Eudel

Author

eudel

Azken berriak

Cuadro de texto: MERKATARITZA-JARDUERAK EDO ANTZEKOAK JENDEARENTZAT IREKITZEARI BURUZ

 

 

Zer merkataritza-lokal/ establezimendu edo zerbitzu-lokal/establezimendu egon daitezke irekita?

Printzipioz, Alarma-egoeraren hasieratik irekita egon direnak, hau da, janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak barne, edari dendak, farmaziak, osasun-zerbitzuak beren osotasunean, optikak, ortopediak, higiene-produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologiako eta telekomunikazioetako produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet, telefono edo posta bidezko merkataritza-dendak, tindategiak, arropa-garbitegiak eta albaitaritza-klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku-erakundeak, notarioak, aholkularitzak eta aseguru- erakundeak, abokatu-bulegoak, gestoriak eta finken administrazioko bulegoak. Dena den, hemendik aurrera, langileentzako zein establezimenduetarako higiene- edota prebentzio- neurriak izan beharko dituzte.
Horiez gain, txikizkako merkataritza-lokalak eta zerbitzuak ematekoak ere irekita egon daitezke, salbu eta 400 metro karratuko azaleratik gorakoak, merkataritza-zentroak direnak, edo merkataritza zentroaren barruan egonda kanpotik zuzenean sartzeko aparteko biderik ez dutenak.
Baldintza hauek bete beharko dituzte:

  • Edukiera %30ean gutxitzea. Solairu bat baino gehiago egonez gero, solairu bakoitzean edukiera-proportzio hori bete beharko da.
  • Gutxienez bi metroko distantzia bermatu behar da, eta hori ezinezkoa bada, bezero bat baino ezin izango da barruan egon.
  • Arreta-ordutegi bat finkatuko da eta 65 urtetik gorakoei zerbitzua lehentasunez emango zaie.
  • Establezimenduek, langileek eta bezeroek bete beharreko higiene-neurriak bete beharko dira, baita edukierarekin lotutako neurriak ere.
  • Establezimenduek eta lokalek jendaurrean jarri beharko dute lokal bakoitzaren gehienezko edukiera zein den; edukiera hori bermatu beharko dute eta lokalaren barruan pertsonen arteko gutxienez bi metroko distantzia gordetzen dela ziurtatu.

Establezimendu horiek erositako produktuak lokalean jasotzeko aukerak eman ditzakete, baldin eta modu mailakatu batean egiten bada, lokalean edo haren sarreran jende-pilaketa ekiditeko moduan.

Okindegiek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela?

Eramateko bakarrik sal ditzakete produktuak, inola ere ez establezimenduaren barruan kontsumitzeko. Terraza baldin badaukate, ostalaritza-zerbitzuetarako ezarritakoa bete beharko dute.

Nekazaritza- azokak eta -merkatuak?

Nekazaritzako eta abeltzaintzako produktu eta elikagaiak zuzenean saltzeko azoka eta merkatu tradizionalak (normalean astean behin egiten direnak) egin ahal dira, baina ezinbestekoa izango da hainbat osasun-neurri errespetatzea.
Udalek saltokien arteko distantzia-neurriak eta azoka mugatzeko baldintzak ezarri beharko dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko helburuarekin.
Edonola ere, saltoki kopurua mugatu behar da eta ezin izango dira egon ohikoak izaten diren edo baimenduta dauden saltokien %25 baino gehiago eta edukiera ere ohikoaren heren batetik beherakoa izango da, edo horren ordez, gaitutako azalera handi daiteke.

Aire zabalean jarduten duten merkatuak (azoka txikiak)?

Kalez kaleko salmentarako azokak baimenduta daude. Udalek saltokien arteko distantzia- baldintzak eta azokako mugei buruzko baldintzak ezarri behar dituzte, langileen, bezeroen eta oinezkoen arteko segurtasuna eta distantzia bermatzeko helburuarekin.

Ibilgailuen konponketetarako eta mantentze-lanetarako tailerrak?

Bai, konponketetarako eta mantentze-lanetarako, piezak saltzeko ere bai. Jendeari arreta emateko orduan ezarritako osasun-jarraibideak bete behar dira.

Auto-kontzesionarioak, IAT estazioak eta lorezaintza-zentro eta mintegiak ireki ahal dira, daukaten azalera daukatela?

Bai, baina beti aldez aurretiko hitzorduarekin.

Eta ibilgailuen txikitegiak?

Bai, beren jarduera osoari ekin diezaiokete, piezak saltzeari ere bai.

Txatarraren eta hondakin solidoen bilketa-jarduera baimenduta dago?

Bai, baina ezinbestekoa da ezarritako higiene- eta osasun-baldintzak hartzea.

Jendearentzat irekita dauden establezimenduek barruan mantentze- eta hobetze- lanak egin ditzakete?

Bai.

Beilak, kultu-tokiak, eta hileta-zeremonia zibil eta erlijiosoak.

Beilak baimenduta daude instalazio guztietan, publiko zein pribatuetan, baina muga honekin: aire zabalean gehienez ere hamabost pertsona eta esparru itxietan gehienez ere hamar.

Hildakoa lurperatzean edo errausteko agurra egitean gehienez ere hamabost pertsona egon daitezke (familiakoak eta hurbilekoak) eta horiez gain, hildakoak agurtzeko hileta- errituez arduratzen den kasuan-kasuko kultu-zerbitzaria edo horren antzekoa ere egon daiteke.

Edonola ere, osasun-agintariek ezarritako higiene- eta osasun-baldintzak bete behar dira, bertaratutakoen artean gutxienez bi metroko segurtasun-tartea gorde behar da eta eskuen garbiketa eta arnasteko maskarak erabiltzea ezinbestekoa izango da.

