Gaur elkartu da Gipuzkoako Finantza Kontseilua, eta bertan eman da 2020 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsaren likidazioaren berri
Gipuzkoako udalerriek 482.048.561 euro jasoko dituzte 2020 urteko Udalen Finantzaketarako Foru Funtsetik (UFFF), finantzaketarako duten diru iturri nagusia. Zenbatekoa aurrekontuetan jasotakoa baino txikiagoa da, COVID-19 gaitzaren pandemiak eragin duen krisiaren ondorioz, baina urriko aurre-likidazioan ezarritakoa baino 30,8 milioi euro handiagoa da. Ondorioz, zenbateko gehigarri hau UFFFaren hurrengo ordainketan jasoko dute lurraldeko udalerriek. Gipuzkoak espero baino emaitza hobeagoekin itxi zuen 2020 urtea zerga bilketari dagokionean eta, ondorioz, hobekuntza horrek udalen finantzaketari ere mesede egin dio.
Gaur arratsaldean Donostian egin da Gipuzkoako Finantza Kontseilua. Bileraren helburua pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartu ziren erabakien berri ematea izan da, tartean 2020 urteko UFFFaren likidazioa. Parte hartzaile gehienak modu telematikoan konektatu dira. Topaketan parte hartu dute, EUDELen aldetik, lurraldeko udalerrien ordezkatzen parte hartu dute Ane Beitia Elgoibarko alkateak; Izaro Elorza Oñatiko alkateak; Miguel De los Toyos Eibarko alkateak; Eneko Maioz Orexako alkateak; eta Jaime Domínguez-Macaya Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantza zinegotzi ordezkariak.
Foru Aldundia ordezkatzen parte hartu dute Jokin Perona, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak; Eider Mendoza, Gobernantzako foru diputatuak; Rafaela Romero, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak; Jose Ignacio Asensio, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatuak; eta Bittori Zabala, Zerga eta Finantza Politiketako zuzendariak.
2020ko UFFFaren likidaziotik eratorritako baliabide gehigarriaren banaketaren harira, lurraldeko udalerri nagusiak honako zenbateko hauek jasoko dituzte: Donostiak urrian aurreikusitako baino 8,4 milioi euro gehiago; Irunen kasuan, 2,6 milioi euro gehiago; Errenteriak, bere aldetik, 1,6 milioi euro gehiago; Eibarrek 1,1 milioi euro gehiago; Zarautzek ia milioi bat euro gehiago; Arrasatek 0,9 milioi gehiago; eta, azkenik, Hernanik eta Tolosak, bakoitzak 0,8 milioi euro gehigarri. Honekin batera, eta finantzaketa bideen esparruan baita ere, Ogasuneko diputatuak bileran gogoratu du udalek eskuragarri dutela baita ere 2021 urterako Gipuzkoako lurraldeak duen defizit gaitasunaren % 40, hau da, guztien artean 79 milioi euro inguru.
Foru Aldundiak duenez, eta UFFFaren zuzkidurak COVID-19aren krisiaren eraginez behera egin duen arren, 2020 urtekoa inoizko hirugarren funtsik handiena da, 2018 eta 2019 urteetakoek bakarrik gainditzen baitute.
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur goizean Vitoria-Gasteizen egin duen bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru aldundiek eta Udalek 2020ko ekitaldian zerga itunduen bilketa finkatua 13.949,3M/€ 2020an ezarri dute, hau da, 2019an baino 1.520,3 M/€ gutxiago, eta urte arteko beherakada % 9,8koa izan da. Horrela, izandako diru-bilketak 537,7 M/€-tan gainditu du urriaren 15ean onartutako itxierako aurreikuspena.
Bileraren ondoren, EUDELen elkarteburuGorka Urtaranek gogora ekarri du Udal Finantzaketarako Foru Funtsetako datu zehatzak eta udal bakoitzaren kontura emango diren kopuruak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan emango direla argitara, datorren astean.
EUDELen elkarteburuak azaldu duenez, Udalek ere zailtasunak izan dituzte urte honetan, esfortzu handia egin dute osasun krisiari aurre egiteko, eta gizarte eta ekonomia mailan sortuko diren inpaktuei aurre egiteko. EUDELeko buruak udalerrien lanaren hiru ezaugarri nagusi nabarmendu ditu:
Enpatia izatea euskal gizartearekin, bizilagunekin, gure osasuna babesteko, ongizatea bermatzeko eta tokiko ekonomiari laguntzeko.
