- Emakundek, EUDELek eta hiru aldundiek kanpaina bat sinatu dute “Eman tokia berdintasunari” lelopean
- Aurrerapenen bidea estutu nahi duten diskurtso antifeministen aurrean, kanpainak emakumeen eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko deia egiten du
Gasteiz, 2026/2/23
“Eman tokia berdintasunari” da Emakundek, EUDELek eta hiru foru-aldundiek bultzatu duten martxoaren 8ko erakundeen arteko kanpainaren leloa. Kanpaina bizitzako eremu guztietan berdintasunezko guneak defendatzeko eta zabaltzeko gonbita da, berdintasuna ez baita lorpen bermatua, zaindu eta babestu beharreko espazioa baizik.
Kanpainaren aurkezpenean parte hartu dute Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, Iñaki Gurtubai Arabako Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak, eta Trinidad Vicente Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak.
Gainditutzat jotzen ziren eta berdintasunaren eta justizia sozialaren aurkako oinarrizko eskubideak zalantzan jartzen dituzten diskurtsoen berpiztearen aurrean, euskal erakundeek bizitzako eremu guztietan berdintasunerako espazioak berreskuratzera eta kontserbatzera animatu nahi dute.
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ohartarazi duenez, “berdintasunaren aurrerapenen eta feminismoaren lorpenen aurrean mundu mailako erantzuna dago. Eta diskurtso horiek aurrera egiten dutenean, berdintasunak atzera egiten du “. Mehatxu horren aurrean, eta atzera bueltarik ez izateko, kanpainak berdintasun-guneak zabaltzera animatzen du. “Berdintasunaren espazioa
babestu behar dugu atzerapausorik ez izateko”, berretsi du Elgarrestak.
Emakundeko zuzendariak hainbat adibide erakutsi ditu berdintasun-ingurune horiek nola berreskura daitezkeen azaltzeko: lan-eremuan berdintasun-planak benetan aplikatuz, hezkuntza-arloan estereotipoak ezabatzen laguntzen duen Hezkidetza bultzatuz edo etxeko zereginen eta zainketen banaketa orekatua sustatuz. “Baita hedabideetan eta sare sozialetan ere, gorroto- eta desinformazio-diskurtsoak salatuz; administrazioetan, genero-ikuspegia txertatuz erabaki politiko bakoitzean; eguneroko bizitzan, gure jarrerak berrikusten berdintasunaren ikuspegitik, eta emakumeei askatasunez eta indarkeria matxista jasateko mehatxurik gabe bizitzeko aukera emanez”.
Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak eta Derioko alkateak udalen inplikazioa azpimarratu du diskurtso antifeministei aurre egiteko. “Funtsezko zeregina dugu gure udalerrietan berdintasun-guneak hedatzeko eta babesteko. Herritarren eskutik, berdintasuna egunerokotasunean eraikitzen da: auzoetan, eskoletan, bulegoetan, elkarteetan, plazetan eta gune digitaletan, giza harreman bakoitzean.”
Kanpainaren leloaren ildotik, Iñaki Gurtubai Arabako Foru Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantza foro diputatuak berdintasunaren aurrerapenak geldiarazi nahi dituzten diskurtsorik gabeko espazioak eskatu ditu. “Martxoaren 8an duintasun, atseden eta aukera gune berriak eraikitzeko konpromisoa berretsi nahi dugu, emakume guztiak askatasun eta berdintasun
osoz bizi, erabaki eta aurrera egin ahal izateko”, gaineratu du.
Bestalde, Trinidad Lourdes Vicente Bizkaiko Berdintasun zuzendariak adierazi duenez, “martxoaren 8an, emakumeek lekua eta ahotsa irabazten dutenean, demokrazia indartu egiten da. Horregatik, kanpaina honekin kontzientzia sortu nahi dugu, benetako aldaketak sustatu eta herritar guztiak inplikatu erronka partekatu honetan “.
Gipuzkoako Berdintasun zuzendariak, Nerea Isasik, hedabideetan, sareetan eta elkarrizketetan leku gehiago hartzen saiatzen diren diskurtso erreakzionarioak
izan ditu hizpide. “Emakumeen eta gizonen berdintasunean nagusiki sinesten duen gizartea da gurea, berdintasun erreal eta eraginkor baterantz aurrera egiten jarraitu nahi duena. Ezin ditugu diskurtso horiek normalizatu edo onartu, eta garrantzitsua da ohartaraztea eta erne egotea “.
Kanpaina otsailaren 23tik martxoaren 8ra bitartean egongo da martxan kanpoko euskarrietan, egunkarietan, irratietan, sare sozialetan eta telebistan.
2022ko uztailak 5. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak, Zuzendaritza Batzordeko kidea den aldetik, telematikoki parte hartu du uztailaren 4 eta 5ean Bolonian (Italia) egiten ari den Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CEMR) bileran. Lehen jardunaldian, atzo arratsaldean, batzordeko kideek zazpi puntuko adierazpen bat berretsi zuten. Adierazpen horrek Georgiako, Moldaviako Errepublikako eta Ukrainako “Hirukote-ikuspuntu holistikoaren” alde egiten du, eta hiru herrialde horiei EBko kide izateko “hautagai-estatusa” eman behar zaiela dio.
Zuzendaritza Batzordeko kideek atzo onetsi zuten CEMR-n Adierazpena Europako Kontseiluaren azken saioaren (ekainak 23-24) aurretik landu zen. Bertan, EBko kide izateko hautagai-estatusa onartu zitzaien Ukrainari eta Moldaviari. Georgiari dagokionez, berriz, Europako Batzordeak haren atxikimendu-eskariari buruz emandako irizpenean ezarritako lehentasunei ekin behar zaie lehenik. Atxikipenerako hurrengo negoziazioetan, CEMRk espero du “europar erakundeek eta eskudun agintariek kontuan izango dituztela alderdi hauek, Ukraina, Moldavia eta Georgia Europar Batasuneko kide izateko hautagai-estatusa babesteko”
Bi erakundeek izenpetu duten hitzarmenaren helburua da enpresetan kontsumoaren arloan jardunbide egokiak sustatzea, eta, horretarako, Kontsumobidek “enpresa-pakete” bat sortu du merkataritza-lana kontsumitzaileei berme osoak emanez garatu ahal izateko informazioa eta tresnak biltzeko. Pakete horri kontsumitzaileekin harreman zuzena duten enpresei eta ekintzaileei, adibidez, saltokiei, zerbitzuei eta abarri, zuzendutako formakuntza-modulu batzuk ere gehitu zaizkio.

