Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELek eta Emakundek “Virginia Woolf Basqueskola” sarearen 2019-2023 agintaldi berrirako estrategia aurkeztu dute.

Berrikuntza gisa, Estatuko udaletako emakume hautetsientzako lehendabiziko “mentoring” esperientzia sustatuko da. Emakume alkate eta zinegotzi beteranoek berriak gidatuko dituzte udaletako lan politikoan.

Getxon, 2019ko urriaren 21ean. Gaur arratsaldean, 17:00etatik aurrera, Getxoko Kultur Etxean Bizkaiko emakume hautetsien arteko legegintzaldiaren lehenengo topaketa egingo da. Hitzordu honetara lurraldeko udalerri guztietako emakume alkate eta zinegotziak deitu dituzte, EUDELek eta Emakundek sustatutako “Virgina Woolf Basqueskola” sarearen estrategia berriaren barruan.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ostean, emakume hautetsien ordezkaritzaren ehunekoa % 46,13ra arte igo da, hau da, aurreko legegintzaldian baino % 4,63 gehiago. Bizkaiko udaletan 579 emakume dira, 1.235 hautetsiren artean, eta 32 emakume alkate daude 112 udalerrietan. EAEn, alkate diren emakumeen ehunekoa % 4,1 igo da 2015ekin alderatuta; 74 emakume dira tokiko gobernuetan. Hala ere, oraindik euskal alkatetzen % 30 baino gutxiago dira.

Getxoko alkate Amaia Aguirrek hauxe adierazi die Bizkaiko emakume hautetsiei, EUDELen izenean, sarean parte hartzera gonbidatzeko: “Emakume hautetsi bezala, udalen etapa berri honetan geure “gela propioa” elkarrekin sortzeko gaude hemen. Gero eta emakume gehiago gara udal politikan, eta eragin handiagoa izateko batu behar gara”. Amaia Aguirrek “neurrira egindako lidergoa” diseinatzeko eskatu die bere kideei, hizkuntza eta diskurtso propioa duena, “elkarrekiko agenda batekin, gure herritarrak eta, batez ere, emakumeak eta euren kolektiboak kezkatzen dituzten gaietara hurbiltzeko”. Zentzu horretan, adierazi du “emakumeek gobernatzea beharrezkoa dela, emakumeak aintzat hartzeko tokiko bizitzan eta gizarte osoan”.

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak emakume hautetsien sare hori hain beharrezkoa egiten duten arrazoiak azaldu ditu: ”botere-egiturak eta -espazioak funtsean gizonek eta gizonentzat pentsatuta daudela oraindik ere, androzentrikoak dira, besteak beste, espazio hori emakumeentzat debekatua izan delako luzaroan, eta, horren ondorioz, emakumeek zailtasunak izaten dituzte beren zereginaren jardunean, eta zailtasun horiek gehitzen zaizkie erantzukizun-kargu bati, hala nola udalerriko alkate- edo zinegotzi-karguari. Basqueskolak egoera horri aurre egiten jarraitu nahi du datozen urteetan ahalduntzearen bidez, emakumeen partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko funtsezko tresna gisa” adierazi du Izaskun Landaidak.

Gaurko jardunaldian, emakume hautetsiek Harrera Eskuliburu bat jasoko dute gida edo jarraibide bezala, non emakume hautetsiek beraiek erronka berrietan hasi berri diren kideei laguntzeko alderdi praktikoak identifikatzen dituzten. Horien artean: denboraren kudeaketa eta kontziliazioa, lidergo propioaren garapena, komunikazioa, berdintasun politikak transbertsalizatzeko modua edo kolaborazio politiko-teknikoa.

Esperientzia pilotu eta berritzailea: mentoring Euskadiko emakume hautetsientzat

Estatu mailan esperientzia berritzailea den heinean, Basqueskolak aurten mentoring programa pilotu bat egingo du tokiko emakume hautetsientzat. Euskal ekimen hau Europa mailan arrakasta izan duten abangoardiako beste praktika batzuetan oinarritzen da, hala nola Emakumeen lobby europarra, Europako Parlamentuan hautagai diren emakumeena edo Norvegia eta Danimarkako politika nordikoek sustatutako Forum 50% programa.

