa BPGren % 10 eta % 20 artekoa da, eta ekonomia osoaren gainean arraste-ahalmen handia duten sektoreei eragiten die.

Ondorio nagusiak

Gordexolako alkatea eta EUDELeko ordezkaria den Angela Eguiak azpimarratu du toki-erakundeetako langile juridikoek eta teknikariek egunero egiten duten funtsezko eginkizunaren balioa: “Euskadiko udalerri gehienak txikiak dira eta gure udaletan pertsona berak arduratzen dira kontratu publikoak izapidetzeaz, kudeatzeaz eta lizitatzeaz”.

Eguiaren esanetan, “Kontratazio txikiari buruzko gaiak toki-administrazio guztiak hartzen eta kezkatzen ditu”. Era berean, batez ere, zera nabarmendu du: “Dugun merkatua hain da zorrotza, eta oreka bilatzeak duen konplexutasunaren aurrean, hori guztia herritarrek eskatzen diguten azkartasunarekin, berehalakotasunarekin eta eraginkortasunarekin gauzatzea”.

Cani Fernández MLBNko presidenteak Udalerriak eta lehia proiektuak “lehiari kalte egin diezaioketen eta justifikatuta ez dauden, eta, gainera, ongizate orokorra murrizten duten egoerak saihestuz, udal-erakundeen esku-hartzearen kalitatea hobetzea” helburu duela nabarmendu du. Ildo horretan, udalek jarraitu beharreko hobekuntza-ildoa zehaztu du Fernandezek, “kontratu txikien erabilerak funts publikoen eraginkortasuna maximizatzeko helburuari kalterik egin ez diezaion oreka bilatuz”.

Bere aldetik, Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako (LEA/AVC) presidenteak berretsi du LEA/AVCren helburua dela “Euskadiko lehia zaintzea eta kontratu txikietan ere lehia bermatzeko beharraz ohartaraztea, kontratu txikiak, txikiak izateagatik, ez direlako garrantzi gutxiagokoak”. Gainera, Urresolak honako epai hau eman du: “Kontratazioan edozein jardunbide irregularren aurrean, lehiaren agintaritzok legean aurreikusitako gure funtzio zehatzaileak gauzatzen ditugu”.

Gidak eta beste materialak

MLBNk kontratazio publikoa sustatzen du, eta hura gauzatzeko hainbat gida ditu. Era berean, eta NextGeneration EU funtsen kudeaketaren esparruan, Batzordeak botere publikoentzat 30 gomendio argitaratu zituen, susperraldi ekonomikoaren eragile gisa lehia sustatzeko. Gomendio horien artean, kontratazio publiko eraginkorra egiteko gomendioak biltzen dituen kapitulua nabarmentzen da.

Era berean, LEA/AVCk bere egunerokoan hainbat gomendio egiten ditu ildo horretan, eta bere Kontratazio Publikoari eta Lehiari buruzko gida EAEn asko zabaldu da.

Udalerriak eta lehia proiektua

Jardunaldi hau Udalerriak eta lehia proiektuaren barruan dago. Proiektu horren bidez, udalen esku-hartze publikoak merkatuetako lehian duen zeregina aztertu nahi da.

MLBNk eta autonomia-erkidegoetako lehia-agintaritzek udalerrien esku-hartzetik datozen lehiarako oztopoak identifikatu dituzte, besteak beste, udalek beren hiri-plangintzako, lizentziak emateko, ordenantzen bidezko erregulazioko edo kontratazio publikoko eginkizunetan. Hainbat sektoreri eragiten diete, hala nola hiri-mugikortasunari, telekomunikazio-sareen eta energia-azpiegituren hedapenari, gasolina-zerbitzuguneen instalazioari, hileta-jarduerei, azokak eta merkatuak antolatzeari edo ur-horniduraren kudeaketari.

