Eudel

Author

eudel

Azken berriak

  • Gaur, otsailaren 13an (asteartea), EUDELek Bilbon duen egoitzan, “Zaintzen duten udalerriak” tailerra egin da, toki-erakundeetako politikariei zuzenduta.
  • Euskadiko baterako lana aztertu da, baita komunitatearen, erantzunkidetasunaren eta ikuspegi feministaren ikuspuntuak dituzten udal-esperientzia aitzindarien bidez ere.

2024ko urtarrilaren 13an. Tokiko hautetsientzako “Udalak Abian” ibilbidearen esparruan, EUDELek saio monografiko bat egin du gaur, bere Bilboko egoitzan, zaintzen erronkari eta horiek udal-eremuan duten eraginari buruz. Tailerra, udaletako arduradun politikariei zuzenduta, EAEko hiru lurraldeetako udalerrietan bultzatutako proiektu aitzindariak aurkezteko balio du.

Zaintzen erronka orokorrak gero eta garrantzi handiagoa izango du gizartean, eta, zehazki, udalerri eta hirietan, non tokiko gobernuak baitira pertsona zaurgarrien zaintzaren eta arretaren bultzatzaile nagusiak. Saio honek zenbait jarduera-gako eta inspirazio-praktika eskaini ditu, eragileekin (profesionalak, familiakoak, erakundeak, entitateak eta udalerriko herritarrak) sare komunitarioa sentsibilizatu eta eratzeko moduari buruz.

Saioa 9:30ean hasi da, EUDELeko ordezkari den Nati López de Munain Burgeluko alkatearen ongietorriarekin. Ondoren,  Mémora Fundazioak bere testuinguruan jarri du gaia. Joan Berenguer zuzendariak bere Fundazioaren proiektuaren gakoak azaldu ditu; bizitzaren azken prozesuan pertsonen akonpainamendu eta arreta integralean izandako esperientziatik sortutako proiektua da. Mémoraren “Zaintzen duten hiriak” proiektuak hainbat tresna garatzea proposatzen du, hala nola nahi ez den bakardadeari arreta emateko Behatoki bat eta adierazleak, hausnarketarako guneak, udal-jardunbide egokiak bilduko dituen jarduera-protokoloa, eta, azkenik, ebaluatzeko eta egiaztatzeko metodologia (“Zaintzen duen Hiriaren Kalitate Zigilua”).

Bigarren hizlariak, Rafa López-Arostegik, EAEn egindako lan komuna aurkeztu du. López-Arostegi gizarte, gazteria eta haurtzaroko politiketan aditua da, eta arlo publikoko aholkularia. Euskadin, Eusko Jaurlaritza Herrialde mailako esparru koordinatu bat lantzen ari da, euskal gizartearen errealitatearekin bat datorrena eta zaintzei batera ekiteko berdintasun-ikuspegia txertatzea ahalbidetuko duena.

Tailerrak 12:00ak arte iraun du, Amurrioko, Portugaleteko eta Usurbilgo udaletako ordezkariekin, haien udal-esperientzien berri emateko panel batekin; udal horiek lan-ibilbide luzea dute tokiko komunitateetan. Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak, Agurtzane Solabarrieta Usurbilgo alkateak eta Maria José Blanco Portugaleteko alkateordeak hartu dute parte. Udalen panelean, mintzagaien artean izango da zaintzen erronkari erantzuteko baliabide publiko, pribatu eta sozialak nola aktibatu eta lerrokatu ere.

Tokiko praktiken hiru adibide horiek EUDEL, Berdinsarea berdintasunerako sarearen bidez, Euskadiko 2030 Agendari ekarpen gisa egiten ari den azterlan baten parte dira. Ekimen honen helburua da zaintza erantzunkideetarako tokiko eredua diseinatzea, ikuspegi feministarekin, beste udalerri batzuen erreferentzia eta inspirazio izan dadin.

