Eudel

Author

eudel

Azken berriak

1990eko maiatzaren 17an, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) homosexualitatea ezabatu zuen gaixotasun mentalen zerrendatik. Gertakari historikoa izan zen, eta aurrerapauso itzela sexu orientazio eta nortasun jakin batzuk gizartearen berezko aniztasunaren bereizgarri gisa aitor zitzan gizarteak berak. Azken hamarkadan, maiatzaren 17a LGTBI pertsonen (lesbiana, gay, bisexual, transexual eta intersexualen) aurkako gorroto eta indarkeria mota ororen aurkako eguna bihurtu da.

1990etik hona, asko egin du aurrera legeak, sexu orientazioa eta/edo generoa edozein dutela ere pertsona guztiek eskubide berdinak izateko; LGTBI kolektiboetako pertsonak gainerakoekin berdintzen dituzten legeak onartu dira. Gizarteak ere aurrera egin du bide horretan; oro har, gizarteko kideen sexualtasun motak eta generoa bizitzeko askotariko erak modu irekian adierazi ahal izateko espazio sozialak gero eta gehiago dira.

Legeak aldatu eta gizarteak aurrera egin arren, LGTBI kolektiboko pertsona askok jasaten ditu oraindik orain bazterkeria, estigmatizazioa eta indarkeria. EAEko gizarteak, beraz, bide luzea dauka aurrean, berdintasun egiazkoa eta eraginkorra lortuko badu. Zoritxarrez, aurreiritziak, uste faltsuak, estereotipoak, bazterketa eta gorrotoa oraindik ere gizarteko sektore askotan sakon errotuta daude.

LGTBI kolektiboko pertsona askok (nagusiki lesbianek, transexualek, adintsuek edo desgaitasuna duten pertsonek) ezinikusia eta ez ikusiarena egitea jasaten dute, eta horien aurkako eraso fisikoek gora egin dute gure hirietako kaleetan; horrelakoek agerian uzten dute nork bere sexualtasunaren nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun egiazkorik ez dagoela, eta berdintasuna zein bereizkeriarik eza falta direla.

Hala, homofobiaren, lesbofobiaren eta transfobiaren aurka borroka egitea askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzea da. Aniztasunak aberasten gaitu; horrenbestez, LGTBI kolektiboko kideek jasaten duten bazterkeriaren eta indarkeriaren aurka egitea gizartearen garapena bultzatzea da; alegia, inklusioaren alde eta bazterkeriaren aurka egitea, eta errespetu zein berdintasun handiagoko gizarte bidezkoa lortzeko bidean urratsak ematea.

Eusko Jaurlaritzak hartua du sexu eta genero aniztasuneko politikak garatzeko konpromisoa. Horretarako, BERDINDU sortu zuen, LGTBI kolektiboari eta kolektiboko kideen hurbilekoei arreta emateko zerbitzua, EAEko gizartean, kideen sexu orientazioa eta genero nortasuna edozein direla ere, berdintasuna indartzea eta berdintasun eza ahultzea duena xede nagusi.

Eusko Jaurlaritzak pertsona guztien eskubideen defentsan irmo jarraituko du, politika publikoetan babes neurriak eta bazterkeriaren aurkakoak ezarriz. Gizarte aniztasunean datza gure sendotasuna; babestu eta indartu beharreko balioa dugu.

  • Bisita amaituko da ordezkarien parte hartze batekin maiatzaren 17an eta 18an San Salvadorren egingo den foro batean
  • Delegazioa eLankidetzako, Emakundeko et EUDELeko ordezkariek osatzen dute
  • Misioa eLankidetzak babestutako NBE Emakumeak erakundearen lankidetza proiektu baten parte da

Vitoria-Gasteiz 2024/05/13

eLankidetza-Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziako, Emakundeko et EUDELeko ordezkaritza bat, Euskadiko Udalen Elkarteak eta Emakundek bultzatutako tokiko hautetsien sarearekin batera, El Salvadorren parte hartzen ari dira, egunotan, udalerrietan lider diren emakume politikarien eta horien ahalduntzearen esperientzien truke batean. “Emakumeak, parte-hartze politikoa eta boterea. El Salvadorren udal mailako berdintasunerako ibilbide bat eraikiz” lankidetza teknikoko ekimen bat da, eta NBE Emakumeak, El Salvadorreko emakume erregidore, delegatu eta alkateen erakunde nazionalarekin (ANDRYSArekin) batera, bultzatutakoa da, eLankidetzaren babesarekin.