Kultu-lekuetara joan ahal izango da, leku horren edukieraren heren bat baino gehiago betetzen ez bada, eta osasun-agintariek ezarritako higienearen eta urruntze fisikoaren neurri orokorra betetzen badira.
Badaude gomendio orokor batzuk, besteak beste, kultu-lekuetarako sarreren eta irteeren antolaketari dagozkionak, kultu-lekuen inguruetan eta sarbideetan pertsonen pilaketak ekiditeko.

Era berean, hilerrietara joatea baimenduta dago, hurbilekoak gogorarazteko edo omentzeko, udal bakoitzak ezartzen duenaren arabera.

Familiako baratzetan lan egin ahal da?

Bai, elikagaiak jaso ahal dira, mantentze-lanak egin, eta lurra erein eta landatu aurretiko prestaketa-lanak egin ahal dira, baita lurra landatu, erein, ureztatu eta ongarritu ere.

Baratzera joan daiteke, baldin eta norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruan badago edo norbera bizi ohi den herriarekin mugatzen duten beste herri batzuetan badago, nahiz eta herri hori beste Lurralde Historiko batean egon. Premia-egoeragatik bada, beste herri batzuetako baratzeetara ere joan daiteke.

Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira.
Lekualdatzea justifikatzeko baratzearen jabetza-dokumentua erakutsi ahal izango da.
Nekazaritzako elikagaien establezimenduak eta kooperatibak.

Ireki ahal dira, maila profesionalean zein partikularrean animalientzako elikagaiez eta nekazaritza-ekoizpenerako beharrezkoak diren produktuez hornitzeko helburuarekin.

Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak irekitzea.

Ireki ahal dira, baina eremu komunak ezin izango dira erabili eta higiene-arloarekin lotutako murrizketak egon beharko dira.

Eraikinetako lanak.

Eraikinetan obrak egin ahal dira, baldin eta obrako lanekin erlazionatuta ez dauden pertsonekin interferentziarik eragiten ez badute.
Obrak egin ahal dira lokaletan, etxebizitzetan edo inor bizi ez den eraikineko eremu mugatuetan, edo obrek irauten duten bitartean han bizi direnak sartu ezin diren eremuetan eta beti ere baldintza hauekin:

  • Sektorizatu gabeko eremu komunetatik langileak eta materialak zirkulatzea mugatuta egon behar da eta eraikineko auzokideekin harremanetan ez egoteko hartu beharreko neurriak hartu behar dira.
  • Lokal, etxebizitza edo eremu horietara sartuko dira lanaldiaren hasieran eta horietatik aterako dira lanaldiaren amaieran.
  • Profesionalak, zerbitzua ematea eta muntaketa etxebizitzetan eskaintzen dituzten dendek lan horiek egin ahal izango dituzte, baldin eta eragindako edo arriskuko pertsonak ez badaude eta beti ere segurtasun-neurriak mantenduz.

Ostalaritzako eta jatetxeetako terrazak ireki daitezke?

Bai, iazkoaren aldean, %50eko mugarekin, udal-baimena kontuan hartuta. Edonola ere, mahaien arteko gutxienez 2 metroko distantzia-fisikoa gorde behar da beti.
Dena den, udalek mahai kopurua handitu dezakete, baldin eta azalera ere proportzionalki handitzen bada.

Terrazetan jendea elkartu daiteke, edariak eta janaria kontsumitzeko, gehienez ere hamar pertsona mahai edo mahai-talde bakoitzeko. Terrazak irekitzeko eta ixteko orduari dagokionean, kasuan kasuko udalak ezarritakoa bete beharko da.

Norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruko terrazetan egon ahal izango da, baita Lurralde Historiko berean ez egon arren, norberaren ohiko bizilekuaren mugakideak diren herrietako terrazetan ere.
Terraza-zerbitzuan beti higiene- edota prebentzio-neurriak bete behar dira, baita langileentzako higiene- edota prebentzio-neurriak ere.

Elkarte-gastronomikoen, txokoen eta aisialdirako-lonjen barruan ezin izango da jarduerarik egin, itxita jarraituko baitute.

Kultura- eta aisialdi-jarduerak?

Ekitaldi eta ikuskizun kulturalak egiten diren establezimenduek, lokalek eta liburutegiek eta museoek itxita jarraituko dute.

Pertsona talde mugatuekin turismo aktiboa edo natura-turismoa egitea badago?

Bai, baldin eta turismo aktiboko edo natura-turismoko enpresek antolatuak badira. Gehienez ere, hamar pertsona elkartu daitezke, eta beti ere Lurraldetik mugitzeko mugak errespetatuta.

Estatu mailako joko publikoaren entitate emakidadunak.

Berriz jendearentzat ireki daitezke, salbu eta merkataritza-zentroen barruan dauden eta kanpotik zuzeneko aparteko sarrerarik ez duten horiek.

Cuadro de texto: JOAN-ETORRIEI ETA IZAERA SOZIALEKO NEURRIEI BURUZ

Langileek ziurtagiri edo agiriren bat eraman behar al dute beren lanera oinez edo autoz joatean?

Ez da nahitaezkoa, baina komeni da lanerako joan-etorrietan eramatea.
Eusko Jaurlaritzak erantzukizunpeko adierazpen-eredu bat eman du, BOEn ere beste bat argitaratu da. Horien antzeko beste batzuk ere baliozkotzat jotzen dira.
Ziurtagiria eraman ezean, emandako informazioa baloratuko da eta zalantzarik sortuz gero, egin beharreko konprobazioak egingo dira.

