Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Euskal Hirigune Elkargoaren Mugaz gaindiko lankidetzarako estrategia eraikitzeko tailerrak antolatuak dira irailaren 20an Baionan eta 25an Donostian. Izen ematea nahitaezkoa da orrialde honetan dagoen formularioaren bidez:

https://www.communaute-paysbasque.fr/eu/translate-to-basque-ateliers-de-la-cooperation-transfrontaliere

Zein dira abiatutako ekimenak, landu beharreko eremuak, partekatutako xedeak, gauzatu beharreko proiektuak eta balizko laguntzaileak? Mugazgaindiko lankidetzarako tailerren helburua, Euskal Elkargoaren hurrengo urteetako Mugaz gaindiko Lankidetzarako Estrategia da osatzea, gure lurraldearen erronkei erantzunak elkarrekin bilatuz.

Tailerrak irailaren 20an Baionan eta iraolaren 25an Donostian iraganen dira. 

Bi egun esperientzia eraikitzaileak identifikatzeko, mugaz gaindiko lurralde baten abantailak ulertzeko eta mugaz gaindiko dinamika berri bat eraikitzeko eta partekatzeko.

Izen-ematea eta Tailerren aurkezpena webgune helbide honetan:

https://www.communaute-paysbasque.fr/eu/translate-to-basque-ateliers-de-la-cooperation-transfrontaliere

Bilbon, 2019ko irailaren 9an. EUDELek dei egin die Euskadiko udaletako alkateei, irailaren 19an (osteguna), 10:30etan Elgoibarren (IMH kiroldegia) izango den Batzar Nagusian parte har dezaten. Batzarraren xedea da 2019-2023 agintaldirako Elkartearen gobernu-organo berriak izendatzea: Batzorde Eragilea (15 ordezkari hautetsi, elkarteburua barne) eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lurralde batzordeak (bakoitzak 9 ordezkari hautetsi izango ditu).

Osteguneko Batzarrean EUDELeko 245 udal bazkideek hautagaitza bakarra bozkatu beharko dute, Gobernu-organo bakoitzerako aurkeztua (Batzorde Eragilea eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Batzordeak). Ondoren zerrendatzen dira aipatutako hautagaitza (ikus ERANSKINA).

Aipatutako hautagaitza EUDELen Estatutuetan agintzen denarekin guztiz bat dator, alegia, gizonen eta emakumeen arteko orekaz (sexu bakoitzari gutxienez %40 egokitzea), bai halaber 2.500 biztanletik beherako udalerriak egoteko bermeaz.

Botoak biztanle-kopuruaren arabera. Kide titular bakoitzak Batzarrean dituen botoak eskala honen araberakoak dira:

  • 1.000 biztanle arteko udalerriak: boto 1
  • 1.001 eta 2.000 biztanle bitarteko udalerriak: 2 boto
  • 2.001 eta 3.000 biztanle bitarteko udalerriak: 3 boto
  • 3.001 eta 5.000 biztanle bitarteko udalerriak: 4 boto
  • 5.001 eta 10.000 biztanle bitarteko udalerriak: 5 boto
  • 10.001 eta 20.000 biztanle bitarteko udalerriak: 10 boto
  • 20.001 eta 50.000 biztanle bitarteko udalerriak: 15 boto
  • 50.001 eta 100.000 biztanle bitarteko udalerriak: 20 boto
  • 100.001 eta 150.000 biztanle bitarteko udalerriak: 25 boto
  • 150.00 biztanletik gorako udalerriak: 30 boto

 

(ERANSKINA) HAUTAGAITZA: BATZORDE ERAGILEA ETA ARABAKO, BIZKAIKO ETA GIPUZKOAKO LURRALDE  BATZORDEAK

 

EUDELEN BATZORDE ERAGILEAREN KIDEAK AUKERATZEKO  EAJ/PNV, EH BILDU eta PSE-EE (PSOE)-ek AURKEZTU DUTEN KANDIDATURA

(2019 – 2023)