Euskal delegazioa honako ordezkariek osatzen dute: ‘Virginia Woolf Basqueskola’ sareko Pilar Legarrak, Asteasuko alkateak, e Itziar Carrocerak, Santurtziko Udaleko zinegotziak; eLankidetzako Noemí de la Fuentek, estrategia koordinatzaileak, eta Maite Garmendiak, lankidetza teknikariak; María Sierrak eta Amagoia Arrietak, Emakundeko berdintasun teknikariek; Eukene de Miguelek, EUDELeko berdintasun teknikariak. Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, ostegunean hasiko den foroan batuko da modu telematikoan.

Egun hauetan, euskal ordezkaritzak NBE Emakumeak El Salvador eta ANDRYSASekin batera lantegietan parte hartuko du. Gainera, topaketak izango dituzte herrialdeko emakumeen elkarteekin eta bilerak hainbat udalerritako agintariekin eta teknikariekin. Elkartruke horien bidez, Euskadiko eta El Salvadorreko udalerrien jardunbide egokiak gizarteratu nahi dira emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko plangintzan, eragin politikoan eta emakume liderren eta politikarien prestakuntza prozesuetan.

Esperientzien trukerako foroa 

Bisita bukatzeko, euskal ordezkariek San Salvadorren maiatzaren 17an eta 18an egingo den Esperientzien Trukerako Foroan parte hartuko dute.

Lehenengo egunean, emakumeen aurkako indarkeria politikoaren gaia jorratuko dute. Basqueskolatik, Santurtziko zinegotziak, Itziar Carrocerak, horiek detektatzeko eta prebenitzeko euskal esperientzia partekatuko du.

Era berean, EUDELeko eta Emakundeko teknikariek, Eukene de Miguelek eta Amagoia Arrietak, tokitik eragin politikoa sustatzeko Euskadin izandako esperientziei buruz hitz egingo dute.

Bigarren egunean, bertaratutakoek aukera izango dute entzuteko parte-hartze politikoa eta formakuntza sustatzen dituzten El Salvadorreko zein Euskadiko esperientziak. Emakundeko zuzendariak, Miren Elgarrestak, telematikoki hitza hartuko du Euskadin emakumeen lidergo eraldatzaileak sustatzeko bultzatzen den lanari buruz aritzeko. Bestalde, Asteasuko alkateak, Pilar Legarrak, emakume politikarien prestakuntzari eta agenda publikoan eraginari buruzko ekimenak partekatuko ditu.

Emakume politikarien arteko lankidetza

eLankidetzak El Salvadorreko NBE Emakumeak-ekin harremana du 2012tik, erakundeari lehenengo dirulaguntza eman zionean. 2017an eta 2023an beste bi dirulaguntza eman ziren, betiere udal-eremuan Berdintasuna eta Eusko Jaurlaritzaren eta El Salvadorren arteko lankidetza teknikoa sustatzeko helburuarekin. Salvadorreko udalerrietan proiektu espezifikoak garatzeaz gain, diruz lagundutako ekimenek Emakunderen eta EUDELen lankidetza izan dute. Horren harira, hainbat bilera egin dira Euskadin eta Amerika Erdiko herrialdean bi lurraldeetako teknikariekin eta politikariekin.

Basqueskolako euskal hautetsiek, Emakunderen eta EUDELen bultzadarekin, El Salvadorrekin lanean ai dira 2019tik, emakume politikarien beste sare batzuekin nazioartea aliantzak egiteko estrategiaren baitan. Zehazki, alkateen eta zinegotzien ahalduntzea eta eragina sustatzen ari da udalen agenda publikoan. Helburua da, Berdintasuna zeharkako ardatz gisa kokatzea herritarrengandik hurbilen dauden politiketan, eta horrek udalerri berdintasunezkoagoetan eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabekoetan eragitea.

EUDELek bat egin du Udalen eta Eskualdeen Kontseiluko (CEMR) elkarte guztiekin Europaren Eguna ospatzeko.

