Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Udalek beren funtsezko kolektiboen datuak emango dituzte martxoaren 31 baino lehen. Udaltzainei eta ELZko langileei ez ezik, gizarte-langileei eta aterpetxeetakoei ere emango zaie txertoa.

2021eko martxoaren 25a. EUDELek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin elkarlanean jarraitzen du, COVID-19aren aurrean lehen lerroan lan egiten duten funtsezko udal-zerbitzuetako kolektiboen txertaketa mailakatua planifikatzeko. Dagoeneko AstraZenecaren txertoa ematen hasi zaie 55 urtera bitarteko Udaltzaingoetako eta Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetako langileei, eta, orain, txertaketa 56 eta 65 urte bitarteko langileengana ere iritsiko da.

Bi kolektibo horiez gain (3.300 polizia-agente eta 3.200 ELZko langile, gutxi gorabehera), funtsezko beste bi zerbitzu batuko zaizkio txertatze-prozesuari: gizarte-langileak, eta bazterketa-egoeran dauden pertsonei gauez arreta emateko edo udal-aterpetxeetan hartzeko baliabideetako langileak.

EUDELek euskal udalen laguntza jasotzen jarraituko du, aipatutako 65 urtera bitarteko (2021eko abenduaren 31n beteak) adin-tartean dauden funtsezko zerbitzu horietako langileen datuak biltzeko. Horretarako, Euskadiko Udalen Elkarteak beste zirkular bat bidali die alkateei, Excel fitxategi bat barne, zeinean udal bakoitzak bere langileen datuak adierazi behar dituen (adina, harremanetan jartzeko bidea, bizilekua eta lantokia), datorren martxoaren 31 baino lehen.

Osakidetzak funtsezko kolektibo horien txertaketa-prozesua planifikatuko du, txertoen eskuragarritasunaren arabera. Orain arte bezala, Osakidetzako txertaketa-zerbitzuek deituko diete udal-langileei, txertoa emateko. Hiru hiriburuetako Udaltzaingoen kasuan, udaletako lan-prebentzioko zerbitzuek emango diete txertoa agenteei.

LABIren Aholkularitza Batzordeko kidea den aldetik, EUDELek rol aktiboa du osasun-krisiaren kudeaketan, eta EAEko 251 udalen ordezkaria eta haiekiko komunikazio-kanalik zuzenena da. Haren lehentasunezko egitekoa da, une honetan, kudeaketa erraztea beren lana birusaren aurreko lehen lerroan egiten duten udal-langileei txertoa emateko.

EUDEL Osasun Sailarekin elkarlanean ari da txertaketa-prozesu hori arintasunez, eraginkortasunez eta modu koordinatuan gauzatu dadin euskal udalerri guztietan, Osakidetzak zehaztutako epeei eta irizpideei jarraituz.

  • Virginia Woolf Basqueskola euskal udaletan dauden 1.200dik gora emakume hautetsiei zuzendutako ahalduntze-, prestakuntza- eta eragin-gune bat da
  • Tamaina eta sentsibilitate politiko guztietako udalerrietako alkateek eta zinegotziek bultzatzen dute lan-sare hori EUDELen.
  • Euskadiko hautetsien % 46 eta alkateen % 29 emakumezkoak dira, eta, honenbestez, Europan gizon-emakumeen arteko oreka handiena duten lurraldeetako bat da.

 

EUDELek eta Emakundek batera bultzatzen duten Virginia Woolf Basqueskola ekimena erreferentziazko eredu gisa aurkeztu da gaur arratsaldean Euskadiko eta Flandriako gobernuek elkarrekin antolatutako ekitaldi birtual batean. Ekitaldi horretan, Europako eskualdeetako gobernuek emakumeen ahalduntzeari eta emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko jardunbide egokiak erakutsi dituzte.

Ekitaldi hori Nazio Batuen Erakundeak urtero antolatzen duen Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialaren Batzordearen 65. saioarekin batera egin da, zeinaren aurtengo gai nagusia emakumeek partehartzea erabakiguneetan izan den.

Ekitaldi horretan parte hartu du Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte politiketako sailburua. Sailburuarekin batera, Barne Arazoetako, Administrazio Gaietako, Integrazio zibikoko eta Aukera Berdintasuneko Flandriako ministroak, Bart Somersek, eta  New Yorkeko Udaleko kanpo harremanetarako komisarioak, Penny Abeywardenak izan dira.

