Eudel

Berriak

Nabarmenak

Azken berriak

  • ‘Virginia Woolf Basqueskolak’ orain arteko lanari ekin dio berriro ere legegintzaldi berrian, Euskadiko udalerrietako emakumezko hautetsien artean sareak eta aliantzak eratuz, eta hiru lurraldeetan estrategia parte-hartzaile nahiz deszentralizatua sustatuz.
  • Ekimena aitzindaria izan zen 2012. urtean; halaber, Berdintasunerako Europako Gutunaren Behatokiak ‘praktika on’ izaera eman zion. 2016ko edizioak bat egingo du EUDEL Europako Udal eta Eskualdeen Berdintasun Batzordeko presidentetzan izango den urtearekin.

www.eudel.eus/destacados/basqueskola                #basqueskola @basqueskola

Bilbon, 2015eko abenduaren 17an. Gaur osteguna, Euskadiko emakumezko alkateak eta zinegotziak bildu dira Virginia Woolf Basqueskola 2016 ikasturte berriaren aurkezpenean. Programak “gune propioa” eskaintzen die Euskadiko udaletan politikan diharduten emakumeei. Eskolak berriro ekin dio lanari legealdi berriaren hasieran, berriz ere sare bat sortzeko asmoz euskal emakume hautetsien artean: gobernuan edo oposizioan daudenak, udalerri handietan edo txikietan ari direnak, eta sentsibilitate edo joera politiko ezberdinak dituztenak.

Izaskun Landaidak, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen zuzendariak, eta Ibon Uribek, Galdakaoko alkate, EUDELen ordezkaria eta Europako Udal eta Eskualdeen Berdintasun Batzordeko (CMRE) presidente denak, ikasturte berriari ongietorria eman, eta tokiko emakume hautetsiei gonbidapena egin diete, berdintasunaren alde kontzientzia politikoa “aktibatzeko” egunero lan egiten duten emakumeei esker handituz doan sarera gehitu daitezen.

Basqueskola 2012an sortutako ekimen aitzindaria da, eta EUDELen eta Emakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Programaren ardatz nagusiak informazioa, prestakuntza, gaitasunen garapena eta ahalduntzea dira, bakarka zein taldeka.

Honako ikastaro hauek eskaintzen dituzte, besteak beste: coaching mintegiak, tailerrak, eta emakumezko hautetsi ohiekin mahai-inguruak. Horietan, ikasleek politikan sartzean eta jardutean aurre egin beharreko oztopoei buruzko iritziak eta bizipenak partekatzen dituzte.

Emakume hautetsientzako harrera-eskuliburua

Jardunaldian, “Politika pentsatzea: Emakume hautetsientzako harrera-eskuliburua” liburua aurkeztu da.

EUDELek eta Emakundek argitaratutako eskuliburuak genero ikuspegitik jardun politikoa eta emakumeen egitekoa ezagutzeko eta ulertzeko gakoak ematen ditu, bai eta emakumezko politikarien gaitasuna indartzeko hausnarketarako elementuak ere.

Ikusi eskuliburua

Emakume hautetsien arteko elkarrizketa mahaia

María Pilar Legarra, Asteasuko (Gipuzkoa) alkatea, Nati López de Munain, Burguko (Araba) alkatea, eta Amaya Rojas Ruiz, Barakaldoko (Bizkaia) zinegotzia, hirurak ere Basqueskolako ikasleak, elkarrizketa-mahai batean aritu ziren; bertan, tokiko politikan izan dituzten bizipenez eta eskolaren helburuez jardun zuten.

EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak eskura jartzen die bai udalei bai gainerako tokiko euskal erakundeei UDALA aldizkariaren ale berezia, legealdiaren amaierarekin batera.

Argitalpen honen bidez, Euskadiko Foru Ogasunen zerga itunduen ondoriozko diru-bilketaren bilakaera aztertu dugu, bai halaber berorrek nolako eragina izan duen Udalak Finantzatzeko Foru-Funtsetan 2011-2015 legealdian zehar.