74 urte Schuman Adierazpenetik: Udalerriek ondare hori ohoratzen dute, Europa herritarrengana hurbilduz.


EUDEL se une a todas las asociaciones del Consejo de Municipios y Regiones (CMRE) para celebrar el Día de Europa.

74 años desde la Declaración Schuman: los municipios honran este legado acercando Europa a sus ciudadanas y ciudadanos.


EUDEL joins all associations of the Council of Municipalities and Regiones (CEMR) to celebrate Europe Day.

74 years since the Schuman Declaration: Municipalities honour this legacy by bringing Europe closer to its citizens to local and regional level.

 

Ikusgarritasunik gabe ezin da lesbianismoa bete-betean bizi

Gaur, apirilak 26, ikusgarritasun lesbikoaren egunean, Berdindu LGTBI+ pertsonen harretarako euskal zerbitzutik EAEko gizarte-ehuna eta erakundeak animatzen ditugu emakume lesbianen ikusgarritasunaren alde lanean jarrai dezaten.

Azken hamarkadetan aurrerapen ukaezinak lortu ditugu eskubideen arloan LGTBI+ biztanleriarentzako. Hala ere, emakume lesbianen ikusgarritasun publikoa oraindik ere erronka garrantzitsua izaten jarraitzen du gizarte berdinzaleagoa lortzeko. Emakume lesbianen ikusgarritasun eza, sexualitate hegemoniko oso heteronormatibo eta patriarkalaren adierazpen argia da. Ikusgarritasun ezak sexualitate askea deuseztatzen du, eta, beraz, sexu-eskubideen urraketa nabarmena da.

Emakume lesbianek ikusgai izateari uko egiteko baldintzak sortzea gizarte osoaren lana da. Gizarteeragile eta erakunde guztiak aktiboki inplikatu behar dira, emakume lesbianak, eremu publiko guztietan (lanean, kalean, ikastetxean, bizitza politikoan, gizarte-aktibismoan…) ikusgarri izan daitezen lan egiteko. Eta, era berean, ikusgarritasun horren barruan aniztasuna islatzeko lana egitea, bai eta aniztasun funtzionala duten lesbiana helduak, migratuak eta errefuxiatuak ikusgarriagoak izan daitezen eta gizartean pisu handiagoa izan dezaten ere bai.

Emakume lesbianak beren isiltasuna eta ezkutuko bizitza haustera animatzen ditugu, ikusgarritasunik gabe ezinezkoa baita lesbianismoa bete-betean bizitzea. Beldurragatik, lotsagatik edo sexualitateak sortzen dien erruagatik ezkutatu behar duten pertsonak dauden bitartean, ezin izango dugu gizarte anitza, plurala eta berdintasunezkoa izan.

BASQUESKOLAk, tokiko emakume hautetsien sareak, Saharako emakume homologoak bisitatu ditu Euskal Fondoaren eskutik

  • Euskadiko bost emakume alkate eta zinegotzik parte hartuko dute Tindufen Ahalduntze politikoari eta emakume gazteen aktibazio politikoari buruzko jardunaldietan

Apirilaren 27tik 29ra, Virginia Woolf Basqueskola sareko zenbait emakume hautetsi Tindufera (Aljeria) joango dira, Saharako emakume hautetsiekin topaketak egiteko. Bisita Euskal Fondoak eta Euskadiko Saharako Ordezkaritzak antolatu dute.

Basqueskolako bost kidek osatuko dute euskal ordezkaritzaren taldea eta Saharako lider politiko eta sozialekin batera III. Ahalduntze Politikoari buruzko Jardunaldietan parte hartuko dute, Smarako Emakumeen Etxean, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpamentuetako 5 wilayetako (Lurralde) batean. Arratsaldez, berriz, bisita instituzionalak egingo dira, bertako eragile sozial zein politikoak eta hauen antolaketa gertutik ezagutzeko. Apirilak 27, 28 eta 29an egingo dira jardunaldiak eta arratsaldez, berriz, bisita instituzionalak egingo dira, bertako eragile sozial zein politikoak eta hauen antolaketa gertutik ezagutzeko.

