Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Bizkaiko Foru Aldundiko Lehendakaritza Saileko diputatuak, Unai Rementeriak, eta EUDELeko presidenteak, Ibone Bengoetxeak. Horren arabera, Europako Kontseiluarena den udalen erkaketa ebaluazioa egiteko ‘Local Finance Benchmarking’ tresna lurraldeko udaletan ezartzeko proba pilotua egingo da.
Bilbo, 2015eko apirilaren 13a. Gaur goizean, Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek (Euskadiko Udalen Elkarteak) berretsi egin dute Bizkaiko udaletan modernizazioa, gardentasuna eta Gobernu Ona ezartzen laguntzeko konpromisoa; hau da, udaletako ekonomiaren eta aurrekontuen informazioari buruzko adierazleen sistema integrala sortzeko lankidetza hitzarmena sinatu dute.
Lehendakaritzako diputatu Unai Rementeriak eta EUDELeko presidente Ibone Bengoetxeak sinatu duten akordioaren bidez proba pilotu bat egingo da Lurralde Historikoko udaletan udalen erkaketa ebaluazioa egiteko tresna ezartzeko. Tresna berri honen sorrera Europako Kontseiluak bermatzen du, tokiko finantzen erkaketa ebaluazioa egiteko ‘Local Finance Benchmarking’ (LFB) izeneko programa duelako. Tresna honek adierazle ekonomiko batzuk ditu, udaletako diru-sarrerekin eta aurrekontuko kudeaketarekin erkatu direnak.
Europako Kontseilua, beraz, hirugarren kolaboratzailea da Europako tresna Bizkaiko udalen errealitatera egokitzeko proiektu pilotu hau bultzatzeko xedean. Tresna honi esker, gainera, tokiko finantzen kudeaketa politiko eta ekonomiko hobea egingo da, bi ardatz kontuan hartuta: gardentasuna eta herritarrei kontuak ematea. Ardatzok funtsezkoak dira udalen Gobernu Onerako.
Unai_Rementeria_Eudel_finantzak_hobetzeko_akordioa (43380 Kb.)
Ibone_Bengoetxea_Eudel_finantzak_hobetzeko_akordioa (164393 Kb.)
Errekurtsoak_Eudel_finantzak_hobetzeko_akordioa (83400 Kb.)
Hitzarmeneko konpromisoak
Hitzarmen honen bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek proiektua abian jartzeko konpromisoa hartu dute. Udaletako adierazleen sistema koordinatuko dute eta batera hausnarketa egiteko esparrua sortuko dute; horrela, lurraldeko udalen ekonomia eta aurrekontu esparruetako informazioa hobeto kudeatzen eta komunikatzen lagunduko dute.
Lankidetzaren esparruan, EUDELek zuzendu, diseinatu eta jarraituko ditu hasieran lurraldeko bost udalen adierazleen sistemari bakarrik aplikatuko zaion proiektu pilotuko ekintzak.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bestalde, 30.000 euro emango ditu 2015eko ekitaldian zehar proiektu pilotua gauzatu ahal izateko. Halaber, adierazleen sistemaren garapena koordinatuko du eta sistema hori ezartzeko behar diren informazioa eta proposamenak ematen lagunduko du.
Hitzarmenean jaso diren jarduerak garatzeko lankidetza eta koordinazioa hobetze aldera Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta Foru Aldundiak eta EUDELek izendatzen dituzten ordezkariez osatuta egongo da.
Tokiko Gobernu Onari lotutako Europako printzipioak
EUDELek urteak daramatza Europako Kontseiluarekin elkarlanean lan-esparru desberdinetan, Tokiko Autonomiaren Europako Gutunaren jarraipenari eta tokiko berrikuntzarako eta gobernu onerako estrategiari lotuta dauden esparruetan batez ere.
Europako Kontseiluak tokiko gobernu onerako ezarri dituen hamabi printzipioetatik bi oso lotuta daude proiektu honekin:
- 6. printzipioa: jokabide etikoa, interes publikoa interes pribatuen gainetik dagoela bermatzeko.
- 10. printzipioa: finantza-kudeaketa zintzoa, funts publikoak zuhurtziaz eta modu emankorrean erabili direla bermatzeko.
Informazio gehiago: Europako Kontseilua/tokiko demokrazia/12printzipioak:
http://www.coe.int/t/dgap/localdemocracy/Strategy_Innovation/12principles_en.asp
Jardun onak, gardentasuna eta eraginkortasuna
Europako Kontseiluaren Local Finance Benchmarking programak tokiko finantzaketari lotutako jardun onak balioztatzen ditu. Udaletako zergen esparruko politiken diseinuari arreta berezia ematen dio, eta finantzen eraginkortasuna hobetzeko gardentasuna eta herritarrei kontuak ematea bezalako balioak azpimarratzen ditu.
Era berean, informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilera bultzatzen du eta beste parametro batzuk aztertzen ditu, besteak beste: zergen esparruko politika; zerga administrazioaren erroldak; sistemen, tasen, diru-sarreren eta prezioen auditoretza; zerga-politikaren helburuak eta doikuntzak.