
Berdinsarea X. urteurrenaren ekitaldia (2016ko abenduak). EUDEL (Ibon Uribe)-Emakunde(Izaskun Landaida)
- Ibon Uribe Galdakaoko alkateak, Berdintasun arloko EUDELen ordezkaria ere badenak, Iruñean hartu du parte gaur goizean, ‘Berdinsarea’ren esperientzia arrakastatsua aurkezteko. Jardunaldia Berdintasuneko Tokiko Politikei buruzko Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioak antolatu du.
- Uribe Berdintasun Batzordeko presidentea da Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE) eta datorren urteetan Europako udal guztietara zabaldu nahi du euskal sarea.
Bilbon, 2017ko martxoaren 16an. EUDELek eta Emakundek sustatutako “BERDINSAREA”, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko udalen sarea, erreferente bihurtu da Europan –Europako Berdintasun Itunaren Behatokiak “praktika ontzat” dauka katalogatuta–, bai eta EAE eta Nafarroako ingururik hurbilenekoaren barrukoak ere bai esparruan ere. Gauzak horrela, Nafarroako Udalerrien eta Kontzejuen Federazioak (FNMC) Euskadiko Udalen Elkartea gonbidatu du, EAEko udalen sarearen esperientzia arrakastatsua aurkezteko, Berdintasuneko tokiko politika publikoei buruzko jardunaldi monografikoen barruan.
Lorpenak eta lan-dinamikak aurkezteko, EUDELeko ordezkaritza bat Iruñera joan da; zehazki, berdintasuneko ordezkari politikoak izan dira hara joandakoak: Ibon Uribe (Galdakaoko alkatea) eta Garazi Lopez de Etxezarreta (Errenteriako alkateordea), bai eta Mireia Espiau ere, sarearen koordinatzailea maila teknikoan.
Ibon Uribe alkateak adierazi du berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako borroka oso zeregin konplexua dela, eta, aldi berean, ezinbestekoa ere badela gizarte demokratikoak bermatzeko, oinarrizko eskubideekiko errespetutik.
“Berdintasuna lortzeko, indarra eta adimena elkartu behar dira”. Horretarako, Uribek Berdinsarea bezalako udalerrien sareak sustatzearen alde egiten du, elkarri babesa emateko eta elkarrengandik ikasteko. “EUDELek eta Emakundek helburu partekatua dugu: berdintasunaren erronkari udalerrien botere eraldatzailetik egitea aurre.”
Berdinsarearen koordinatzaile tekniko gisa, Mireia Espiauk sarearen lan-metodo berezi eta aitzindariaren berri emango du: partaidetzan eta hainbat mailatan oinarritutako lana da, udalen eta gainerako erakundeen artekoa, eta horixe da, hain zuzen ere, ekimenaren arrakasta nagusienetakoa: “Berdinsarea sarearen gakoetako bat da prozesu eta proiektu kolektiboen diseinua; izan ere, horren bitartez, errealitate eta ikuspegi desberdinak sartu daitezke, eta ikasketa-prozesuak ahalbidetzen dituzte udalen artean”
FNMC-eko presidenteak eta Nafarroako berdintasunerako institutuko zuzendariak jardunaldiaren aurkezpena egin dute. Ekitaldia tokiko erakundeetako politikari eta teknikariei dago zabalik, eta, bertan, azken urteotan Nafarroan garatutako zenbait programari buruzko hitzaldiak eskainiko dira. Gainera, Berdinsarearen kasu praktikoa ere aurkeztuko da; hain zuzen ere, iaz, 2016an, Berdinsarea euskal Sareak bere lehenengo urteurrena ospatu zuen, 10 urteko ibilbidea betetzerakoan.
Nafarroako Federazioak zehaztasunez jakin nahi du zein den Berdinsareak partaidetzan (politikoa eta teknikoa) oinarrituta eta hainbat mailatan (udalen eta gainerako erakundeen artean) egiten duen lana, hura eredutzat eta inspirazio-iturritzat hartzeko, Nafarroako udalerrien arteko sarea sustatzen saiatzeko.
Zertarako balio du Berdinsareak?
Gaur egun, 62 udalerrik (EAEko populazioaren %77) osatzen dute Berdinsarea. Udalerri horietako gehienak neurri ertainekoak eta populazio handikoak dira.
Hurrengo bi urteetarako ekintza-planean, 5.000 biztanletik beherako udalerri txikiak ere Sarean sartzeko asmoa dago. Horretarako, hainbat baliabide eta programatarako sarbidea eskainiko da, eta euren errealitateetara egokituko dira, euren beharrizanei hobeto egin ahal izateko aurre.
Azken bi hamarkadetan, Berdinsarea sareak berdintasun arloko tokiko politiken oinarriak finkatu ditu EAEn, baina ez hori bakarrik: gaur egun ere, aholkularitzarako eta babeserako tresna nagusia izaten jarraitzen du, udaletako politikarientzat zein teknikarientzat. EUDELen eta Emakunderen arteko lankidetza eta bultzada bateratuaren ondorioz, Berdinsarea sarean ekimen eta programa nabarmenak sortzen dira; esate baterako, berdintasunerako udal ordenantzak eta tokiko planak, gazteen arteko indarkeria matxista prebenitzeko Beldur Barik programa, edo, duela denbora gutxiago, ‘Virginia Woolf Basqueskola’, emakumezko alkate eta zinegotzien trebakuntza eta jabekuntza eskola.
Europan erreferentzia den udalerrien Sarea
Ibon Uribe Berdintasun Batzordeko presidentea da Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE). EBko 42 herrialdetako 130.000 tokiko gobernu hartzen ditu bere baitan, eta tokiko politiken norabidea zehazten du Europa 2020 estrategiaren horizontean. Europako Kontseiluaren menpeko erakunde horretan, tokiko politiken norabidea zehazten da Europa 2020 estrategiaren horizontean. Hain zuzen ere, hortxe planifikatzen dira kide diren herrialdeetako udalerrietan toki mailan ezarriko diren etorkizuneko ekintzak eta ekimenak.
EUDELek aukera izan du ez soilik ahotsa izateko, baizik eta Europa eta nazioarte mailan proiekzio handia duen plataforma garrantzitsu hori gidatzeko, eta, horri esker, neurri handi batean, gure mugetatik at ezagutarazi ahal izan dugu Berdinsarearen sareko lana, bai eta Euskadiko udalek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde duten konpromisoa ere.