IZEN-ABIZENAK

UDALERRIA

KARGUA/

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteiz Alkatea/ELKARTEBURUA
Jose Antonio  Santano Irun Alkatea/ELKARTEBURUORDEA
Nagore Alkorta Azpeitia Alkatea/ELKARTEBURUORDEA
Angela Eguia Gordexola Alkatea
Txomin Sagarzazu Hondarribia Alkatea
Ager Izagirre Mungia Alkatea
Aitziber Oliban Erandio Alkatea
Txelo Auzmendi Asparrena Alkatea
Ane Beitia Elgoibar Alkatea
Mikel Torres Portugalete Alkatea
Saioa Elejabarrieta Lemoa Alkatea
Iñigo Gaztelu Larrabetzu Alkatea
Josune Irabien Amurrio Alkatea
Koldobike Olabide Legazpi Alkatea
Xabier Lertxundi Hernani Alkatea

 

EUDELEN ARABAKO LURRALDE  BATZORDEKO KIDEAK AUKERATZEKO EAJ/PNV, EH BILDU, eta ELKARTE INDEPENDIENTEAK   AURKEZTU DUTEN KANDIDATURA (2019 – 2023)

IZEN-ABIZENAK

UDALERRIA

KARGUA

Gorka Urtaran Vitoria-Gasteiz Alkatea
Josune Irabien Amurrio Alkatea
Miren Santamaria Ribera Baja Alkatea
Blanca Antepara Arratzua-Ubarrundia Alkatea
Ernesto Sainz Agurain Alkatea
Eduardo Terroba Oyón-Oion Alkatea
Anartz Gorrotxategi Arraia-Maeztu Alkatea
Txelo Auzmendi Asparrena Alkatea
Aitor Abecia Zambrana Alkatea

 

EUDELEN BIZKAIKO LURRALDE  BATZORDEKO KIDEAK AUKERATZEKO EAJ/PNV, EH BILDU, PSE-EE (PSOE) eta ELKARTE INDEPENDIENTEAK  AURKEZTU DUTEN KANDIDATURA (2019 – 2023)

IZEN-ABIZENAK

UDALERRIA

KARGUA

Amaia Agirre Getxo Alkatea
Elixabete Uribarri Plentzia Alkatea
Ane Legarretaetxebarria Fruiz Alkatea
Imanol Zuluaga Gueñes Alkatea
Saioa Elejabarrieta Lemoa Alkatea
Egoitz Garmendia Otxandio Alkatea
Gotzone Sagardui Bilbao Zinegotzia
Juan Carlos Abascal Ermua Alkatea
Loren Oliva Etxebarri Alkatea

 

EUDELEN GIPUZKOAKO LURRALDE  BATZORDEKO KIDEAK AUKERATZEKO EH BILDU, EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE)-ek  AURKEZTU DUTEN KANDIDATURA (2019– 2023)

IZEN-ABIZENAK

UDALERRIA

KARGUA

Izaro Elorza Oñati Alkatea
Iñaki Ostolaza Zumaia Alkatea
Eneko Maioz Orexa Alkatea
Nagore Alkorta Azpeitia Alkatea
Ane Beitia Elgoibar Alkatea
Jaime Domíngez Macaya Donostia Zinegotzia
Nekane Arrizabalaga Aia Alkatea
Miguel de los Toyos Eibar Alkatea
Jesús María Zaballos Lasarte-Oria Alkatea

“Makila eskuz esku 40 urtez” lelopean, 1979ko alkate jaun-andreak omendu nahi izan ditu EUDELek. Hala, “ondaretzat” jo du “adostearen, konpontzearen eta hobetzearen alde egunez egun, herriz herri, izan duten konpromisoa”.

Imanol Landa jaunak, EUDELeko elkarteburuak nabarmendu duenez, “makilaren ondarea helarazte eta zaintzea da gaurko Udalen indargunea, baita etorkizunaren bermea ere, tokiko lider berri eta hobeentzako inspirazio-iturri“.

Alkateak gara pertsonen zerbitzuarekiko borondatearen eta konpromisoaren eredua. Erreferenteak gara udalen lidergoaren, elkarlanaren eta desberdinen arteko akordioen alorrean.” baieztatu du Imanol Landak.

Gernikan, 2019ko apirilaren 5ean. Guztira emakumezko 4 alkate eta gizonezko 224 alkate hautatu zituzten diktaduraren ondorengo lehenengo udal hauteskunde demokratikoetan, 1979ko apirilaren 3an. Une historiko arazotsu eta hunkigarrian euskal udalgintza berriaren oinarriak ezarri zituzten eta autogobernua nahiz gaur egun indarrean dagoen sistema instituzionala eraikitzeko itzelezko urratsa egin zuten.