Pertsona bat ibil al daiteke bide publikoetan?

Pertsonek honako kasu hauetan zirkulatu ahal izango dute bide edo eremu publikoetatik:

  1. Elikagaiak, produktu farmazeutikoak eta behar-beharrezkoak direnak erosteko eta, deseskalatze-prozesuko 0 eta 1 Fasean baimendutakoak ere bai (esaterako, txikizkako merkataritza-lokaletara, ile-apaindegietara joateko,etab.), ezarritako baldintzen arabera.
  2. Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joateko.
  3. Lantokira joateko, lan egitera edo jarduera profesionala edo enpresariala egitera.
  4. Ohiko bizilekura itzultzeko.
  5. Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki ahulak diren pertsonei laguntzeko eta zaintza emateko.
  6. Finantza-entitateetara, aseguru-entitateetara, notaritzetara, abokatuengana, gestorietara, finken administrazioko bulegoetara, eta erakunde publiko ofizialetara joateko.
  7. Ezinbesteko kausagatik edo premia-egoeragatik.
  8. Antzeko beste jarduera batzuk egiteko.

Euskal Autonomia Erkidegoaren eta haren Lurraldeen eremuan joan-etorriak egin daitezke, heziketa- eta prestakuntza-arrazoiengatik, edo adinekoak, adingabeak, menpekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonak edo premia-egoeran daudenak zaintzeko edo haiei laguntzeko bada; edo horien antzeko beste edozein arrazoirengatik.

14 urtetik beherakoak heldu arduradunarekin joan ahal dira, heldua baimendutako jarduerak egitera joaten denean.

Baimendutako establezimenduetara eta lokaletara joan-etorriak egin ahal dira, baldin eta establezimendu eta lokal horiek norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruan badaude, edo, Lurralde Historiko berean ez egon arren, norberaren ohiko bizilekuaren mugakideak diren herrietan badaude.
Autonomia Erkidegoaren barruan, beharrizana badago, ilobak zaintzera joan ahal da edo ilobak beste leku batera eraman ahal dira, senideek zain ditzaten.
Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien murriztea gomendatzen da.Euskal Autonomia Erkidegoak inguratzen dituen udal horiei dagokienean, zein da araua?
Euskal Autonomia Erkidegoak inguratzen dituen udalerri horiek haien inguruko Lurralde Historikoaren tratamendu bera izango dute (Trebiñu, Villaverde…).

Aire zabalean egiten den jarduera fisiko ez profesionalaren erregulazioa (paseoak eta banakako kirola).

Zer baldintza bete behar dira jarduera fisikoa egin ahal izateko?:

  • 14 urtetik gorakoa izatea.
  • Kirol indibidualeko jarduera izatea, beste batekin kontakturik izan gabe egiten dena.
  • Egunean behin, ezarritako ordutegi-tarteen arabera. Ez dago iraupen-mugarik.

Non egin ahal da?:

  • Edozein bide edo esparru publikotan, natura-eremu eta berdeguneetan ere bai.
  • Kudeaketa pribatuko kirol zentroetan banakako kirol-jarduera egitea baimenduta dago, baina beti aldez aurretiko hitzorduarekin.
  • Mendira joan ahal da edo beste edozein kirol egin (adibidez, txirrindularitza). Leku horietara joateko autoa erabili behar baduzu, egin dezakezu.
  • Jarduera fisikoa eta kirol-jarduera egingo da beti osasun-agintariek ezarritako segurtasun-, osasun-, eta higiene-neurriak errespetatuz.
  • Jarduera horiek norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruan egin ahal dira, edo norbera bizi ohi den herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta beste Lurralde Historiko batean egon.

Paseoak nola egingo dira?

  • Paseoak banaka egin ahal izango dira, edo norberarekin bizi diren pertsona gehiagorekin edo norbera zaintzen duen pertsonarekin, beti ere, norbera bizi den herrian ezarritako ordu-tarteen barruanPaseoak norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruan egin behar dira, edo norbera bizi ohi den herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta beste Lurralde Historiko batean egon.

Kontaktu fisikoa eskatzen ez duen banakako kirola nola egingo da?

Banaka egin behar da, salbu eta lagunduta joatea behar-beharrezkoa bada; eta norbera bizi den udalerrian ezarritako ordu-tarteen barruan. Kirol hori norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruan egin behar da, edo norbera bizi ohi den herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta beste Lurralde Historiko batean egon. Hala ere, beharrizanagatik lagunduta atera behar duten pertsonak haiekin bizi den norbaitekin edo haien etxeko langilearekin edo zaintzaile ofizialarekin atera ahal dira

Senderismoa egin ahal da?

Bai, lehiazkoa ez den kirol-jarduera baita.

Eta kirol- edo aisialdi-ehiza eta kirol- edo aisialdi–arrantza?

Bai.

Kutsatzeak eragozteko zer egin behar da?

Arau orokor gisa, jarduera horietan, beste pertsonekiko gutxienez 2 metroko tartea gorde behar da.
Beharrezkoa ez bada, ez da geldialdirik egingo.

Zeintzuk dira banakako kirola eta paseoak egiteko ordu-tarteak?

