Jardunaldia urtarrilaren 10ean ospatu zen, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Euskadiko toki erakundeetako 500 lagun baino gehiago bertaratu ziren.
Diputatuen Kongresuan abenduaren 19an onartu ondoren, eta urte amaieran BOEn argitaratu ostean, 2014an sartu da indarrean Toki Administrazioaren Arrazionalizazio eta Iraunkortasun Legea. Legearen eragin nagusien gaineko lehenengo hurbilketa egiteko asmoz, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea zabalkunderako jardunaldi bat ospatu zuen, bereziki hiru lurraldeetako udal, mankomunitate, kuadrilla eta partzuergoetako teknikariei zuzenduta. Saioan alkateak eta udal zinegotziak ere izan ziren, bai eta Euskadiko beste instituzio batzuetako langileak ere.
Jardunaldia 09:30ean hasi zen Eudelen elkarteburu Ibone Bengoetxearen hitzaldiarekin, eta Luciano Parejo, Francisco Velasco eta Rafael Jiménez katedradunen txostenekin jarraitu zuen; arau berriaren ardatz nagusiak izan zituzten hizpide, bai eta euskal esparruan izango dituen ondorioak ere.
Izaera orokorreko lehenengo zabalkundearen ondoren (behin betiko testua onartu eta berehala), Elkarteak Lege berriaren azterketa juridiko zehatza egingo du, Euskadiko tokiko erakundeen jarduera-eremuetako bakoitzean izango dituen ondorioak aztertzeko.
Aurrekariak
Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioak egindako lehenengo iragarpenetik, 2012ko uztailetik hain zuzen ere, 2014an indarrean sartu den arte, urte eta erdi iraun du Tokiko Administrazioa erreformatzeko arau berria izapidetzeko prozesuak. Halaber, edukiaren azterketa ere konplexua izan da; izan ere, hainbat eta hainbat zirriborro egin dira, eta, azkenean, testuan funtsezko aldaketak izan dira.
Euskadiko Udalen Elkartea 2012ko maiatzean egindako Batzarretik aritu izan da Lege honen azterketan eta jarraipenean lan egiten, proiektu legegilearen iragarpen ofiziala baino hilabete lehenagotik. Izapidetze epean, Eudelek hainbat lan-batzorde antolatu ditu udaletako teknikari eta politikariekin, eta, ondoren, balorazioak eskumena duten erakunde guztiei bidali dizkie: Euskadiko tokiko erakundeei, Eusko Jaurlaritzari, hiru lurraldeetako Foru Aldundiei, Ogasun eta Herri Administrazioen Ministerioari, Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioari (FEMP) eta Kongresuko nahiz Senatuko talde politikoei.
Informazio gehiago: www.eudel.net