Udal Demokraziaren 40. urtemugaren eta (2015-2019) agintaldiko azken Batzar Nagusiaren harira, EUDELek Udal modernoen “oinarri sendoak” ezarri zituzten gizon-emakumeak omentzeko ekitaldi hunkigarria antolatu nahi izan du. Beraiek ekarri zuten udal erakundeak herritarrei zabaltzeko eta haiengana hurbiltzeko nahiz elkarrekiko harremanetan jartzeko prozesua, izan ere, orduko gizartean parte-hartzea gero eta nabariagoa bilakatu zen eta aldaketek ez zuten etenik.

Argazki galeriara esteka

EUDELen omenaldia eta Batzar Nagusia batera egiteari esker, EAEko lehenengo legegintzaldi haren 70 alkate jaun-andre baino gehiago elkartu dira, gaur egungoekin batera.

Belaunaldi arteko topaketa historiko hau, gaur goizean izan da, hain zuzen ere, euskal identitate eta kulturaren ikur nagusietakoa den Gernikako Batzar Etxean. Udalentzat ere identitate handiko lekua da Batzar Etxea, izan ere, han eratu zuten EUDEL 1982ko maiatzaren 8an.

Makila eskuz esku 40 urtez’ lelopean eta ‘makila’ bera ekitaldiaren ildoa izanik, eskarmentua eta udaletan gauzak “egiten jakiteko” modua, eskuz esku, helaraztea da izan da 40. urtemuga ospatzeko ekitaldi honen ardatza.

Hitzaldi instituzional honetan, EUDELeko elkarteburua den Imanol Landa jaunak alkate jaun-andreen lana goretsi du belaunaldiz belaunaldi datorren “transmisio kate bateko begiak” direlakoan, garai bakoitzean udalerrien bizi-kalitatearen eta aurrerabidearen alde guztia emateagatik.

Landa elkarteburuak euskal udalerrien aitorpen bateratua adierazi die haien udalen alde lan egiteko bizitza eskaini zuten “boluntario guztiei, baliabide gutxirekin eta trukean ezer jasotzeko asmorik gabe”.

Ana Otadui andereak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, ekitaldiaren harrerako agurra emateko hitzaldian, nabarmendu duenez, “Daborduko badira lau hamarkada Gernikako Batzarretxe hau aukeratu zala, leku historikoa dan ezkero, Euskadiko Udalen Elkartea eratzeko. Pozarren nago gaur Genikan egingo jatzuelako omenaldia zeuei, 1979an lehenengo udal demokratikoen buru jarri zinien pertsona adoretsuoi”. Otaduik ere honakoa gehitu du: “Nik, beste askok lez, pentsetan dot zerbitzu publikorako bokazinoa daukan pertsona batentzat ez dagoala gauza pozgarriagorik bere herriko alkatea izatea baino”.

Bestalde, EUDELeko elkarteburuak ere herritarrengandik gertuen dauden herri-erakundeen zeregin garrantzitsua nabarmendu du: “Aurrez aurre begiratu izan diegu etengabe gure bizilagunei, haien errealitatetik gertu.” Eta batez ere zailtasun ekonomikoak egon direnean, “gehien behar zutenei laguntza ematen”.

Bestalde, Imanol Landak gogoan izan ditu “ ausardiaz eta uste osoz”, “garai ilunetan” lan egin behar izan zutenak, terrorismoak udaletako bizitza eta lana mehatxatu zuenean. “Garai gogor haietan ez genuen etsi, lanean jarraitu genuen ausardiaz eta uste osoz, gure udalerrietako aurrerabidearen alde. Gaur egun garena uste sendoko hainbat pertsona onberari zor diogu, haiek asmatu baitzuten indarkeria zentzugabeari erantzuten, ideia eraikitzaileekin eta ekintzekin.”

Iraganeko eta etorkizuneko erronkak

“Ondarea, eskuz esku helaraztea” islatzeko, omenaldi honetan Historian zeharreko ibilbidea egin dute, 1979 eta 2019 arteko sei alkateen lekukotzak jasotzearen bidez. Beteranoen eta haien ondorengoen ekarpenak elkarri emanez, azken lau hamarkadetako Euskal Udalen iraganeko eta etorkizuneko erronkak gogora ekarri dituzte. Gainera, etorkizunari begira, seiek hainbat aholku luzatu dizkiete ekainean eratuko diren Udal berrien agintariei.