Proiektuaren helburua da metatutako esperientzia jasotzea eta lehiaren agintarien, tokiko agintarien, herritarren, eragile ekonomikoen eta hainbat arlotako adituen arteko iritzi-trukea bultzatzea. Azken helburua da lehia-agintaritzen eta udal-agintarien arteko lankidetza instituzionala indartzea eta lehia-prozesuari buruzko distortsioak minimizatzea, esku-hartze publikoaren kalitatea eta herritarren ongizatea hobetuz.

Proiektuaren informazio eta jarduera guztiak MLBNren webgunean daude eskuragarri (udalerriak eta lehia).

Udalerriek herritarren egunerokotasunetik oso hurbil dauden jarduerak arautu eta horietan esku hartzen dute, hala nola ur-hornidura, hondakinen kudeaketa, kirola, merkataritza, azokak eta merkatuak, bide-azpiegiturak, garraio kolektiboa, trafikoa, telekomunikazio-sareak edo hileta-zerbitzuak.

Udal-ekintzek eragin handia dute merkatuetako lehian. Hori dela-eta, bereziki garrantzitsua da toki-eremuan lehia sustatzea.

2022ko azaroaren 3an, Euskadiko Udalen Elkartea-EUDELek Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) eta Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) antolatutako jardunaldia egiten lagunduko du. Bertan, udalek eta toki-erakundeek lehiak kontratu txikiak izapidetzean duen garrantziaren inguruko hausnarketa egingo dute.

Jardunaldia EUDELeko Areto Nagusian (Ercilla 13, Bilbo) egingo da. Era berean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren Youtube kanalean ere jarraitu ahal izango da. Esteka azaroaren 3an argitaratuko da, goizeko 8:00etan.

Egitaraua

Izen-emateak  Zabalik egongo dira azaroaren 2ra arte, arratsaldeko 17:00ak arte

9:45. Erregistroa

10:00. Ongi-etorri instituzionala

  • Ángela Eguia Liñero, Gordexolako alkatea, EUDELeko Batzorde Eragilearen kidea

10:05. Udalerriak eta Lehia Egitasmoa

  • “Udalerriak eta Lehia Egitasmoa” delakoaren aurkezpena”, Cani Fernández Vicién, MLBNren presidentea
  • “Toki entitateek kontratu txikiak izapidetzeko praktika egokien dekalogoa” txostenaren aurkezpena, Alba Urresola Clavero, LEA/AVCren presidentea

10:30. Hitzaldia

  • “Kontratu txikien aplikazio integrala, errealista eta legezkoa”,

Miguel García Rescalvo, abokatua eta Administrazio Publikoen aholkularia. Kontratazio publikoan aditua

11:10. Hitzaldia:

Mahai-ingurua tokiko erakundeek kontratazio publikoaren kudeaketan dituzten erronka eta aukerei buruzkoa

  • Jon Burgaña Agoues, Amezketako Udaleko idazkaria
  • Covadonga Ladrón de Guevara, Bilboko Udaleko Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Arloko kanpoko kudeaketa, kontrol eta sustapenerako zuzendariordea
  • Blanca Barragán Alba, Ermuko Udaleko kontratazio-arduraduna

Moderatzailea: Enara Venturini Álvarez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren batzordekidea (LEA/AVC)

Galde-eskeak

12:00. Itxiera instituzionala

Kafea eta networkinga

 

Udalkutxa udal finantzaketarako foru funtserako aurreikuspena, gaur arratsaldean egindako Finantzen Lurralde Kontseiluan onartua, 1.010,38 milioi eurokoa izango da. Horrek esan nahi du % 6,8 handituko dela aurten jasotako zenbatekoarekin alderatuta, eta % 4,69 2022ko ekitaldiko likidazio-aurreikuspenekin alderatuta.

2022ko ekitaldiaren itxiera otsailean jakingo den arren, likidazioa positiboa izango dela aurreikusten da, 18,78 milioi eurokoa, hau da, egindako konturako ekarpenekiko % 2.

