Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak Gasteizen otsailaren 13an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta euskal udalek, beste gai batzuen artean, 2024ko zerga itunduen diru-bilketa ixteari buruzko akordioak hartu eta 2024ko Egokitzapenerako Funts Orokorraren behin betiko likidazioa onartu dute.

Aurten, urriko 2024ko aurre-likidazioan aurreikusi zen bezala, zerga-bilketa murriztu egin da, Auzitegi Gorenak lan-mutualitate zaharren gainean emandako epaien ondorioz foru-aldundiek PFEZn gauzatutako itzulketek eragina izan dutelako.

HDEKri buruzko informazio zabalagoa (2025/02/13): https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/99126-consejo-vasco-finanzas-publicas

Udalen ordezkariak

Euskal udalerrien aldetik, hiru lurralde historikoetako hiru alkatek hartzen dute parte Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan:

  • Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
  • Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Natividad López de Munain Alzola, Burgeluko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragileko bokala)

Arrisku partekatua eta finantza-nahikotasuna

Bileraren osteko agerraldian, EUDELeko elkarteburuak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen berehalako deialdiaren garrantzia nabarmendu du, zerga-bilketak (2024ko likidazioa) Udal Finantzaketarako Foru Funtsetan duen eragina ezagutzeko.

Esther Apraizek hiru mezu helarazi ditu. Lehenik eta behin, gogorarazi du udalak, gainerako erakundeak bezala, arrisku partekatuko eta “erantzunkidetasuneko” sistemaren mende daudela, eta sistema horretan erakunde guztiek diru-bilketan egon daitezkeen desbideratze negatiboak beren gain hartu behar dituztela, kasu honetan, mutualisten epaien ondorioz.

Bigarrenik, pozik agertu da likidazioaren datuak bat datozelako urriko Kontseiluan egindako balioespenekin, eta azaldu du, aurretiazko informazio horrekin, “aurreikusleak izan garela eta diru-sarrera horiek deskontatu ditugula udal-aurrekontu errealistak eta egoera ekonomikora egokituak ateratzeko. Gaur egungo testuinguru konplexuak eskatzen dituen zorroztasun-irizpide eta zuhurtasun-irizpideei eutsiz beti. ”

Azkenik, Derioko alkatea den elkarteburuak udalek finantza-nahikotasuna izatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du, herritarrentzako oinarrizko zerbitzuei eta erronka sozial, teknologiko eta ekologiko berriei erantzuteko. “Agintaldiaren erdialdean gaude, eta proiektu asko ditugu aurrera ateratzeko, gure udalerrien eta lurraldeen garapen sozial eta ekonomikorako estrategikoak direnak” aipatuz bukatu du.

  • Gaur lehiari eta toki-erakundeen jarduera ekonomikoari buruzko jardunaldi bat egin da Bilbon, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (MLBN) antolatuta, EUDELekin lankidetzan.
  • Jardunaldia LEA/AVCk egindako ‘Toki-erakundeek jarduera ekonomikoan duten eragina’ txostenaren gainean oinarritu da. Foro honetan Bilbo, Donostia, Getxo, Erandio, Laudio eta Sopelako udal esperientziak aurkeztu dira.

Esther Apraiz elkarteburuak, Noël d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuarekin batera, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak (CNMC) antolatutako “Udalerriak eta lehia” jardunaldiari hasiera eman dio gaur, Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) laguntzarekin.

Foroa EUDELen Bilboko egoitzan egin da, eta EAEko udalei LEAk egindako eta Ainara Herce presidenteak aurkeztutako ‘Tokiko erakundeen eragina jarduera ekonomikoan’ txostenaren berri emateko balio izan du. Cani Fernández CNMCko presidenteak, bere aldetik, ‘Udalerriak eta Lehia’ proiektuaren garrantzia azpimarratu du. Proiektu hori Batzordeak sustatu du, autonomia-erkidegoetako agintaritzekin batera, toki-erakundeek merkatuetan duten esku-hartzearen kalitatea hobetzeko eta ongizate orokorra murrizten duten jarduerak saihesteko.

Esther Apraizek, Derioko alkate ere badenak, Lehiaren arloko agintarien eta tokiko erakundeen arteko lankidetza estutzearen balioa eta premia azpimarratu du: “Gaurkoa bezalako jardunaldiek gure udalen artean jardunbide egokiak identifikatzen laguntzen digute; eta, EUDELen bitartez, partekatu egiten ditugu, elkarrekin ikasteko eta beste udalerri batzuetan funtzionatzen duena eredutzat hartzeko.”

