Eudel

Gobernu Kontseiluak gaur goizean 2018-2022rako Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Plana onetsi du. Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailak honela kalifikatu du: “Familia eta Haurren aldeko Euskal Ituna zabaltzeko eta gauzatzeko plangintza-tresna nagusia, pertsonek beren familia-proiektua hasi eta nahi beste seme-alaba izatea zailtzen duten oztopoak pixkanaka ezabatu edo murrizteko.”

FAMILIEI LAGUNTZA EMATEKO IV. PLANA DESKARGATU

2018-2022rako Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko IV. Planak Europako erakundeek babestuta haurretan inbertitzeko ikuspegia gauzatzen du, eta, horretarako, ume eta nerabe guztien aukera-berdintasuna bermatzen duten neurriak antolatzen dira eta desberdintasunaren belaunaldien arteko transmisioa prebenitzen du eta, horrela, seme-alabak dituzten familien pobrezia-egoera murriztu.

Sailaren arabera, Planak “% 20 murriztuko du haurren pobrezia-tasa, 25 eta 44 urte bitarteko biztanleen okupazio-tasa areagotuko du, % 80ra arte, EAEko emakumeen ugalkortasunaren egoeraren adierazlea 1,50era areagotuko du, % 25 igoko ditu 1 urteko umeen arteko eskolatze-tasa garbiak, gutxienez % 50 murriztuko du etxeko zaintzen arraila, eta 25 eta 29 urte bitarteko gazteen emantzipazio-tasa areagotuko du”.

Planaren garapenak ia 460 milioiko gastua aurreikusten du, 2018aren eta 2022aren artean, Gizarte Politiketako Sailburuordetzaren neurrietan, berezikikontziliazioaren eremuan (286 milioi). Halaber, 785 milioi euro seme-alabak dituzten familientzako errentak bermatzeko politiketan eta gazteen enplegurako programetan. 220 milioi Haurreskolak Partzuergora, 250 milioi beketara, 50 milioi gazteentzako etxebizitza-politiketara, 1.575 zerga-kenkarietan ondorengoengatik eta 415 milioi gizarte-zerbitzuetara.

Plana prestatzeko prozesua

Hura prestatzeko, prozesu parte-hartzailea ezarri zen euskal erakunde publikoekin (Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta EUDEL) eta gizarte-erakunde eta -entitateekin, parte-hartze irekiaren bidez eta Familiaren Euskal Kontseiluan dituzten ordezkarien bidez.

Plana prestatzeko prozesua 2018ko otsailaren 9an hasi zen, Bilbon; horretarako, jardunaldi bat antolatu zen eta, bertan, adituek familia- eta haur-politikak aztertu zituzten. Jardunaldian eremu horietan lan egiten duten 200 pertsona baino gehiago izan ziren. Martxoan eta apirilean, alde biko bilerei ekin zitzaien berriro, Eusko Jaurlaritzan familiaren eta haurren arloan eskumen sektorialak dituzten sailekin, eta zenbait lan-bilera egin ziren foru-aldundi eta udalekin (EUDELen bitartez). 2018ko maiatzaren 15ean, Familien Nazioarteko Egunean, amaierako dokumentua aurkeztu zen Familiaren Euskal Kontseiluaren osoko bilkuran, eta onetsi egin zuen.

Egitura

Plana bost ardatz nagusitan banatzen da, eta horiek bat datoz Familia eta Haurren aldeko Euskal Itunarekin: gazteen emantzipazioa eta familia berrien eraketa, berez helburutzat hartzen diren neurrian, baina baita sine qua non baldintza Euskadin jaiotza-tasak areagotzeko; kontziliazio erantzunkidea; orain arte familia-planak zirenen nukleo zentrala eratzen zuten familientzako laguntza-politikak; haur eta nerabeen ongizatea, haur eta nerabeen bizi-baldintzetan eragina duten eremu oso anitzetan helburu bereziak jasotzen dituena; eta familia- eta haur-politiken lidergoa eta gobernamendua, edozein zeharkako politikatan lehen mailako erronka eta beharrizan direnak.

Bost ardatzak 18 helbururen bidez garatzen dira; guztira, 116 neurri dira eta, horietako bakoitzarentzat, enuntziatua zehazten da, edukia eta helburuak labur deskribatzen dira, eta gauzatzeko ardura izango duen administrazioaren maila adierazten da.

Planak planteatutako neurrien eragin-adierazle batzuk jaso ditu, eta jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat, bi une aurreikusten dituena: tarteko ebaluazioa, 2020an, familia, haur eta nerabeek Euskadin dituzten premia nagusiak diagnostikatzeko aukera ematen duten datuak eguneratzeko; Planean aurreikusitako jarduketen betetze-maila eta haren eragina ebaluatzeko; eta jarduketak formulatzean aldaketak eta egokitzapenak proposatzeko (egindako ebaluazioak hala eskatzen badu); eta amaierako ebaluazioa, indarraldia amaituta, 2022an. Bertan, Planean aurreikusitako jarduketen betetze-maila ebaluatuko da, bai eta eragina ere, eta Familiei Laguntza emateko Erakundeen arteko V. Planak aurreikusi beharko dituen jarduketarako oinarrizko printzipio eta ildoak proposatuko dira.

FAMILIEI LAGUNTZEKO ERAKUNDE ARTEKO IV PLANA 2018-2022