Bilbo, 2022ko urriaren 20a. Gaur arratsaldean egindako bileran, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluak ontzat eman du 2023an Bizkaiko udalen artean banatzekoa den funtsen estimazioa, zeina, guztira, 1.1.010,38 milioi eurokoa izango baita. 1.000,96 milioi euro Udalkutxatik eta 9,42 milioi Gizarte Zerbitzuen Funtsaren bitartez.

Udalkutxa Foru Funtsa % 6,8 handituko da 2022ko ekitaldiko aurrekontuan jasotako aurreikuspenarekin alderatuta, eta % 4,69 2022ko likidazio-aurreikuspenarekin alderatuta, zeina datorren urteko otsailean ezagutuko baita.

Zenbateko hori proportzionalki banatuko da Bizkaiko udalen artean, Udalkutxa-Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren bidez. Udalkutxatik jasotako diru hori funtsezkoa da udalek hurrengo ekitaldirako beren aurrekontuak prestatu ahal ditzaten. Udalerrien arteko banaketa irizpide hauen arabera egiten da: biztanleria, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikastetxe kopurua edo biztanleriaren sakabanaketa.

Bileran, halaber, aurtengo 2022ko ekitaldiko Udalkutxa Funtsaren likidazioa ixteko aurreikuspenak aztertu dira. Behin betiko datuak Finantzen Lurralde Kontseiluaren datorren otsaileko bileran ezagutuko badira ere, badirudi likidazioa berriz positiboa izango dela, 18,78 milioi euroko zenbatekoarekin, eta zenbateko hori udalen artean banatuko dela 2023ko otsaileko behin betiko likidazioaren ondoren.

Aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-iraunkortasunari dagokienez, 2023ko ekitaldirako arau fiskalak etenda mantentzen dira, 2020, 2021 eta 2022ko ekitaldietan egin zen bezala. Bizkaiko Foru Aldundiko eta udalerrietako ordezkariek uste dute zuhurrak eta arduratsuak izan behar dutela gaur egungo eta etorkizuneko gastuetan, eta finantza-iraunkortasunaren printzipioa zorrotz bete behar dutela. Era berean, toki-erakunde bat epe luzera aurrezki garbi negatiboarekin zorpetu ezinari dagokionez, normaltasunera itzultzea erabaki da.

Genero-indarkeriaren aurkako Estatu Itunetik datozen funtsak banatzea ere erabaki da. 1.341.440,27 euro banatuko dira Bizkaiko udalerrien artean. Udalerri bakoitzari kopuru finko bat egokituko zaio udalerri bakoitzeko, 3.000 euro gehi 0,87 zentimo biztanleko.

Finantzetako Lurralde Kontseiluari buruz

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du. Hamar kidek osatzen dira. Bost Bizkaiko Foru Aldundikoak dira, eta gainerako bostak, berriz, EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira, hain zuzen ere, Balmaseda, Bilbo, Ermua, Larrabetzu eta Muskizeko udaletakoak.

EUDELek tresna praktiko bat jarriko du eskura, tokiko gobernuak Garapen Jasangarrirako Helburuekiko duen konpromisoa udal aurrekontuetan islatze aldera.

Gida hori Batzorde Eragileak baliozkotu du, eta 2021eko Batzar Orokorrean ekimena bultzatzeaz arduratu izan da. Metodologia udal talde batekin kontrastatu da, tamaina desberdinetako erakundeetan aplikatzeko erraza eta erosoa izateko asmoz.

Tresna bizia da, etorkizuneko garapenei irekia, Euskadiko 2030 Agendaren eta Eragile Anitzeko Foroaren erakundeen arteko lanaren esparruan.

Erantsitako dokumentuak:

  • “Gida praktikoa, udal-aurrekontua GJHekin lerrokatzen hasteko”.
  • Excel-a, gastu-programak eta GJHak lerrokatzeko.
  • Emaitzen txostenaren txantiloia.

Webinarra, 2022/10/24 (Zoom)

Euskadiko udaletan ekimen aitzindaria denez, informazio-webinar batera deitzen zaituztegu. Bertan zehaztasun osoz azalduko dizuegu tresna, eta erabiltzen hasteko moduari buruzko zalantzak argituko dizkizuegu.

