Eudel

Berriak

Azken orduko

Azken berriak

Gasteizen, 2014ko martxoak 7. EUDELek Lurralde Kontseiluaren akordioan oinarrituta, Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egitea eskatu du gaur, Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren operatibitate eta efikaziarik ezaren berri emateko asmoz.

EUDELen Arabako Lurralde Batzordeak, 2014ko martxoaren 7an Vitoria-Gasteizen egindako bileran, hartutako erabakiak hurrengoa esaten du hitzez hitz:

“29/1996 Foru Arauaren bitartez, tokiko administrazioko erakundeen eta Arabako Foru Aldundiaren arteko parte-hartze eta koordinaziorako organo gisa eratu da Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseilua. Izaera aholku-emailea eta eztabaida-xedea daukan arren, Kontseiluari funtzio garrantzitsuak esleitzen zaizkio lurraldeko tokiko erakunde guztiei eragiten dieten gai orotan.

Maila desberdineko erakundeen arteko topaketa eta akordio organoa izan beharko lukeen hau tresna formal eta eduki gabekoa bihurtu da; izan ere, Foru Aldundiaren ordezkariek bete beharreko izapide soiltzat hartzen dute.

Kontseiluaren funtzioak tratatzeko era horren ondorioz, ez dauka eraginkortasunik, eta hori agerian geratzen da Lurraldeko tokiko erakundeek informazioa lortzeko duten zailtasunean; hain zuzen ere, informazio hori banan-banan eman beharko litzaieke Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren bileren ondoren.

Egoera hori, gainera, larriagotu egiten da Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren bileretan tokiko interesak defendatzeko izendatutako hautetsiei ematen zaien tratuagatik; izan ere, egoera hori jasanezin bihurtu zen Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak joan den martxoaren 3an egindako bileran.

Azaldutakoari buruzko informazioa emateko eta gaiari buruzko irtenbideak proposatzeko asmoz, EUDELek uste du komenigarria dela Arabako Batzar Nagusien agerraldia eskatzea, eta honen bitartez hori egiten du.”

Segurtasun Sailak hautatzeko eta trebatzeko prozesu bat deitu du udaltzaingoko bitarteko agenteen ( Oinarrizko Eskala eta C-2 Sailkatze Taldea) poltsa bat sortzeko, kidego horretan aldi baterako zerbitzua emateko. Izena emateko epea martxoaren 13an bukatuko da, goizeko 11tan, PLEAren www.arkauteakademia.net webgunean.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean xedatutakoarekin bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait udalek helarazitako eskaerak aintzat hartuta egin da deialdi hau.

Bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, baina Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, jakitun dira zeinen arazo larriak dakartzan tokiko administrazioen arloan udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteak aldi baterako ordeztu beharrak, dela oporraldiak estaltzeko (normalean udan), dela haien funtzioak egiteko bitarteko agenteak izendatu beharra dakarten bestelako egoera jakin batzuetan.

Udalerrien bitarteko teknikorik eza dela-eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da deialdiaz, hautaketaz zein prestakuntzaz, eta lan-poltsaren ondorengo kudeaketaz, berriz, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da; aipatutako poltsa, bestalde, behar beste araututa egongo da.

Aurten bitarteko 80 udaltzain trebatuko dira gutxienez

Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat toki-korporazioen esku aurtengo bigarren hiruhilekoaren amaierarako jartzea da asmoa, aipatutako kidegoetan dauden premiazko zerbitzu-beharrak, aldi baterako bada ere, estali ahal izateko. Lehen 40 udaltzainak ekainerako egongo dira prestatuta, eta gainerako 40ak urtean zehar, irailetik aurrera.

Hala, gaur asteartean, otsailak 25, deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesa duten pertsonek izena emateko aukera izango dute, 2014ko martxoaren 13 ostegun goizeko 11:00ak arte, PLEAren www.arkauteakademia.net webgunean.

Hartarako osatutako epaimahaiak erabakiko ditu ondoren proba bakoitza egiteko eguna, ordua eta tokia. Azken horiek behar bezala iragarriko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean, gutxienez 72 ordu lehenagotik. Halere, oposizioa martxoaren 29an hastea aurreikusita dago.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautatutako lagunak deituko ditu, lehentasun-hurrenkerari jarraituta, maiatzean prestakuntza-ikastaro bat egiteko. Ikastaro hori nahitaezkoa eta kanporatzailea izango da. Ikastaroa amaituta, prestakuntza hori egiten duten pertsonek ebaluazio bat gainditu beharko dute eskuratutako ezagutzak egiaztatzeko, eta gai edo ezgai kalifikazioa emango zaie.

Doako telefonoa informazio lortzeko

Doako telefono honetara deitzeko aukera dago: 900 840 088, astelehenetik ostegunerako ordutegian, 8:30etik 16:30era, eta ostiraletan 8:00etatik 14:00etara, horren gaineko informazio guztia lortzeko.