Manuel Fernando Ramosek –1979an Ortuellako alkatea izan zenak- eta Arantza Etxebarria Gorlizko alkateak gizarte-zerbitzuetan eta arreta komunitarioan izandako bizipenen berri eman dute. Biek goretsi dute udaletan egiten den oinarrizko lanaren balioa, “herri eta hirietatik komunitatea eratzeko”, eta ongizatea, bizi-kalitatea eta gizarte-kohesioa garatzeko.

Sol Bujanda Arabako Moredako demokrazia garaiko lehenengo alkatea eta Idurre Bideguren Bermeoko alkatea emakume hautetsien lidergo eta jabekuntzaren garrantziari buruz bat etorri dira udal politika “eraldatzeko” eta udalerrietan gizon eta emakumeen arteko eraikuntzan aurrera egiteko elementu gisa.

Mari Sol Bujandak argi dauzka belaunaldi berriei eman beharreko aholkuak: “gaur egungo alkateek, eta zinegotziek, foru ahaldun nagusiek eta autonomiako sailburuek zeregin handia dute berdintasunaren alorrean. Haien eginkizuna ezinbestekoa da, izan ere, ez du beste inork egingo haien ordez. Emakumeek ardura politikoak betetzeari dagokionez, etiketak baztertu behar dira. Kultura eta Gizarte Sailburu izateaz gain, badugu gaitasuna Hirigintza edo Ekonomia zuzentzeko.”

Julen Mendoza Errenteriako alkateak, euskal udalek bizikidetza lantzearen aldeko hautu irmoa hartu beharra babestu du eta jendearengandik gertuen dauden herri-erakundeak herritarren arteko loturak sendotu ditzaketela nabarmendu du.

Amaierako hitzaldia Jose Antonio Ardanza Lehendakariaren eskutik heldu da. Bera Arrasateko alkatea izan zen 1979an eta, ondoren, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia. Bere esperientzia politiko zabaletik abiatuta, udalerriek aurrera egiteko herriaren mesedetan lan egiteko gogoak eta alkateen lidergoak zer dakarten azaldu digu Ardanza Lehendakariak.

Ildo horretan, Ardanzak demokraziaren lehenengo Udalen hastapenak gogorarazi dizkigu: “Ez geneukan telefono mugikorrik, ezta internet, sare sozialik, edo gaur egun arruntak diren gauza askorik; osterantzean, sinesten genuen hainbat kontutan: askatasuna, demokrazia, berdintasuna, ideien errespetua, gure gizartearen aniztasuna eta gure udalerrietan. Izan ere, beraiek behatzen, epaitzen eta bozkatzen gaituzte.”Beti pentsatu dut udalak direla politikarien eginkizuna ikasteko eskolarik onena; izan ere, gure 7 Lehendakarietatik 3 alkalte izan ziren lehenago.” aipatu du Ardanza Lehendakariak.

Topaketa gogoangarria

EUDELek omendu nahi izan ditu topaketa honen protagonistak Iker Belaustegi Munitibarreko alkateak 2009an demokraziaren udalen 30. urtemugan egindako bertsoekin. Bertso bera berriro interpretatu dute beren-beregi omenaldi honetan, Olatz Salvador abeslariaren ahots eta gitarraren bitartez.

Imanol Landak eta Ana Otaduik, Eudeleko bi elkarteburuordeak diren Jose Antonio Santano Irungo alkatearekin eta Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteriako alkateordearekin batera, bertsoaren oparia eman diote omendutako bakoitzari, eskura.

EUDELek aitorpen publiko honetan egon ezin izan duten udal arduradun kideei bereziki oroitu nahi ditu. Denak gogoan eduki ahal izateko, 228 izenekin egindako bideo bat erakutsi da eta tarte batzuetan 1979ko zenbait irudi historiko tartekatu dira.

Ekitaldira EUDELeko azken elkarteburu izan den Ibone Bengoetxea eta aurretik egon diren Jokin Bildarratz eta Karmelo Sainz de la Maza ere etorri dira.