Basqueskolako kontseilari taldea emakume hautetsi boluntarioez osatuta egongo da; horietako batzuk aktiboan daude eta beste batzuek dagoeneko udal politika utzi dute. Horrela iragarri dute Bizkaiko ordezkariek: Maite Etxebarria, Abanto-Zierbenako alkatea, Leioa eta Bermeoko alkate ohiak, Mª Carmen Urbieta eta Idurre Bideguren, Barakaldo, Galdakao, Getxo, Gernika, Sondika, Urduliz eta Zamudioko zinegotziekin batera.

Kontseilariek nork bere udalerrian esperientzia eta ibilbide ezberdinak dituzte, gobernuan eta oposizioan, baina helburu berdin baten alde lan egiten dute: lehendabiziko aldiz politikan jardungo duten emakumeei laguntzea, euren kargu berriko egokitze, ahalduntze eta lidergo prozesuetan.

Parte-hartzaile bikote bakoitzak (aholkularia eta aholkatua) komunikatzeko bideak adostuko ditu, baita urteko bileren egutegia ere –aurrez aurre zein on line egingo dira–. Kontseilariek aholkuak, informazioa eta esperientzia propioa partekatuko dituzte iritsi berri diren kideekin, ikasketa eta indartze kolektiboan laguntzeko.

Zer da VWBasqueskola

Virginia Woolf Basqueskolaren helburua da EAEko emakume hautetsien eragin politikoa indartzea, ahalduntze kolektiborako tresnak eskainiz eta aliatuen sare bat sortuz, euskal udalerrietan berdintasun eraginkorra lortzen lagunduko duten aldaketak sortzeko.

Basqueskola erronkak eta, batez ere, emakume bezala politikan partekatzen duten elkarrekiko agenda mahai gainean jartzeko aukera ematen duen espazio propioa da. Herritar gisa politikan parte hartzeko eskubidea gauzatzetik haratago, emakume hautetsiek politika egiteko eta politikan egoteko modu berriak proposatu nahi dituzte. Testuingurua aldatzeko eta gure udalerrietan eragiteko beharrezkoak diren baldintzak aldatzeko lanean ari gara, pertsona guztiek bizitza askeago, justuago eta berdinzaleagoak izateko.

Sareari eta bere jarduerari buruzko informazio osoa VWBASQUESKOLAren webgune ofizialean dago eskuragarri: http://www.virginiawoolfbasqueskola.eus/

Donostian, 2019ko urriak 14. Gipuzkoako Finantza Kontseiluari buruzko informazioa. Aurreikuspenen arabera, Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak 526 milioi eurorekin itxiko du urtea, errekor historikoa bosgarren urtez jarraian hobetuz

Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak (UFFF) 526 milioi euroko zuzkidurarekin itxiko du 2019 urtea, pasa den ostiralean Gasteizen egin zen Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan adostutako aurreikuspenen arabera. Gipuzkoako Foru Aldundiak gaur ezagutarazi dizkie datu hauek eta herriz-herriko banaketa udalen ordezkariei (EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen bitartez), foru jauregian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan. Aurreikuspenak betez gero, funtsak bosgarren urtez jarraian hobetuko luke bere errekor historikoa, aurrekontuan jasotakoa %2,28 hobetuz.

Funtsaren behin betiko likidazioa datorren otsailean egingo den Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan egingo da, orduan egin ohi baita aurreko urtearen  behin betiko likidazioa. Beraz, orduan argituko da zein izango den 2019ko UFFFren zuzkidura. Datorren urteari begira, aurreikuspenek hazkundearen bidetik jarraituko dutela iragarri diete foru ordezkariek udalen ordezkariei. Zehazki, eta betiere aurreikuspenen arabera, funtsa 18 milioi euro haziko litzateke, 2019ko aurrekontuarekin alderatuta (+%3,55).

EUDELen aldetik, Gipuzkoako Finantza Kontseiluan parte hartu duen ordezkaritza honako pertsona hauek osatu dute: Ane Beitia, Elgoibarko alkatea; Izaro Elorza, Oñatiko alkatea; Miguel De los Toyos, Eibarko alkatea; Eneko Maioz, Orexako alkatea; eta Jaime Dominguez-Macaya, Donostiako Udaleko Ogasun eta Finantzetako zinegotzi delegatua.

Topaketan izan dira, Foru Aldundia ordezkatzen, Ogasun eta Finantzetako diputatu den Jabier Larrañaga; Gobernantza diputatu den Eider Mendoza; Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kiroletako diputatu den Denis Itxaso; Ingurumen eta Obra Hidrauliketako diputatu den Jose Ignacio Asensio; eta Zerga eta Finantza Politikako zuzendari den Bittori Zabala.