  • 14 urtetik gorakoak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara.
  • 70 urtetik gorakoak eta menpekotasuna daukaten pertsonak (haiekin bizi den batek lagunduta atera behar dutenak) 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara.
  • Salbuespenez, osasun-arrazoiengatik eta kontziliazio-arrazoiengatik egin ahal izango da jarduera fisikoa ezarritako ordu-tarteetatik kanpo.
  • 5.000 biztanletik beherako udalerrietan ez da ordu-tarterik ezarriko eta aipatutako jarduera guztiak egin ahal izango dira 06:00etatik 23:00etara.
  • Jarduera egitean, norbera bizi den herritik ateratzen bada eta ordu-tarte desberdinak dituen beste herri batean sartzen bada, ordu-tarte murriztaileenak aplikatuko dira, bigarren bizilekua dagoen herrian izan ezik.

Eta kirol-jarduera profesional eta federatua?

Kirolari profesionalek entrenamenduak egin ahal dituzte, banaka, aire zabalean eta norbera bizi ohi den Lurralde Historikoaren barruan, edo norbera bizi ohi den herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta beste Lurralde Historiko batean egon. Entrenamenduen iraupena eta ordutegia, kirolerako sasoi fisikoa mantentzeko beharrezkoa dena izango da. Beste pertsona bat ere egon ahal da, entrenatzaile-lanak egiten, baina segurtasun-neurriak errespetatu behar dira.

Kirolari profesionalak direla egiaztatzeko erabili ahal da kasuan-kasuko federazioak emandako kirol-lizentzia edo goi mailako kirolaria izatearen ziurtagiria.

Aurreko paragrafoaren barruan sartzen ez diren kirolari federatuek entrenamenduak egin ahal dituzte banaka, aire zabalean, egunean bi aldiz, 6:00etatik 10:00etara bitartean eta 20:00etatik 23:00etara bitartean.

Entrenamenduak bizi diren Lurralde Historikoan egin behar dituzte, edo haien herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta beste Lurralde Historiko batean egon. Kirolari federatuak direla egiaztatzeko kasuan kasuko federazioak emandako kirol-lizentzia erabili ahal dute.

Arau orokor gisa, jarduera horiek egitean pertsonen arteko gutxienez 2 metroko tartea gordeko da, baina bizikletak (ezin da tropelean joan), patinak edo horien antzeko zerbait erabiliz gero, hamar metroko tartea gorde beharko da. Gutxienezko distantzia horiek betetzea ez da eskatuko, kirol egokitua bada.
Kirolari profesionalak zein federatuak kirola egitera ibilgailu motordunez edo garraio publikoz joan ahal dira, beti ere ezarritako gehienezko Lurralde-mugen barruan.

Bi kasuetan, kirol egokitua edo paralinpikoa egiten dutenek beren kirol-jarduera beste kirolari batek lagunduta egin ahal dute, baldin eta ezinbestekoa bada. Horrelakoetan, pertsonen arteko segurtasun-tarteak kirola praktikatu ahal izateko beste murriztuko dira, bi kirolariek aurpegiko maskarak erabili beharko dituzte eta norberaren higienea zein kasu bakoitzean beharrezkoa den arnas-etiketa bermatzeko egokitzat jotzen diren neurriak aplikatuko dira.

Kirol-jarduera federatuaren barruan, animaliek parte hartzen duten kirol-jardueren kasuan, kirola aire zabalean eta banaka egin ahal da, animaliak dauden lekuan, aldez aurretiko hitzordua eskatuta eta denbora-tarte horretan.

14 urtetik beherako eta 70 urtetik gorako kirolari federatuak kirola banaka eta aire zabalean (ez instalazioetan) egin ahal dute, ezarritako ordu-tarteetan, egunean bi aldiz, entrenatzailerik gabe eta haiek bizi diren Lurralde Historikoaren barruan edo bizi diren herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta beste Lurralde Historiko batean egon. Beraz, gainerako kirolari federatuen baldintza berberetan daude.

Eta 14 urtetik beherakoen joan-etorriak?

14 urtetik beherakoek egunean paseo bat eman ahal dute, haiekin bizi direnekin edo heldu arduradun batekin. Heldua gehienez ere hiru umerekin joan ahal da. Irteera 12:00etatik 19:00etara bitartean egin behar da (salbu eta 5000 biztanletik beherako udalerrietan, horietan ez baitago ordu-tarte mugaturik).

Heldu arduraduna umearen gurasoa, edo legezko edo izatezko zaintzailea, harrerako gurasoa edo kuradorea ez bada, heldu horrek horien aldez aurretiko baimena izan beharko du.

Gehienez, ordubete atera ahal dira 12:00ak eta 19:00ak bitartean. Erabilera publikoko edozein esparrutatik edo bidetatik ibili ahal dira, baimendutako berdeguneetatik eta natura-guneetatik ere bai, beti ere norbera bizi den Lurralde Historikoaren barruan edo bizi den herriarekin mugatzen duten herrietan, nahiz eta horiek beste Lurralde Historiko batean egon.

Hirugarren batzuekin gutxienez bi metroko tartea gorde behar da. Aire zabaleko haurrentzako aisialdi-eremuetara ezin da sartu, ezta kirol instalazioetara ere.

Umeek beren jostailuak erabili ahal dituzte, baina ezin dituzte familiakoak ez diren beste pertsona batzuekin partekatu.

Jarduera pribatuko kirol-zentroetara joan ahal da?

Bai, bakoitza bizi den Lurralde Historikoaren barruan badaude, edo norberaren bizilekuaren mugakideak diren herrietan badaude (nahiz eta herri horiek Lurralde Historiko berean ez egon). Beti aldez aurretik hitzordua hartuta joan behar da eta ezarrita dauden baldintzen arabera (banaka, aldagelak eta dutxak erabili gabe, etab.)

Aisialdiko nabigazioa edo kirol-nabigazioa baimenduta dago?