Tokiko hiru esperientzia

Tailerrean aurkeztu diren hiru kasuak Euskadi mailako lan komuna tokiko errealitatera nola egokitzen den erakusten duten adibideak dira:

  • Amurrio (Araba) zaintzak Udalaren ekintza gidatuko duen itsasargi-politika gisa kokatu nahian dabil. 2022an, udalerriko zaintzen egoerari buruzko Diagnostikoa egin zuen, eta, orain, Ekintza Plana diseinatzen ari da.
  • Portugalete (Bizkaia) pertsonei zahartu ahala gero eta akonpainamendu handiagoa eskaintzeko lanean ari da, autonomia txikiagoa dagoenean babes handiagoa emateko, eta laguntza-baliabideen bidez (gizarte zentroak-Autonomiaren Sustapenerako zentroa-eguneko zentroa-egoitza) ahalik eta traumatikotasun gutxieneko ibilbidea errazteko. Horrez gain, garrantzia ematen zaio zaintzen duten pertsonen zaintzari.
  • Usurbil (Gipuzkoa) zaintzen ikuspegi feministan oinarritzen da. Esperientzia zehatz gisa, belaunaldien arteko etxebizitza komunitarioko proiektuak eta zaintzaileen etxebizitza-auzo berritzaile bat garatzen ari dira.

Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailaren 12an Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta euskal udalek, besteak beste, itundutako zergen gaineko diru-bilketaren 2023ko likidazioari eta 2023ko Egokitzapenerako Funts Orokorraren likidazioari buruzko erabakiak hartu dituzte.

Kontseiluaren prentsa-oharra ikusi:

https://www.irekia.euskadi.eus/mobile/eu/news/91560-herri-dirubideen-euskal-kontseilua

Udalerrien ordezkariak

Euskal udalerrien aldetik, Herri-Dirubideen Euskal Kontseiluan, hiru lurralde historikoetako hiru emakume alkatek parte hartzen dute:

  • Esther Apraiz Fernandez la Peña, Derioko alkatea (EUDELeko elkarteburua).
  • Nagore Alkorta Elorza, Azpeitiko alkatea (EUDELeko elkarteburuordea)
  • Natividad López de Munain Alzola, Elburgoko alkatea (EUDELeko Batzorde Eragileko batzordekidea)

Finantzen lurralde-kontseiluak eta agintaldiko erronkak

Bileraren osteko agerraldian, Esther Apraiz udalerrien ordezkariak erakunde guztien arteko akordioa eta lankidetza nabarmendu ditu, herrialdeko baliabideak banatzeko.

Alkate eta EUDELeko elkarteburuak datorren asteko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Finantza Kontseiluen berehalako deialdiak nabarmendu ditu. Azaldu duenez, “Udalek eta Aldundiek Udal Finantzaketarako Foru Funtsak adosten ditugun topaguneak dira, bai eta herrialdeko baliabideak Euskadiko udalerri bakoitzean nola banatuko diren ere. Bertan, udal finantzaketaren “argazkirik” errealena ezagutuko dugu.

Esther Apraizek gogorarazi du oso garrantzitsua dela beharrezko informazioa izatea, udalek beren proiektu estrategikoak bultza ditzaten tokiko agintaldiaren hasiera honetan. Era berean, Apraizek nabarmendu du euskal udalek funtsezko zeregina izango dutela etapa berri honetan, politika eta zerbitzu publikoak hobetzen eta berritzen jarraitzeko, eta pertsonak erdigunean kokatuz.

Lehendakariak gaineratu duenez, “zumeak daude guztion artean agertoki baikorrago bat egiteko, gure erantzukizunak eta eskumenak betetzeko eta gure herriak eta udalerri bakoitzak datozen urteetan aurre egin beharko dituen erronka garrantzitsuei erantzuteko. ”

Azkenik, EUDELeko elkarteburuak nabarmendu du Euskadiko Udalen Elkarteak lanean jarraituko duela udalak sendotzeko, “gure eskumenak eraginkortasunez eta efizientziaz betetzeko tokiko autonomia eta finantza-nahikotasuna defendatuz “.