Bizkaiko Foru Aldundiak, ELGAren eskutik eta EUDEL–Euskadiko Udalen Elkartearen laguntzarekin, jardunaldi bat antolatu du gaur goizean Euskalduna Jauregian, Gobernu Irekia kudeaketa publikoa hobetzeko bultzagarri gisa erabiltzeari buruz.

Jardunaldiaren xedea izan da gaiaren inguruko hausnarketak partekatzea, udaletako eta Bizkaiko Foru Aldundiko arduradun politiko eta teknikoekin, baita foru sektore publikoko erakundeekin ere, eta, aldi berean, gobernu irekiaren alorrean egindako berrikuntzek dituzten indarguneak aztertzea, hainbat gobernuk bizitako esperientziak partekatuta. Hain zuzen, honako pertsona hauek hartu dute parte jardunaldian: Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak, Ibone Bengoetxeak; Leioako alkate eta EUDELen ordezkariak, Mari Carmen Urbietak; eta, hizlari nagusitzat, Alessandro Bellantonik, ELGAko Gobernu Irekiko programaren buruak; Katju Holkerik, Finlandiako Finantzen Ministerioko Gobernu Irekiko Sailaren Finantzen kontseilariak, eta Juan Martín Vilak, Buenos Airesko (Argentina) Gobernuaren Kalitate Instituzionalaren zuzendari nagusiak.

EUDELen ordezkari Mª Carmen Urbietak balioetsi egin du Euskadiko udalek bultzatutako konpromisoa eta lana, gobernantza onaren eta gobernu irekiaren alde.

Leioako alkateak, EUDELek Gobernantzaren alorrean egindako lanaren erakusgarri, ELoGE Bikaintasunaren Europako Zigiluaren proiektua eta tokiko gobernantza onaren 12 printzipioak nabarmendu ditu. Zigilua erreferentzia gorena da Europako udalentzat, eta EUDEL eta Europako Kontseilua dira horren sustatzaileak, Euskadiko udalen talde aitzindari baten bitartez, hiru lurraldeetako foru aldundien lankidetzarekin. Zigiluaren lehen edizioan, 2017an, Euskadiko bost udalek (Leioa, Basauri, Irun, Ermua eta Urnieta) jaso zuten Europako Batzordearen bereizgarri gorena. 2018ko edizioan, Euskadiko beste lau udal (Legazpi, Bermeo, Zamudio eta Amurrio) dira 2018ko ELoGE Zigilua jasotzeko hautagaiak; erabakia abenduaren 19an jakinaraziko dute, EUDELek Bilbon duen egoitzan izango den sari-banaketaren ekitaldi ofizialean.

  • EUDELen elkarteburu eta Getxoko alkateak, Imanol Landak, FEKOORek gaur goizean Bilbon antolatutako ekitaldian hartu du parte, Abenduak 3–Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna dela-eta.
  • Urte bat gehiago, EUDELek bat egin du erakundeek eta gizarteak FEKOORi agertutako babesarekin; era horretan, desgaitasuna duten pertsona guztien inklusioaren eta bizi-kalitatea hobetzearen alde FEKOORek egindako lan arduratsu eta eraginkorra balioetsi nahi du EUDELek.

FEKOORek sentsibilizazio-ekitaldi bat antolatu du Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Egunerako, eta, horren bitartez, pertsona guztiek modu independentean bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu du berriro. Ekitaldian EUDELen elkarteburu Imanol Landa izan da, baita Bilboko alkate Juan Mari Aburto ere, beste hainbat agintarirekin batera, adibidez, Gizarte Politiketako sailburuordea Lide Amelibia eta Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatu Isabel Sánchez Robles.

Bilboko Arriaga Antzokiko plazan jarritako karpan izan dira aldarrikapen-egun honetako ekitaldiak; bertan, Desgaitasun fisikoa eta/edo organikoa duten pertsonen Bizkaiko federazioak berriz ere azpimarratu du FEKOORek zuzendu duen Bizitza Independenterako Ereduak xede duen gizarte-eraldaketako proiektu hau hedatu eta gizarteratzeko garrantzia.

Aurten, modu independentean bizitzeko eskubidearen alde bideratu du FEKOORek abenduaren 3ko kanpaina, “Aldaketarako eragilea naiz. Bizitza independentearen alde” lelopean. Kanpainaren xedea da FEKOORek gizarteari proposatzen dion Bizitza Independenterako Eredua hedatu eta gizarteratzea. Metodologia berritzailea da, diskriminazioa saihesteko, mendekotasunari aurrea hartzeko eta gaitasunak, inklusioa eta parte-hartzea indartzeko.