Era berean, atxikita doan eranskinean 2014ko ekitaldiko likidazioaren datuak azaltzen ditugu, 2015eko otsailean Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak onartutako kopuruetatik datozenak, baita Finantzetako Lurralde Kontseiluek ondoren emandako informaziotik ere.

Aldizkaria formatu digitalean, eskuragai hemen:

http://www.eudel.eus/eu/publicaciones/udala

Urtea amaitzear den honetan, 2014an udal Gardentasunaren arloan aurrera egiteko asmoz Euskadiko udalekin batera prestatu diren materialei eta egindako ekintzen laburpenari buruzko Buletin berezia aurkezten da. Dokumentu guztiak http://www.eudel.net/destacados/transparencia/?lang=eu webguneko Gardentasun atalean kontsultatu daitezke erraztasun osoz.

2013an EUDELen baitan sortutako Gardentasun Sareak, gaur egun, 31 udal eta mankomunitate 1 ditu kide aktibo gisa, eta, ondorioz, Euskadiko populazioaren %57 ordezkatzen du.

Udal gardentasuna lantzeko metodologia zehatza, gidak eta tresnak prestatu ostean, Euskadiko udalak prest daude ‘Publizitate Aktiboan’ aurrera egiten jarraitzeko (Gardentasunari buruzko Web Atariak osatuz) eta ‘Informazio Publikoa Eskuratzeko Eskubidea’ betetzeko. Gardentasun Lege berriak obligazio gisa jasotzen ditu lan-esparru bi horiek, tokiko erakundeei dagokienez.

Urte honetan eta datorren ikasturtean*, Eudelek zenbait jardunaldi eta lan-saio antolatu ditu hurrengo erronkak zeintzuk diren identifikatzeko eta Euskadiko udalek zein urrats eman dezaketen jakiteko, udal gardentasunaren etengabeko hobekuntzarako eta iraunkortasunerako.*Datorren urtarrilean, “EUDEL, IVAP eta Foru Aldundien arteko Zeharkako Plana” izeneko 2015eko ikastaroen programa ofizialaren berri emango da.

Informazio gehiago: udaltransparencia@eudel.net

Herri Administrazio eta Justiziako Sailak Euskadiko Udal Legearen Aurreproiektua gaur aurkeztu du, asteartea, uztailak 1, Gobernu Kontseiluaren ostean.

Gaurtik aurrera, testua jendaurreko kontsultara zabalduko da.

Aurreproiektuaren zirriborroa joan den ostiralean, ekainak 26, aurkeztu zitzaien Euskadiko Udalen Elkarteari (EUDEL) eta hiru foru aldundiei, Euskadiko Udal Kontseiluaren baitan.

  • Atzoko Batzarrak Elkartearen Estatutuak berritzeko prozesuari ekitea erabaki zuen, urte bukaera baino lehen Ezohiko Batzar Orokor batean bazkideek onar ditzaten aurkeztea xede.
  • Ekitaldian, Ibone Bengoetxea Eudeleko elkarteburuak eta Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak Udal Legearen zirriborroaren ardatz nagusiak aurkeztu zituzten.

Basaurin, 2014ko ekainaren 6an. Eudeleko Batzar Nagusiak hiru lurraldeetako udalerrietako ehun bat alkate bildu zituen Basauriko Social Antzokian, Euskadiko tokiko esparruan lehentasunezkoak diren gaiak jorratzeko.

Eguneko Gai-zerrendako puntuen barruan, akordiorik garrantzitsuenetakoa Eudelen Batzorde Eragileak prestatutako proposamena izan da, antolakuntza eta barne-funtzionamenduko oraingo Estatutuak berritzeko ardura izango duen lantaldea sortzeko; izan ere, Estatutua 1992ko abendutik dago indarrean.