Udalentzat informazio gehiagorako: Laster EUDELetik landutako informazio gehiago eskainiko da ‘Udalen parte-hartzea zerga itunduetan 2019-2020ri’ buruzko txostenaren (ikusi azken txostenak) eta UDALA aldizkariaren ale berriaren bidez: ‘Udal Finantzaketa ’

 

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak urriko bilera egin du ostiralean, eta, bertan, lurralde bakoitzeko udaletako hiru ordezkari berrik parte hartu dute: Vitoria-Gasteizko alkate eta EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek, Azpeitiko alkate eta elkarteburuorde Nagore Alkortak eta Gordexolako alkate Ángela Eguiak.

EUDELen elkarteburu berriak positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta udalek organo erabakitzaile gorenean lortutako adostasuna, herrialdeko baliabideak banatzeko: “Arrisku partekatuaren printzipioari eragin gabe, hiru erakunde-mailok erabaki dugu udalok zenbait aurreikuspen hartuko ditugula erreferentzia gisa, agintaldiaren lehenengo aurrekontuak prestatzeko”.

Ildo horretatik, Gorka Urtaranek honako hau adierazi du: “Erakunde arteko Kontseilu honetan udalek hitzarekin eta botoarekin parte hartzea oso garrantzitsua da. Informazioa oso baliotsua da agintaldiaren  aurrekontuak prestatzeko, bi gakotan oinarrituta: gizarte-sentsibilizazioan, gure herritarren beharrizanei erantzuteko, eta zorroztasun eta gardentasunean, kontuen berri modu garbian emateko.”

Bileraren ostean egindako agerraldian, EUDELen elkarteburuak gogorarazi du udal bakoitzari egin beharreko konturako entregei buruzko datu zehatzak aditzera emango direla Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian hurrengo egunetan egingo diren Finantzen Lurralde Kontseiluen bileretan. Lurralde Kontseiluak topaketa-foroak dira, eta, bertan, lurralde bakoitzeko udaletako eta Foru Aldundietako ordezkariek xehetasun handiagoz aztertuko dituzte udalerri bakoitzeko datuak, banan-banan. Horrek ahalbidetuko du modu zehatzago batean baloratzea tokiko mailako egoera, Tokiko Finantzaketako Foru Funtsetako likidazioari dagokionez (TEFFF, Araban; UFFF, Gipuzkoan; eta Udalkutxa, Bizkaian).

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak 2019ko urrian hartutako erabakiak

Urte honetarako hitzartutako tributu bidezko bilketaren itxierarako aurreikuspenak 15.386,1 milioi eurokoak dira, hau da, 120,7 milioi euro gehiago 2019an bildutako aurrekontuaren aldean (+% 0,8).

Horrez gainera, aurreikusita dago Foru Aldundiek 15.767,8 milioi euro bilduko dituztela 2020an, tributu itundun gisa. Horrek esan nahi du % 2,5eko igoera izango dela, 2019rako aurreikusitako itxierarako bilketaren aldean. Termino absolutuetan, horrek esan nahi du 382 milioi euro gehiago izango direla, 2019ko itxierarako aurreikuspenen aldean.

Informazio gehiago HDEKren 19-10-11ko PRENTSA-OHARREAN

Infografia

Gaur goizean, EUDELen Batzorde Eragile berriaren lehenengo bilera egin da, irailaren 19an —orain dela hilabete eskas—, Elgoibarren egindako Batzar Orokorrean batzorde horretako kide berriak izendatu ondoren.

Elkarteburu berri eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek informazioa eman die gainerako alkateei; hain zuzen ere, Elkartearen barne-antolaketari buruzko informazioa eman die, bai eta Euskadiko udalei zerbitzua emateko dituen funtzio nagusiei buruzkoa ere.

Bileran landutako gairik garrantzitsuenetako bat Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea (ETEL) garatzeko EUDELek egin duen solaskidetza-lana izan da, baina beste gai batzuk ere landu dira; biharko, urriaren 11rako —ostirala—, deitutako Herri Dirubideen Euskal Kontseilua prestatzea. Horretara, hiru udal ordezkari berriak joango dira, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiekin batera.