Bizitza Independenterako Ereduari esker, pertsona guztiek, euren gaitasunak gorabehera, gizartean parte har dezakete, inolako bazterketarik gabe. EUDELek eta Euskadiko udalek babesa agertzen dute komunitatean erabateko inklusioa lortzearen alde, aukera-berdintasuna, irisgarritasun unibertsala eta diseinua eskainita pertsona guztientzat.

Informazio gehiago: www.fekoor.com @Fekoor #FEKOOR  #DesgaitasunaNazioartekoEguna #NiEragileBI

 

 

 

EUDELEN ELKARTEBURUA BISCAYTIK-EN X. URTEURRENEKO EKITALDIAN IZAN DA

Imanol Landa, EUDELen elkarteburua eta Getxoko alkatea, ostegunean BiscayTIK Fundazioaren X. urteurrena ospatzeko ekitaldien amaiera-galan izan da.

BiscayTIK Fundazioa 2008an sortu zuen Bizkaiko Foru Aldundiak, lurraldeko udalei modernizazio teknologikoren prozesuan laguntzeko.

Galan 400 pertsona baino gehiago izan dira, besteak beste, babesleak eta babesle ohiak, foru diputatuak, Bizkaiko udaletako alkateak eta bestelako udal ordezkariak, enpresak eta hornitzaileak eta BiscayTIKekin batera ibilbidea egin duten herritarrak.

Ekitaldian, bideo bidezko mezuak ikusi dira, BiscayTIKekin, hamar urte hauetan zehar, elkarlanean aritu diren erakunde eta eragileek bidalitakoak. Zoriontze-mezuen artean izan da EUDELen elkarteburuarena ere; lurralde osoko udalen izenean hitz egin du.

“ZORIONAK eta eskerrik asko teknologia modernizatzen eta modu eraginkorrean erabiltzen 10 urteotan udalei eman diezuen laguntzagatik. Benetan eskertzekoa da egin duzuen lana, herritar guztien zerbitzura delako. Datozen urteetan funtsezkoa izango da Aldundiarekiko elkarlana. Helburua da Bizkaiko udalerri guztiek ̶ gure tamaina alde batera utzirik ̶ elkarrekin aurrera egin ahal izatea, “lurralde adimenduna” bezala. Etorkizuneko erronka konplexu baina pozgarri honetarako, BiscayTIK fundazioaren laguntza eta aliantza izaten jarraituko dugu. Berriz ere ZORIONAK, eta izan gaitezen bidelagun beste 10 urtez!” Imanol Landa, EUDELen elkarteburua, Getxoko alkatea

Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna dela eta (AZ25), Onda Vasca-ren “Euskadi fin de semana” programak EUDELeko berdintasun-sareetako bi ordezkari elkarrizketatu zituen: Josune Irabien, Amurrioko Alkate eta Basqueskola sarearen ordezkaria; eta Estibaliz Anitua, Uribe Kostako berdintasun-teknikari eta Berdinsarea-ko kidea. Bi sareak bultzatzea, EUDELen eta Emakunde-Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzari esker gauzatzen da.

ENTZUN elkarrizketa osoa esteka honetan:

https://www.ondavasca.com/#/audios/declaracion-de-eudel-en-el-25n

Josune Irabien alkateak indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerrien konpromisoaz hitz egin zuen, EUDELeko AZ25eko Adierazpenean islatuta. Era berean, Irabienek azpimarratu zuen garrantzitsua dela emakume hautetsiek sareetan elkartzea, udaletatik politikan parte-hartze eta intzidentzia handiagoa lortzeko, eta, horrela, gizarte anitz, inklusibo eta berdintasunezkoen lorpen kolektiboari laguntzeko.

Bestalde, Estibaliz Anituak azaldu zuen nolako lana egiten duten udaletako berdintasun-teknikariek Berdinsarean, burutzen duten lan horrexen bitartez sortu baitira tokiko berdintasun-planak, indarkeria-protokoloak, genero-eraginari buruzko ebaluazioak edo kontzientziazio-kanpainak, hala nola AZ25ekoa eta  Martxoaren 8koa.