EUDEL Udalen Elkarteak, Euskadiko udalgintza bizitzen ari den garai berrien garrantziaz jabetuta (lege eta araudi aldetik aldaketa garrantzitsu ugarirekin), uste du egokia izango litzatekeela Estatutuak eta arauak berritzea.

Gaur, inoiz baino gehiago, beharrezkoa da EUDELen rola indartzea udal interesen ahots eta solaskide bakar gisa, tokiko autonomiaren defentsan eta gainerako instituzioen aurrean, Euskadiko udalen presentzia indartuz euskal arkitektura instituzionalean.

Eudelen nahia da honako hau prozesu parte-hartzailea izatea, eta, ildo horretan, Batzar Eragilearen konpromisoa da udalek etengabeko informazioa jasotzea lanen garapenari buruz. Hain zuzen ere, aurreikuspenen arabera, lanak urte amaiera baino lehenagoko Ezohiko Batzar Nagusiarekin amaituko dira, eta, modu horretan, EUDELen Antolakuntza eta Funtzionamenduko Estatutuen berrikuntza aztertu eta, hala beharko balitz, onartu ahal izango litzateke.

Udal Legearen ardatzak

Gainera, Elkartearen Batzar Nagusi hau Euskadiko udalentzat oso garrantzitsua den une batean egin da, Udal Legearen erronkaren eta aukeraren aurrean. Hori dela eta, Udalen Elkarteak Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburua gonbidatu du, alkateei bertatik bertara jakinarazteko zeintzuk diren Eudelekin lankidetzan lantzen ari diren testuaren zirriborroaren funtsezko edukiak.

Ibone Bengoetxea Eudeleko elkarteburuak ere Udal Legean oinarritu du bere irekiera-hitzaldia: orain, inoiz baino beharrezkoagoa da gure tokiko autogobernurako. Hauxe da unerik egokiena Euskadiko udalerrien eskumen-sistema eta finantzaketa-eredua finkatu eta aintzatesteko, eta finantziazio nahikoa eta ez-baldintzatua lortzeko.

Elkarteburuak balioa eman nahi izan dio Euskadiko Udal Kontseiluaren berraktibazioarekin irekitako erakundeen arteko lankidetzaren eta lanaren bideari; hain zuzen ere, Eudelek udalen interesak eraman ahal izan ditu bertara, eta funtsezko ekarpenak ere egin dizkio zirriborro legegileari.

Ildo horretan, elkarteburuak gogorarazi du zeintzuk diren, 2010eko “Udal Legerako oinarriak” dokumentutik hona, Eudelen aldarrikapen historikoa osatzen duten lehentasunezko hiru ardatzak, testuaren zirriborro berrian sartuko direnak:

  • Tokiko autonomia. Euskadiko udalerriak berezko botere publikoa direla aitortu behar da, gainerako botereengandik desberdinak direla, eta herritarren arazoetatik gertu daudela. Horren bitartez, udalak benetako Tokiko Gobernu gisa aitortu behar dira, berezkoak eta bereizgarriak diren helburu estrategikoekin eta tokiko politikekin bat etorriz.
  • Nahikotasun finantzarioa. Legez esleitu daitezkeen eskumenek finantziazio nahikoa eta ez-baldintzatua aurreikusi beharko dute. Udalek ahotsarekin eta botoarekin hartuko dute parte Finantzen Euskal Kontseiluan.
  • Erakundeen arteko lankidetzarako mekanismoak. Udalerriak bi organo berritan daude ordezkatuta: batetik, Tokiko Politika Publikoen Euskal Kontseiluan, eta, bestetik, alerta goiztiarretarako bigarren organo batean. Bigarren horretan, tokiko autonomiari buruzko xedapen arautzaileen eragina aztertzen da, eta horren gaineko informazioa ere ematen da.

Hiru ardatz horien bitartez, Ibone Bengoetxeak esandako moduan, tokiko gobernu ireki, parte-hartzaile, garden eta berritzaileak eraiki ahal izango ditugu; tokiko gobernu modernoak eta kalitate instituzionalekoak”.