Local and Regional Governments at the Forefront of Women Empowerment” (Emakumeen ahalduntzearen abangoardian dauden tokiko eta eskualdeko gobernuak) izenburupean, Artolazabalek euskal erakundeek arlo horretan sustatu dituzten jardunbide egokietako batzuk ezagutarazi ditu, hala nola Emakundek sortu zenetik emakumeen elkarteei ematen dizkien diru-laguntzak, elkarteek Eusko Jaurlaritzarekin harreman zuzena izateko organo baten existentzia, Emakunderen Aholku batzordea, eta Emakundek EUDELekin batera bultzatzen duen Virginia Woolf Basqueskola, euskal emakume hautetsien espazio propio bat, zeinean jasotzen duten prestakuntza, ahalduntzerako tresnak eta zeinetan aliantzak egiteko aukera duten, beti ere, auren eragin politikoa bultzatze aldera.

Virginia Woolf Basqueskola

EUDELek eta Emakundek 2012tik sustatzen duten Virginia Woolf BASQUESKOLA guneak aurrera jarraitzen du, emakumezko alkate eta zinegotzientzat interes handikoak diren gaiei buruzko truke-, analisi- eta elkarrizketa-guneak eratzeko helburua bete nahian.

Basqueskola sarea EAEko udaletako emakume hautetsi guztiei zuzentzen zaie. Egunero tokiko euskal politikan lan egiten duten 1.200 emakume baino gehiago dira; gobernukoak eta oposiziokoak; alderdi politikoetakoak eta herritarren plataformetakoak; udal handietakoak eta txikietakoak.

Basqueskola Sarea estrategiaren helburua politikaren ingurunean aldaketak sortzea da, euskal emakume hautetsien berdintasun erreala errazteko. Horretarako, ezbaian jarri behar dira emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartze soziopolitikoa oztopatzen duten estereotipoak eta rolak.

Bere jarduerari buruzko informazio guztia Basqueskola webgunean dago argitaratuta: http://www.virginiawoolfbasqueskola.eus/eu/

Euskadi-Flandes-Nueva York foroa

Gaurko ekitaldi hau Eusko Jaurlaritzak EEBBetan duen ordezkaritzak eta Emakundek batera egindako lanaren eta Flandriako Gobernuaren izandako lankidetzaren emaitza izan da.

Sailburuak adierazi du duela 25 urte egindako Emakumeari buruzko Nazioarteko IV. Konferentzian erabaki zela, emakumeen ahalduntzerik gabe, ez dagoela berdintasunik, eta azpimarratu du euskal berdintasun-politikak beti egon direla lerrokatuta helburu horrekin eta arlo horretako nazioarteko esparruekin. Hala, emakumeen ahalduntzea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VII. Planaren ardatzetako bat dela azpimarratu du. Plan hau EAEko erakunde guztiek berdintasunaren arloan duten ibilbide-orria da.

Artolazabalen hitzetan, “ez gara soilik ari emakumeek politikan eta erabakiak hartzerakoan parte hartzeko duten eskubideaz, politika egiteko beste modu batez ere hitz egiten ari gara, gure ustez posible dena”.

Sailburuak euskal berdintasun-politiken mugarri nagusiak errepasatu ditu, eta aipamen berezia egin dio 2005ean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea onartzeak Euskadin berdintasunaren alde eragin duenari. Zentzu horretan, legearen hurrengo aldaketa ekarri du gogora, izan ere,  adierazi duenez, “berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten aldeko itun handi bat bultzatuko duela espero dugu, eta berdintasun politiketarako baliabide pertsonal, ekonomiko eta materiala

  • EUDELen elkarteburua izendatu berri dute Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarrean (ETEBB) estatua ordezkatzeko. Vitoria-Gasteizko alkatea tokiko ganbera horretako Gobernantza Batzordean egongo da.
  • Urtaranen izendapena martxoaren 23 eta 24an berretsiko da, Biltzarraren 40. Osoko Bilkuran. Formatu birtualean egitera deitu dute, 2021-2025 agintaldirako gobernu-organoak berritzeko.

2021eko martxoaren 18an. Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatea, Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburu gisa, Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Biltzarreko (ETEBB) kide berria izendatu dute. Udaletako eta eskualdeetako legebiltzarretako hautetsiek osatzen dute biltzarra.