  • Emakundek bultzatutako , eta EUDEL-en eta hiru Foru Aldundien parte-hartzearekin Beldur Barik 2018 programaren amaiera ospatuko da azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen burutuko den Topaketan.
  • Beldur Barik programak 58 udalerritako 309 ikus-entzunezko lan jaso ditu. Lan horietan neska eta mutilek erakutsi dute nola egiten dieten aurre ezberdintasunezko eta indarkeriazko egoerei, errespetuan, parekidetasunean, askatasunean eta autonomian oinarritutako jarrerekin.
  • Programak gazteei, indarkeria sexista identifikatzeko eta horiei Beldur Barik Jarrerarekin aurre egiteko tresnak eskaintzen dizkie.
  • Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, erakundeek puntu lila erabiltzera deitu dituzte herritarrak emakumeenganako indarkeriaren aurka daudela erakusteko.

Beldur Barik programa, gazteekin batera, indarkeria sexista prebenitzeko helburua duen urteroko programa da. 2009an jarri zen abian Emakundek eta EUDEL-ek bultzatuta, Berdinsarea- Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-ren esparruan. Egun, Emakundek bultzatzen du eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien, zein EUDEL-en babesa jasotzen ditu. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) eta EITBren laguntza du.

EUDELen aldetik Josune Irabienek hartu du hitza, Amurrioko Alkate eta Basqueskola Sareko ordezkariak. Josune Irabienek azpimarratu du Beldur Barik tresna eraginkorra dela, belaunaldi gazteenetatik hasita, emakumezkoak gero eta gehiago ahalduntzeko. “Programa honen baliorik handiena hauxe da: neska nerabe eta gazteen AHOTSA ENTZUNARAZTEA, euren duintasuna, segurtasuna eta errespetua eskatzen dute-eta.” -adierazi du.

Zentzu honetan, Amurrioko alkateak azaldu du Euskadiko udalerrietan egiten diren tokiko jarduerek “bozgorailu” gisa balio dutela, nesken mezua heda dadin. “Neska horiek, beraien kideekin batera, gizarte berdinzaleagoa aldarrikatzen dute; pertsona guztiak aintzat hartzen dituen gizartea”-esan du.

Azkenik, EUDELen ordezkariak Udalen konpromisoa eta zeregin garrantzitsua nabarmendu ditu, tokiko berdintasun-politikak bultzatzeko orduan: “Udalek, hurbiltasuna dela-eta, lagundu dezakegu emakumezkoek nork bere ahotsez eta askatasunez hitz egin dezaten. Udalerrietan lan egiten dugu espazio eta komunitate berriak sortzeko; emakumezkoek indarkeria eta diskriminaziorik gabe bizitzeko duten eskubidea errespeta dadin.”

Josune Irabien

2018ko Beldur Barik Topaketa Gasteizen ospatuko da azaroaren 24an, larunbatean. Topaketaren jaian, urte osoan zehar, euskal geografia osoan gazteekin garatutako lanari amaiera eman ahal izango zaio. Topaketan Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren (12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendutakoa) sariak banatuko dira. Sari-banaketan, ezberdintasun egoerei aurre egiteko errespetuan, berdintasunean, askatasunean, autonomian, erantzunkidetasunean eta indarkeria sexistaren ukapen irmoan oinarritutako jarreren ikus-entzunezko adierazpenak saritzen dira.

Edizio honetan 300 lan baino gehiago aurkeztu dira eta 58 udalerrik parte-hartu dute. Horietatik %76a lehen kategoriakoak dira, 12 eta 17 urte bitartekoena. Eta lanen %24a bigarren kategoriari dagozkio, 18 eta 26 urte bitartekoena. Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dira: 500 euroko lehen saria eta 300 euroko aipamen berezia. Horietaz gain, beste bi sari ere banatuko dira. Beldur Bariken webgunean egingo den herri bozkaketarekin, partaidetza saria aukeratuko da eta 300 euroko saria jasoko du. Eta, aurten ere, ikus-entzunezko ekoizpen onena baloratuko da 300 euroko sariarekin. Era berean, nabarmentzekoa da tokian-tokiko Beldur Barik lehiaketa ugari antolatu direla. (Beldur Barik webgunean Lehiaketa Lokalei buruzko informazioa eskuragai: : http://beldurbarik.org/eu/2018-lehiaketa-lokalak/ .