2021etik, EUDELek zerbitzu esklusiboa eskaintzen die euskal udalei, Europako funtsei buruzko informazioaren eta laguntzaren arloan. Gaur egun, zerbitzu hau egonkortu egin da politikarien eta teknikarien 500 harpidetza baino gehiagorekin.

Berritasun gisa, eta udalen eskaerari erantzunez, EUDELek informazioaren estaldura zabaldu du, EAEn eta estatuan finantzaketa-aukera berriak identifikatzeko. Hemendik aurrera, Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta Estatuko administrazio publikoek sustatutako eta toki-erakundeei zuzendutako dirulaguntzen deialdiei buruzko alertak eta fitxa deskribatzaileak jasoko dituzte harpidetutako pertsonek.

Laguntza mota bakoitza bereizteko, alertek identifikazio hau izango dute:

AUKERAK!: EAEko eta Estatuko dirulaguntzen deialdiak.

*Modalitate berria. Alerta bat bidaliko da posta elektronikoz, honako informazioarekin:

Deialdi bakoitzaren FITXA, epea eta deskribapenarekin.

NEXT!: Europako funtsen deialdiak.

*Oraingo zerbitzuari eutsiko zaio, honako informazioarekin:

Deialdi bakoitzaren FITXA, epea eta deskribapenarekin. + NEWSLETTERA (hilabetekaria):

Next deialdien laburpena

OHIKO-GALDERAK (FAQ) ETA LAGUNTZA-DOKUMENTUAK

Next funtsen kudeaketa

 

WEB: https://udalaukerak.eudel.eus/eus

Deialdi aktibo eta material lagungarri guztiak eskuragarri daude zerbitzuaren webgunean

2001etik aurrera EUDELek eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena eduki dute toki erakundeei Onomastika alorrean laguntza emateko, eta 2022an hitzarmena berriztatu egin zen eta gaur egun indarrean dago: EUDEL eta Euskaltzaindia Hitzarmena

Hitzarmenaren xedea EUDELeko toki erakundeei laguntza teknikoa ematea da, batez ere, Onomastika alorrean. Hau da, industrialdeen, auzo berrien, bizitegi-unitateen, natura-guneen, parkeen, atsedenlekuen, zerbitzuguneen, katalogatutako udal-mendien eta abarren leku-izenei buruzko aholkuak ematea, bai eta toki-erakundeok, zeinek bere lurralde-esparruko toponimia-azterketa luze-zabalagoak egiteko, baliatu behar dituzten jarraibide eta irizpide orokorrei buruz ere.

Era berean, udalek hala eskatzen dutenean, onomastika-arloari buruzko etengabeko aholkularitza emango zaie, batez ere, euskal odonimiaren -kale eta antzekoen izenak- arloan, 2019ko udal dekretuak (179/2019 Dekretua, azaroaren 19koa, Euskadiko toki-erakundeetan hizkuntza ofizialen erabilera) Akademiaren txostena eskatzen baitu. Laguntza ez da txostenak egitera mugatzen eta tokiko onomastika (izenak, deiturak edo toponimoak) ezagutarazteko lanetan ere laguntzeko prest dago Euskaltzaindia eta, esaterako, hitzaldiak ematen ditu irakaskuntza zentroetan Udalak eskatzen badu.

Udal agintariek edo zerbitzuek gaiari buruzko argibide edota informazio zehatzagoa nahi baldin badute, aski dute Euskaltzaindiaren Onomastika zerbitzuarekin harremanetan jartzea eta bertan jasoko dituzte azalpen eta zehaztapen guztiak. Lanak aurrera ateratzea erabakitzekotan, eskaerok EUDELera bidali beharko dira eta Elkarteak bideak ezarriko ditu jasotako eskaerak Euskaltzaindiari birbidaltzeko.