ASAMBLEA GENERAL EUDEL 2020

Kontsultarako organismo hori 1994an eratu zen. Egoitza Estrasburgon du, eta aholku ematen die Europako Kontseiluko Ministroen Kontseiluari eta Parlamentu Batzarrari. ETEBBren funtsezko zeregina udalen autonomia babestea da, Europako xedapen eta arau guztiei dagokienez. Helburu hori betetzeko, txostenak egin eta aurretiazko irizpenak igortzen ditu udalerriei eragiten dieten politikei eta jarduketei buruz.

Gorka Urtaran pozik agertu da, udal-mailan Europako Kontseiluan dagoen erabakigune garrantzitsuenera euskal udalen ahotsa eramateko aukera izateagatik. “Erantzukizunez eta Europako nire homologoekin batera lan egiteko konpromiso irmoz helduko diot erronkari, hiri eta herrientzat etorkizunerako aukerak sortzeko”. EUDELen elkarteburuaren hitzetan, “COVIDaren osteko nazioarteko ordena berrian, Europak protagonismoa berreskuratu behar du bere udalen eta eskualdeen bitartez. Tokiko gobernuok funtsezko rola dugu gizartearen eta planetaren erronka handiei dagokienez: inklusioa, berdintasuna, klima-aldaketa, jasangarritasuna…”.    

ETEBB 47 estatutako 324 ordezkarik eta 324 ordezkok osatzen dute, eta bi ganberatan banatuta dago: tokiko agintariena eta eskualdeetakoena. Lana hiru batzordetan antolatuta dago: Jarraipenekoa, Gaurkotasunezko Gaiena eta Gobernantzakoa. Azken horretan dago Gorka Urtaran.

Gobernantza Batzordea ustelkeriaren aurka borrokatzeaz eta udal-mailan gobernantza ona eta demokrazia garatzeaz arduratzen da. Tokiko gobernuen funtzionamendu eraginkor eta efizientearekin zerikusia duten gaiak ere jorratzen ditu, hala nola finantza publikoak, herritarren parte-hartzea, mugaz gaindiko lankidetza eta demokrazia elektronikoa.

Organo horretan kide gisa parte hartzearen garrantzia azpimarratu du EUDELen elkarteburak: “Foro guztiak baliatuko ditugu Europaren agendan tokikoen ahotsa entzunarazteko. Krisi-uneotan, ezinbestekoa da udalen funtsezko hiru lanabesak babestea: Gobernu ona, tokiko autonomia, eta gaitasun finantzarioa”.

Bereziki aipatzekoa da Gobernantza Batzordeak, bere lanerako, ETEBBren Parlamentu-biltzarreko Gizarte Gaietako, Osasuneko eta Garapen Jasangarriko Batzordearekiko elkarlan estuan jarduten duela.

Bi euskal ordezkari

ETEBBren estatuko ordezkaritzak 12 kide eta 12 ordezko ditu. Horietatik sei alkateak dira, eta beste seiak autonomia-erkidegoetako legebiltzarkideak. Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburua, eta Rakel Molina, Eusko Legebiltzarreko kidea, ordezkaritza horretan Euskadik dituen bi kideak dira. Hauek dira gainerako ordezkariak: Abel Caballero (Vigoko alkate eta FEMPko presidentea), José Benlloch (Vila-realeko alkatea), zeina ordezkaritzako presidenta izango baita, Gema Igual (Santanderko alkatea), Ana González (Gijóngo alkatea), Jose María García Urbano (Esteponako alkatea), Lara Garlito (Extremadurako legebiltzarkidea), Pedro Puy (Galiziako legebiltzarkidea), zeinak ordezkaritzako presidenteordetza izango baitu, Josefa Navarrete (Gaztela-Mantxako legebiltzarkidea), Nayra Alemán (Kanariar Uharteetako legebiltzarkidea) eta Julio J. Díaz Robledo (Andaluziako legebiltzarkidea).

Berriztapena egiteko Osoko Bilkura

Martxoaren 23an eta 24an ezohiko Osoko Bilkura bat egingo da telematikoki, ETEBBren bi ganberetako (udalena eta eskualdeena) ordezkariak hautatzeko, hastear den eta 5 urteko iraupena izango duen agintaldi honi begira.

