Eudel
  • “Batzen gaituena”. Gaur Agurainen (Araba) egindako Batzar Orokorrean, EUDELeko elkarteburuak “ezberdinen arteko batasunera” deitu du, udalerrien interes komunen alde lan egiteko.
  • Esther Apraizek Euskadiko alkateei azaldu die EUDELen “ibilbide-orria malgua” dela eta etorkizuneko garapenei irekita dagoela. Elkartearentzat lehentasunezko hamar lan-esparru aipatu ditu, eta horien artean honako hauek nabarmendu ditu: udalerri txikiei arreta eskaintzea; tokiko enplegu publikoa arautzeko akordioa eguneratzea; edo Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzea herri-erronka handien aurrean, hala nola etxebizitza, jasangarritasuna, pertsona migratzaileen harrera eta administrazioaren arintzea.
  • Batzarrak 2025eko urteko kontuak eta aurrekontua onartu ditu, udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko.

2025eko EUDELeko Batzarraren argazkien galeria: https://flic.kr/s/aHBqjC37Ch

Agurain, 2025eko otsailaren 20an. EUDELen 57. Batzar Orokorrak EAEko alkate guztiak bildu ditu gaur goizean Agurain herrian (Araba). Euskal munizipalismoaren urteroko bilera, aurten, udalen agintaldiaren erdialdean egin da, herri eta hiriei ere eragiten dien ziurgabetasun handiko testuinguru global konplexu batean.

Nagore Alkorta, Esther Apraiz, Cristina Laborda

Saioa 11:30ean hasi da, Aguraingo alkate Raúl Lopez de Uralderen ongietorri-hitzekin. Ohi bezala, Esther Apraiz elkarteburu eta Derioko alkateak gidatu du batzarra, bi elkartaburuordeekin batera: Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea eta Cristina Laborda Irungo alkatea. Euskal Udalen Elkarteko gobernua osatzen duten Batzorde Eragileko hamabi kideak ere agertokian izan dira.

2016az geroztik, Estatutuak berritzeko itun politikoa egin zenetik, EUDELek aniztasunezko zuzendaritza du, Euskadiko udal-gobernuen buru diren sentsibilitate ezberdinek osatua. Adostasuna bilatzea eta erabakiak adostasunez hartzea da EUDELeko organoen (Batzorde Eragilea eta lurralde-batzordeak) lanaren oinarria.

Parte-hartze bidezko aurrekontua

EUDELeko Batzorde Eragilea

EUDELen Batzarrak Irungo alkateak aurkeztutako 2023. urteko kontuak onartu ditu, baita Azpeitiko alkateak zehaztu duen 2025erako Elkartearen aurrekontua ere. Aurrekontua 3,8 milioi eurokoa da, aurreko urtekoa (2024) baino % 2,86 handiagoa.

Aurtengo aurrekontua udalen parte-hartze prozesu baten eta adostasun eta lankidetza politikoaren emaitza izan da. Berritasun gisa, Batzorde Eragileak “entzute aktiboko” dinamika bat bultzatu zuen joan den udazkenean, non udal-bazkideek beren proposamenak helarazi ahal izan dituzten. Hala, aurtengo ekintza-planak bere partidak ditu ekitaldiko aurrekontuan: 700.000 euro “azterlanak eta lanak” egiteko (proiektu estrategikoak) eta 328.770 euro “programak” egiteko (prestakuntza, berdintasuna, euskara, gobernantza). Programa-partida, gehienbat, erakundeekin (Emakunde, Euskaltzaindia, Europako Kontseilua…) egindako hitzarmenen bidez finantzatzen da.

Esther Apraiz pozik agertu da bazkideen babes orokorrarekin, eta oso positibotzat jo du lortutako akordioa, udalentzako funtsezko laguntza izaten jarraitzeko “erantzukizun eta konpromiso ariketa” gisa. Bereziki, trantsizio sozial-demografiko, digital-teknologiko eta ekologikoaren aurrean herritarrei zerbitzua emateko lanean; eta “inor atzean gera ez dadin” bermatzeko xedez.

EUDEL

Esther Apraiz elkarteburua

Elkarteburuak euskal udalen ordezkaritza instituzionalaren maila altua nabarmendu du, Euskadiko Toki Erakundeen Legetik abiatuta lortutakoa, Elkartearen aldarrikapen historikoa, Eusko Legebiltzarrak 2016an onartua. “Erabakiak hartzeko organo guztietan gaude, eta gure rola arduraz, zuzentasunez eta adimenez jokatzen badugu, helburu berriak lortu ahal izango ditugu”, adierazi du.