 

Indarkeria sexistak eragiten dituen desberdintasun faktoreen identifikazioa

Aurkeztutako lanetan ikusten da gazteek geroz eta hobeto identifikatzen dituztela indarkeria sexista eragin dezaketen desberdintasun faktoreak eta hauei aurre egiteko jarrera agertzen dutela. Aurten jorratutako gaiak oso anitzak izan dira. Jorraturiko zenbait gai hurrengoak izan dira: egunerokotasunean bizitzen dituzten sexismoa eta diskriminazioa, kultura matxistan dauden edertasun kanonei egiten dieten kritika, maitasun erromantikoaren barnean sare sozialen bitartez bizi duten kontrola eta ahalduntze kolektiboaren barnean saretze feministaren garrantzia. Gaiak anitzak izan badira ere, jende gazteak aukeratutako gaien bidez indarkeria sexistari aurre egiteko moduak adierazi dituzte aurrekoetan baino modu sakonagoan.

Beldur Barik bultzatzen duten erakunde guztiek nabarmendu dute gazteekin indarkeria sexistaren prebentzioa lantzearen garrantzia. Nahiz eta gazteengan indarkeriak eragin handia izaten jarraitu, geroz eta tresna gehiago dituzte erasoak identifikatu ahal izateko.

Beldur Barik bezalako programek laguntza eskaintzen diete gazteei, indarkeria sexistaren identifikaziorako tresna tresnak eskura jarriz. Gazteen jabekuntza eta indartze prozesuak errazten dituzte, eta, gainera, ezberdintasun eta indarkeria egoeren aurrean erantzuteko gaitasuna indartzen dute. Nesken ahalduntzea bultzatzen da eta ere berean hausnarketa prozesu horiekin, mutilek egoera horietan duten protagonismoa eta ardura identifikatzen dute. Jarrera matxista betikotzen duen korporatibismo maskulinoari aurre egiten diete, indarkeria eragiten duenaren gaineko interpelazioaren beharra identifikatuz eta konplizitate eza agertuz. Mutil bezala dituzten pribilegioen birplanteamendu bat egiten dute eta neskekin aliantzak sortzen dituzte benetako berdintasun bat lortu eta indarkeria matxista gainditzeko.

Vitoria-Gasteiz, Beldur Barik Hiria

Azaroaren 24an Vitoria-Gasteizen ospatuko den topaketan, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta ikuskizun ugari izango dira. Tailerrak El Pilar Gizarte Etxean izango dira eta sari-banaketa Europa Jauregian. Herrietatik gerturatzeko doako autobus zerbitzua erraztuko da, hiru probintzietatik inolako arazorik gabe hurbildu eta bueltatu ahal izateko.

Honako hauek dira programatutako ekintzak:

  • 16:30-17:00 Ongi etorria, autobusen helduera El Pilar Gizarte Etxean.

Silvia Ayerra artistak sortutako Photo Call-a, Komando Clitorix DJekin batera.

  • 17:00-18:30 Tailerrak: Gorputzak eta mugimendua; Maskulinitatearen Tra(n)p-ak; Lodifobia lantzen duen Operación Bikini tailerra; Gorputzak astindu Hip Hoparen bitartez; No me la cuentes: medios, mujeres y música.
  • 18:35 – 19:10 Beldur Barik Kalejira! El Pilar Gizarte Etxetik Europa Jauregira arte. (Gazteei askaria banatuko zaie ibilbidea hasi baino lehen).
  • 19:15-21:15 Sari-banaketa, Zuriñe Hidalgo aurkezlearen eskutik.

Vitoria-Gasteizko Tokiko Lehiaketaren Sari Banaketa

Beldur Barik Lehiaketa Orokorreko Sari Banaketa

Musika emanaldiak: Ziztada &Rlantz

Annita Parker

  • 21:15 – 21:30 Autobusen irteera Europa Jauregitik.

Informazio gehiago www.beldurbarik.eus

Puntu Lila

Bestalde, Azaroaren 25 ospatzeko (Emakumearenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna), Beldur Barik programa bultzatzen duten instituzioek dei egiten dute herritarrek puntu lila erabili dezaten. Ikurra publikoki erakusteak oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eza duen indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa agertzea suposatzen du.