Bilbon, 2014ko otsailaren 24an. EUDELek -Euskadiko Udalen Elkarteak- Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren saria jaso du, pribatutasuna kudeatzeari eta datu pertsonalak erabiltzeari dagokionez, euskal udalerrietan praktika onak zabaltzeagatik.

“Datu pertsonalak babesteari buruzko euskal udalerrientzako Praktika Onak Gidaliburua” prestatzeagatik jaso du EUDELek aitorpen hau. Halaber, material honek aipamen berezia jaso zuen Europako Herri Administrazioen Praktika Onen Sariaren V. edizioan (2009). Gidaliburu hau prestatzeko udal administrazioaren pertsona-talde bat ibili da elkarlanean, EUDELen eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren lidergopean. Taldean Basauri, Beasain, Eibar, Ermua, Getxo eta Vitoria-Gasteizko udaletako teknikariak egon ziren.

Gidaliburu hau Euskadiko herri-administrazioan lan egiten duten 20.000 pertsonarentzako lan- eta laguntza-tresna da, beren zereginak burutzeko dauzkaten datu pertsonalen isilpekotasuna bermatu ahal izateko.

Dokumentuak lau bolumen dauzka eta kudeatzeko prozedurak, eskabideak, dokumentu-ereduak eta ohiko galderetarako erantzunak dakartza. Gainera, eredu praktikoak eta balizko kasu zehatzak dauzka datuen babesari lotutako eguneroko egoerei erantzuna emateko, eta jarraitu beharreko prozeduren eskemak ere badakartza.

Araudia tokian tokiko errealitatearen arabera egokitzea

Honako gidaliburu honek prozeduren inguruko irizpide-sorta bat eskaintzen du datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legeria udal erakundeen tokiko errealitateari behar den bezala egokitzeko. Horretarako, bere tamaina eta baliabideak kontuan hartzen ditu eta sentsibilizazioa, kontzientzia hartzea, prestatzea eta praktika onak bereganatzea sustatzen da.


Gidaliburua formatu bikoitzean eskaintzen da: inprimatuta eta bertsio digitalea. Udalek eta horri buruz zerbait jakin nahi duten herritarrek DPBB/AVPDren eta EUDELen webguneetan ere eskuratu dezakete.

Jardunaldia urtarrilaren 10ean ospatu zen, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Euskadiko toki erakundeetako 500 lagun baino gehiago bertaratu ziren.

JARDUNALDIAREN IRUDIAK

Diputatuen Kongresuan abenduaren 19an onartu ondoren, eta urte amaieran BOEn argitaratu ostean, 2014an sartu da indarrean Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun Legea. Legearen eragin nagusien gaineko lehenengo hurbilketa egiteko asmoz, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea zabalkunderako jardunaldi bat ospatu zuen, bereziki hiru lurraldeetako udal, mankomunitate, kuadrilla eta partzuergoetako teknikariei zuzenduta. Saioan alkateak eta udal zinegotziak ere izan ziren, bai eta Euskadiko beste instituzio batzuetako langileak ere.

Jardunaldia 09:30ean hasi zen Eudelen elkarteburu Ibone Bengoetxearen hitzaldiarekin, eta Luciano Parejo, Francisco Velasco eta Rafael Jiménez katedradunen txostenekin jarraitu zuen; arau berriaren ardatz nagusiak izan zituzten hizpide, bai eta euskal esparruan izango dituen ondorioak ere.

Izaera orokorreko lehenengo zabalkundearen ondoren (behin betiko testua onartu eta berehala), Elkarteak Lege berriaren azterketa juridiko zehatza egingo du, Euskadiko tokiko erakundeen jarduera-eremuetako bakoitzean izango dituen ondorioak aztertzeko.

Aurrekariak

Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak egindako lehenengo iragarpenetik, 2012ko uztailetik hain zuzen ere, 2014an indarrean sartu den arte, urte eta erdi iraun du Tokiko Administrazioa erreformatzeko arau berria izapidetzeko prozesuak. Halaber, edukiaren azterketa ere konplexua izan da; izan ere, hainbat eta hainbat zirriborro egin dira, eta, azkenean, testuan funtsezko aldaketak izan dira.

 

Euskadiko Udalen Elkartea 2012ko maiatzean egindako Batzarretik aritu izan da Lege honen azterketan eta jarraipenean lan egiten, proiektu legegilearen iragarpen ofiziala baino hilabete lehenagotik. Izapidetze epean, Eudelek hainbat lan-batzorde antolatu ditu udaletako teknikari eta politikariekin, eta, ondoren, balorazioak eskumena duten erakunde guztiei bidali dizkie: Euskadiko tokiko erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, hiru lurraldeetako Foru Aldundiei, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioari, Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioari (FEMP) eta Kongresuko nahiz Senatuko talde politikoei.