Horren harira, elkarteburuak barne mezu bat helarazi die bere elkartekideei. Apraizek “desberdinen arteko batasunera eta akordiora” heltzeko deia egin du, “etapa honetan ‘helburudun EUDEL’ gidatzeko, geure interes komunak haren izateko arrazoi bihurtuta”. Eta gaineratu du Elkarteak “erabilgarri eta baliotsu” sentitzen jarraituko duela, udalerri guztientzako eta euskal gizartearen onurarako akordio zabalak ehundu ahal dituen neurrian. Elkarteburuordeen hitzaldietan ere islatu da batasun-espiritu hori.

Demokrazia eta erakundeen arteko lankidetza

Hiriburuen Alkateak

Batzarreko hitzaldi nagusian, EUDELeko elkarteburuak egungo “ziurgabetasun handiko” nazioarteko agertokia aipatu du, baita “autoritarismoek eta gorrotoaren diskurtsoek” demokraziarentzat eta ongizatearen oinarrientzat dakarten mehatxua ere. Testuinguru horretan, udal-politika “errealitatearen politika” dela adierazi du, “jendeari begietara begiratzen diona”. Eta azpimarratu du udalek “funtsezko zeregina” dutela maila anitzeko gobernantzan “erakundeekiko kohesioa eta konfiantza soziala indartzeko”.

Erakundeen arteko lankidetzaren esparruan, Esther Apraizek berretsi du udalek Euskadiren erronka handien aurrean erantzun bateratuak eta koordinatuak lantzeko borondatea dutela. Erronkak oso handiak direla adierazi du. “Eskura ditugun ahalegin eta baliabide guztiak batzea eskatzen dute”.

2025eko ardatzak eta jarduera-ildoak

Batzorde Eragileak landutako ekintzen proposamena aurkeztu die elkarteburuak alkateei. Bere Estatutuekin bat etorriz, EUDELek bi ardatz nagusi ditu: udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza.

Ardatz horiek hamar jarduera-ildo dituzte:

  1. Udalerri txikienak: 5.000 biztanle baino gutxiago dituzten herrien erronkak aztertuko dira. EAEko udalerrien % 80 dira.
  2. Toki-autonomia eta finantza-nahikotasuna: EUDELek erne jarraituko du, udalentzat betebehar berriak dakartzaten lege guztiek memoria ekonomikoa izan dezaten.
  3. Udalhitz akordioa: agintaldi honetan, 20.000 udal-langilerentzako baino gehiagorentzako hitzarmena eguneratzeko konpromisoa dago, lege-aldaketetan oinarrituta. Sindikatuekin elkarrizketa hasi da jada, negoziazio-mahaia ireki ahal izateko.
  4. Pertsonak:Ildo honek gizarte-politika guztiak biltzen ditu, baita migrazioa/aniztasuna, berdintasuna, enplegua eta segurtasuna ere. Ekintzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: gorroto-delituetarako (arrazismoa, antigitanismoa, LGTBIfobia) tokiko jarduera-gida bat egitea; indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko tokiko protokoloak eguneratzea; zaintza feministen eta erantzukideen tokiko sistemak diseinatzeko eredua; eta, udaletan, emakumeek politikan parte hartzeko Behatokia.
  5. Hirigintza eta Etxebizitza: Hirigintzari dagokionez, etxebizitza/gela turistikoen erabilera arautzeko oinarri komun batzuk prestatzea. Etxebizitzaren arloko baterako erronka handiaren aurrean, udalerri bakoitzean “askotariko erantzunak” sortuko direla azaldu du elkarteburuak, udal-errealitatea bera oso heterogeneoa baita. Hala, EUDELek bere burua eskaintzen du etxebizitzaren arloko udal-irtenbideen sare gisa. Era berean, Eusko Jaurlaritzarekin lan egiteko borondatea duela adierazi du, hirigintzako eta etxebizitzako tokiko politikekin bat egiten duten lan-ildo guztietan.
  6. Jasangarritasuna: EEErekin eta Udalsarearekin lankidetzan aritzea, bereziki energia-komunitateen eta energia-autokontsumoaren arloan.
  7. Administrazio arina: EUDELek, gainerako erakundeekin batera, Lehendakaritzak bultzatutako “Administrazioa Arintzeko eta Digitalizatzeko estrategia” delakoan parte hartzea.
  8. Euskara: aisialdian euskara sustatzeko jardunbide egokien dekalogoa egitea.
  9. Gobernu Ona eta 2030 Agenda: ELoGE Europako Bikaintasun Zigiluaren VI. edizioa, eta udalei laguntza ematea herritarrak GJHen inguruan sentsibilizatzeko.
  10. Europa: tokiko gobernuen elkarteekin lankidetza, Europan batasuna eta demokrazia indartzeko, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna errespetatuz.