  • Urriaren 24a, astelehena, 12:00etatik 13:30era (bideokonferentzia, ZOOM bidez).

Beharrezkoa da aldez aurretiko izen-ematea, konexio-esteka jaso ahal izateko.

IZEN-EMATEA

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Vitoria-Gasteizen urriaren 14an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta euskal udalek, besteak beste, erabaki hauek hartu dituzte:

Gaurko bileran 2022ko ekitaldirako zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren likidazioaren aurreikuspenak onartu dira, 17.109 milioi euro.

Hurrengo ekitaldiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak BPG nominalaren % 5,1eko igoera aurreikusten du 2023rako. Termino absolutuetan, estimazioen arabera, foru-aldundiek 2023an zerga itunduen ondorioz 18.072,9M€ bilduko dituzte.

Foru-aldundiek erakunde komunei 2023rako egin beharreko ekarpenak guztira 11.900 milioi eurokoak izatea adostu da, honako ekarpen-koefiziente horizontal hauen arabera: % 16,05 Araba, % 50,54 Bizkaia eta % 33,41 Gipuzkoa. Zenbateko hori 2022rako aurreikusitako ekarpenak baino 900 milioi euro inguru gehiago dira.

Egokitzapenerako Funts Orokorraren 2023rako aurreikuspena 84,7 milioi eurokoa da. Funts horren finantzaketaren % 70,81 Eusko Jaurlaritzari dagokio, eta gainerakoa, % 29,19, foru-aldundiei. Funts hori Arabako eta Gipuzkoako lurralde historikoen artean banatuko da, eta horiei behin-behinean 37,37 milioi euro eta 47,35 milioi euro dagozkie, hurrenez hurren.

Ikusi HDEKren informazio osoa (2022/10/14)

 

Bileraren ondoko adierazpenetan, EUDELeko elkarteburu Gorka Urtaranek esan du Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datu zehatzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluen hurrengo bileretan jakinaraziko direla.

Gorka Urtaranek azpimarratu du EUDELek baikortasunez ikusten dituela gaurko bileran diru-bilketari eta udal-finantzaketari buruz egindako aurreikuspenak. Elkarteburuak bi gogoeta egin ditu:

Lehenik eta behin, elkareteburuak zera adierazi du: “Ahalmen ekonomiko handiago horri esker, udalok gastu handiagoari erantzun ahal izango diogu”. Hori aurreikusten da, langileen ordainsariei, funtzionamenduari, energia-kostuei edo epe luzeko maileguengatiko interesen ordainketari dagokienez.

Bigarrenik, Urtaranek, erantzuteko gaitasun handiago horren bidez, zera azpimarratu du: “udalerriok aukera izango dugu gainerako erakundeekin elkarlanean aritzeko, erronka handiei aurre egiteko”, hala nola zerbitzu eta politika publikoak eskaintzea, “familia eta kolektibo ahulei laguntzeko, sustapen eta lehiakortasun ekonomikoko proiektuak garatzeko, bai eta planeta garapen jasangarritik abiatuta babesteko ere”.

Udalen ordezkariak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan EUDELek (euskal udalen ordezkaria), Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru-aldundiek hartzen dute parte.

Hona hemen udalerrien ordezkariak:

  • Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELeko elkarteburua)
  • Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (EUDELen Batzorde Eragileko kidea)

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespenik irmoena azaldu du Benidormen gertatutako hilketa matxistaren aurrean. Emakumea Soraluzekoa zen eta egun Alicanteko udalerrian bizi zen. EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria, era guztietan (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du gaur, asteartean, Elgoibarren, biktima bizi izan zen udalerrian, eta bihar, asteazkenean, Soraluzen, bere jaioterrian, deitutako gaitzespen-elkarretaratzeekin. Biak egingo dira arratsaldeko zazpietan. Bat egiten du ere antolatuko diren gainontzeko gaitzespen-ekintza guztiekin.

