Eudel

2022ko uztailaren 8a. Gaur goizean, udaltzaingoen eta Berdintasuneko udal-sailen arteko truke-tailerra egin da Hernanin (Kulturarteko Plaza Feminista), “Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei ematen dieten Arreta eta Koordinazioa”ri buruz. Tailerra aurrez aurre zein online egin da, zuzenean, eta Berdinsarea udalen sarearen urteko jarduera-programari dagokio; EUDELek koordinatua, Emakunde-Eusko Jaurlaritzaren sustapenarekin batera.

“Berdintrukeak” berdintasunaren arloko estrategia onak trukatzeko tailerrak dira, hainbat eremu eta gairen inguruan. Halaber, berdintasun-arloak inplikatzen dituzte, gainerako udal-arloekin batera. Gaurko saioak aukera eman du euskal udalerrietako udaltzaingoen ibilbidea aztertzeko, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen koordinazio eta arretaren arloan.

Itxaso Lekuonak, Hernaniko Udaleko Berdintasun zinegotziak, ongietorria eman die topaketan parte hartu duten pertsonei. Ekitaldia Eukene de Miguelek, EUDELeko Berdintasun teknikariak, koordinatu du.

Tailerra gauzatze aldera, udal esperientziak trukatzeko mahaia osatu da. Bertan, EAEko bost udaletako udaltzaingoetako eta berdintasuneko ordezkariek parte hartu dute, ordena honetan: Azpeitia, Bilbo, Hernani, Donostia eta Vitoria-Gasteiz.

Aldez aurretik “elkarrizketa-mahai” bat egin da, aztergai den gaian polizien jarduna testuinguruan kokatzeko. Pilar Carrerek, Donostiako hiri-guardiako agente erretiratuak, orain arte egindako bideari eta polizien erronka berriei buruzko ikuspegia eman du.

Beraz gain, Oscar Fernándezek, Ertzaintzako genero-indarkeriaren prozesuko taldeko kideak, polizien zeregina eta koordinazioa jorratu ditu tokiko protokoloen esparruan; zehatzago esanda, bere azalpena EBA proiektuan oinarritu da. Sistema digital horri esker, modu partekatuan kudeatzen dira Ertzaintzaren eta Euskadiko Udaltzaingoen delituengatiko espedienteak, “Genero-Indarkeria eta Etxeko Indarkeria”ri dagozkienak. Era berean, in­for­mazioa denbora errealean partekatzen da, eta emakumeen eta haien seme-alaben arriskua balioesten da, besteak beste, arriskuaren araberako babes egokia ezartzeko helburuarekin.

Saioaren amaieran, galderen txanda izan da eta debatea sustatu da bertaratu direnen artean, udalerriek gai horri buruzko ideiak truka ditzaten, beren toki-prozesuetan txertatze aldera.

Berdinsarea: laborategia eta behatokia

Berdinsarea “laborategia” eta behatoki-gunea da, tokiko esperientziak partekatu ahal izateko eta hausnarketarako bidea eman ahal izateko EAEko udalerri guztiei. Sareak lankidetza errazten du, bai eta tamaina desberdinetako udalen arteko koordinazioa ere, gainerako euskal erakundeekin elkarlanean.

2021ean 15 urte bete zituen Sareak tokiko berdintasun-politiken alde lan egiten. Euskal biztanleriaren % 80 baino gehiago ordezkatzen du. Sare aitzindaria da, eta Berdintasunerako Europako Gutunarekin batera sortu zen. Egun, Europako abangoardiako politikekin bat eginda jarraitzen du. Sarea praktika berritzaileenak dituzten udalek gidatzen dute. Udal horiek estrategia eta ekintza komunak lantzen dituzte aurrerapausoak lortze aldera, berdintasunaren arloan, eta emakumeenganako indarkeriaren kontra.

Informazio gehiago: www.berdinsarea.eus