EUDELen eta Euskaltzaindiaren arteko hitzarmenaren emaitza garrantzitsu eta praktiko bat, Udalei laguntzeko asmoz sortua, web orrian dagoen Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak liburua da: Kale eta karriken izenak hautatzeko eta idazteko irizpideak

  • Esther Apraiz elkarteburua Okzitaniako gobernuko ordezkaritza batekin elkartu da, Euskadiko Udalen Elkartearen Bilboko egoitzan.
  • Azterketa-bisita bat izan da, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, Pirinioetako bi komunitateen berdintasun politikak aztertzeko.
  • Urtarrilaren 17an eta 18an, ordezkaritzak bilerak egin ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Emakunderekin, SATEVIrekin, EHUren Berdintasun Zuzendaritzarekin eta, azkenik, EUDELekin.

Bilbo, 2024/01/18

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek gaur arratsaldean topaketa bat izan du Elkartearen egoitzan Okzitaniako gobernuko eta administrazioko ordezkaritza batekin, erakusteko euskal udalek nolako esperientzia eta jarduera aurreratuak dituzten berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriaren arloko politiketan.

Elkarteburuaren ondoan, bileran izan dira Burgeluko alkatea, Nati Lopez de Munain, eta Portugaleteko alkateordea, M. Jose del Blanco, biak ere EUDELeko Berdintasun Batzordeko kideak. Hautetsiei lagun egiten egon dira Elkarteko zuzendari nagusia, Mar Zabala, eta Berdintasun arloko teknikari arduraduna, Eukene De Miguel.

Okzitaniako ordezkaritzaren aldetik, berriz, Nadia Pellefigue, Goi Irakaskuntza eta Ikerketa, Europa eta Nazioarteko Harremanetako ordezkaritzako presidenteordea; eta harekin batera, Nadia Bakiri, Christine Vergnes, Madeleine Denorme, Dorothee Moussu, Nathalie Douk, Gwenaelle Guerlavais, Delphine Roux, Axel Loscertales, Tolosako Unibertsitatekoa, Valerie Le Naour, Okzitaniako Jendarmeriako teniente koronela, Fatma Nakib eta Jeremie Crepin.

Urtarrilaren 17an eta 18an, ordezkaritzak bilerak egin ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailarekin, Emakunderekin, SATEVIrekin, EHUren Berdintasun Zuzendaritzarekin eta EUDELekin. Azterketa-bisita bat izan da, Eusko Jaurlaritzak koordinatua, Pirinioetako bi komunitateen berdintasun politikak aztertzeko helburuarekin. Okzitania gaur egun Pirinioetako Lan Komunitateko buru da.

Aurretiko bilerak izan ondoren, EUDELi bisita egiteko xedea zen sakonagotik ezagutzea Euskadiko udalerriek egiten duten lana, gainerako erakundeekin koordinatuta eta erreferente gisa tokian tokiko berdintasuna hartuta.

Berdinsarea

Okzitaniako ordezkaritzak, zehazki, interes handia erakutsi du Berdinsareagatik; izan ere, udalerrien sare horrek jarduera aurrendariak eta aurreratuak daramatza bere udalerrietan berdintasuna sustatu eta indarkeria matxista prebenitzeko. Berdinsareak gaur egun 88 udal ditu guztira (21 Araban, 44 Bizkaian eta 23 Gipuzkoan).

Apraiz elkarteburuak sarearen indarguneak azaldu ditu: 2006an sortu zen, lankidetza hitzarmena egin baitzuten Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakundek. EUDELek Berdinsareko batzordeak koordinatzen ditu, non lan politiko eta teknikoari esker gomendioak, ordenantzak, protokoloak, gidak eta beste material batzuk eratzen baitituzte EAEko toki erakundeekin batera.

EUDELeko hautetsiek orobat partekatu dituzte Okzitaniako ordezkariekin beren udalerrietan daramatzaten estrategia propioak. Ildo horretan, Burgeluko alkateak “Virginia Woolf Basqueskola” aipatu du erreferente gisa, emakume alkateen eta zinegotzien sarea, udal politiketan eragin eta partaidetza handiagoa izan dezaten.

Tokiko ordezkariek, herritarrenganako hurbiltasunetik, konpromiso irmoa adierazi dute emakumeentzat berdinzaleagoak, inklusiboagoak eta libreagoak izango diren udalerrietarantz egiten jarraitzeko.

Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak, udalerrien ordezkari gisa, Aholku Batzordeak gaur goizean Bilbon egindako bileran parte hartu du. 

Itsasertzaren Kutsadurari Aurre Egiteko Euskadiko Larrialdi Planaren Aholku Batzordeak (ITSASERTZA),  lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburua buru duela, eta, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako, EUDELeko, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundietako, itsas kapitaintzetako eta Gobernuaren Euskadiko Ordezkaritzako arduradunek osatuak, erakundeen arteko koordinazio-lanei heldu die gaur, euskal kostaldean gerta daitekeen pellet plastikoen agerpenaren aurrean.

Bileraren ondoren, Josu Erkorekarekin batera, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, EUDELeko elkarteurua  Esther Apraizek, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok, Gipuzkoako Jasangarritasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok eta Bizkaiko Ingurumeneko zuzendari Álex Pelaezek isurketaren ezaugarrien, itsasoan izaten ari den portaeraren, eta AZTI itsas zentro teknologikoak orain arte itsasoaren egoerari buruz egindako simulazioen emaitzen berri eman dute.

Bileraren osteko agerraldian, Elkarteburua Esther Apraizek azpimarratu du EUDELek udalei informazioa elkarbanatuko diela eta gainerako erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa erraztuko duela, alertaren bilakaeraren arabera, hartu beharreko neurriak hartzeko.

“Udalok, egoera honen aurrean, adi jarraituko dugu, eta erakunde guztiak erabat koordinatuta gaude erantzun bateratuetan lan egiteko” elkarteburuak esan du.

Azkenik, Esther Apraizek lasaitasun mezua helarazi die herritarrei, eta agintarien eta adituen jarraibideak uneoro jarraitzeko deia egin du.

BIDEOA: Esther Apraiz, EUDELeko elkarteburua

Eusko Jaurlaritzak, Segurtasun Sailaren bitartez, joan den asteartean Plan horren alerta-fasea prebentzioz aktibatu ondoren egin da Aholku Batzordearen bilera, isurketaren iritsieraren balizko egoerari aurrea hartzeko. Izan ere, etengabeko jagoletza-lana lehenetsi da, baita erakundeak, organismoak eta sektoreak koordinatzekoa ere, ahalegin guztiak bateratu eta koordinatzeko helburuz.

ITSASERTZA prozedura bat da, pertsonak eta ondasun materialak arriskuan jar ditzaketen itsasoko kutsadura-egoerei aurre egiteko. Planaren lurralde-eremuak euskal lurraldeari dagokion kostalde osoa hartzen du eta, ondorio operatiboetarako, lurralde-banaketarekin bat datozen bi eremutan banatzen da: Bizkaia eta Gipuzkoa

Alerta-fasean, itsas kutsaduraren balizko gertaera baten aurrean mobilizatu daitezkeen bitartekoak eta baliabideak antolatzen dira, behar den erantzun-mailaren arabera.

Fase horretan azterketa xehatua jasotzen da, kutsadura-arrisku posibleen ebaluazioa egin ondoren egoeraren, baldintza meteorologikoen, ozeanografikoen eta ingurumenekoen arabera, eta, hala badagokio, eremu kalteberenak identifikatzen dira, aplikazio-eremuan sartutako zonen sentikortasun-mapen bidez, Plana aktibatzea eskatzen duten egoeretan babesteko.

ITSASERTZA Plana 2019ko apirilaren 9an onartu zen Gobernu Kontseiluan. Oraingo honetan aktibatzen da lehen aldiz

Informazio osoa eta prentsaurrekoaren bideoa (Irekia): https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/90802-itsasertza-larrialdi-planaren-aholku-batzordea-erakundeen-arteko-jarduera-koordinatzen-ari-euskal-kostaldean-gerta-daitekeen-pellet-plastikoen-agerpenaren-aurrean

Bilbon, 2024ko urtarrilaren 18an eta 19an, “Languages lanean. Hizkuntza kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” izeneko kongresua egingo da, lehen egunean (18a, osteguna) Euskalduna Jauregian eta bigarren egunean Guggenheim Museoan (19a, ostirala).

