Eudel
  • Euskadiko Udalen Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin ari da lanean, Euskadi 2020 Agenda Digitala tokiko mailan hedatzeko; horrenbestez, marko horretan, ‘HERRI SMARTIK-udalerri adimendunak’ programa berria jaio da, udalei berrikuntza publikoan eta tokiko administrazioaren modernizazioan laguntzeko.
  • Ekintza-plan estrategiko honek lau laguntza-lerro eskaintzen dizkie udalei 2017-2020 aldirako: Administrazio elektronikoa, antolaketa-eraldaketa eta aldaketa kulturala sustatzea, Gobernantza ona garatzea eta lurralde/udalerri adimendunen (‘Smart Cities’) sareko sistema sortzea.
  • EUDELek ‘LURRALDEAK‘ sortuko ditu, politikariz eta teknikariz osatutako azpibatzorde-sarea. Udalen arteko topaguneak izango dira; bertan, behar zehatzak identifikatu, eta lurralde bakoitzaren tokiko errealitatearentzako erantzunak bilatuko dira.
  • www.herrismartik.eus webgune berriak gaurkotasuneko informazioa, gidaliburuak eta argitalpenak eskainiko ditu, bai eta Tokiko Esperientzien banku bat ere.

<iframe src=”https://player.vimeo.com/video/76979871?background=1″ width=”500″ height=”281″ frameborder=”0″ webkitallowfullscreen mozallowfullscreen allowfullscreen></iframe>

Bilbon, 2017ko azaroaren 14an. Gaur, goizean, EUDELek udal-langileentzako lantalde bat antolatu du, “Herri SmarTIK-udalerri adimendunak” tokiko berrikuntza ekintza-plana ezagutarazteko. Plana EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak antolatu dute, hurrengo urteetan ‘Euskadi 2020 Agenda Digitala’ EAEko udalerrietan sustatzeko. Agenda Digitalaren programa berriak herrialde mailako tokiko estrategia adimendun bat garatzea dakar, udalen parte-hartze aktiboan oinarrituta eta hiru lurraldeetako Foru Aldundiek lagunduta.

50 politikari eta teknikariren aurrean, Imanol Landa elkarteburuak eta EUDELeko Berrikuntza Batzordeko alkateek (Elgoibar, Ermua, Larrabetzu eta Zambrana) lau ekintza-lerro garrantzitsuenak aurkeztu dituzte, udalei, tamaina eta abiapuntua edozein delarik ere, tokiko euskal administrazioa modernizatzen laguntzeko. Honen bidez egingo da: 1) antolaketa-eraldaketa eta aldaketa kulturala 2) administrazio elektronikoa 3) Gobernantza ona eta etorkizunari begirakoa, 4) ‘lurralde/udalerri adimendunen’ sistema sarean.

Ekitaldiaren hasieran, EUDELen elkarteburuak esan duenez, “Udaletan, BERRITZEAK esan nahi du udal kudeaketa herritarrentzako, udalerrietan jarduera ekonomikoa sortzen duten enpresentzako eta, orokorrean, gizarte osoarentzako emaitzarik onenak lortzera bideratzea”. Imanol Landa Getxoko alkatearen ustez, “berrikuntza publikoak hirietako kudeatzaileen eta bertako bizilagunen arteko harremana estutzeko balio du. Teknologia modu “adimendunean” erabiltzean, mesede egingo zaie tresna eta kanal berriei; horien bidez, herritarrek modu aktiboan hartu ahal izango dute parte, eta erantzunkidetasuna sustatuko da.”

Webgune berria eta Tokiko esperientzien bankua

Gaurkotasunari buruzko informazioa, gidaliburuak eta argitalpenak, eta tokiko eta Europako praktika onak www.herrismartik.eus webgunean bilduko dira, eta webgune horren bidez zabalduko dira. Eremu berri honek Euskadiko udalerriek garatutako ‘Smart’ proiektuak partekatzeko atal bat izango du, TOKIKO ESPERIENTZIEN BANKUA izenekoa.

LURRALDEAK – lurralde bakoitzaren beharrei erantzuteko

Estrategia ezartzeko, eta Berrikuntza Batzordearen ildoei jarraituta, EUDELek ‘Lurraldeak’ azpibatzorde-sarea sortzea erabaki du, politikariz eta teknikariz osatua, lurralde bakoitzeko udalen beharrak zein diren identifikatu eta beraien udal errealitatera moldatzeko.

Sareko lan dinamiko hori ezinbestekoa izango da tokiko erakundeei administrazio elektronikoa garatzen laguntzeko, eta NISAE: Euskadiko administrazioen segurtasunerako eta elkarreragintasunerako nodoan pixkanaka sartzeko; izan ere, horrek udalen eta foru aldundien arteko gertuko kolaborazioa ahalbidetuko du.

Nazioarteko radarra – Smart Cities eta ‘Alkate adimendunak‘

Aurreikusitako jardueren artean, NAZIOARTEKO SAREEKIN konektatuko da, eta Europako erreferentziazko proiektuak behatuko dira. Horretarako, EUDELek Smart Cities delakoetan aditua den Igor Calzadaren, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailearen, aholkularitza izango du. Igorrek txosten estrategiko bat egin du, Europako joera berri eta kasu arrakastatsuetan oinarrituta, EAEko udaletan udal garapen adimendunari buruzko eredu bat orientatzeko.

Benetako “udalerri adimendunak” eraikitzea planteatzen du. Planteamendu horretan, ‘Smart Cities’ delakoen kontzeptu digitalaz harago doa, eta teknologiaren erabilera bitarteko gisa erabiltzen du, eta ez helburu gisa. Horrek zerbitzu publikoak hobetzea, eraginkortasun irizpideetan oinarrituta, eta ingurune, ekonomia, demografia, teknologia eta beste hainbat arlotako erronkei erantzuten dien hiriko eraldaketa sustatzea du helburu.

Txostenean, Calzadak “alkate adimendunen” lidergo politiko eta berritzailearen aldeko apustua egiten du, eta herritarrek agente aktibo modura hartuko dute parte (herritar erantzunkidea)-