Erakunde guztien arteko elkarlana eta lankidetza, denak lerrokatuta gizartearen erronkei erantzuteko
Zorroztasun ekonomikoa, efikazia eta efizientzia. “Udalek erakutsi dugu badakigula erantzukizun ekonomikoarekin kudeatzen” nabarmendu du Gorka Urtaranek.
Gorka Urtaranek esan du urtea ez dela uste bezain gaizki amaituko, eta Udalek eta gainerako erakundeek baliabideak izango ditugula pandemia gainditzeko, eta gizarte eta ekonomia krisiari aurre egiteko.
Udalen ordezkariak
Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan parte hartzen dute EUDELek, Euskadiko udalen ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek.
Udalerrien ordezkariak hauek dira:
Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea (EUDELen elkarteburua)
Nagore Alkorta, Azpeitiko alkatea (elkarteburuordea)
Ángela Eguia, Gordexolako alkatea (Batzorde Eragileko kidea)
EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak bere gaitzespen irmoena azaldu du Sestaon gertatutako emakumeren hilketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.
EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.
Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.
Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.
EUDELek bat egiten du Sestaoko Udalak deitu duen gaitzesteko elkarretaratzearekin. Elkarretaratzea bihar izango dela, otsailak 13, 12:00etan, Udaletxeko plazaren aurrean.
Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.
Tokiko Zuzenbidearen Euskal Mintegia EUDELek eta IVAPek elkarrekin diseinatzen duten prestakuntza-eskaintzaren barruan sendotuta dagoen programetako bat da, eta 15. edizioa izango du aurtengoa.
Edizio honetan, 5 saio egingo dira, martxotik azarora, eta, horietan, honako gai hauek jorratuko dira: Telelana, Modernizazioa eta Europako funtsei buruzko Errege Lege Dekretua, Hautaketa-prozesu digitalak, Hiri Agenda eta 2030 Agenda, Digitalizazioa eta adimen artifiziala.
Prestakuntza-programa hau 2006tik egiten da, eta Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeetako langile juridikoei beren eginkizunak kalitate profesional handiagoz garatzeko behar diren tresnak ematea du xede.
Hainbat saio monografikotan dago egituratuta mintegia, eta honako hauek hartzen dituzte:
Ponentzia akademikoak, adituen eta profesionalen kontura, tokiko zuzenbide publikoaren funtsezko gaiei buruzkoak.
“Tokiko Zuzenbidearen Behatokia”: araudien, jurisprudentziaren, dokumentuen eta bibliografiaren arloan dauden berritasunak aztertzeko gunea.
Aldizkari digitala barne: bertan, intereseko jurisprudentzia, arauen aipamenak eta bibliografia jasotzen dira.
TOKIKO ZUZENBIDEAREN EUSKAL MINTEGIAREN 2021EKO PROGRAMA
Bost saio (20 ordu): martxoak 26, apirilak 23, maiatzak 28, urriak 1 eta azaroak 5
EUDELek eta Emakundek estatu mailako lehen gida sustatu dute, biziraun duten emakume biktimei eragindako kaltea konpontzeko ekintzak garatzeko udalerrietan, eta, era horretan, euren ingurune hurbilean osa daitezen bermatzeko.
Tresna horrek oinarrizko jarraibideak eskainiko dizkie udaletako arduradun eta teknikoei, tokiko esku-hartzean erreparazioaren ikuspegia garatzeko. Era berean, euskal udal batzuk azken urteotan abian jartzen ari diren ekimenak jaso ditu, ildo horretan pausoak nola eman daitezkeen erakusteko adibide gisa.
Vitoria-Gasteiz, 2021eko otsailaren 3a. EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendari Izaskun Landaidak tresna tekniko bat aurkeztu dute gaur goizean, tokiko erakundeei indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen erreparazioko eskubidea zehazteko eta gauzatzeko, udal eskumeneko esparruaren baitan eta justizia ezartzeko prozesuarekin batera.
