Zenbait hamarkada borrokan eman ondoren joera sexuala edo genero-identitatea aparte utzita berdintasun sozialaren maila handiagoak lortzearen alde, oraindik ere erronka asko ditugu lortzeke, besteak beste, lesbianismoa gizartean gehiago agertzea, lesbianen ikusgaitasun publikoari dagokionez dagoen defizita ezabatze aldera.
Eremu publikoan oso emakume gutxik adierazten du lesbiana dela (ia inork ez), eta, horrenbestez, erreferentziak izateko orduan alde nabarmena dago lesbianismoaren eta gizonezkoen homosexualitatearen artean. Horren ondorioz, batez ere homosexualitate maskulinoa agertzen da gizartean.
Izan ere, oro har, ez da erraza izaten lesbiana gisa agertzea, ikusgaitasun horrek esanahi sozial handia duelako, eta testuinguruak aurreiritziz beteak eta sexistak izan ohi direlako. Horrek guztiak oztopatzen du gainerako biztanleen aukera-berdintasunean parte hartzea baliabide sozialetan; ikusgai izatearen beldurrez, uko egiten zaiolako eskubide jakin batzuk baliatzeari. Hala, bada, lesbiana ugarik larrutik ordaintzen dute egoera hori, ezin baitituzte erabili borroka luzearen ondoren lortutako baliabide juridikoak eta sozialak, edo uko egiten diote erabiltzeari.
Lesbianen ikusgaitasuna ez da edozein emakumek beste emakume batekin edo batzuekin dituen praktika edo harremanetarako aukeratu dezakeen pribatutasun- edo intimitate-mailari buruzko diskrezio-kontu bat. Haratago doa: batez ere onarpen-kontua da, legitimitate sozialekoa, eta norberaren eskubideak askatasunez gauzatzeko baldintzak egotearena; eskubide horiek gizarte honetan bizi garen guztioi dagozkigulako, demokratikoak baitira.
Ikusgaitasuna izan gabe ezin da lesbianismoa bete-betean bizi. Begi-bistakoa da ez dugula gizarte dibertsoa eta plurala lortuko, baldin eta badaude ezkutuan ibili beharra sentitzen duten pertsonak beren sexualitateak eragiten dizkien emozioak direla-eta: beldurra, lotsa, erru‑sentimendua…
Gizarte-eragile guztiok gure gizartea errespetutsuagoa, justuagoa eta integratzaileagoa bihurtzeko aukera daukagu, bai eta betebeharra ere. Horretarako, lesbianen aldeko konpromiso esplizitua jaso behar dugu gure lan-agendetan, bai eta haien ikusgaitasuna errazten duen testuingurua sustatzearen alde ere.
Horregatik guztiarengatik, Berdindu zerbitzu publikoak konpromiso bat hartzera animatu nahi du gizarte osoa, gaian zerikusia duten eragile guztiak barne: sexu- eta genero-aniztasunari buruzko kontuak landu eta emakume lesbianak ikusiak izan daitezen gizartearen eremu guztietan behar diren baldintza egokiak sortzekoa.