Koronabirusaren krisiak eragindako salbuespenezko egoeraren aurrean, Emakundek lankidetza estutu du EDEKArekin, desgaitasunaren arloan lan egiten duten euskal erakundeak biltzen dituen euskal koordinakundearekin. Helburua, konfinamendu-aldian indarkeria matxista jasaten ari diren eta desgaitasuna duten emakumeengana ahalik eta modurik eraginkorrenean iritsi ahal izatea. Hala, material batzuk landu ditu. Euskal Gorrak Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin batera, entzuteko zailtasunak dituzten pertsonentzako bideo bat egin da; ONCEren bidez, telefonoei buruzko informazio-kartela egokitu da ikusmen arazoak dituzten pertsonentzako; eta FEVAS Plena Inclusión Euskadi-ekin batera, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteen euskal federazioarekin, alegia, irakurketa errazeko kartela egin da, Enplegu eta Politika sozialetarako sailaren lankidetzarekin.