Espainiako estatuan ez dago antzeko tresnarik eta Gida didaktikoaren forma hartzen du. Gida honen asmoa da lehen urrats gisa baliagarria izatea udalak, mankomunitateak eta kuadrilak beraien ekintzak berrikusten hasteko, hain gai sentikor eta konplexu batean. Izan ere, ikuspegi berri honek hausnarketa berria eskatzen du, bai eta prestakuntza espezifikoa eta praktiken berrikuspena ere.
Istanbulgo Hitzarmenaren nazioarteko esparruan, erreparazio printzipioak esan nahi du indarkeria matxistaren biktimen eskubideak jarri behar direla erreparaziorako arreta eta tokiko jarduketen prozesu osoaren erdigunean, dauden beharrei eta eskaerei entzunez eta erantzunez.
EUDELen eta Emakunderen ekimenak ikuspegi berritzaile bat eskaintzen du, udal-plangintza laguntzatik eta/edo arretatik harago bideratzea, bizirik iraun duten emakume biktimei eragindako kalteak ikusarazteko eta konpontzeko, bai eta ingurune komunitarioan haien leheneratzea errazteko ere, herritartasun bete aktiboaren izaera berrezarriz. Halaber, balioa eman zaie gure udalerrietan indarkeria matxista errepika ez dadin baldintzak eratzeko tokiko prebentzio-programei.
Gida EAEko udalen Berdinsarearen baitan gauzatu da. 2006az geroztik, sare hori berdintasunerako tokiko politiken aurrerapausoak gidatzen ari da, EUDELek koordinatuta, Emakunderen laguntzarekin. Duela bost urte baino gehiago hasitako lan prozesu baten emaitza da, udaletako berdintasun arloen eta, bereziki, udalerri txikienen lankidetzarekin. Izan ere, komunitate osoari udalerri horietan erasaten diote gehien herriko emakumeen aurkako indarkeria egoerek.
Emakunde eta EUDEL bat datoz inplikatutako instantzia guztien arteko koordinazioak duen garrantzia neurtzean, indarkeria matxistaren biktimen errekuperazio integrala eta urratutako eskubideak itzultzea bermatuko duten arreta eta erreparaziorako baliabideak gauza daitezen.
Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariak gogorarazi duenez, Istanbulgo Hitzarmenak, besteak beste, botere publikoei eskatzen die indarkeriaren biktima diren emakumeei erreparazioa emateko neurriak hartzeko. Legebiltzarrean Berdintasunerako Legearen aldaketa izapidetzen ari da, eta, bere hitzetan, biktimei erreparazioa emateko eskubidea aitortzen du, eta horren inguruko neurriak hartzeko betebeharra planteatzen du.
Landaidak gogora ekarri du biktimen erreparaziorako esku-hartze prozesuak ahalduntze prozesu bat izan behar duela: indarkeriaren egoera gainditzeko haien gaitasunak eta autonomia indartzera bideratutako esku-hartze bat. Era berean, Landaidak euskal erakunde guztiek emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean egiten duten lan koordinatua nabarmendu du: “Erakundeen arteko lankidetzan ibilbide luzea egin dugu, eta, horri esker, arreta onena eskaini nahi duten egitura sendoak ditugu, zalantzarik gabe”.
Bestalde, Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “indarkeria matxistaren aurrean, toki erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da, indarkeria horrek gure udalerrietako emakumeen bizitza eta eskubideak erasotzen ditu.” EUDELen elkarteburuak honako hau azaldu du: “Udalok ezinbesteko zeregina dugu gure herritarrei kontzientziatzeko eta komunitate osoa inplikatzeko emakume biktima-bizirauleei babesa eta aitortza emateko. Horrez gain, lagundu behar diegu ahalduntzeko eta autonomia pertsonala berreskuratzeko prozesuan”.
