- Beatriz Artolazabal Sailbuarekin batera, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak eta EUDELen Elkarteburuak “Berrituz Lehen topaketa”n parte hartu du.
- Urtaran: “Pertsonen beharrizanetatik hurbil gaudenez, Udalak berrikuntzak egiten ari gara tokiko gizarte-zerbitzu modernoak finkatzeko, herritar guztientzat hurbileko erreferenteak izan daitezen.”
- Artolazabal: “Erakundeen arteko lankidetzaren bidez, behar gehien duten kolektibo guztiei, adinekoei, mendekoei, zaintzaileei, desgaituei edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei sarbidea errazten zaie gizarte-kohesioko maila altuak lortzen ari diren programetara”
VITORIA-GASTEIZ 19 11 28
Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkateak eta EUDELen Elkarteburuak, Beatriz Artolazabal Sailburuarekin batera “Berrituz Lehen topaketa”n parte hartu du; topaketa Euskadiko hiriburuko Europa jauregian izan da, eta tokiko gizarte-zerbitzuetara bideratuta egon da. Berrituz Eusko Jaurlaritzaren ekimena da, tokiko gizarte-zerbitzuen kudeaketaren inguruko berrikuntza, ebaluazioa eta jardunbide egokiak sustatzekoa.
“Udalak gara Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara sartzeko atea. Pertsonen beharrizanetatik hurbil gaudenez, berrikuntzak egiten ari gara udaletako gizarte-zerbitzu modernoak finkatzeko, herritar guztientzat hurbileko erreferenteak izan daitezen. Helburu horrekin, EUDELek BERRITUZ ekimenean parte hartzera animatu nahi ditu udalak, izan ere, oso tresna baliotsua da tokiko praktika onak eta esperientzia aitzindariak udalen artean zabaltzeko”, esan du Gorka Urtaranek.
Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak euskal udalerriak animatu ditu “foru-aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera, tokiko gizarte-zerbitzuen kudeaketa jasangarrian sustapenaren eta jardunbide egokien buru izaten jarraitzera eta, horrela, behar gehien duten kolektibo guztiei, adinekoei, mendekoei, zaintzaileei, desgaituei edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonei garatzen diren eta gizarte-kohesioko maila altuak lortzen ari diren ekimen eta programetara sarbidea erraztera”.
Gizarte-erronkei tokian bertan emandako erantzunak
Gorka Urtaran EUDELen elkarteburuak azpimarratu duenez, “Hainbat tamaina eta errealitate dituzten lurralde eta udaletan Zorro Dekretua ezartzerakoan eskualde eta kuadrillatan antolatu gara sarean lan egiteko; lehen mailako arretako zerbitzuak egokitzeko baliabideak partekatuz. Etorkizuneko gizarte-politika eta gizarte-zerbitzuak sustatzeko.”
Gorka Urtaranek azpimarratu duenez, “Berrikuntza funtsezkoa da gaur egun ditugun erronka sozial garrantzitsuei aurre egin ahal izateko, hala nola pobreziaren eta desberdintasunen aurkako borrokari, zainketen eta loturen krisiari, biztanleriaren zahartzeari eta abarri. Gainera aintzat hartu behar da gure gizartea askotarikoa dela zeharo, eta babesa eta laguntza behar duten zaurgarritasun-egoerak areagotu eta dibertsifikatzen direla.”
Horregatik, funtsezkoa da gure ahaleginak bideratzea pertsonen elkarrekintza babestu eta sustatzera, bai eta erraztea ere haien autonomia funtzionala, eta familian, gizartean eta komunitatean integratzea.
