Eudel

Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan udal ordezkariei emandako informazioa erantsi da. Kontseilua gaur goizean (2018ko urriaren 16a, asteartea) bildu da, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua joan den ostegunean, 18/10/11, egindako bileraren ondoren.

Informazio hori erantsitako dokumentuan dago jasota, eta, bertan, lurraldeko udalerri bakoitzeko banakako datuak eskaintzen dira, 2018ko ekitaldiko (UFFF) Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren likidazioaren aurreikuspenei dagokienez, bai halaber 2019ko ekitaldiko Funts horren konturako sarrerak.

*IKUSI TAULA: UDALERRI BAKOITZEKO DATUAK

500 milioitik gorako zuzkidura izango du lehen aldiz UFFFak, ekonomiaren momentu onak bultzatuta

Gaurko Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluan, Foru Aldundiak eta Udalak bizi duen momentu onean jarri dute azpimarra, aurtengo Udalen Finantzaketarako Foru Funtsak izango duen zuzkidura gehigarria azaltzerako orduan. Zehazki, 500 milioi euroen langa gaindituko da lehen aldiz, 504 milioi euro izango baititu, aurrekontuetan jasotakoak baino 18 gehiago. Udal ordezkariak Donostian egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluan izan dira gaur, eta bertan jaso dute datuen xehetasunen eta azkeneko Herri-dirubideen Euskal Kontseiluan hartutako erabakien berri.

Foru ordezkariekin batera, EUDELeko udal ordezkariek ere hartu dute parte bileran. Udalen ordezkaritza, bere aldetik, Elgoibarko alkate den Ane Beitiak; Azpeitiko alkateorde den Estitxu Elduaienek; Donostiako Ogasuneko zinegotzi den Jaime Dominguez-Macaya; eta Eudeleko zuzendari nagusi den Mar Zabalak osatu dute.

Datorren urteari begira, UFFFren zuzkidura hazi egingo da berriro ere, 14 milioi euro gehiago izango baititu. Horrela, guztira, 518 milioi eurora iritsiko da. Foru Alduendien eta Udalerrien ordezkariek nabarmendu dutenez, aurtengo eta datorren urteko aurreikuspenak “albiste onak” dira udalentzat, baina baliabideak zuhurtziaz kudeatzearen alde egin du. Lehenik eta behin, aipatutako zifrak oraindik ere aurreikuspenak bakarrik direlako. 2018ko ekitaldiaren itxierako behin betiko datuak datorren urteko Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren otsaileko bileran ezagutuko dira.