Hamarkadetakoa da berdintasun soziala gehiago zabaltzeko egindako borroka, eta helburua, norberaren sexu nahiz genero joerari begiratuko ez dion gizarte bat, baina hala ere, asko dira oraindik irabazteko ditugun erronkak ere, haietako bat, lesbianismoaren agerpen soziala ageriagokoa izatea, lesbianek aitortu ez zaien ikusgaitasun publikoa eskuratzea, homosexualitatea bera ere gizonezko kontua baita oraindik gizartearen begietara.
Ez da gauza erraza ikusgaitasuna, esanahi sozialez kargatutako egintza bat da, non eta testuinguru sexista eta aurreiritzietara makurtu batean azaleratu behar duena. Oztopo gaitza da hori, eragozten diona norbanakoari gizarte-baliabideak beste herritarren pare erabiltzea, gizakia ikusgai agertzeko beldurrez dabilenean uko egiten baitie bere-bereak dituen eskubideei. Eta, hala, lesbiana asko kaltedun suertatzen dira, bere aukera ederki ordainduta, ezin dituztelarik baliatu urte askoko ahaleginez eskuratutako eskubide juridiko eta sozialak, batzuetan etsi egiteraino ere.
Lesbianen ikusgaitasuna, hartara, aitortu egin behar zaien zerbait da, ezer izatekotan: legitimotasun sozialez ari gara, oinarrizko eskubide demokratikoez, oinarrizkoak izateagatik gizarteko norbanako ororenak diren eskubideez. Gogora ekarri nahi dugu sexuaren adierazpen emozionala eskubide sexualetako bat dela, eta, arrazoi beragatik, funtsezko Giza Eskubideetako bat.
Ez dago inork lesbianismoa bere osoan bizitzerik ezin badu ikusgai jokatu. Bistan da gizaki bat ezkutuka ibiltzen bada, beldurrez edo lotsez dagoelako, edo bere sexualitateak errua sentiarazten diolako, gizarte hori ez dela ez askotarikoa ez orotarra.
Gizarte eragileontzat, eginbeharra bezainbeste, aukera da gizarte errespetuzkoago, bidezkoago eta harkorrago bat eraikitzea, eta, hala izan dadin, txertatu behar dugu gure zereginen agendan konpromisorik erabatekoena lesbianengana, haien ikusgaitasuna erraztuko duen testuingurua sustatzeko ahaleginduz.
Esandako guztiagatik, Berdindu zerbitzu publikoak dei egiten die, bai gizarteari berari bai alorreko gizarte-eragileei, beren egin dezaten konpromiso hori, sexu- eta genero-aniztasunaren adierazpen diren gaiak jorratuz eta lesbianak ikusgai agertzeko moduko giroa bultzatuz gizarte-eremu guztietan.