Europako Kontseiluko ETEBBren helburuen artean, nabarmentzekoa da udalerrien eta eskualdeen iritzia europar erakundeei helaraztekoa, tokiko politikei eragiten dieten gai guztiei dagokienez; gainera, Tokiko Autonomiari buruzko Europako Gutuna betetzen dela zaintzeko xedea ere badu. Organoa Europako Kontseiluari atxikia dago, hau da, giza eskubideak, demokrazia eta Zuzenbide Estatua defendatzeko, babesteko eta sustatzeko helburuz sortutako europar erakunderik zaharrenari (1949an eratu zen).

 

Euskadiko Udalen esku jartzen du EUDELek landutako ‘UDALA. Udal Finantzaketa’ argitalpenaren zenbaki berria, “Udalen parte-hartzea zerga itunduetan. 2020ko likidazioa gaiari buruzkoa.

Argitalpen honen bidez, otsailako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazioa ematen da, bai eta Finantzen Lurralde Kontseiluen azken bileretan lortutako Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.

UDALAren zenbaki honek lurralde bakoitzean pandemiaren ondorio ekonomikoak arintzeko egindako ezohiko neurriak  ditu.

UDALA JAITSI (pdf )

**Argitalpen hau inprimatua  postaz bidaliko zaiei Udalei datozen egunetan.

Ikusi aurreko UDALAren buletinak

  • Euskadi Turismo Bonuaren epea 2021eko abenduaren 31ra arte luzatzen da, jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoko enpresetan erabiltzeko.
  • Ostalaritzako eta turismoko 466.250 bonuek gutxienez 14 milioi euro mugituko dituzte erosketetan.

Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Aldundiekin, hiru hiriburuetako udalekin eta EUDELekin batera, akordio aitzindari bat sinatu zuten 2020an “Euskadi Bonu Denda” eta “Euskadi Turismo Bonua” kontsumo-bonuak kaleratzeko eta sektore horiei lagundu ahal izateko, gehien erasandakoak baitira pandemiaren ondorioz.

Ezarritako murrizketengatik eta mugikortasun-mugengatik, Turismo Bonua ezin izan zen aktibatu, eta, beraz, bere epea luzatzea erabaki zen pandemiaren egoera hobetu artean. Gaur argitaratu da bonuen epea luzatzeko agindua, 2021eko apirilaren 13tik abenduaren 31ra erabiltzeko. Bihartik aurrera irekiko da prozesu berri bat martxoaren 26ra arte enpresak atxikitzeko.

Hortaz, bere garaian inskribatu ez ziren enpresek, orain inskribatu nahi izanez gero, webgunean egin dezakete bihartik hasita martxoaren 26ra arte. Ondoren eguneratuko dira plataformako eduki guztiak establezimendu berriekin, eta apirilaren 13tik aurrera egongo dira erabilgarri. Ez da beharrezkoa bonuak aldez aurretik eskuratzea; aukeratzen diren establezimenduetan ‒programari atxikitakoetan‒ eskatu behar dira. Atxikitako establezimendu eta enpresa guztiak egongo dira ikusgai kontsumitzaileentzat webgune honetan: www.euskaditurismobono.eus.

Bonuen bitartez, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak suspertu nahi dira, baita krisi horrek berak eragina izan duen familietan kontsumoa aktibatzen lagundu ere. Jatetxeetan, ostalaritzan eta turismoan jarduera dinamizatzeko formula bat da, tokiko eta eskualdeko mailan bere eragina sustatzearren.

Bonuak 18 urtetik gorako pertsona fisikoetan aplikatu ahal izango dira, eta Euskadin bizi direnei edo beste leku batzuetatik etorritakoei daude zuzenduak. Ez da bonu fisikorik jaulkiko; horren ordez, bonuak gastatzea erabaki den establezimenduan bertan kudeatuko dira.

Bonuak deskontu-bale ereduan oinarrituak daude 3 modalitatetan. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzako eta jatetxeetako establezimendu eta enpresetara eta interes turistikoko jardueretara daude zuzenduak, eta 5 edo 10 euroko deskontuak dira, hurrenez hurren, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako. Hirugarren modalitatean 20 eurokoa izango da deskontua, gutxienez 60 euroko erosketetarako alojamendu turistikoetako establezimenduetan. Gehienez 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta gehienezko muga 40 euroko guztizko deskontua izango da pertsonako.