Ildo horretan, Gorka Urtaranek ondorengo hau ere adierazi du: “bizitzen ari garena bezalako une kritikoenetan, ezin dugu atzerapausorik egin; erakundeok koordinatuta jarraitu behar dugu, aurrerapausoak emanez, gure herri eta hirietan berdintasuna benetan gauza dadin”. Horretarako, jakinarazi du EUDELek eta Emakundek gida hau sustatu dutela, honako hiru helburu nagusi hauekin:
Lehenengo helburua, erakundeen konpromisoa berrestea, tokiko jarduerak berrikustea eta indarkeria matxistaren biktima guztien aurkako indarkeria desagerrarazteko ikuspegia zabaltzea, esparru eta forma guztietan;
Bigarren helburua, gizarte osoak indarkeria matxistaren aurkako borrokan parte har dezan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, eta zero tolerantziako jarrera sustatzea;
Hirugarren helburua, erreparazio sozial eta sinbolikoko politikak lantzen hastea, bizirik iraun duten biktimen erasan guztiei arreta emateko, bai eta beren eskubideak urratzea bideratu duten baldintzak gehiago errepika ez daitezen bermatzeko neurri zehatzagoak gauzatzea ere.
Gidako edukiak
Gida hiru hizkuntzatan egin da (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesaz), eta 1.000 ale banatu dira euskal udal guztietan. Bi bertsio editatu dira, bata izaera teknikoagoa duen bertsio hedatua, eta bestea aplikazio praktikoko funtsezko alderdien laburpen modukoa. Biak deskarga daitezke EUDEL eta Emakunderen erakunde webetan.
Giza Eskubideen ikuspegiaz gain, gida honen beste alderdi berritzaile bat da biktimen kontzeptua berrikustea proposatzen duela, biktima guztiekiko eta indarkeriak beren bizitzetan dituen inpaktu guztiekiko ikuspegia zabalduz, eta horien bizirik irauteko ahaleginak eta gaitasunak gogoan hartuz.
Era berean, legedia eta araudia (nazioartekoa, estatukoa eta autonomikoa) berrikusten ditu, eta aztertzen du tokiko gobernuek zer eskumen tarte duten indarkeria matxistaren aurkako borroka arloko jarduketak ikuspegi konpontzailez gauzatzeko.
Argitalpenaren egituran honako atal hauek daude: kontzeptuetara hurbiltzea, arauen aipamena eta erreparazio printzipioaren garapenean udal arduradunek aintzat hartu beharreko araudia eta jarraibideak.
Gidak, halaber, tokiko eremuan egin daitezkeen jarduketen adibideak aurkezten ditu, besteak beste: arreta sanitarioa, psikologikoa eta harrera baliabideak lehenbailehen eskuratzera bideratzea, berriz laneratzeko enpresekin eta beste erakunde batzuekin bitartekaritza lanak egitea, biktimen ahalduntzea eta haien lan kolektiboa sustatzea Emakumeen elkarte eta etxeen bidez; herritarrekin sentsibilizazio jardunaldiak eta tailerrak antolatzea, biktimen omenaldi ekitaldiak egitea, hala nola memorialak eta kaleen izenak.
Erreparazio printzipioa dagoeneko lantzen ari diren udalerri batzuen Praktika Egokiak ere jaso dira, hala nola Andoain, Basauri, Urduliz, Vitoria-Gasteiz eta Durangaldeakoak. Tamaina eta lurralde guztietako udalerrien esperientzia horiek erreferentzia izan daitezke beste udal batzuetan lanari eki
Dokumentu honen 2021ko urtarrilaren 25eko zortzigarren edizioa da eta herritarrek planteatutako zalantza berriekin eguneratu da. Galdera eta erantzun berriak sartu dira, eta erantzun batzuk zehaztu edo zuzendu dira, hobeto uler daitezen.
Dokumentua egitura honen arabera ordenatuta dago:
Oinarrizkoa galderak
Mugikortasuna
Ostalaritza
Kirola
Besteak
Herritarren zalantzak, orain arte egin den bezala, ZUZENEAN herritarrentzako zerbitzuaren bidez bideratuko dira: https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/zuzenean-herritarrentzako-zerbitzua/
Hezkuntza Sailak 2,5 milioi euroko ezohiko funtsa sortu du, udalek Covid-19k ikastetxeetan eragindako garbiketa-gastu gehigarriei aurre egin diezaieten
Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen instalazioen titular diren 170 udalei zuzendua da laguntza
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuarekin bilera izan du gaur arratsaldean, Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitzan. Batzarrean, Hezkuntza Sailak sortu duen 2,5 milioi euroko aparteko funtsaren inguruko akordio instituzionala zehaztu dute bi arduradunek. Funts honen xedea, EAEko udalak ikastetxeetan Covid-19ri aurre egiteko izaten ari diren garbiketa-gastu gehigarria ordaintzea da.
