- EUDELeko elkarteburuak udalen funtsezko zeregina aldarrikatu du Bruselan, EBren agenda tokiko lehentasunekin eta herritarren beharrekin lerrokatzeko.
- Esther Apraizek Euskadiko udalerriek emakume politikarien alde eta emakume hautetsien aurkako indarkeria sexistaren prebentzioaren alde egindako lana partekatu du.
Esther Apraiz, CMREko goi bileran
Bruselan, 2024ko ekainaren 18a. EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluak (CEMR) EBko hiriburuan atzo eta gaur deitutako tokiko liderren goi-bileran parte hartu du. Topaketa hau une bereziki garrantzitsu batean egin da, Europako Parlamentuaren eraberritzearen ondoren, eta 40 herrialdetako elkarteetako 150 ordezkari inguru bildu dira.
EUDELeko elkarteburua CEMRko Batzorde Politikoko kidea da, eta Bruselako goi-bilera honetan konpromiso bikoitza adierazi du: Euskadik Europan dituen tokiko interesak bultzatzea; eta euskal udalen politikak eta zerbitzuak Europako abangoardiaren erreferente izan daitezen lanean jarraitzea.
Eztabaidan zehar, tokiko praktika demokratikoek Europa indartzen lagun dezaketela nabarmendu da. EUDELek euskal udalen gobernantza ona bultzatzen du, eta, ildo horretan, elkarteburuak balio demokratikoak eta printzipio humanistak sustatzearen alde egin du: “Gure tresnarik onenak dira ongizatearen, gizarte- eta lurralde-kohesioaren, jasangarritasunaren, berdintasunaren eta aniztasunaren Europako zutabeak babesteko”.
Apraizen hitzetan, “Europak batasuna behar du munduan duen pisua eta eragina indartzeko”, eta herritarren lehentasunetara eta beharretara gehiago hurbildu behar duela gaineratu du. “Europak behar gaitu, tokiko gobernuak beharrezkoak gara pertsonak EBren bihotzean kokatzeko” azpimarratu du.
Datozen urteetako erronka globalen aurrean, EUDELeko elkarteburuak lankidetza eta subsidiariotasuna defendatu ditu, Euskadiko maila anitzeko gobernantzaren eredua adibide gisa jarriz: “CEMRtik udalerriok elkarrekin lan egin dezakegu behetik gora eraikitako Europa baten alde, non tokiko eta eskualdeko eragileek espazio propioa izango dugun trantsizio sozial-demografiko, klimatiko-energetiko eta teknologiko-digital handiei Europak ematen dien erantzunean parte hartzeko”.
EUDELek, bere espiritu europazalearekin bat etorriz, sorreratik aktiboki parte hartzen du tokiko boterea ordezkatzen duten erakundeetan, besteak beste, CEMRn. Euskadiko Udalen Elkartea ere 1985ean Estrasburgon sinatutako Tokiko Autonomiaren Europako Gutunaren sustatzaile sendoa izan zen, eta Estatuan aplikatzeari buruzko Europako auditoretzetan lagundu du.
Emakume hautetsiak
Gaikako ekimenen multzoan, Esther Apraizek EUDELek EAEko tokiko emakume hautetsien ahalduntzearen eta aliantzen alde egindako lana aurkeztu ahal izan die CEMRko gainerako elkarteei.
Alkateen eta zinegotzien sareak bultzatuta, bi ikerketa-lerro egiten ari dira: 2003tik euskal udaletako emakume hautetsien partaidetza bilakaera; eta udal-politikan emakumeei buruzko jokabide sexistak identifikatzea.
Apraizek adierazi du Euskadi Europaren buruan dagoela tokiko gobernuetako ordezkaritza politikoaren orekari dagokionez: egungo agintaldian, toki-erakundeetan dauden emakumeen ehunekoa % 47 da (1.260 emakume hautetsi), Europako batez bestekoa ( % 31,6) baino handiagoa.
Gainera, aurreko agintaldiarekin alderatuta, emakume alkate-kopurua % 15 igo da; gaur egun, 85 emakume daude EAEko udaletan.
Gainera, aurreko agintaldian baino % 15 emakume alkate gehiago dago; gaur egun, 85 emakume daude euskal udaletan.