“Euskadi Turismo Bonua” Euskadiko mikroenpresetara, eta enpresa txiki eta ertainetara dago zuzendua, turismoarekin eta ostalaritzarekin lotutakoetara, besteren artean: alojamenduko establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolakuntzako turismo-enpresak; jatetxeetako eta ostalaritzako establezimenduak; abenturako enpresak eta naturan kirol-jarduerak antolatzen dituzten enpresak —adibidez, turismo aktiboa—; turismo-garraioko enpresak; kultura-, gastronomia- eta natura-ondarea hedatzen diharduten enpresak eta jolas-zentroak.

www.euskaditurismobono.eus

  • Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik, tokiko sensibilidade guztiak ordeztuz Martxoaren 8ko, Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, EUDELek egina eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatua.
  • ZAINTZAK BARDINTASUNEAN. Emakumeen eginkizuna pandemian eta Zainketen krisi globala” izenburupean, Euskadiko udalek adostutako Adierazpen horrek nabarmendu gura dau aurton emakumeek pandemiari eta horrek izan dituan ondorioei aurre egiteko burrukan egin daben ekarpena
  • Hogei bat emakumek, funtsezko zerbitzuetako beharginen hainbat kolektiboren ordezkari moduan, Bizkaiko gizartearen aintzatespena jaso dabe pandemia honetan egindako lan nabarmenarengaitik.

Gernikako Batzar Etxean gaur egin dan Bizkaiko Emakume Hautetsien V. Asanbladak omenaldia egin deutse azken urtean pandemiari lehen lerroan aurre egin deutsien emakume beharginei. Hainbat lan-sektoretako ordezkari diran hemeretzi emakumek, Bizkaia osoaren aintzatespena jaso dabe. Emakume hautetsi eta omenduak helburu komun bategaz alkartu dira gaur: emakumeen eta gizonen arteko bardintasunean aurrera egitea.

Jai eta aldarrikapen giroan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Emakundegaz eta EUDELegaz (Euskal Udalerrien Elkartea) antolatu daben Batzarrak, pandemiaren egungo egoerak ezarten dauen eukiera arloko murrizketak izan ditu. omenduei Gernikako Arbolaren ondoan emon jake harrerea, horren ostean hemiziklo barruan alkartzeko. Beti Jai Alai taldeko emakume dantzariek, antxinako jantziakaz eta burukoakaz, hasierea eman deutsie ekitaldiari, Lekeitioko Emakumeen Aurreskuagaz, “adarraren”, orain mende batzuetatik hona Bizkaiko Batzarretako saioen hasierea markau dauen soinu tradizionalaren, soinua entzun aurretik.

Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak ondo etorriko berbetan adierazo dauenez, oso garrantzitsua da urteroko topaketa hau egitea “gure espazioa eskatzeko eta bardintasunean oinarritutako gizarte baten aldeko burrukea adierazoteko”, azken urte honetan, batez be. Izan be, pandemiak “osasun, ekonomia eta gizarte arloan” izan dituan ondorioek eragin handiagoa izan dabe emakumeengan, emakumeek “osasun arloko lanaren eta funtsezko zerbitzuen gainkargea” jasaten dabelako. Hori dala eta, Bizkaia osoak txalo beroa eskaini deutse gaur pandemiari egunero aurre egin deutsien “emakume behargin guztiei”. Euren lan barik, “ezin izango geunkeen bizirik urten bizi dogun larrialdi honetatik”, azpimarratu dau.

Horren ostean, Bizkaiko bost udalerritako bost emakume hautetsik, sensibilidade politiko guztiak ordeztuz (Angela Eguia Liñero, EUDELeko Batzorde Betearazleko ordezkaria eta Gordexolako alkatea, EAJ-PNVkoa; Maite Ibarra Goti, Arrigorriagako alkatea, EH Bildukoa; María José Blanco Gavieiro, Portugaleteko alkateordea, PSE-EEkoa; Paula Amieva Clemente, Getxoko zinegotzia, Elkarrekin Podemosekoa; eta Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia, Alderdi Popularrekoa), Emakumeen Nazinoarteko Eguneko, Martxoaren 8ko, Adierazpen Instituzionala irakurri dabe, EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak) egina eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatua.

ZAINTZAK BARDINTASUNEAN. Emakumeen eginkizuna pandemian eta Zainketen krisi globala” izenburupean, Euskadiko udalek adostutako Adierazpen horrek nabarmendu gura dau aurton emakumeek pandemiari eta horrek izan dituan ondorioei aurre egiteko burrukan egin daben ekarpena autortu behar dala; izan be, ”zaintzak emakumeek emon ditue, bai zerbitzu publikoetan (osasuna, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxe barruan be, gehienbat hareek arduratu diralako osasun- eta gizarte-krisi honetan funtsezkoak izan diran zerbitzu asko eta asko emoteaz”. (Ikusi adierazpen osoa erantsitako dokumentuan).