Akordio horren arabera, Hezkuntza Sailak 2.594.875 euroko funts honen bidez diruz lagunduko ditu udal-titulartasuneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten garbiketa-neurriak aplikatzearen ondorioz sortu diren gastu gehigarriak, 2020-2021 ikasturte honetan.
Gastu gehigarri horien artean sartzen dira garbiketako langileak kontratatzea eta lehendik daudenen ordu kopurua handitzea (langile propioak edo azpikontratatuak izan), bai eta garbiketa-produktuak erostea ere, baldin eta Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko neurriek hala eskatzen badute.
Guztira, euren titulartasuneko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako instalazio publikoak dituzten EAEko 170 udalek jasoko dituzte laguntza hauek.
Garbiketa-neurri gehigarriek udaletan sor dezaketen gainkostuaz jabetuta, Hezkuntza Sailak horiek finantzatzen laguntzen du, ezohiko laguntza hauen bidez. Zuzeneko dirulaguntza hauek aipatutako protokoloek eskatutako neurriak aplikatzearen ondoriozko garbiketa-gastu gehigarrien %60 finantzatzen dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldian eginak izan beharko dira.
Bileraren ostean, Jokin Bildarratz sailburuak Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko lankidetza estuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, batez ere hezkuntza arloari dagokionez: “Pandemiak segurtasun eta higiene neurriak zorroztera behartzen gaitu arlo guztietan, baita hezkuntzan ere. Gure lehentasuna ikasleen eta langileen segurtasuna da, baina baita udalen eta familien lehentasuna ere. Jakitun gara hezkuntza-guneak intentsitate handiagoz garbitzeak erakundeei ahalegin ekonomikoa eskatzen diela, eta akordio honen bidez lan horretan lagundu nahi diegu, udalak egiten ari diren ahaleginari aitortza egitearekin batera”.
Bestalde, Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak adierazi duenez, “Alkateak kezkatuta gaude egoerarekin eta helburu komun bat dugu: gure bizilagunen osasuna babestea, udalerriko gune guztietan eta are gehiago ikastetxeetan. Udalok aparteko ahaleginak egiten ari gara, funts propioen bidez, Covid-19aren aurkako protokoloak aplikatzeko hezkuntza-jarduerarako udal-instalazioen garbiketan. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot Bildarratz Sailburuari eta, hedaduraz, Eusko Jaurlaritzari, gure eskaria entzun eta aintzat hartzeagatik. Horixe da erakundeen arteko norabide bikoitzeko lankidetza-eredua, Herri gisa kohesionatzen gaituena eta euskal udalerri guztientzat defendatzen duguna”.
Covid-19aren aurkako protokoloak
Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturterako koronabirusaren aurrean jarduteko prestaturiko protokoloek, besteak beste, ikastetxeetan higiene eta garbitasun-neurriak zorrozteko eta indartzeko beharra azpimarratzen dute. Horren ondorioz, aipaturiko protokoloak eta horietan jasotako neurriak behar bezala aplikatzeko, hezkuntza-instalazioen titular diren udalek garbiketako langileak kontratatu behar izan dituzte edo lehendik zeudenen ordu kopurua gehitu, Haur eta Lehen Hezkuntzako udal-titulartasuneko eraikinetarako.
Hezkuntza Sailak ikasturte honetarako aurrez aurreko hezkuntza-jardueraren aldeko apustua egin du, eta horixe da lehentasun nagusietako bat. Horregatik, eta ikasgelek gune seguruak izaten jarrai dezaten, ikasturte honetan erakusten ari diren bezala, garbiketa funtsezko elementua da ikastetxeetan.
Bigarren Lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko Sailburuaren Agindua, 2021ko urtarrilaren 22koa, zeinaren bidez bermatzen baita komunitatearentzako funtsezko zerbitzuei eutsiko zaiela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko zaintzaren esparruan (hirugarren adinekoen egoitzak, etxebizitza komunitarioak eta eguneko zentroak; desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko zentroak eta zerbitzuak; etxez etxeko laguntza; telelaguntza; esku-hartze soziala) 2021eko urtarrilaren 26 eta martxoaren 4rako deitutako greban.