Eudel
  • EAEko udalerri guztietara bidali den agiriak “egoera berezi” hauek bereizten ditu: bizilekurik gabeko pertsonak; infraetxeetan bizi diren pertsonak; bizitoki kolektiboetan bizi direnak, gizarte-baliabideetan bizi direnak; indarkeria matxistaren biktimak eta bizi diren etxebizitza batean erroldatzeko zailtasuna duten pertsonak.

2025eko ekainaren 12an. EUDELen Batzorde Eragileak gaur onartu du Euskadiko udalerrietan egoera berezietako errolda homogeneizatzeko irizpideen dokumentua. Aipatutako kasuak udal-erroldari buruzko arau orokorren salbuespenak direnez, Euskadiko Udalen Elkarteak orientabide komun batzuk prestatu ditu, udaletan kudeaketa argitzeko eta errazteko.

Indarreko legeriari jarraikiz, Udalak eskumena du egoera berezi horiek egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituen jarduketak egin eta, salbuespen gisa, “fikziozko bizileku batean erroldatzeko” aukera emateko. Udal-erroldaren araudian, kasu hori egoera berezi jakin batzuetarako soilik jasotzen da (etxerik gabekoak, indarkeria matxistaren biktimak…). Berrikuntza gisa, EUDELen irizpideek barne hartu dute fikziozko bizileku batean erroldatzeko aukera, bizi diren etxebizitzan erroldatzeko zailtasuna duten pertsonentzat, eta Udalak aukeratuko du bizileku hori.

EUDELek 2025eko Ekintza Planean hartu zuen dokumentu hori garatzeko konpromisoa eta, horretarako, euskal udalekin osatutako lantalde bat sortu da,  errolda- eta gizarte-zerbitzuetako arloek osatua. Prozesua erroldaren arloko indarreko legeriatik abiatu da; hala, berriena udal-errolda kudeatzeko EINen instrukzio teknikoa da (2020ko apirilaren 29ko Ebazpena).

Lan hori hasi zenetik, EUDELen ordezkariek zenbait bilera egin dituzte “Erroldarik gabe izaterik ez” plataformarekin, eta haren eskaerak entzun ditu, irizpideen azken dokumentua kontrastatu arte.

EUDELen gomendio guztiak bezala, irizpideok orientagarriak dira soilik. Udal bakoitzak erabakiko du, toki-autonomian oinarrituta, horiek nola aplikatu, bere gizarte- eta udal-errealitatera, baliabideetara eta barne-antolaketara egokituta.

EUDELen elkarteburu Esther Apraizen hitzetan: “Baterako irizpide hauen xedea da kalteberatasun-egoeran edo gizarte- eta bizitegi-bazterkeriako egoeran dauden pertsonak erroldatzeko prozesuaren arauketa erraztea, segurtasun juridikoa duen erantzun homogeneo eta eraginkorra emate aldera”. Elkarteburuak azaldu duenez, “errolda da bizilekua adierazten duen administrazio-egintza bat, zeinak ez baitu sortzen higiezinaren titulartasun- edo erabilera-eskubiderik. Udalentzat baliagarria da geure udalerrian bizi diren pertsonen irudi erreal bat izateko eta herritartasun osoaren eta gizarteratzearen eskubideak bermatzeko; izan ere, errolda da zenbait prestazio eskuratzeko giltza, esaterako, diru-sarrerak bermatzeko errenta, etxebizitza, etab. Helburua da gure udalerrien eguneroko bizitza beren presentziaz eta lanaz eraikitzen duten pertsona guztien errealitatea jasota uztea”.

Ildo horretan, EUDELen dokumentuaren sarreran nabarmentzen da erroldak garrantzi handia duela atzerritarrentzat: “funtsezko elementu bihurtzen da bizileku jarraitua egiaztatzeko, beharrezkoa baita salbuespenezko zirkunstantzien ondorioz bizileku- eta/edo lan-baimena eskatzeko prozedurak hasteko”.

Erroldatzera doan pertsonak ez badu baliozko identifikazio-agiririk, haren eskabidea erregistratu eta aurkeztutako eskabidearen ziurtagiri zigilatua entregatzeko irizpidea jasotzen da.

Egoera bereziak

Agiriak inguruabar berezi hauek jasotzen ditu:

  • Bizilekurik gabeko pertsonak.
  • Infraetxeetan dauden pertsonak.
  • Etxebizitza batean bizi eta erroldatzeko zailtasunak dituzten pertsonak. *Berrikuntza gisa, kasu hau gehitu da fikziozko bizilekuan erroldatzeko aukera ematen duten inguruabarren artean.
  • Bizitoki kolektiboetan bizi diren pertsonak.
  • Salbuespenezko beste egoera batzuk, esaterako, lehen edo bigarren mailako arretako gizarte-baliabideetan bizi diren pertsonak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak eta haien seme-alabak, etab.