BERBALDIA, OMENALDIA ETA IPARRAGIRREREN GITARREA

Idazkia alkarregaz irakurri ostean, Mertxe Larrañaga Sarriegui ekonomian doktore eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekonomia eta Enpresa Fakultadeko irakasleak hartu dau berbea, eta krisiek generoaren arloan daukien eragin desbardinaren ganeko bere ikuspegia emon dau. Bere berbak hitzaurre hunkigarriena izan dira. 19 emakumek, beste hainbeste kolektiboren ordezkari moduan (osasun arloko eta supermerkatuetako beharginak, suhiltzaileak, abeltzainak, farmazialariak, ikertzaileak, garbitzaileak, irakasleak, informatikariak, ertzainak, udaltzainak, garraio publikoko gidariak, garraiolariak, kazetariak eta hirugarren sektoreko ordezkariak), oroitzapen berezi bat jaso dabe pandemia honetan behar egin daben emakume guztien omenez. Euskal Herriaren historia sinbolizetan dauen haretx-hosto bat daukan orratz bat.

Ekitaldia amaitzeko, Silvia Gutiérrez Ortega kontzertu-emoileak eta Bilboko Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko gitarra irakasleak “Gernikako Arbola” interpretau dau, eta Iparragirreren musika-tresna erabili dau Urretxuko bardoaren notak eta bertsoak erreproduzitzeko. Omenduek argazkia atera ahal izan dabe Gernikako Arbolaren ondoan.

Alderdi politiko nagusien ordezkari moduan, honeek hartu dabe parte saioan: Itxaso Atutxa Atutxa (EAJ/PNV), Jasone Agirre Garitaonandia (EH Bildu), María Guijarro Ceballos (PSE-EE), Miren Gorrotxategi Azurmendi (Elkarrekin Podemos) eta Raquel González Díez (PP).

Gernikako ekitaldian honeek be egon dira: Izaskun Landaida Larizgoitia Emakundeko zuzendaria; Foru Gobernuko ordezkaritza zabala, Ibone Bengoetxea, Elena Unzueta, Teresa Laespada, Lorea Bilbao eta Ainara Basurko (baieztatu),  diputatuak buru dirala. Hareekaz batera, jarlekuetan egon dira, erdi beteta egon dan hemizikloan, kolore politiko guztietako emakume batzarkideak eta M8ko adierazpena irakurtzeko ardura euki daben EUDELeko ordezkariak. Lurraldeko ganerako tokiko agintariek streaming bidez jarraitu dabe batzarra, euren Udaletxeetatik, urruntze-neurrien ondorioz eukiera mugatua ezarri behar izan dalako.

OMENDUAK ORDENA ALFABETIKOAN

  • AGUILAR GARCIA, THAIS (Supermerkatuko langilea)
  • ALBIZU GALLASTEGI, OLAIA (Informatikoa)
  • ARRUTI GARAIZAR, GARAZI (Suhiltzailea)
  • AYALA MAZORRIAGA, LEIRE (Abeltzaina)
  • ERAZO PRESSER, FLAVIA MARINA (Farmazialaria)
  • García Etxaniz. Mari Jose (Erizaina)
  • GAZTAMBIDE SÁENZ, SONIA (Ikerlaria)
  • IRIBERRI PASCUAL, MILAGROS (Medikua)
  • JUNCAY MOROCHO, MARIA (Mendekotasun egoeran dagozan personen zaintzailea)
  • SANTOS BALSERA, INOCENCIA (Garbitzailea)
  • LAISECA LARRIKETA, ANA (Irakaslea)
  • LANDA MOÑUS, VICTORIA DE JESUS (ERTZAINA)
  • MORAL GARCIA, EVA (UDALTZAINA)
  • MARTÍNEZ MORENO, Patricia (Autobus gidaria)
  • MURO BRETÓN, ARANTZA (Garraiolaria)
  • LAUZIRIKA GOIRIGOLZARRI, NEKANE (Kazetaria)
  • PALACIOS SAGARDUY, MARI LUZ (GURUTZE GORRIA)
  • SOTO MANCEBO, JOANA (DYA)
  • URBERUAGA BADIOLA, AMAIA (Elikagaien bankua)

 

 

ZAINTZA BERDINTASUNEAN. Emakumeen egitekoa Pandemian eta zaintzaren Krisi Globalean

Dimentsio askoko krisi sistemikoan gaude, zeina gurutzatu eta erlazionatu egiten baita aurretik zeuden beste krisi batzuekin; esaterako, ekologikoa eta zaintza-arlokoa. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handiagoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura…) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazializazioaren eta migrazio-estatusaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira.

