Durangon, 2015eko ekainaren 22an. Durangoko Landakogunean, agintaldi berriko ia 300 alkate eta zinegotzi elkartu dira, Euskadiko Udalen Elkarteak deituta. Euskadiko Tokiko Gobernuen lehenengo topaketa izan da, EUDELen Batzar Eratzailearen aurretik. Hain zuzen ere, ziurrenik, Batzar Eratzailea uda ostean egingo da, Batzorde Eragile berria eta Lurralde Batzordeak aukeratzeko.
Harrera eskuliburua: “Udal politika berriaren ardatzak”
Rafael Jiménez Asensio
Udal Gobernuaren testuingurua araudiari eta arlo ekonomiko-finantzarioari dagokienez
Sebastián Zurutuza
Agintaldiaren hasiera: Gobernatzeko gakoak
Enrique Sacanell
Euskadiko udalen ordezkariak tokiko gobernu berriak osatzen dituzten pertsona guztiei helarazi die EUDELek egiten duen lanaren gaineko babesa eta laguntza. Agintaldiaren hasieran, Udalbatzak berritu egiten dira, eta, beraz, garrantzi handiko unea da; hori horrela, EUDELen elkarteburuak beharrezkoak diren adostasunak eskatu ditu berriz ere, Udal Legea onartzeko; izan ere, arau horren bitartez, udalek “ziurtasun handiagoak izango dituzte eguneroko lanean”.
Jardunaldian, herri administrazioari eta udal politikari buruzko aditu batzuek ere hartu dute parte, eta azken lau legegintzaldi-urteei buruz duten ikuspegia eman dute. 2011-2015 denbora-tartean, Tokiko erakundeek araudi-aldaketa handiak izan dituzte: hortxe daude, esate baterako, Aurrekontu Egonkortasunerako eta Iraunkortasun Finantzariorako Legea, eta Tokiko Administrazioaren Arrazionalizazio Legea (tokiko erreforma); azken horri dagokionez, EAErako egin den moldaketan, efekturik sakonenak foru arauen bitartez leundu dira.
Bakoitzaren neurrira eskainitako prestakuntza
Urrian eta azaroan emango den Prestakuntza Programa berriaren bitartez, EUDELek zenbait tresna eskaini nahi dizkie hautetsi berriei, lagungarriak izango zaizkielakoan 2015-2019 agintaldiko gobernu-zereginen garapenean.
2015eko udazkeneko prestakuntza beharrei buruzko galde-sorta
Programa presentziala osatzeko, udal kudeaketarako material eta tresna praktikoak ere eskainiko dira, bai eta laguntzarako dokumentu birtualak ere.
Harrerako Gidaliburua: 2015-2019 Tokiko Politika berriaren ardatzak”
EUDELek argitaratutako Harrerako Gidaliburua udalbatza berrietako kideei dago zuzenduta, bai gobernu-lanetan daudenei zein oposiziokoei. Gidak agintaldi honetako tokiko politikaren ardatz estrategikoei buruzko oinarrizko kontzeptuak, informazio interesgarria eta gomendioak jasotzen ditu: iraunkortasun ekonomiko-finantzarioa eta eraginkortasuna, berrikuntza eta kudeaketa aurreratua, Gobernu ona, gardentasuna, parte-hartzea eta berdintasuna, besteak beste.
Gidaliburuko hasierako kapituluak lan politikorako funtsezkoak diren gaitasunak eta trebetasunak sendotzen ditu; ezaugarri horien artean daude, esate baterako, lidergoa, komunikazioa eta negoziazioa. Era berean, antolakuntza-arloko beste gai batzuk ere jasotzen dira bertan; adibidez, pertsonen zuzendaritza edo politikaren eta kudeaketaren lerrokatzea.
*EUDELen Harrerako Gidaliburua 2015-2019: http://www.eudel.eus/web/docum/manualacogida/Harrera_eskuliburuaEUDEL2015_2019.pdf