Bere hitzaldiaren amaieran, Eudeleko elkarteburuak erakunde eta talde parlamentario guztien inplikazioa eskatu du, eta lankidetzan aritzeko eskatu die, “adostasun mailarik handiena lortzeko eta, modu horretan, herrialde osoarentzat eta lortu nahi dugun udal eredu berriarentzat hain beharrezkoa den Udal Legea onartzeko”.

2014ko aurrekontua

Elkarteak 2014rako duen aurrekontu osoa guztien adostasunez onartu da, eta 2.724.204,98 eurokoa da. Kopuru horrek %2,94ko murrizketa dakar aurreko urteko aurrekontuarekiko.

Gastuen aurrekontuaren banaketa:

%41,32  Langile gastuak

%24,82  Erosketak eta Zerbitzuak: lan eta ikerketa tekniko-juridikoak

%17,65  Inbertsioak eta programak: gardentasun eta berrikuntza sareak, udalerri txikiak, trebakuntza, gizarte zerbitzuak, berdintasuna, euskara…

%15,38  Gastu finantzarioak eta Pasibo finantzarioak

Bilbon, 2014ko martxoaren 27an. EUDELek Euskadiko Udal Kontseiluaren laneko lehenengo bileran parte hartu du. Martxoaren 27an, ostegunean egin zuten, eta bertan herri-erakundeetako hiru mailak egon ziren (Gobernua, Foru Aldundiak eta euskal Udalak), etorkizuneko Euskadiko Udal Legea eta Tokiko Administrazioa Arrazionalizaziorako eta Iraunkortasunerako Legeak ekarriko dituen eraginak jorratzeko asmoz.

Lehendakaria bera topaketa honetan egon da. Bertan, Eusko Jaurlaritzak, Aldundiek eta EUDELek lan-talde murritzagoa osatzea adostu dute, Batzorde Eragileak koordinatuta, Kongresuan onartutako Legean zehaztutako berehalako erronkak argitzeko eta haiei erantzuteko asmoz. Bilera horren ostean, zazpi lagunez osatutako taldea eratuko da: Gobernuko kide bi, EUDELeko bi eta Foru Aldundi bakoitzeko bana.

Euskadiko Udalen Kontseilua EUDELek deitu du eta Udalen Elkartearen lehenengo bilera honetarako ordezkaritza anitza izendatu dute, Euskadiko udaletan dauden alderdi eta sentsibilitate guztietako ordezkariez osatuta.

EUDELen izenean Batzorde Eragileko hiru kideak egon ziren: Ibone Bengoetxea Lehendakaria, Jose Antonio Santano Lehenengo Lehendakariordea eta Irungo Alkatea eta Aitor Kerejeta Hondarribiako Alkatea. Gainera, Udalen izenean Manu Uriarte Vitoria-Gasteizko zinegotzia, Aitor Abecia, Zanbranako Alkatea eta Eneko Maioz, Orexako Alkatea egon ziren.

Lehenengo topaketa honetan izan zuten xedea Udal Legeari buruzko laneko lehentasunezko ardatzak aztertzea izan zen. Euskadiko udalek epe labur eta ertainean dituzten erronkak aztertu ziren, batik bat, Arrazionalizazio eta Finantza Iraunkortasunerako Legearen berehalako inpaktuen aurrean erantzunak bilatzea.

Euskal Udalen iritziz, Legea inoiz baino beharrezkoagoa da eta Tokiko Erreforma Euskadiko herri-erakundeen berezko esparruari eta bere berezitasunei egokitzeko aparteko aukera osatzen du. EUDELek inplikatu guztien mesedetarako araua lortzeko adostasunak landu ditu, betiere euskal herritar guztien onerako. Hiru lurralde daudenez gero, EUDELek irizpide bateratuak zehazteari egoki deritzo, gure herriaren partekatutako ikuspegi ordenatua helarazteko asmoz, ahalik eta hemogeneoa eta, gainera, tokiko autonomiaren nahiz lurralde bakoitzaren berezitasunen errespetuan.