Finkapena
Sailburuak esan duenez, “gizarte-zerbitzuak pixkanaka herritarren gizarte-eskubide gisa finkatu izanak enfasia haren prebentzio-gaitasunean jarri du, eta politika publikoen beste eremu batzuekin erkatu izanak –besteak beste, hezkuntza edo osasuna– esku-hartzeen kalitateari arreta gehiago eskaintzea ekarri du. Fokua orain gizarte-zerbitzuen eraginkortasuna eta efizientzia erakusteko beharra da. Osasun-zientzietan oso errotuta dauden planteamenduak, besteak beste, ebidentzian oinarritzen den praktika, finkatzen joan dira; izan ere, gizarte-arloko esku-hartzea haren eraginkortasunaren ezagutza egiaztatuan oinarritu behar da, sistematikoki”.
berrituz.eus web-orrialdea
berrituz.eus web-orrialdea 2019ko ekainetik dago abian. Haren funtzioa da tokiko gizarte-zerbitzuen eremuan esperientzia eta dokumentazio interesgarrienak antzeman, aztertu, sailkatu eta zabaltzea. Aldian behingo Berrituz Topaketen lehen edizioa gaur da, eta, haietan, esperientzien trukea sustatzeko eta ikaskuntza kolektiboari bide emateko eragile interesdunak batzen dira.
“Gaur ezagutuko ditugun jardunbide egokiek bezalakoek nor imitatu hautatzen jakiteko eragin dezaketen dei-efektuan sinesten dugu, eta hori beste urrats bat gehiago izan daiteke berrikuntzaren bidean. Ziur gaude esperientzien truke horretatik ekimen berriak eta emankorrak sortuko direla. Herri gisa egokitu zaigun Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema deszentralizatuaren ontasunetan sinesten dugu. Urte hauetan hura eraginkorra dela erakutsi dugu, subsidiariotasunetik, hurbiltasunetik eta gure herritarren arazo eta beharren hurbileneko ezagutzatik. Tokiko udal-mailako lehen mailako arreta da gure sistemaren oinarria, eta lehen mailako arreta horren inguruko jardunbide egokiak ezagutzera eman eta sustatzea tresna eraginkorra da gure Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren eredua finkatzeko”, esan du Artolazabalek.
Berrikuntza
Arantza Mendieta eta Imanol Ilárraz SIIS Dokumentazio eta Ikerketa Zentroko teknikariek Berrituz programa aurkeztu dute; programak Euskadiko tokiko gizarte-zerbitzuen eremuko tresna tekniko eta esperientzia nabarmenak jaso ditu, eta beste leku batzuetan garatu diren eta Euskadin egokitu daitezkeen tresnak edo esperientzia berritzaileak antzematen ditu. Gainera, proiektu berriak abian jartzeko bide ematen duten eta dagoeneko badaudenak hobetzen dituzten ideiak ematen ditu, eta urteko topaketak antolatzen ditu, esperientzien trukea sustatu eta tokiko gizarte-zerbitzuen inguruko ikaskuntza kolektiboari bide emateko.
Tresna teknikoak lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuek prestatutako edo egokitutako tresnak dira, eta haiek diagnostikorako, plangintzarako, esku hartzeko edo ebaluatzeko eginkizunetan erabiltzen dituzte. Galde-sortak izan daitezke, eskalak, sarbiderako baremoak, protokoloak, ordenantzak edo erregelamenduak, baldintza-agiriak, zirkularrak edo adierazleak. Euskadiko udal eta mankomunitateek Berrituzen parte hartzen dute eta, horretarako, beren lehen mailako arretarako gizarte-zerbitzuetan sortu edo egokitu dituzten mota horretako tresnak proposatzen dituzte.
SIISek antolatutako jardunaldian, bestalde, honako hauek parte hartu dute: Silvia Navarroberrikuntzako eta antolamendu-ikaskuntzako prozesuetako bideratzailea, eta “gizarte-zerbitzuetako bizitza adimentsuaz” mintzatu da; Andoni ZulaikaBeterri-Buruntziko udaletakoa; Javier RuizPortugaletekoa, eta Belén ZeberioVitoria-Gasteizko Udaleko familia-babesaren eta harreren unitateko burua.