2013ko ekainean jakinarazi zenez, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailak eta EUDELek erakunde arteko lantaldea jarri zuten abian. Lantaldearen helburuetako bat zen esku hartzeko oinarrizko prozedura atontzea, Bizkaian gizarte-bazterketaren eta gizarteratzearen arloan inplikatutako administrazio guztien artean adostuta.
Lantalde horrek amaitutzat eman du aipatutako prozeduraren testua idazteko prozesua; horren haritik, esku-hartze prozedurari dagokionez prestatutako dokumentazioa dagokionean banatuko da, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Udaleko Gizarte Zerbitzuak eta Gizarteratzeko Zerbitzua abian jartzen has daitezen.
Esku hartzeko oinarrizko prozesu horretan, aurreikuspenen arabera, eta gizarte-zerbitzuei buruzko 12/2008 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak izango dira, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemara sartzeko atari gisa, aipatutako eskaeren hartzaileak; ondoren, behin dagozkion izapideak beteta, hala badagokio, bigarren mailako arretako Foru Zerbitzuetara bideratuko dituzte.
Jarduteko era hori 2014ko irailaren 1etik aurrera ezarriko da; beraz, orain arte nagusiki jarraitzen zen bidea alde batera utziko da (hau da, eskaerak hirugarren sektoreko erakundeen bitartez jasotzea); horiei guztiei eman zaie dagoeneko egingo den aldaketaren berri.
Prozedura berriaren ondorioz, pertsonak egindako eskaria eta berak emandako agiriak jaso beharko dira, ondoren bigarren mailako arreta-zerbitzuetara bideratzeko.
Prozeduraren gidatze eta zabalkundea
Hasierako fase honetan, aurreikusita dago talde pilotua sortzea, esku hartzeko prozedura aztertzeko. Berorren bilakaera eta garapena egokiak izan daitezen, beharrezkoa da aldi batean ikastea eta trebatzea.
Prozeduraren berri emateko eta prozedura bera ezagutzeko, datozen egunetan –dagokionean jakinaraziko da– edukiak interesa izan dezaketen gizarte-eragileei aurkezteko aukera aztertzen ari da.