“Sendatu beharrean, prebenitzea da helburua”, adierazi du Apraizek. “Lehia arautzeak lagundu egiten digu gure jarduera publikoan eta hainbat sektore ekonomikotan dituen eraginetan eraginkorragoak eta efizienteagoak izaten, jokabide okerrak edo arau-hausteak ekar ditzaketen desorekak saihestuz”. Elkarteburuak azpimarratu du garrantzitsua dela “tokiko erakundeok, ordenamendu juridikoak ematen dituen aukeren artean, aukera mesedegarrienak hartzea lehiari dagokionez. Horrek, gure udal-kudeaketaren kalitatean ez ezik, Euskadiko udalerrien ongizate orokorrean eta garapen ekonomikoan ere eragingo du”.

Nöel D’Anjou sailburuak azpimarratu du udalak funtsezkoak direla paper aktiboa eta kontzientea hartzeko, ez soilik garapenaren sustatzaile gisa, baita gizarteko sektore guztiei mesede egingo dieten bidezko baldintzen bermatzaile gisa ere.

Parte-hartze horiei esker, administrazioetako ordezkarien eta inplikatutako eragileen arteko eztabaida sortu da. Zehazki, udal esperientzien mahaian honako hauek dira parte hartu dutenak: Javier Garcinuño, Bilbao Ekintzako zuzendaria; Ander Larrinaga, Arabako Garapen Ekonomikoko zuzendaria eta Laudioko zinegotzia; Susana Bugallo; Olatz Elorza, Donostiako Kontratazio arduraduna; José Rica, Getxoko Sustapen Ekonomikoko teknikaria; eta Erandio eta Sopelako kontu-hartzaileak, Susana Bugallo eta María Cambeiro, hurrenez hurren.

‘Udalerriak eta Lehia’, lan bateratua

Irene Pinillak, MLBNko Laguntza Publikoen eta Arau Proiektuen Txostenen zuzendariordeak, lehiari eta interes ekonomiko orokorreko zerbitzuei dagokienez udal-jardueraren mugetara hurbilduz jarraitu du jardunaldia, eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen tresna bat aurkeztu du, neutraltasun lehiakorra sustatzeko. Ildo horretan, MLBNren jarduerak eta materialak ere aurkeztu ditu, hala nola dekalogoak, gidak, prestakuntzak

Azkenik, udalerriek ere beren esperientziak eta praktika egokiak partekatu dituzte. Ander Larrinaga Arabako Foru Aldundiko Ekonomiaren Garapen eta Berrikuntzako zuzendari eta Laudioko Udaleko zinegotziak zenbait kasu praktiko azaldu ditu (euskaltegia, gimnasioa, zinema…), eta azpimarratu du, udal erakundeetatik zerbitzuak ematerakoan, “funtsezkoa testuingurua eta zer behar betetzen ari garen ulertzea dela, eta koordinazioa eta osagarritasuna kontuan hartzea”.

Javier Garcinuño Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiak adierazi duenez, hiriko garapen ekonomikorako sozietate publikoa “merkatuaren akats bat estaltzen saiatzen” ari da, “edo interes komunak ondasun edo zerbitzu jakin hori behar duela egiaztatzen, espazioen zuzeneko lagapenaren proportzionaltasuna eta alternatibak bilatuz”.

José Ricak, Getxoko Udaleko Ekonomi Sustapen Arloko teknikariak, Getxo Sormen Hub – Industria Sortzaileen Ekintzailetza Zentroaz hitz egin du. “Mikroenpresei espazio publikoak aldi baterako lagatzean datza, udalak sektorearen jarduera sustatzeko egindako apustu gisa”.

María Cambeiro Sopelako Udaleko kontu-hartzaileak itsaso eta lehorreko jabari publikoaren erabilerari heldu dio, eta kasu zehatz batean jarri du arreta: “Sopelako hondartzako surf klaseek diru-sarrera ekonomiko handia dakarte. Zerbitzu bat eskatzen ari ez garenez, nahiz eta kontratazio-arau bat aplikatu, udalerriak ez gara bezeroa, hesia jartzen dutenak baizik. Baimen bat da, eta gu gara lehiaren aldeko ikuspegia izan behar dugunak”.

Susana Bugallo Erandioko Udaleko kontu-hartzaileak adierazi duenez, “herritarrentzako premia edo onura handiagoa bada lehia askeari egiten zaion kaltea baino, toki-erakundeek ondasun edo zerbitzu jakin batzuk eskain ditzakete”.