Berdintasunik gabeko banaketa horrek, gainkargaz gain, eta hark emakumeen osasunari eta bizi-kalitateari dakarzkien ondorioez gain, zaintza-sistemaren prekaritatea ere azaleratu du, eta lehendik ere bazeuden desberdintasunak areagotu ditu. Gure gizarte-ereduak familiaren, eta, neurriz kanpoko proportzioan, emakumeen esku uzten ditu zaintza gehienak, bai ordainpekoak bai ordaingabeak; oso gutxi ematen dira eremu publikoan. Bestalde, egoera eta estatus okerreneko emakumeek (guraso bakarreko familien buruak, behartsuenak, kolektibo zaurgarrietakoak, indarkeria matxistaren biktimak…) neurri handiagoan jasaten dituzte zaintza-zamaren ondorio negatiboak.

Ondorioz, gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero. Bada garaia zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko.

Udalak gaude lehen lerroan, pandemiari eta hark pertsonengan dituen ondorioei aurre egiten, eta liderrak izan behar dugu zaintzari eta haren hornikuntzari buruzko politika publikoak bultzatzeko orduan, erantzunkidetasun publikotik abiatuta, eta arreta emanez gizon eta emakumeen baldintza eta inpaktu desberdinei.

Erakundeok koordinatuta egoten jarraitu behar dugu, eta bideak zabaldu behar ditugu herritarrek, eta bereziki mota askotako emakumeen kolektiboek eta mugimendu feministak, benetan eta modu eraginkorrean parte har dezaten erabaki publikoetan.

Horregatik guztiagatik, Udal honek, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu:

  • Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea eta eztabaida horretan buru izatea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.
  • Analisia egitea, genero-ikuspuntutik, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei buruz, baita COVID-19aren ondorioei buruz ere, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.
  • COVIDaren krisiaren eragina arintzeko onartzen diren neurri guztietan genero-ikuspuntua gehitzen dela bermatzea, laguntzez eta babes-programez den bezainbatean.
  • Konponbide bideragarriak aztertzea eta ezartzea adingabekoen eta mendekotasuna dutenen zaintzari laguntzeko tokiko zerbitzuentzat, zaintza baldintza duin eta bidezkoetan egin dadin saiatuz edo/eta erraztuz, bai ematen duenarentzat bai jasotzen duenarentzat ere.
  • Udalen Berdintasun-plangintzetan, espresuki azpimarratzea emakumeen ahalduntzea, zaintzaren balioa, eta hari dagokionez gizonek duten erantzunkidetasuna.
  • Berdintasuneko tokiko politikak garatzeko eta generoa tokiko politika guztietan zehar-lerroa izateko erabiltzen diren giza baliabideak eta baliabide tekniko eta ekonomikoak sendotzea eta babestea.
  • Tokiko zaintza-sare komunitarioei babesa ematea.

Gaur goizean, Gorka Urtaran elkarteburuak euskal alkateekin egindako informazio-saio bat gidatu du webinar formatuan, eta iragarri du EUDELek lan egingo duela udalek aukera izan dezaten “funts horien ahalik eta portzentajerik handienean” parte hartzeko, eta, era berean, funtsok ahalik eta udal gehienetara iristeko.

2021eko martxoaren 4a. Gaur goizean, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak euskal alkateei aurkeztu die Euskadiko udalei bakarrik zuzenduko zaien informazio-zerbitzu berria, tokiko entitateen proiektuak diruz babesteko aukerei buruzkoa, NEXT GENERATION EU eta Europako beste programa batzuen esparruan.

Euskadiko Udalen Elkarteak informazio-saio telematikoa antolatu du gaur goizean, tokiko berrehun ordezkari ingururekin, haiei adierazteko zein finantziazio-mekanismo aktibatuko diren, 2021etik aurrera, herri eta hirien bitartez Europa sozialki eta ekonomikoki berpizteko, modu jasangarrian.