 

Gobernu-talde berriaren lehen topaketa honi esker, posible izan da eztabaidatzea zein izango diren udalek agintaldiaren lehenengo urtean izango dituzten lehentasunak, Euskadiko udalerrietako erronkei erantzuteko beharrezkoagoak diren lan-arloak arautzeko eta planifikatzeko. Etorkizunean egingo diren ekintza guztiak eta jada finkatutako programak hiru jarduketa-esparru nagusitan biltzea erabaki du Batzorde Eragileak: Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintza, Hiritartasuna eta Gobernantza.

Garapen Jasangarriko Helburuak tokiko mailan hedatzea EUDELen ardatz estrategiko bat izango da agintaldi honetan zehar. Horrez gainera, udalerri txikiei laguntza emateko sareko lana egiten jarraituko da, bereziki gobernantza onari, berrikuntza eta eraldaketa digitalari, gizarte-zerbitzuei, funtzio publikoari, segurtasunari, euskarari eta berdintasunari dagokienez.

Lehenengo ekintza Berdintasun Arloak egingo du; izan ere, “Virginia Woolf Basqueskolaemakumezko hautetsientzako ahalduntze- eta lidergo-espazioa bultzatu nahi du berriro ere. Estrategia berria Euskadiko emakumezko alkate eta zinegotziekin eztabaidatuko da, urriaren 21ean, 22an eta 23an hiru lurraldeetan egingo diren harrera-saioetan.

 

2019-2023ko Batzorde Eragilea

Batzorde Eragilea EUDELen gobernu-organo gorena da, eta 15 alkatez osatuta dago. Alkate horiek hiru lurraldeetako eta neurri desberdinetako udalerriak eta tokiko sentsibilitateak ordezkatzen dituzte.

EUDELen 2019-2023 aldirako gobernu-organo berriak Elgoibarren hautatu ziren, 2019-09-19an egindako Batzar Orokorrean (ikusi Batzarreari buruzko informazioa).

EUDELen egungo elkarteburua Vitoria-Gasteizko alkate Gorka Urtaran Agirre da.

Elkarteburuordeak: Azpeitiko alkate Nagore Alkorta Elorza eta Irungo alkate Jose Antonio Santano Clavero.

Batzordekideak:

Gordexolako alkatea
Txomin Sagarzazu Ancisar Hondarribiko akatea
Ager Izagirre Loroño Mungiako alkatea
Aitziber Oliban Gutierrez Erandioko alkatea
Txelo Auzmendi Jimenez Asparrengo alkatea
Ane Beitia Arriola Elgoibarko alkatea
Mikel Torres Lorenzo Portugaleteko alkatea
Saioa Elejabarrieta Amorrortu Lemoako alkatea
Iñigo Gaztelu Bilbao Larrabetzuko alkatea
Josune Irabien Marigorta Amurrioko alkatea
Miren Koldobike Olabide Huelga Legazpiko alkatea
Xabier Lertxundi Asteasuinzarra Hernaniko alkatea

 

 

EAEn ezarpen handieneko udal-elkartea den aldetik EUDELek egindako proposamenarekin bat eginez, Lehendakariak Euskadiko udaletako ordezkariak izendatu ditu Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, urriaren 7ko 27/2019 Dekretuaren bitartez, eta Euskadiko Toki Erakundeei buruzko 2/2016 Legearen Lehenengo eta Bigarren Azken Xedapenean ezartzen dena betez.

Udalak ordezkatzen dituzten HDEK-ko kideak:

 

  • Gorka Urtaran Agirre jn., Vitoria-Gasteizko alkatea, Arabako Lurralde Historikotik.
  • Ángela Eguia Liñero and., Gordexolako alkatea, Bizkaiko Lurralde Historikotik.
  • Nagore Alkorta Elorza and., Azpeitiko alkatea, Bizkaiko Lurralde Historikotik.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseilurako ordezkarien proposamenean, EUDELek arreta jarri die lurralde- eta genero-irizpideei, bai eta hainbat tamainatako udalerriak egoteari ere. Hala, hiru kideetako bat 5.000 biztanletik beherako udalerri bateko hautetsia izango da.

  • Eguna: 2019ko urriaren 3a, osteguna
  • Ordutegia: 10:00-12:00
  • Lekua: Ondare aretoa, Foru Artxibategia (María Díaz Harokoa kalea 11, Bilbo)

Gai-zerrenda:

I. 7/2019 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketarena: berritasun nagusiak

II. 4. hautaketa prozesu bateratuaren aurkezpena:

  • Udaltzainen kidegoetan sartzeko hautaketa prozeduraren deialdia egiteko agindua
  • Hautaketa prozeduraren oinarrien proposamena
  • Prozesuaren kronograma

IZENA EMATEKO ESTEKA

Hartzaileak:

politikariak eta teknikariak (alkateak edo/eta zinegotziak, idazkariak, Giza Baliabideak, Funtzio Publikoa, Segurtasuna/Udaltzaingoa sailak, etab.).