Bai, aisialdiko nabigazioa edo kirol-nabigazioa egin ahal da motorrik gabeko itsasontzietan (bela, arrauna, surfa), bakoitza bizi den Lurralde historikoaren barruan edo norberaren bizilekuaren mugakideak diren herrietan, nahiz eta beste Lurralde historiko batean egon.

Aisialdiko nabigazioa modu pribatuan egin daiteke, alokairuaren bidez edo turismo aktiboko enpresa baten bidez.

Bisitak egin ahal dira ohiko segurtasun-egiaztapenak eta mantentze-lanak egiteko.

Itsasontzi guztiekin nabigatu ahal da, baina %50eko okupazioarekin eta gehienez ere 10 pertsona joan ahal dira.

Itsasontziak nabigazioa hasten den portutik gehienez 12 miliatara joan ahal dira.

Etxebizitzetan, elkarte gastronomikoetan, txokoetan eta lonjetan talde txikiak harreman sozialetarako elkartu ahal dira?

Ez.

Osasun-arazoak dituzten pertsonak atera ahal dira etxetik ezarritako ordutegietatik kanpo?

Bai, baldin eta jarduera zehatz bat egin beharra ezartzen duen mediku-ziurtagiria edo – justifikantea baldin badaukate erakusteko.

Azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara erosketak egitera joatea baimenduta dago?

Bai, azalera handiko saltokietara edo horien antzekoetara joan ahal da, baldin eta norbera bizi den Lurralde historikoaren barruan edo bakoitza bizi den herriarekin mugatzen duten herrietan badaude, nahiz eta herri horiek beste Lurralde historiko batean egon.

Mendekotasuna daukan pertsona bat naiz. Arreta ematen didan pertsona etorri ahal izango da?

Bai.

Adingabeen zaintza aldatzeko mugitu al naiteke?

Bai.

Utzi al ditzaket seme-alabak normalean zaintzen dituen pertsonaren kargura lanera joan behar badut?

Bai, adingabeak edo mendekoak zaintzea dela ulertzen da.

Jaitsi al daiteke zaborra kalera?

Bai, hurbilen dagoen gunera, eta ezinbestekoa den denboran.

Maskota kalera atera dezaket?

Onartutako neurri berrien arabera, paseatzera edo kirola egitera ateratzean edo haurren irteera kontrolatuetan txakurrak ere eraman daitezke, beti ere udal ordenantzak errespetatuz, osasun- eta higiene-neurriak gordez eta jende gehiegi ez dabilela zainduz.

Horrez gain, maskota banaka edo 14 urtetik beherakoek lagunduta atera ahal da, behar beste denboraz eta bizilekutik hurbil.

Joan al daiteke parkera, hondartzara edo mendira?

Bai, paseatzeko, kirola egiteko edo haurrak ateratzeko onartutako neurriek mugen barruan.

Hondartzetan egin daitezkeen jarduerak.

Paseoa eman edo kirola egin daiteke hondartzan zein itsasoan, kasuan kasuko udalerriak ezartzen duenaren arabera. Aisialdi-bainuak ez daude baimenduta, ezta geldi egonda eguzkia hartzea ere.

Zeintzuk dira, lurreko garraioan, ibilgailuetan joan ahal izateko baldintzak?

Bederatzi plazara arteko ibilgailu pribatuetan ilara bakoitzean pertsona bakar bat joan ahal izango da, diagonalean eta aurpegiko maskara erabili beharrik gabe. Ilara bakoitzean bi pertsona joateko aukera ere badago, baina kasu horretan aurpegiko maskara eraman behar dute.

Etxe berean bizi direnak ibilgailu berean joan ahal dira, ibilgailuak baimenduta dituen lekuen muga errespetatuta, eta aurpegiko maskara erabili beharrik gabe.

Ibilgailu batzuetan, beren ezaugarri teknikoengatik, eserlekuen ilara bakar bat egoten da, esaterako, ibilgailu astunen kabinetan, furgonetetan edo beste batzuetan. Horrelakoetan, gehienez ere bi pertsona joan ahal dira eta aurpegiko maskarak jarri behar dituzte.

Bidaiarien garraiobide publikoetan erabiltzaile guztiek aurpegiko maskarak erabili behar dituzte eta osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatu behar dira. Sarreretan aretoetan eta itxaroteko eremuetan bidaiarien arten gutxienez bi metroko distantzia gordetzea komeni da.

Bederatzi plazara arteko (gidaria barne) bidaiarien ibilgailu publikoetan gidariarena ez gainerako ilara gehigarri bakoitzean bi pertsona ere joan ahal dira, eta bidaiarien artean gorde ahal den gehienezko distantzia gorde behar da. Bidaiariak etxe berean bizi badira, ordea, hiru pertsona ere joan ahal dira.

Autobusetan gidariaren atzeko lehen eserlekua beti hutsik egon behar da eta baimentzen diren gehienezko eserlekuen erdiak baino gehiago ezin dira okupatu. Bidaiarien ondoan eserleku huts bana egon behar da, beste bidaiari baten ondo-ondoan eserita ez egoteko, baina hori ez da beharrekoa elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan.

Bidaiariak oinez joateko plataformak dituzten garraiobideetan, pertsonen artean ahalik eta distantziarik handiena mantentzen saiatu behar da. Horren erreferentzia izan daiteke eserita joateko dauden lekuen erdiak beteta egotea eta oinez bidaiatzeko prestatuta dagoen eremuan metro kuadro bakoitzeko bi bidaiaria.
Motozikleten, ziklomotoreen eta L kategoriako ibilgailuen okupazio-baldintzak zeintzuk dira?