Gorka Urtaranek azpimarratu du Euskadiko Udalen Elkarteak lan egingo duela “funts horien ahalik eta portzentajerik handienean” parte hartu ahal izateko, eta, gainera, “ahalik eta udal gehienetan”. Elkarteburuaren hitzetan, horretarako behar den informazio guztia emango du EUDELek, udalerri txikienei bereziki, Euskadiko herri eta hiri guztiek onura atera dezaten funts horietatik.

Elkarteburuak azaldu du EUDELen Batzorde Eragileak, otsailean egindako azken bileran, udalerriei begirako zerbitzu berri hori bultzatzea adostu zuela, konpromisoa harturik informazio erreal eta zehatza emateko udalek Europako funts horiek jasotzeko dituzten epeez, moduaz eta moldeaz.

Gorka Urtaran elkarteburuak esan du Europako Batzordeak berak oinarrizko rola eman diela udalei funtsak kudeatzeari dagokionez, gizartetik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik. Europako Batzordeak azaldu duenez, funts horien ardatza udalen eskumeneko arloak izango dira (efizientzia energetikoa, etxebizitzak birgaitzea eta hiria leheneratzea, mugikortasuna), baita beste erakunde batzuekin batera gauzatzen diren politikak ere; trantsizio ekologiko eta digitala, kasu baterako.

Next Generationen gako nagusiak ezagutzeko, EUDELek Guillermo Dorronsoro gonbidatu du gaur goizeko saioan hizlari izateko. Europako funtsen berrikuntzan eta politika publikoen kudeaketan aditua da Dorronsoro; udal-arduradunei azaldu die zein mekanismoren bidez irits daitezkeen laguntza-deialdietara, bai Europatik, bai Estatuko ministerioen bidez, eta bai Euskadi Nexten esparruan egingo direnetara ere.

Aukera garaia

Alkateekin partekatutako mezuen artean, EUDELen elkarteburuak honako hau azaldu du euskal udalek, “itxaropenak puztu gabe”, aukeratzat dituztela Europako funtsak: “Udal-aurrekontuak eta Europatik zein Euskadi barrutik datozen beste laguntza batzuk osatzeko aukera dira”.

Gorka Urtaranek adierazi du “leihatilak” ez daudela zabalik oraindik, eta zalantza asko daudela argitzeko: zertarako eta norentzat izango diren lehen laguntzak, eta noiz eta nola emango diren, berbarako. Momentuz “Interes Adierazpenak” (IA) besterik ez dira argitaratzen ari, eta horiei ez zaio diru-sailik esleitzen. Bestalde, Dorronsoren esanetan, lehenbiziko IA horiek erabilgarriak izan daitezke udalek beren proiektuen ezaugarriak finkatzeko orduan, “bai lehiakorrak izateko, bai garaiz egiteko aurkezpenak, lizitazioak eta egikaritzeak”.

EUDELen newslettera EBko funtsei buruz

Hilabete honetatik bertatik aurrera, EUDELek hautatu egingo ditu udalentzat interesa duten deialdi guztiak, Europako, Estatuko zein Euskadi barruko esparruan, eskura dagoen informazio guztia banatzeko udalekin, barne-prozedurak arintzen lagundu eta aukera izan dezaten laguntza-ildo guztiak jasotzeko.

Datorren astetik aurrera, hilero, udalek posta elektroniko bidez jasoko dute EUDELek egindako “Newsletter” erako informazio-buletin bat, Euskadiko udalerrien askotariko errealitateentzat pentsatua eta egokitua.

Buletin bakoitzean IAen eta dirulaguntzen zerrenda bat emango da, eremuaren (Europa, Estatua, Euskadi) eta gaien arabera (politika traktoreak) sailkatuta, baita bakoitzaren xehetasunak azaltzeko fitxak ere. Horietan adieraziko dira zenbatekoa, aurkezteko epea eta ekintza-ardatzak, dirulaguntzak zuzentzen zaizkien tokiko proiektuei dagokienez.

EUDELen zerbitzuak ez du inolaz ere barne hartuko udal bakoitzaren egitasmo espezifikoetarako laguntza edo aholkularitza zuzena, ez proposamenak idazteko eta deialdietan aurkezteko fasean, ezta, ondoren, diruz lagundutako ekimenak gauzatzean ere.