Hauek izango dira Basqueskolako ordezkariak:

  • Natividad Lopez de Muniain, Euskal Fondoko lehendakaria, Basqueskolako kidea eta EUDELeko Batzorde Eragilearen bokala.
  • Amancay Villalba ,Vitoria-Gasteizko zinegotzia
  • Angela Eguia, Gordexolako alkatea
  • Carmen Díaz, Getxoko zinegotzia
  • Veronica García, Urdulizeko zinegotzia

Basqueskola sarea euskal emakume alkateek eta zinegotziek zuzentzen eta koordinatzen dute, EUDELek eta Emakundek bultzatuta. 2023an sortu zen eta, ordutik hona, erreferentziako sarea da udaletan, emakume hautetsien berezko gune gisa, haiek ahalduntzeko eta politikan eragiteko. Nazioarteko bokazioarekin, Basqueskolak Europako eta munduko beste emakume hautetsi-sare batzuekin aliantzak egiteko lan egiten du eta aliantza horiek tokiko eremuan emakumeen ekintza politikoa indartzen laguntzen dute.

Aurrekariak

Basqueskolaren ibilbidea, antolaketa, lan ildoak eta erronkei buruz arituko dira Euskal ordezkariak eta ahalduntze politikoa ere izango dute mintzagai. Saharako emakumezko politikari eta ordezkari sozialekin gai hauen baitako esperientziak, bizipenak eta lan egiteko moduak partekatuko dituzte.

2022an egin zen lehen jardunaldia, Euskal Herriko emakumezko politikari eta ordezkari sozialek

Saharako kanpamenduak bisitatzean. Esperientzia honen ondoren, 2023an, Emakunde eta Eusko Jaurlaritzako Lankidetza Agentziarekin (eLankidetza) elkarlanean, Saharako ordezkarientzako Euskal Herrian astebeteko egitarau bat antolatu zen, non ahalduntze politikoa eta komunikazioari buruzko prestakuntza bat eta bisita instituzionalak burutu zituzten.

Bi urteko ibilbidea oinarri hartuta, hirugarren topaketa honen helburu nagusia esperientzia politikoak eta ahalduntze politikoari buruzko gogoetak elkar banatzea izango da, emakume gazteen aktibazio politikoa errazten duten faktoreetan azpimarra jarrita. Horrez gain, Euskal Herriko eta Saharako emakumeen arteko aliantzak indartzea eta etorkizunean berdintasuna eta

ahalduntzea oinarri izango dituzten proiektuak lantzen jarraitzea ere bilatuko da.

EUDELek euskal udalen esku jarri du “UDALA. Udal-finantzaketa ” aldizkariaren ale berria, toki-erakundeek zerga itunduetan duten partaidetzari buruzkoa; zehazki, 2023ko ekitaldiko likidazioari buruzko datuak.

Argitalpen honen bidez, joan den otsailean izandako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluari buruzko informazioa eskaintzen da, bai eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Finantzen Lurralde Kontseiluen ondorengo bileretan Udal Finantzaketarako Foru Funtsen datuak ere.

Informazio garrantzitsua:

  • Denetara, EAEn zerga itunduen bidez bildutako dirua aurrekontuan finkatutakoa baino % 0,77 handiagoa izan da. Araban bildutako dirua aurreikusitakoa baino % 0,10 handiagoa izan da, Bizkaian % 1,24 handiagoa eta Gipuzkoan % 0,36 handiagoa.
  • Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren bileran Egokitzapen Funts Orokorraren 2023ko likidazioa 135,6 milioi eurokoa izatea erabaki zen eta kopuru hori Arabaren (58,8 milioi euro) eta Gipuzkoaren (76,8 milioi euro) artean banatuko da.
  • Foru-funtsen likidazioa 1.910 milioi eurokoa da hiru lurraldeetarako, hau da, ekitaldiko konturako ekarpenak baino % 1,65 gehiago.
  • Udalak kreditu- eta energia-erakundeen aldi baterako kargetan parte hartzea ere erabaki zen. Foru aldundiek, 2023ko ekitaldian, lurralde bakoitzari dagokion zenbatekoa kupoaren deskontu gisa jaso dute.