Bi pertsona joan daitezke, baldin eta biseradun kasko integrala badaramate edo aurpegiko maskarak erabiltzen badituzte edo etxe berean bizi badira. Eskularruak erabiltzea derrigorrezkoa da.

Joan al naiteke familiarteko baten bila aireportura, geltokira…?

Ez. Bakarrik baimenduta dago adinekoei, adingabekoei, menpekotasuna dutenei, desgaitasuna duten pertsonei, edo bereziki zaurgarriak diren pertsonei laguntzeko denean.

Joan al daiteke odola ematera?

Bai, osasun-agintaritzak deituta eta neurriak hartuta.

Joan al daiteke bigarren bizilekura?

Bai, baina norbera bizi den Lurralde Historikoaren barruan. Bakoitza bizi den herriarekin mugatzen duten herrietara ere joan daiteke, nahiz eta azken horiek beste Lurralde Historiko batean egon.
Bigarren bizileku horretan gaua pasatu ahal izango da.

IAT iraungita daukan ibilgailu batekin zirkulatu ahal da.

Bai, horrela zirkulatu ahal da.

IAT estazioak ireki dira eta IATren balio-epeak luzatu dira, IAT bakoitzaren iraungitze-data kontuan hartuta, SND/413/2020 Aginduak ezartzen duenaren arabera.

Baserrietan edo landa-eremuetan dauden animaliei jaten emateko joan-etorriak egin daitezke?

Bai.

Ordezkaritza sindikaleko eta patronaleko jarduerak egiten dituzten pertsonek zirkulatu dezakete eta joan-etorriak egin?

Bai, baldin eta joan-etorri horien helburua langileei eta enplegatzaileei asistentzia bermatzea bada.

M 17ko MANIFESTUA. LGTBIFOBIAREN AURKAKO EGUNA

 

30 urte dira, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuela. Ordutik, maiatzaren 17ak oso balio esanguratsua du lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualentzat, kolektibo horrek gaur egun aurre egin behar dion diskriminazioaren aurkako eta eskubideen aldeko jardueren ardatz katalizatzailea da eta.

Aurten, COVID-19aren ondorioz etxean erdi konfinaturik geratu behar garenez, ezin izango da kalera irten manifestatzera, baina, berdin jarraituko dugu salatzen sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak sortarazten dituen erasoak. Eraso horiek gure inguruan eta 70 estatutan baino gehiagotan gertatzen dira; izan ere, ILGA txostenaren arabera, sexu orientazioa kriminalizatzen da, eta horrek esan nahi du ehunka biktima hil direla, gay, lesbiana eta transexualak izateagatik.

Ezin dugu ahaztu, halaber, herrialde askotan LGTBI komunitateak diskriminazioari aurre egin behar diola mediku arreta jasotzeko orduan, Human Rights Watchek dokumentatu duen bezala. Diskriminazio horrek hainbat gaixotasun kronikoren arretan eragin dezake, eta, ondorioz, LGTBI pertsonak gaixotasun larriak izateko edo COVID-19ren ondorioz hiltzeko arriskuan egon daitezke bereziki.

Berdindu zerbitzutik, maiatzaren 17an, Euskadi inklusiboa aldarrikatu nahi dugu, gizarte zaintzaile eta proaktiboa, LGTBI kolektiboak oraindik aurre egin behar dien diskriminazio planoen aurkako borrokan eta eskubideak lortzearen alde ahaleginak batuko dituena. Aniztasunetik abiatuta bizikidetzaren bermatzaile izango den Euskadi, hizpide dugun eremuan ulertu beharrekoa, baina, bistan denez, baita osotasunean ere.

Uste dugu gizarte eragile guztien zeregina dela gizarte errespetuzkoagoa, bidezkoagoa eta integratzaileagoa eraikitzea, gure lan agendetan LGTBI kolektiboarekiko konpromiso esplizituak hartuz, oraindik indarrean dauden diskriminazio planoen aurkako borrokan aurrera egin dezagun. Eta horixe da Eusko Jaurlaritzak hartutako konpromisoa Berdindu  zerbitzuaren bitartez, LGTBI kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua hain zuzen ere. 2002an sortu zenetik, etengabe dihardu helburu hori sendotzen. Arretaren oinarrizko ardatzak pertsonei, ikastetxeei eta familiei laguntza ematea dira. Lan heterogeneoa da, eta, zalantzarik gabe, oso lagungarria da sexu eta genero aniztasunarekiko ideario errepikakor bat sortzeko, baita ere, LGTBI pertsona asko ahalduntzeko ere.

Ulertzen dugu estatuen lehentasuna COVID-19ren gaia dela eta haren ondorioak lantzea da, baina Berdindu zerbitzutik inoiz baino gehiago jarraituko dugu LGBTI pertsonen eta haien ingurunearen ondoan, LGTBIfobiaren aurka borrokatuz, persona guztientzat berdintasuna eta askatasuna lortu arte.

 

EUDELeko Batzorde Eragileak atzoko egunean ospatutako bilkuran hurrengo hilabeteetan eta 2020ko irailaren 15a arte antolatu daitezkeen ekitaldien inguruan hurrengo oinarrizko gomendio hauek onartzea adostu duela.

Arau orokor bezala, eta une bakoitzean ematen diren osasun-xedapenak betetzeari kalterik egin gabe, eta beste irizpide batzuen erabilera justifikatzen duten kasu espezifikoetan izan ezik, jarduerak parametro hauen arabera antolatzea edo baimentzea gomendatzen da:

  • Bai leku itxi, zein irikietan, 250 pertsona eserita gainditzen ez dituzten ekitaldiak.
  • Pertsonen arteko segurtasun tartea 2 metrotakoa izatea zainduko da.
  • Kanpoan edo estalitako eremuetan egiten diren ekitaldi edo ekintzen kasuan 4 metro karratuko eremua gordeko da pertsona bakoitzeko.
  • Eremu publikoaren gehinezko okupazioa ez ditu 1000 metro karratuak gaindituko.
  • Udako eta eguneko udalekuen jarduera esekituta geratzen da.
  • Estalitako udal instalazioak itxita jarraituko dute ekitaldi zehatz bat egiteko salbu.