Udal Legea herri-erakundeen arkitekturaren gailur gisa hartzeari dagokionez, EUDELeko ordezkariei beste herri-erakundeei euskal udalen hiru aldarrikapen historikoak helarazi dizkiete: eskumenen mugapen zehatza; horiek burutzeko finantzak nahikoak izatea eta udalerriek Finantzan Euskal Kontseiluan parte-hartze aktiboa edukitzea; eta, halaber herri-erakundeetako hiru mailen arteko harremana, koordinatzako organo berrien bitartez, esate baterako, Politika Publikoen Kontseilua.

Bileraren gai ordena

  • Etorkizuneko Euskadiko Udal Legean jorratu daitezkeen gai nagusien azterketa.
  • Euskadiko Udal Legearen Aurreproiektua idazteko lanak dauden fasea.
  • Galde-eskeak.

Herri-erakunde bakoitzeko joandakoak:

  • EUDELen izenean: Ibone Bengoetxea, Lehendakaria; Jose Antonio Santano, Irungo Alkate eta Lehenengo Lehendakariordea; Aitor Kerejeta, Hondarribiako Alkatea; Aitor Abecia, Zambranako Alkatea; Eneko Maioz Orexako Alkatea; eta Manuel Uriarte Vitoria-Gasteizko Udalaren Ogasun eta Funtzio Publikoko zinegotzia.
  • Gobernuaren izenean, Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzaren Bozeramailea eta Administrazio Publikoko eta Justiziako Sailburua; Peru Bazako, Herri-erakundeen Harremanen Sailburuordea; Elixabete Etxanobe, Herri-administrazioekiko Harremanetarako Zuzendaria; eta Joseba Alcalde, Ogasun eta Finantza Saileko ordezkaria.
  • Arabako FAren izenean: Aitor Uribesalgo, Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Foru Ahalduna; eta Javier Ruiz de Arbulo, Tokiko Administrazioko Foru Ahalduna.
  • Bizkaiko FAren izenean: Unai Rementeria, Lehendakaritzako Foru Ahalduna eta Joseba Escribano, Udal Harremanen eta Hirigintzako Zuzendaria.
  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean: Garbiñe Errekondo, Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko Foru Ahalduna; eta Helena Franco, Ogasun eta Finantzako Foru Ahalduna.

Euskadiko Udal Kontseilua hurrengoek osatzen dute: EUDELen izenean sei lagun; foru aldundien izenean sei lagun (lurralde bakoitzeko bi); eta Eusko Jaurlaritzako sei gehienez.

Organo hau 1994an sortu zen eta herri-erakundeen hiru mailen artean elkar topatzeko, adosteko eta laguntzeko kontsultarako gunea da.

Bilbon, 2014ko otsailaren 24an. EUDELek -Euskadiko Udalen Elkarteak- Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren saria jaso du, pribatutasuna kudeatzeari eta datu pertsonalak erabiltzeari dagokionez, euskal udalerrietan praktika onak zabaltzeagatik.

“Datu pertsonalak babesteari buruzko euskal udalerrientzako Praktika Onak Gidaliburua” prestatzeagatik jaso du EUDELek aitorpen hau. Halaber, material honek aipamen berezia jaso zuen Europako Herri Administrazioen Praktika Onen Sariaren V. edizioan (2009). Gidaliburu hau prestatzeko udal administrazioaren pertsona-talde bat ibili da elkarlanean, EUDELen eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren lidergopean. Taldean Basauri, Beasain, Eibar, Ermua, Getxo eta Vitoria-Gasteizko udaletako teknikariak egon ziren.

Gidaliburu hau Euskadiko herri-administrazioan lan egiten duten 20.000 pertsonarentzako lan- eta laguntza-tresna da, beren zereginak burutzeko dauzkaten datu pertsonalen isilpekotasuna bermatu ahal izateko.