UDALA JAITSI (pdf )

UDALA aldizkaria urtean bitan argitaratzen da (martxoa-apirila eta azaroa) eta EAEko udalerri guztiei inprimatutako formatuan banatzen zaie. Argitalpen hori formatu digitalean ere eskuragarri dago EUDELen webgunean: https://www.eudel.eus/eu/argitalpenak

  • Apirilaren 19ra arte iraungo du programan izena emateko epeak. Aurtengo edizioak 2024ko maiatzetik azarora bitartean egingo da.
  • Mintegiaren bost saioetan gai hauek jorratuko dira: euskara; tokiko enplegu publikoa; dokumentuen kudeaketa eta artxiboak; energia-erkidegoak; eta babesletza, dirulaguntzak eta lankidetza-hitzarmenak udaletan.

Azken udal agintaldi honetan zehar, bostehun pertsonak baino gehiagok hartu dute parte Tokiko Zuzenbidearen Euskal Mintegian, EUDELek eta IVAPek elkarlanean eskaintzen duten prestakuntza-ekimen finkatuenetako batean.

Prestakuntza-programa hau 2006. urtetik egiten da, eta helburua da euskal toki-erakundeetako langile juridikoei beren eginkizunak kalitate profesional handiagoz garatzeko beharrezko tresnak ematea.

Edizio honek 5 saio izango ditu eta hauek izango dira gaiak:

Euskara, Tokiko enplegu publikoa, Dokumentuen kudeaketa eta artxiboak, Energia-erkidegoak; eta Babesletza, Dirulaguntzak eta lankidetza-hitzarmenak.

Mintegia zenbait saio monografikotan egituratzen da, honako hauek barne:

  • Txosten akademikoak, Tokiko Zuzenbide Publikorako funtsezkoak diren gaiei buruzko adituen eta profesionalen eskutik.
  • “Tokiko zuzenbidearen behatokia”: araudi-, jurisprudentzia-, dokumentu- eta bibliografia-arloko berrikuntzak aztertzeko gunea.

Buletin Digitala barne hartzen du, jurisprudentzia, arau-erreseina eta bibliografia interesgarriarekin.

TZEM 2024

Bost saio (20 ordu): Maiatzaren 3an eta 31n, irailaren 27an, urriaren 25ean eta azaroaren 22an

Ordutegia: 09:30-13:30

Lekua: Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoa. BILBO. Maria Diaz Harokoa 11

Antolatzaileak: EUDEL eta IVAP

Saioen programari, matrikulari eta izen-emateari buruzko informazio guztia Mintegiaren LIBURUXKAN eskuratu daiteke.

Informazio gehiago, hemen: www.eudel.eus / www.ivap.eus

SAIOEN LABURPENA

Lehen eta laugarren saioa euskaraz egingo dira, eta bigarrena, hirugarrena eta bosgarrena, gaztelaniaz.

  • Maiatzak 3 : Euskararen eskakizuna enplegu publikoan sartzeko eta esparru juridiko berria, Euskal Sektore Publikoan euskararen erabilera normalizatzeko otsailaren 22ko 19/2024 DEKRETUA onartu ondoren / Tolosako eta Erandioko udaletako teknikarien esperientzia praktikoak.
  • Maiatzak 31: Plangintza estrategikoa tokiko enplegu publikoan: edukiak eta funtzionaltasunak testuinguru berrian, egonkortze-prozesuen ondoren // Tokiko Administrazio Eraginkorrerantz: Karrera Profesionala bultzatzen, Jardunaren Ebaluazioaren bidez.
  • Irailak 27: Administrazio elektronikoaren ikuspegi artxibistikoa toki-erakundeetan: artxibo-dokumentuen kudeaketa eta administrazio elektronikoa / Vitoria-Gasteizko Udalean Artxibo Elektronikoa ezartzeko proiektua // Digitalizazioa eta bilakaera telematikoa Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrietako erregistro zibiletan.
  • Urriak 25: Energia-erkidegoa eratzeko alderdi juridikoak. Udalek parte hartzeko Inplikazioak / Orexa, energia burujabetzara bidean erabili izan dugu.
  • Azaroak 22: Babesletza-kontratuak,dirulaguntzak eta lankidetza-hitzarmenak Araubide juridikoa eta desberdintasun nagusiak // Babesletza-kontratuaren, dirulaguntza izenduneko hitzarmenaren eta lankidetza-hitzarmenaren mugaketa.