Ane Beitiak, Elgoibarko alkatea eta EUDELeko Batzorde Eragilearen ordezkaria, gaurko elkarretaratzean parte hartuko du.

  • Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak bultzatzen du Emakunderen bitartez, EUDEL eta Foru Aldundien laguntzarekin
  • Programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista eta sexistaren prebentziorako jarrerak sustatzea da
  • Irailaren 19tik azaroaren 11 arte aurkeztu ahal dituzte lanak 12 eta 20 urte bitarteko gazteek
  • Sestaon aurkeztu da gaur aurtengo programa, bertan ospatuko baita abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa Izaroren parte hartzearekin

Sestao, 2022/09/16

Beldur Barik Lehiaketaren 13. edizioari hasiera eman zaio gaur Sestaon, aurtengo Beldur Barik herrian, bi gaztek, Libe Beitia tiktokerrak eta Julen Portillo eduki sortzaileak, dinamizatu duten aurkezpen ekitaldian. Bertan Izaro artistak, bideo baten bitartez, lehiaketan parte hartzera eta Beldur barik jarrera zabaltzera animatu ditu gazteak, izan ere, Izaroren “Libre” izango baita aurtengo edizioaren abestia. Abenduaren 2an Sestaon ospatuko den Topaketan, gainera, bere abestiak zuzenean entzuteko aukera izango dute bertaratzen diren gazteek. Izaroren Bideoa.

Beldur Barik lehiaketak gazteen artean indarkeria sexista eta matxista prebenitzeko helburua du. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailak, Emakunderen bitartez, gidatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesa eta laguntza du. 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta lanak aurkezteko epea irailaren 19an hasi eta azaroaren 11an bukatuko da.

Lehiaketak indarkeria matxistaren aurka jarrera eraldatzaileak islatzen dituzten adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek erakutsi behar dute neska eta mutilek nola egiten dieten aurre ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin; alegia, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria matxista eta sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin. Mutilek indarkeria matxistaren aurrean duten zereginean eta erantzukizunean ere jartzen da indarra eta mutilekin lantzeko baliabideak eskaintzen dira.

Parte-hartzeko hiru kategoria daude: Lehen kategoria12-14 urte bitartekoentzat, bigarren kategoria 15-17 urte bitartekoentzat eta hirugarren kategoria 18-20 urte bitartekoentzat. Lehiaketan bakarka edo taldeka aurkezteko aukera dago. Hala, gazteak ikastetxe, gazteleku, aisialdi talde, elkarte edota emakumeen etxeen bitartez aurkeztu ahal dute haien lana edo haien kabuz. Lehiaketaren oinarriak programako webgunean aurkitu ahal dira, bai testu bai bideo formatuan.

Hauek izango dira banatuko diren sariak: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana; horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da; baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria. Kalitate artistikoari lan onenaren saria eta herri bozketan boto gehien lortu duen lanari ere saria emango zaio.

Iaz Agurain izan zen bezala, aurten Sestao izango da Beldur Barik herria. Bertan ospatuko da abenduaren 2an Beldur Barik Topaketa eta bertan banatuko dira sariak. Aurten Izaro artistak, gainera, zuzenean parte hartuko du bertan.

Beldur Barik programak sare sozialak erabiltzen ditu Beldur Barik jarrera gazteei helarazteko, batez ere Instagram eta Tik Tok, eta, aurreko urteetan bezala, gazte euskaldun feminista “influencer” ezberdinek kolaborazioak egingo dituzte hauetan. Sortutako eduki eta interakzioarekin, hausnarketa eta eztabaida prozesuak ireki nahi dira, jarrera eta jokabide sexisten eraldaketarako espazio positibo eta erreferenteak sortuz.

Informazio guztia www.beldurbarik.eus webgunean eta sare sozialetan

Kontaktua: komunikazioa@beldurbarik.eus eta emakunde.prentsa@euskadi.eus