Dokumentuak lau bolumen dauzka eta kudeatzeko prozedurak, eskabideak, dokumentu-ereduak eta ohiko galderetarako erantzunak dakartza. Gainera, eredu praktikoak eta balizko kasu zehatzak dauzka datuen babesari lotutako eguneroko egoerei erantzuna emateko, eta jarraitu beharreko prozeduren eskemak ere badakartza.

Araudia tokian tokiko errealitatearen arabera egokitzea

Honako gidaliburu honek prozeduren inguruko irizpide-sorta bat eskaintzen du datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legeria udal erakundeen tokiko errealitateari behar den bezala egokitzeko. Horretarako, bere tamaina eta baliabideak kontuan hartzen ditu eta sentsibilizazioa, kontzientzia hartzea, prestatzea eta praktika onak bereganatzea sustatzen da.


Gidaliburua formatu bikoitzean eskaintzen da: inprimatuta eta bertsio digitalea. Udalek eta horri buruz zerbait jakin nahi duten herritarrek DPBB/AVPDren eta EUDELen webguneetan ere eskuratu dezakete.

Testuingurua EUDELen eta Europako Kontseiluaren mintegi bat izan da, biek elkar hartuta baitiardute Euskadiko Udalen Kodeari buruzko proiektuan. Europar ordezkariak Bilbora joan dira lehenengo talde pilotuko 15 udalek aurreratu duten lanari segimendua egiteko.

Abenduak 10 eta 11, EUDELek laneko mintegia egin du 15 udaletako Alkateak, zinegotziak eta teknikari arduradunak batzartuta, Euskadiko udal hautetsien Jokabide Kodea ebaluatzeko adierazle-fitxa testatzeko asmoz.

Euskadiko udal politikaren Jokabide, Gobernu On eta Herri-erakundeen Kalitateari buruzko Kodea izeneko proiektu pilotua osatzen duten 15 udalak atzo eta gaur ere batzartuta egon dira lan-saio bitan, hautetsien jokabide etikoa ebaluatzeko aukera emango duten neurketarako adierazleen fitxaren azken ukituak emateko asmoz. Hori guzti hori udal bakoitzeko Etika politikoaren eta Gobernu Onaren etengabeko hobekuntzako plan espezifikoak diseinatzeko xedez egin da.

Euskadiko Udalen Elkarteak antolatu du egun pare batez luzatu den mintegi trinko hau eta, bertan, udalen talde pilotuko hogeita hamar arduradun politikok eta teknikarik parte hartu dute. EUDELeko Batzorde Eragilearen izenean, Ibone Bengoetxea lehendakaria eta Irungo Alkatea den Jose Antonio Santano Lehendakariordea egon dira, hiru lurralde historikoetako hainbat udaletako 10 alkaterekin batera.

Jokabide Kodea eta bere ebaluazioa euskal udaletan

Euskal hautetsien Jokabide Kodearekin batera ebaluaziorako adierazleak biltzen dituen fitxa bat dago. Azken honen bidez, besteak beste, hurrengo arloetan etikaren arabera burututako neurtzeko aukera egongo da:

  • Jokabidearen barneko zein kanpoko kontrolak eta hautetsien gaitasuna
  • Gardentasuna, komunikazioa eta prozedura administratiboak
  • Udalak sektore pribatuarekin dituen harremanak (esate baterako, ondasun eta zerbitzuez hornitzeko kontratu publikoak )

Tresna hau puntuatzeko plantilla bat da. Bertan jasotzen dira atalen arabera antolatutako adierazle kuantitatiboak. Adierazleak hautetsien jokabide etikoari zein udal erakunde osoaren Gobernu Onari buruzkoak dira. Horrek guzti horrek hiru helburu handi ditu: erreferente nazional propioaren kalkulua (Euskadiko udal guztien batez bestekoa); udal bakoitzaren praktika onak identifikatzea (erreferente horrekin alderatuta); eta udalen arteko lankidetza bakoitzaren hobekuntzarako planak diseinatzeko asmoz.