Abian da 2012ko Beldur Barik! programa, HAMAIKA JARRERA, HAMAIKA AUKERA! izenburupean. Lehenengo jarduera ikus-entzunezko lehiaketa izango da, gazteen arteko harremanetan balio positiboak sustatzea xede duena; zehazki, errespetua, berdintasuna eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzea.
Aurten, irudi berri batekin datorkigu Beldur Barik: komikiaren estetikaren ukitua du irudi horrek, eta, irudi errealaren eta marrazkiaren bidez, eguneroko bizitzako hainbat egoeratan “heroi” modura ageri diren neska gazteak erakusten ditu.
Beldur Barik! urtez urteko programa gazteen artean indarkeria sexistaren prebentzioa lantzeko xedez sortu zen, 2009an, Eudelek bultzatuta eta berdintasunaren aldeko euskal udalen Berdinsarea sarearen ekimenez. Gaur egun, euskal erakunde guztien babesa dauka programak: Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritza, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ekimenarekin lankidetzan dihardute, gainera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta EITBk.
Beldur Barik III. Lehiaketa
Beldur Barik! lehiaketa gazteei begira antolatzen da (12 eta 26 urte bitarteko gazteei begira). Hirugarren urtea du aurtengoa, eta aurreko deialdian 250 lanetik gora aurkeztu ziren; bistan da, beraz, arrakasta handia duela eta urtez urte sendotzen ari dela.
> Lanen formatua: ikus-entzunezkoa (bideoak, argazkiak, musika…), eta edozein diziplina artistiko erakusten duena (dantza, pintura, performancea, antzerkia…). Banakoek egindako lanak nahiz talde, elkarte, ikastetxe edo ikasgeletan egindakoak aurkeztu ahal izango dira.
> Sailak: lehiaketan, bi sail bereizi dira: 12 eta 17 urte bitarteko gazteen saila, eta 18 eta 26 urte bitartekoena.
>Hiru sari: sail bakoitzeko bi sari banatuko dira, 1.000 eurokoak. Ikus-entzunezkoen arloan adituak diren kideek eta erakundeen ordezkariek osatutako epaimahai batek emango du sail horien gaineko epai ofiziala (azaroaren 16tik 19ra bitartean). Eta beste sari bat ere izango da, 300 eurokoa, Beldur Barik programaren YouTubeko kanalaren bidez egingo den herri-bozketa bidez (azaroaren 14ra bitartean) aukeratutako lanarentzat.
Saridunen izenak ezagutzera emateko, azaroaren 24a aukeratu da; hain zuzen ere, egun horretan egingo da Beldur Barik Topaketa, urtero antolatu ohi den jaialdia, eztabaidak, prestakuntza tailerrak eta jarduera ludikoak biltzen dituena.
> Parte hartzeko epea: lanak aurkezteko epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Proposamenak posta elektronikoz igorri behar dira, honako helbide honetara: jarrera@beldurbarik.org
Informazio gehiago: www.beldurbarik.org
- EUDELek ‘norberarentzako gune’ bat eskaini nahi du lan egiteko, zehazki, Euskadiko alkate eta zinegotzi andreei eskaini nahi die, beraien udaletan politikan aritzeari buruzko esperientziak trukatu, eta sarean lan egin dezaten.
- Eskolak bultzada emango du, hautetsi diren Europako beste emakume batzuen sareekin harremanetan jartzeko eta elkarlanean aritzeko.
- Irailetik aurrera, ikastaroak emango dira, modu deszentralizatuan, Euskadiko hiru lurraldeetako hainbat udalerritan, eta, ildo horretan, mintegiak, coaching tailerrak eta asteburuko iraupena izango duen barnetegi bat eskainiko dira.
Euskadiko udaletan erantzukizun politikoko eginkizunak betetzen dituzten emakumeek parte hartu ahal izango dute eskolan, hala gobernukoek, nola oposiziokoek. Emakundek eta Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak esku hartzen dute proiektuan, instituzio lankide gisa.
Proiektu berri honen bidez, EUDELek Euskadiko alkate eta zinegotzi andreen jabekuntza lortu nahi du, hartara, lider gisa aritu daitezen, Euskadiko udalerri guztietan berdintasunari buruzko politikak sendotzeko lanetan.