Gomendio hauek momentu bakoitzean pandemiaren bilakaeraren arabera onartzen den araudiari moldatuko dira eta hau dena udal autonomiari kalterik egin gabe.

Halaber, Batzorde Eragileak igerileku eta hondartzen kudeaketari ekin eta honen inguruan irizpidea eman dezan, lantalde baten sorrera adostu du.

 

Normaltasunera bueltatzeko 1. fasearen hasiera dela eta, EUDELetik gogorarazten da ostalaritzako eta jatetxeetako terrazetan arreta gehien behar duten irizpideak honako hauek direla:

  • Baimendutako mahai kopurua %50era mugatuta dago iazko lizentziaren aldean.
  • Une oro gutxienez 2 metroko distantzia fisikoa gordeko da bizikide ez direnen artean, mahai edo mahai-talde bakoitzeko

*Informazio orokorrerako, EAEren eremuan 1. Faseko aplikazio-irizpideen dokumentua erantsi da.

Erantzita 8/2020 Lehendakariaren Dekretua gaur 20/05/11a EHAAn argitaratutakoa 8/2020 DEKRETUA, maiatzaren 10ekoa, Lehendakariarena, zeinaren bidez arauak ezartzen baitira alarma-egoera deklaratu ondoren ezarritako murrizketak Normaltasun Berrirako Trantsiziorako Planaren 1. fasean malgutzeko Espainiako Gobernuarekin adostutako aldaketak, zabaltzeak eta murrizketak Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan aplikatzeko, osasun-larrialdiak Euskadin izan duen bilakaerara egokitze aldera.

 

Europako Eguna dela eta, maiatzak 9, Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (CMRE) Zuzendaritza Batzordea osatzen duten tokiko liderrak deialdi bateratu bati lotzera gonbidatu ditu, besteak beste Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua, Europako eremuko gobernu-maila guztien arteko aliantzak eta lankidetza indartzeko, COVID-19ren pandemia globalaren eta haren eragin ekonomiko eta sozial larrien aurrean.Europako udalerri eta eskualdeei egindako deialdi bateratua toki-hautetsien, bereziki alkateen, mezu eta bideoen bidez egin da, sare sozialetako profiletan argitaratuak, eta twitterreko #EuropeansAgainstCovid19 kanpainaren esparruan, Europako Parlamentuak bultzatuta. CMRE kontseiluaren kanpainaren mezu nagusia da aliantzak eta elkartasuna sendotzea Europan, maila anitzeko gobernantzaren bidez, eta elkarrekin lan egitea udalerrietan erantzun eraginkorrak ezartze aldera, pertsonengandik hurbilago egoteko eta inor bidean ez uzteko.

Maiatzak 9-EUROPAKO EGUNA

Gorka Urtaran, EUDELen elkarteburuaren mezua

BIDEOAri esteka: https://youtu.be/Zo3MCPFO3kg @EUDEL_eus @CCRECEMR

BIDEOA ERDERAZ

BIDEOA INGELESEZ

“Orain (Maiatzak 9) inoiz baino gehiago ospatuko dugu Europaren eguna. Euskal udalerriek erronka globala dugu aurrean eta gure esperientzia kolektiboa partekatu nahi dugu Europa osoko alkateekin. Guztion artean elkarlanean.

Tinko eutsiko diogu, herri eta hiri iraunkor, inklusibo eta osasungarriagoak sortzeko konpromisoan aurrera eginez. Bidean inor ez uzteko.

Udalak pandemiaren lehen lerroan gaude, gure komunitatea eta toki-ekonomia babesteko.

Europak batasuna, elkartasuna eta elkarlana esan nahi du. Euskadin ere gure leloa elkarlana da.

Iritsi da berriro irekitzeko eta berreraikitzeko garaia, gure ahaleginek definituko dituzte udalerri datozen hamarraldietan, eta tokiko gobernu gisa, erantzukizuna dugu gizarte justu eta planeta iraunkor baterako oinarriak jartzea etorkizuneko belaunaldientzat.

Euskadiko udalerriek bat egiten dugu Europa sozial, digital eta berdearekin, gure etorkizun komuna baita.”

EuroBasquek egindako adierazpena Europaren Eguna ospatzeko.

Aparteko egoera horiek direla-eta, ezin izango da Europaren Eguna pertsonalki ospatzeko ekitaldirik egin, baina ez dugu Europaren Eguna ospatzeko aukera pasatzen utzi nahi, bereziki Schuman Adierazpena egin zenetik 70 urte bete diren urte honetan. Jean Monnetek inspiratutako eta Schumanek eta bere gertuko aholkulariek idatzitako adierazpenak Europako integrazio prozesua hasi zuen.

Horregatik, EuroBasquek egindako Schuman Adierazpenaren 70. urteurrena dela-eta (I. eranskina), Manifestua partekatu nahi dugu zuekin.

Europa bizi dugun osasun-, gizarte- eta ekonomia-egoera larri honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da, eta herritarren kezkak eta itxaropenak bilduko dituen eta haien beldurrei erantzungo dien europar proiektu bat berriz pentsatzen jarraitu behar dugu, eta, horretarako, ilusioz beteriko etorkizuna eskaini behar dugu.