Lan eremuan hizkuntzaren kudeaketak planteatzen dituen erronkak aztertzeko helburua du kongresuak, eta tokiko zein nazioarteko erreferentziazko eragileek hartuko dute parte.

Kongresua Eusko Jaurlaritzak antolatu du eta erakunde hauen babesa du: EUDEL, UEMA, Bilboko, Donostiako eta Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernua.

Kongresuak aukera emango du jarduera ekonomikoaren esparruan hizkuntzaren kudeaketak dituen erronkei buruzko esperientziak partekatzeko eta eztabaidatzeko, bai nazioartean, bai gure esparruan bertan.

Hizlariak: Lehen edizio honetan, erakunde publiko eta pribatuetako arduradunak izango dira protagonista. Tokiko zein nazioarteko entitateetako ordezkariak elkartuko dira Bizkaiko hiriburuan, baita kulturaren alorreko adituak ere. Eremu publikoari eta pribatuari eragiten dieten aztergaiak eta sektoreen araberako mahai-inguruak ere programatuko dira bi egun horietan.

Izen-ematea doakoa da, eta publiko orokorrari zabaldutako jarduera izango da. Languages Lanean kongresura, lan-eremuko hizkuntzaren erabileraren inguruan kezkak eta ezagutzak partekatu nahi dituzten enpresariei, langileei, bezeroei zein hornitzaileei egin diete bertan parte hartzeko gonbita. Izen-ematea zabalik dago eta Kongresuaren atariaren bidez sar zaitezkete.

Informazio gehiago:
Languages Lanean Kongresua (euskadi.eus)
Izen ematea

Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) Zuzendaritza Batzordea Pragan bildu zen abenduaren 6an eta 7an, eta, bere erabakiei amaiera emateko, bere jarrera adierazten duen dokumentu bat onartu zuen, 2024an Europako Parlamenturako egingo diren hauteskundeei begira: “Pragako Adierazpena: konfiantza handiagoa eta ahots sendoagoa tokiko eta eskualdeetako gobernuentzat“.

Erlazionatutako albistea, 2023/12/7: “Esther Apraizek Europako udalen lehen Batzorde Politikoan parte hartu du, EUDELeko elkarteburu gisa”

ADIERAZPENA CAS (itzulpena)

ADIERAZPENA EUSK (itzulpena)

ADIERAZPENA ENG (jatorrizko bertsioa)

Informazio-iturria: CEMRren komunikazioa

Dokumentu politiko honek tokiko eta eskualdeko gobernuek udalerriei eta eskualdeei eragiten dieten erronka handiei aurre egiteko duten funtsezko zeregina azpimarratzen du. “Pragako Adierazpenak” mezu argia bidaltzen du tokiko ahots indartsuago baten aginduzko beharrari eta Europar Batasunaren, estatuen eta tokiko eta eskualdeko gobernuen arteko lankidetza estuagoari buruz. CEMRk parte-hartze eta kontsulta aktiboagoa defendatzen du tokiko erakundeekin politikak formulatzeko prozesu osoan zehar.

Adierazpena onartu ondoren, Fabrizio Rossik, CEMRko idazkari nagusiak, honako hau adierazi zuen: “Dokumentu honek gure konpromiso partekatua islatzen du gobernantza, jasangarritasun sozial eta klimatikoa eta gure komunitateen ongizatea lortzeko. Elkarrekin, udalerriak eta eskualdeak, gure herri eta hirietako herritarrentzako etorkizun erresiliente eta oparoago baterako bidea erakitzen ari gara “.

Adierazpen hori bide-orri bat da tokiko eta eskualdeetako gobernuak ahalduntzeko, modu eraginkorrean bete ditzaten herritarrekiko dituzten erantzukizunak. Nabarmentzekoa da Europa mailan eta lurralde bakoitzean politika publikoak ezartzeko duten zeregin estrategikoa.