Azkenik, Olatz Elorzak, Donostiako Udaleko kontratazio-arduradunak, lehen pertsonan bizitako kasu batzuk kontatu ditu, eta adierazi duenez, “lehia sustatzeko, oso gogoan izan behar dira kontratazioaren printzipioak, funtsean transferentzia eta publizitatearena, tratu-berdintasunarena eta diskriminaziorik ezarena, eta konkurrentziarena”.

Jardunaldia online emititu da eta berriro ikus daiteke esteka honetan.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Irunen izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), kasu honetan, familia-barruko indarkeriaren testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egin du Irungo Udalak deitutako elkarretaratzearekin (5 minutuko isilunea), gaur, 19:00etan, San Juan plazan. Euskadiko Udalen Elkarteak, bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2025eko otsailaren 6an

2025/02/5. Esther Apraiz Alberto Martinez sailburuarekin bildu da gaur, sailburuak horrela eskatuta. Sailak udalekin lankidetzan aritzeko borondatea aurreratu dio sailburuak, osasun estrategiak jorratzeko eta komunean sustatzeko, prebentzioaren arloan dituen eskumenen bitartez.

Ildo horretan, Osasun sailburuak Euskadiko Osasun Behatokia aurkeztu dio EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateari. Behatokia azterketa, komunikazio eta ikerketarako tresna da, eta euskal herritarren osasuna monotorizatzea eta ebaluatzea du xede, ekitatearen eta generoaren ikuspegitik.

Bi erakundeek egokitzat jo dute Behatokia EAEko udal guztiei aurkeztea, eta haien eskura jartzea, osasunaren arloko informazio-tresna baliotsu gisa.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du atzo Barakaldon izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta  hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…), kasu honetan, familia-testuinguruan, emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egin du Barakaldoko Udalak deitutako elkarretaratzearekin, gaur, 18:00etan, Udaletxe aurreko plazan. Euskadiko Udalen Elkarteak, bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2025eko urtarrilaren 4an

  • EUDELeko elkarteburuak CEMR-ko tokiko liderren goi-bileran parte hartu du Karlsruhen (Alemania). Bertan, demokraziarako egungo mehatxuak eta horiei tokiko autogobernutik, deszentralizaziotik eta maila anitzeko gobernantzatik aurre egiteko gomendioak aztertu dira.

Karlsruhe, 2024ko abenduaren 10a. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak CEMRren (Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseilua) Batzorde Politikoaren urteko azken bileran parte hartu du atzo eta gaur, 41 herrialdetako 150 tokiko gobernuren ordezkariekin batera. Alemaniako Karlsruhe hirian egin dute bilera, eta tokiko autogobernua eta Europako agendan udalen eragin handiagoa aldarrikatzeko balio izan du, Batzordearen eta Parlamentuaren ibilbide berriarekin bat eginez.

CEMRk tokiko liderren goi-bilerarako deia egin du, “Europa indartsuago, autonomoago eta erresilienteago baten eraikuntzan tokiko gobernuek duten funtsezko zeregina eztabaidatzeko eta biltzeko aukera paregabe gisa”. Eskuin muturraren gorakadaren mehatxuaren eta gorroto diskurtsoen aurrean Europako arkitektura demokratikoaren defentsa izan da CEMRren goi-bileraren ardatz nagusia.

Esther Apraizek, erakunde horretako batzorde politikoko kideak, EUDELek sustatzen duen euskal udalen “espiritu europazale sakona” nabarmendu du: “CEMRko organoetan lan egiten dugu, demokrazian eta ongizatean, bizi-kalitatean, jasangarritasunean eta gizarte-kohesioan aurrera egiten laguntzen diguten Europako balioak babesteko”.

EUDELeko elkarteburuak, subsidiariotasun-printzipioari helduta, Europa mailan erabakiak hartzeko udalek parte-hartze aktiboagoa izan behar dutela defendatu du, gainerako erakundeekin elkarlanean. “Europa bidegurutze batean dago, eta tokiko gobernuen ahotsa entzun behar du, politika hurbilagoak diseinatzeko, maila anitzeko gobernantza- eta finantzaketa-mekanismo berriekin, pertsona guztien beharrei eraginkortasunez erantzungo dietenak, Europako udalerri guztietan”.

Esther Apraizek gogorarazi du balioen eta erakundeekiko konfiantzaren krisia “erronka handia” dela gizarte guztientzat, eta jarduera bateratua eta koordinatua eskatzen duela. “Demokrazia indartzeak herritarrekin konexio handiagoa izatea dakar, hautetsien eredugarritasunaren, gobernu onaren, gardentasunaren eta herritarrek gai publikoetan parte hartzearen bidez”.