Parte-hartzaileak:

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Malentxo Arruabarrena, Polizia eta Larrialdietako Akademiaren zuzendari nagusia, Rodrigo Gartzia, Segurtasun Koordinazioko zuzendaria, Eugenio Artetxe, Segurtasun Saileko Araubide Juridikoaren zuzendaria, eta Josu González, Polizia eta Larrialdietako Akademiaren beraren Langileak eta Araubide Juridikoa kudeatzako Arloko burua.

• TESTUINGURUA

2019an, berritasun ugari egon dira udaltzainen alorreko arauei dagokienez. Urtarrilean Udaltzainei erretiro-adina murrizteko koefizientea ezartzeko Errege Lege-dekretua indarrean sartu ondoren, uztailaren 9an, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren 7/2019 Legea sartu zen indarrean.

Agertoki berri horretan, ezinbestekoa da behar bezala antolatzea dauden giza baliabideak eta ahalik eta gehien bizkortzea langileak ordeztearena, dagozkion enplegu publikoko eskaintzak eginez, hala gure udaletako plantillak egonkortuko baitira –desiragarria da–, etorkizuneko behar eta erronkei aurre egiteko.

Ildo horretan, hautaketa prozesu bateratuak tresna oso erabilgarriak izan daitezke hautaketaren alorrean, azken urteetan ikusi ahal izan den moduan. Hala nahi duten udalek era boluntarioan aukera horrekin bat egin dezakete, enplegu publikoaren esparruko xedeak betetzeko.

Sor litezkeen zalantzak argitzeko eta EUDELen eta Eusko Jaurlaritzaren Lankidetza-hitzarmenaren barruan, gonbidatuta zaude 4. hautaketa prozesu bateratuaren aurkezpenera; hori izango da egingo den lehena Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketaren 7/2019 Legea indarrean sartu zenetik.

Gorka Urtaran, EUDELeko Elkarteburu hautatu berria, Iñigo Urkullu Lehendakariaren hitzaldian izan da gaur goizean, Euskadiko agintari gorenekin batera, Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorreko Osoko Bilkuran.

Eusko Legebiltzarreko maila goreneko gaurko elkarretaratze instituzional hau da Vitoria-Gasteizko Alkatea Euskal Udalen ordezkari gisa doan lehenbiziko ekitaldi ofiziala. Era horretan, Gorka Urtaranek Euskadiko udalgintzaren ordezkaritza-lanari ekin dio, EUDELeko Batzar Orokorrean atzo, ostegunez, 2019ko irailak 19, Elgoibarren kargua hartu eta berehala.


  • EUDELen Batzar Orokorrak hautatu ditu 2019-2023 legealdirako Batzorde Eragileko 15 kideak, bai eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru Lurralde Batzordeetako kideak ere.
  • Gorka Urtaranek Imanol Landa lehengo elkarteburuarengandik jaso du aginte-makila eta eskertu egin du, bere aurretik, “bata bestearen atzean” egondako agintariek egindako lana, honako hau adieraziz: “geure erreferentea zarete eta etorkizunari begira inspirazio-iturria”. GORKA URTARANEN HITZALDIA
  • Elkarteburu lez egindako lehenengo adierazpenetan, Gorka Urtaranek “EUDELen etapa berria” hasi dela aipatu du, egindakoa “berresteko” balio behar duena. “Etapa berriari lehengo gogo berarekin ekin diogu, Udalok Euskadin maila goreneko herri-erakundeak garela eta euskal sistema instituzionalean hitza eta botoa dauzkagula erakusteko asmoz.

2019ko GOBERNU ORGANOAK

Elgoibar, 2019ko irailaren 19a.

EUDELen Batzar Orokorra –245 udalerri bazkideek osatuta– bildu da gaur goizean, Elgoibarko IMHko kiroldegian, eta, horrenbestez, Euskadiko udaletako ordezkaririk gorenak hantxe izan dira, 2019-2023 udal agintaldirako Elkartearen gobernu organoetako kide berriak hautatzeko.