EBko erakundeetan eta Europako gizartean egiten ari diren bezala, EuroBasquek Europaren etorkizunari buruzko barne-hausnarketako prozesu bati ekin dio maila guztietan, Europaren etorkizunari buruzko hurrengo Biltzarraren aurrean Adierazpen bat eginez (II. eranskina)

Horregatik guztiagatik, datorren 2020ko maiatzaren 9an Europaren Egunaren eta Schuman Adierazpenaren 70. urteurrenaren efemeride hau eta erantsitako manifestuak zabaltzera gonbidatzen zaituztegu, eta egun hau gazte eta adinekoei, erakundeei, gizarte- eta ekonomia-eragileei ahotsa emateko baliatzera, Europak zer behar eta nahi duen hausnartzera bultzatuz, Europar Batasunaren historiari eta etorkizunari buruzko eztabaida sustatuz.

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak (Udaletako eta Foru Aldundiko ordezkariak osatua) erabaki du Udalkutxaren 2019ko 26 milioiko soberakina gordetzea. Kopuru hori udal bakoitzak Udalkutxaren 2020ko likidazioan ziur aski izango duen emaitza negatiboa gutxitzeko erabiliko da.

Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseilua ostiral honetan bildu da erabakitzeko nola erabiliko diren Udalkutxa- Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren 2019ko ekitaldiko likidazioan sobera geratutako 26 milioi euroak. Zenbateko hori Bizkaiko udalerri guztien artean banatuko da, eta funtsean ziur aski bildutako diru-kopuruaren beherakadak izango duen inpaktuari aurre egiteko gordeko da.

Beraz, 26 milioi horiek udalerri bakoitzaren itsulapikoa izango da, aurreikuspenek oraingo egoera jasotzen ez zutenean udal funtsak kontura emandako zenbatekoen gutxitzeak konpentsatzeko balio izango duena.

Otsailean egin zen bileran, Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak likidatu egin zuen 2019ko ekitaldiari dagokion funtsa; azken emaitza 895,1 milioi euro izan ziren. Kopuru hori 26 milioi euro gehiago da 2018ko urrian konturako emateetan aurreikusi ziren milioiak baino (869,1 milioi).

Bilera berean, kontseiluak erabaki zuen soberako 26 milioi euro horiek lurraldeko 112 udalerrien artean banatzea, eta Udalkutxaren aurtengo zuzkidurari gehitu zizkion. Baina, apirilean, COVID-19aren osasun-larrialdiaren ondorioz krisi ekonomiko bat etor zitekeela aurreikusita, EUDELen Bizkaiko Lurralde Batzordeak Foru Aldundiari proposatu zion banaketa hori ez egitea eta 26 milioi euro horiek gordetzea Udalkutxaren 2020. urteko emaitzaren likidazio negatiboa konpentsatzeko.

Likidazio hori 2021eko otsailean egingo da, eta, ziurrenik, ez da iritsiko kontura ematea aurreikusitako 901,9 milioiko kopurura, kontuan hartuta funtsa hornitzeko erabiltzen diren tributu itunduen diru-bilketan ziur asko jazoko den beherakada. Aurreikuspen hori berretsiz gero, 26 milio euro horiek aukera emango dute Udalkutxaren likidazio negatiboak udalen gainean izango duen inpaktua txikitzeko.

Udalkutxa

Udalkutxa Bizkaiko udal finantzarako foru funtsa da. Funtsaren zuzkidura da Bizkaiko 112 udalerriei zuzendutako tributu itunduen ziozko diru-bilketaren zatia, eta, udalerrien artean banatzeko, zenbait irizpide hartzen dira kontuan, hala nola biztanle-kopurua, langabezia-tasa, ahalegin fiskala, ikasgela-kopurua, hondartzak edo biztanleen sakabanatzea. Udalkutxaren diruaz gainera, udalek beren baliabide propioak ere badituzte, hain zuzen, toki-zergetatik, tasetatik eta beste sarrera batzuetatik datozenak.

Udalek ekitaldi bakoitzean beren aurrekontuak egiteko, Finantzetako Lurralde Kontseiluak Udalkutxaren konturako emateen zenbatekoaren eta banaketaren aurreikuspen bat egiten du, aurreko urteko urrian. Hurrengo urteko otsailean, diru-bilketa ixten denean, likidatu egiten da Udalkutxa; emaitza udalen aldekoa edo aurkakoa izan daiteke.

Finantzetako Lurralde Kontseilua

Finantzetako Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalen eta Foru Aldundiaren arteko partaidetza- eta koordinazio-organoa da, udal-finantzaketaren banaketaz arduratzen dena, eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia-finantza eta aurrekontu arloetako jarduera koordinatzen du.

Hamar kide ditu Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak, eta haietatik bost kideak Udalen ordezkariak dira, EUDELen bidez, hain zuen: Bilboko zinegotzi Marta Ajuria; Fruizeko alkate Ane Legarretaetxebarria; Larrabetzuko alkate Iñigo Gaztelu; Plentziako alkate Elixabete Uribarri; eta Portugaleteko alkate Mikel Torres.

Bost kide horiez gainera, beste bost gehiago daude, Bizkaiko Foru Aldundien ordezkariak dira: Ogasun eta Finantzen diputatu José María Iruarrizaga, kontseiluaren gaurko bileran buru aritu dena (bilera telematikoki egin da); Gizarte Ekintzako foru diputatu Sergio Murillo; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatu eta bozeramailea den Elena Unzueta; Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatu Lorea Bilbao, eta José Rubí, Ogasun eta Finantza Saileko idazkari orokor teknikoa.