Goi-bilerak iraun duen bi egunetan, hainbat errealitatetako eta sentsibilitatetako tokiko agintariek erronka komun handiei buruz eztabaidatu eta hausnarketak trukatu ahal izan dituzte: migrazioa eta aldaketa demografikoa, Ukrainaren inbasioa, aniztasun kulturala eta linguistikoa, berdintasuna politikan eta gizartean, trantsizio klimatiko-energetikoa, digitalizazioa eta zerbitzu publikoen hobekuntza, besteak beste.

Demokraziarako mehatxuak eta gomendioak

Karlsruheko goi-bilera honetarako, CEMRk posizionamendu politikorako dokumentu bat egin du, non Europan demokraziari egiten zaizkion mehatxu nagusiak aztertzen diren. Besteak beste, eskuin muturreko alderdiek Europako Parlamentu berrian izan dezaketen eragina aipatzen da, eta CEMRk ohartarazpena egin du Europako politikaren deriba antidemokratikoen aurrean. Aldi berean, erakunde horrek argitu du Parlamentu hautatu berriak “Europaren aldeko gehiengoa” izaten jarraitzen duela, eta interes handia duela tokiko eta eskualdeko politika publikoak indartzeko, Europak munduko eragile estrategiko gisa jardun dezan.

Ildo horretan, EUDELek bat egiten du CEMRren mezuarekin, zeinak tokiko autogobernua “deszentralizazio politiko eta fiskalaren” bidez indartzearen alde egiten baitu. Esther Apraiz elkarteburuaren ustez, hori lagungarria izango da tokiko gobernuek finantza-baliabide eta eskumen eraginkorrak izan ditzaten, “gure komunitate eta lurraldeen eraldaketa bultzatzeko, eta, aldi berean, udalerriek Europako eta Estatuko politiken eraketan duten egiturazko eginkizuna bermatzeko”.

  • Erreminta digital honek erabiltzaileei aukera ematen die administrazio edo zerbitzu publikoko txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzako txartela, Gaztetxartela), jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edota Lanbide edo metaposta bezalako webguneetan sartzeko
  • Jaurlaritzaren eta EUDELen arteko lankidetzari esker, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta udalerri horietako bizilagunek udal-txartelak ere digitalizatu ditzakete, hala nola liburutegiko edo kiroldegiko txartelak

NIK Patrika Digitala Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailak garatutako zerbitzu digitala da eta helburu du pertsonen egunerokotasuna erraztea eta Administrazioaren eraldaketa digitala sustatzea. Izan ere, tresna digital honek administrazio edo zerbitzu publiko desberdinetako txartel edo zerbitzuak mugikorrean eramateko (Osakidetzaren txartela, Gaztetxartela…), bai eta abisu eta jakinarazpen garrantzitsuak jasotzeko edo Lanbide edo metaposta bezalako webguneetara sartzeko aukera ematen du, APP bakar bat erabilita.

Halaber, dagoeneko 14 udalerri batu dira zerbitzura, eta, beraz, NIK Patrika Digitalaren parte diren herrietako bizilagunek udal txartelak ere sar ditzakete APP horretan, hala nola, kiroldegiko txartela edo liburutegiko txartela. NIk Patrika Digitala zerbitzua eskaintzen duten udalak honako hauek dira: Bilbo, Donostia, Gasteiz, Abadiño, Amorebieta-Etxano, Elgoibar, Galdakao, Gernika-Lumo, Legazpi, Lemoa, Mungia, Ondarroa, Santurtzi eta Zalla.

Informazio-kanpaina

Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak zerbitzuari buruzko informazio-kanpaina garatu du, bi helbururekin: batetik, APPa herritarren artean ezagutaraztea eta pertsona gehiagok zerbitzua erabil dezaten lortzea. Eta, bestetik, udalerri gehiagotara zabaltzea NIK Patrika Digitala aplikazioa.

Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmen bat sinatua du EUDELekin, Nik Patrika Digitala tresna udalen eskura jartzeko. Orain, Euskadiko Udalen Elkartearen bidez, zirkular bateratu bat bidali da EAEko udal guztietara, atxiki gabeko udalerriek bat egin dezaten zerbitzuarekin.

NIK Patrika Digitala APPa erabili nahi duten pertsonek informazio guztia eskuragarri dute nik.euskadi.eus webgunean, eta aplikazioa Apple store-n eta Play store-n deskarga daiteke. Erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, zerbitzua erabiltzeko beharrezkoa da BakQ identifikazio elektronikoa; BakQ-a online edo aurrez aurre eskuratu edo berritu daiteke.