Gorka Urtaran, Vitoria-Gasteizko alkatea hautatu dute bazkideek, EUDELen Elkarteburu izateko. Horretarako gehiengo kualifikatua eskuratu du. Urtaranen ondoan elkarteburu izango dira Irungo alkate Jose Antonio Santano eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta.

Halaber, elkarteburuaz eta elkarteburuordeez gainera, EUDELen Batzarrak Batzorde Eragileko 12 kideak hautatu ditu.

Gorka Urtaran zortzigarren Elkarteburua da, eta Arabako bigarrena, 1982an Euskadiko Udalen Elkartea sortu zenez geroztik. Imanol Landa azken agintaldiko elkarteburuaren eskutik makila jaso ondoren, Urtaranek “gure aurretik egon direnen eskarmentu eta ibilbidearen ondarea” nabarmendu egin du. Bere adierazpenekin, “norbere udalerriaren alde Udaletik lan egitea erabaki duten milaka herritarren ekarpena” ere gogoan eduki du, izan ere, “haietako gehienak bolondresak izan dira“.

Bestalde, Imanol Landak, agintea uzteko ekitaldian, EUDELen azken lau urteotan izandako bizipenak gogoan izan ditu: “Bene-benetan uste dut euskal udalgintzak lorpen garrantzitsuak izan dituela lau urteotan.  Gogor jardun dugu, elkarlanean, eta xede izan dugu zimenduak sendotzea, zimendu horietatik jarraituko dugulako EUDELen etorkizuneko eraikina altxatzen. Gainera, erakundeak bere historia osoan izan duen Batzorde Eragile anitzenaren errealitatetik egin dugu.”

Batzorde Eragile berriak, Elkartearen Estatutuei jarraikiz, ordezkaritza parekatua du, eta 7 emakumezkok eta 8 gizonezkok osatzen dute. Horietatik 3, lurralde bakoitzetik bat, 2.500 biztanle baino gutxiagoko udalerrietakoak dira.

Denok batera lan egin sarean

Lehendakari gisa egindako adierazpenetan, EUDELek egindako sare-lanaren balioa nabarmendu egin du Gorka Urtaranek, udalerriekin, euskal herri-erakundeekin eta Europarekin ere egindako elkarlanean oinarritutakoa.

Azpimarratu duenez, “Sarean, taldean, modu koordinatu eta adostuan lan egiten jarraituko dugu, alderdikeria albo batean lagata eta udalerriak babesteko asmo bateratuarekin”.

Elkarteburuak Euskadiko Toki Erakundei buruzko Legea (ETEL) aintzat hartu du, bere esanetan, “gure Herriaren instituzionalizazioan izan dugun mugarririk handiena”. Gorka Urtaranek goraipatu duenez, udal autonomiarako eta udalerrien ahotsa helarazteko “ezinbesteko tresna da” eta beti agertu da herritarren bizi-kalitatearen alde. Ildo horretan, “gure burua entzunarazteko ahotsa izan behar dugu. Hura adostu eta partekatu behar dugu, guztion ekarpenarekin eta xede argiarekin: ingurumena zaindu eta bertan bizitzea errazten duten hiri eta herri kohesionatuak izatea (…)

Datu interesgarriak

  • EUDELeko bazkideak: 245 bazkideen artean, 8 udalerri EAEtik kanpokoak dira; horietatik bi Trebiñukoak dira (Trebiñu eta Argantzon), eta gainerako 6ak Nafarroakoak (Aoiz-Agoitz, Arantza, Arbizu, Baztan, Larraun eta Urdiain).
  • Elkarteburuak: Duela 37 urte sortu zenetik, Euskadiko Udalen Elkartearen elkarteburuei dagokienez, 6 gizonezkoak eta 1 emakumezkoa izan dira: (1983-87) Iñaki Oregi, Zuiako alkatea; (87-91) Jose María Gorordo, Bilboko alkatea; (91-95 eta 95-99) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea; (99-03 eta 03-07) Karmelo Sáinz de la Maza, Leioako alkatea; (07-11) Jokin Bildarratz, Tolosako alkatea; (11-15) Ibone Bengoetxea, Bilboko alkateordea; (15-19) Imanol Landa, Getxoko alkatea.
  • EAEko hautetsiak: Euskadiko udaletako hautetsiak 2.655 dira guztira; horietatik 1.225 (% 46) emakumezkoak dira. Eudeleko bazkide diren 252 udaletan, guztira 74 emakumezko alkate daude; aurreko legegintzaldian baino hamar gehiago, beraz.