Eudel

Author

eudel

Azken berriak

ITELAZPI Telekomunikazioen Sozietate Publikoaren arduradunen eta EUDELen Udalerri Txikien Batzordeko ordezkarien artean izandako bileretan, Lurreko Telebista Digitalerako (LTD) Plan Tekniko Nazionalaren egoerari buruzko informazioa eman zen. Plan horren arabera, ezarpena egikaritzeko egunak
2015eko urtarrilaren 1a izaten jarraitzen du.

Era berean, ITELAZPIko arduradunek jakinarazi zuten bezala, epe laburrean bere Udalarekin harremanetan jarriko dira, udalerri horretako Komunikazio Zentroaren erabilera lagapenari dagokionez jarraitzen ari diren espedientearen tramitazioa aztertzeko.

Aipatutako espedienteak azpiegitura horien ondare-egoera erregularizatzea du helburu, eta, ondorio horietarako, Udalaren eta ITELAZPIren artean lankidetza hitzarmena sinatzea beharrezkoa dela aurreikusten du. Hitzarmenean honakoak sartzen dira: Udalari dagokionez, zentroak hartzen duen lursaila dohainik erabiltzeko lagapena, horretara sartzeko bidea erabiltzeko baimena, eta, hala badagokio, hori osatzen duten azpiegituren titulartasunaren lagapena; ITELAZPIri dagokionez, funtzionamendu, mantentze, konponketa eta kontserbazio gastuak bere gain hartzea legezko eta lan segurtasuneko berme guztiekin, eta etorkizunean ekipamendua berritzeko egin daitekeen edozein inbertsio.

Jakinarazi beharra dago, aipatutako zentroa ez erregularizatzeak bi ondorio ekarriko dituela: alde batetik, ezingo da telebista-eskaintza osoa eskuratu LTDrako Plan Tekniko Nazional berriak adierazitako kanal eta frekuentzietan; eta, bestetik, Dibidendu Digitalak eragindako LTD kateak derrigor desagertuko dira 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen.

Segurtasun Sailak hautatzeko eta trebatzeko prozesu bat deitu du udaltzaingoko bitarteko agenteen ( Oinarrizko Eskala eta C-2 Sailkatze Taldea) poltsa bat sortzeko, kidego horretan aldi baterako zerbitzua emateko. Izena emateko epea martxoaren 13an bukatuko da, goizeko 11tan, PLEAren www.arkauteakademia.net webgunean.

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legean eta Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko 4/1992 Legean xedatutakoarekin bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait udalek helarazitako eskaerak aintzat hartuta egin da deialdi hau.

Bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila, baina Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, jakitun dira zeinen arazo larriak dakartzan tokiko administrazioen arloan udaltzaingoko oinarrizko eskalako agenteak aldi baterako ordeztu beharrak, dela oporraldiak estaltzeko (normalean udan), dela haien funtzioak egiteko bitarteko agenteak izendatu beharra dakarten bestelako egoera jakin batzuetan.

Udalerrien bitarteko teknikorik eza dela-eta, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademia arduratuko da deialdiaz, hautaketaz zein prestakuntzaz, eta lan-poltsaren ondorengo kudeaketaz, berriz, Segurtasuna Koordinatzeko Zuzendaritza arduratuko da; aipatutako poltsa, bestalde, behar beste araututa egongo da.

Aurten bitarteko 80 udaltzain trebatuko dira gutxienez

Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa bat toki-korporazioen esku aurtengo bigarren hiruhilekoaren amaierarako jartzea da asmoa, aipatutako kidegoetan dauden premiazko zerbitzu-beharrak, aldi baterako bada ere, estali ahal izateko. Lehen 40 udaltzainak ekainerako egongo dira prestatuta, eta gainerako 40ak urtean zehar, irailetik aurrera.

Hala, gaur asteartean, otsailak 25, deialdiaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu ondoren, interesa duten pertsonek izena emateko aukera izango dute, 2014ko martxoaren 13 ostegun goizeko 11:00ak arte, PLEAren www.arkauteakademia.net webgunean.

Hartarako osatutako epaimahaiak erabakiko ditu ondoren proba bakoitza egiteko eguna, ordua eta tokia. Azken horiek behar bezala iragarriko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren webgunean, gutxienez 72 ordu lehenagotik. Halere, oposizioa martxoaren 29an hastea aurreikusita dago.

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak hautatutako lagunak deituko ditu, lehentasun-hurrenkerari jarraituta, maiatzean prestakuntza-ikastaro bat egiteko. Ikastaro hori nahitaezkoa eta kanporatzailea izango da. Ikastaroa amaituta, prestakuntza hori egiten duten pertsonek ebaluazio bat gainditu beharko dute eskuratutako ezagutzak egiaztatzeko, eta gai edo ezgai kalifikazioa emango zaie.

Doako telefonoa informazio lortzeko

Doako telefono honetara deitzeko aukera dago: 900 840 088, astelehenetik ostegunerako ordutegian, 8:30etik 16:30era, eta ostiraletan 8:00etatik 14:00etara, horren gaineko informazio guztia lortzeko.

Bilbon, 2014ko otsailaren 24an. EUDELek -Euskadiko Udalen Elkarteak- Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren saria jaso du, pribatutasuna kudeatzeari eta datu pertsonalak erabiltzeari dagokionez, euskal udalerrietan praktika onak zabaltzeagatik.

“Datu pertsonalak babesteari buruzko euskal udalerrientzako Praktika Onak Gidaliburua” prestatzeagatik jaso du EUDELek aitorpen hau. Halaber, material honek aipamen berezia jaso zuen Europako Herri Administrazioen Praktika Onen Sariaren V. edizioan (2009). Gidaliburu hau prestatzeko udal administrazioaren pertsona-talde bat ibili da elkarlanean, EUDELen eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren lidergopean. Taldean Basauri, Beasain, Eibar, Ermua, Getxo eta Vitoria-Gasteizko udaletako teknikariak egon ziren.

Gidaliburu hau Euskadiko herri-administrazioan lan egiten duten 20.000 pertsonarentzako lan- eta laguntza-tresna da, beren zereginak burutzeko dauzkaten datu pertsonalen isilpekotasuna bermatu ahal izateko.

Dokumentuak lau bolumen dauzka eta kudeatzeko prozedurak, eskabideak, dokumentu-ereduak eta ohiko galderetarako erantzunak dakartza. Gainera, eredu praktikoak eta balizko kasu zehatzak dauzka datuen babesari lotutako eguneroko egoerei erantzuna emateko, eta jarraitu beharreko prozeduren eskemak ere badakartza.

Araudia tokian tokiko errealitatearen arabera egokitzea

Honako gidaliburu honek prozeduren inguruko irizpide-sorta bat eskaintzen du datu pertsonalak babesteari buruzko indarreko legeria udal erakundeen tokiko errealitateari behar den bezala egokitzeko. Horretarako, bere tamaina eta baliabideak kontuan hartzen ditu eta sentsibilizazioa, kontzientzia hartzea, prestatzea eta praktika onak bereganatzea sustatzen da.


Gidaliburua formatu bikoitzean eskaintzen da: inprimatuta eta bertsio digitalea. Udalek eta horri buruz zerbait jakin nahi duten herritarrek DPBB/AVPDren eta EUDELen webguneetan ere eskuratu dezakete.