Informazio gehiago: www.eudel.net

Tailerra: Gardentasuna eta Datu pertsonalen babesa. Martxoak 7, Bilbon

EUDELek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB/AVPD) “Gardentasuna eta Datu pertsonalen Babesa” izenburupean hitzaldia antolatu dute. Hitzordua Bilbon izango da, hurrengo ostiralean, martxoaren 7an, goizeko 11:00etan, EUDEL Bilbon (Ertzilla, 13).

Doako izen-ematea

Data: 2014ko martxoaren 7a
Hitzordua: 11.00-12.30.
Eudel Bilbao
(Ekitaldi Aretoa. Ertzilla, 13)

Mesedez, baieztatu etorriko zareten:

udaltransparencia@eudel.net
(Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarea)

Hartzaileak: tailer hau politikari zein teknikariei zuzenduta dago.

Hizlariak: Iñaki Pariente, DBEB/AVPDko Zuzendaria eta Roman Intxaurtieta, DBEB/AVPDko Abokatu Instruktore Ikuskatzailea.

Edukiak:

  • Gardentasunari, Informazio Publikoa Erabiltzeari eta Gobernu Onari buruzko Legea indarrean hasteak Udalentzat dakartzan ondorioak eta horrek datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearekin daukan lotura.
  • Legeen artean egon litekeen talka eta interpretatzeko zailtasunak

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldikarian argitaratu da 14/2014 DEKRETUA, otsailaren 11koa, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan ezartzen dituen Dekretua hirugarren aldiz aldatzen duena.

Jendaurreko Ikuskizunei eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legeak, Autonomia Estatutuaren 10.38 artikuluan aurreikusitako eskumena baliatuz onartu zenak, 5.d) eta 20.1 artikuluetan, eskumena ematen dio Jaurlaritzari jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegi orokorra arauz zehazteko, betiere, ikuskizun edo jarduera motak, garaia edo urtaroa eta lanegun, jai-bezpera eta jaiegun arteko bereizketa kontuan hartuta.

Eskumen hori baliatuz, abenduaren 16ko 296/1997 Dekretua onartu zen, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren ordutegiak eta jarduera horiei buruzko beste alderdi batzuk EAEren eremuan ezartzen zituena. Dekretu hori uztailaren 28ko 210/1998 Dekretuak eta martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuak aldatu zuten.

Dekretu hori tresna eraginkorra izan da jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren lokalen ordutegiak arautzeko, baina martxoaren 13ko 36/2012 Dekretuaren bidez egindako aldaketa aplikatu izanak erakutsi du ezen, beharrezkoa dela udalek ordutegia luzatzeko dituzten mekanismoak eraginkortasun handiagoz hornitzea.

Ildo horretatik, batetik, bertan behera uzten da udalek onartu beharreko urteko egutegia, eta malgutasun handiagoa ezartzen da, betiere, ordutegi bereziak baimentzeko bertan ezartzen diren mugen barruan; eta, bestetik, murriztu egiten da eskumena duen udal-agintaritzak interesdunak eskatutako ordutegi-luzapena ebazteko duen epea.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu hau indarrean jarri aurretik Udalek onetsita zituzten ordutegi bereziko egunen urteko egutegiak ez dira, inola ere, hurrengo ekitaldietara luzatuko. Beraz, baimenduak izan ziren urte naturalean soilik izango dituzte ondorioak.

Link EHAA:

http://www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net/r48-bopv2/eu/bopv2/datos/2014/02/1400797e.shtml

Aktiboen balioen narriaduraren inguruko urteroko kontuen memorian jaso beharreko erregistro eta balorazio arauei eta informazioari buruzko 2013ko irailaren 18ko Ebazpen berria, Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritzako Institutuarena (ICAC).

Jardunaldia FIASEP Fundazioak (Sektore Publikoaren Gardentasunerako Ikuskaritza) eta Betean Auditoría antolatu dute, EUDELen lankidetzarekin.

Norentzat: Euskadiko tokiko erakunde, udal sozietate, gainbegiratu eta kontrolatzeko erakunde publiko, eta kontu-ikuskaritzentzat.

Hizlaria: Montserrat Rubio Berezo and.

Kontabilitate eta Kontu Ikuskaritzako Institutuko (ICAC) Normalizazio eta Kontularitza Teknikoaren Ataleko burua

Eguna eta ordutegia:ikastaroa, 4 eskola ordukoa.

Osteguna, martxoak 27: 10:30tik 15:00etara

Lekua: EUDEL Bilbao (Ertzilla kalea 13)

Inskripzioa, FIASEPen bitartez