EUDEL, CEMR-Europako Udal eta Eskualdeen Kontseiluko kide den aldetik, bat egiten du CEMRek egindako Adierazpenari atxikimenduak biltzeko kanpainarekin. Bere titulua honakoa da: “Europako toki- eta eskualde-erakundeok erabat babesten ditugu Ukrainako toki- eta eskualde-erakundeak!”
Europa osoko tokiko 600 agintarik baino gehiagok sinatu dute adierazpen hori, eta CMERen helburua da toki-hautetsien sinadura-kopururik gehiena biltzen jarraitzea.
Atxikipena formalizatzeko, CMREk formulario labur bat (eng/fr) eskaintzen du esteka honetan:
2022ko martxoaren 9an. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak eta Mª del Mar Zabala zuzendari nagusiak bilera bana egin dute gaur goizean BBVAren ordezkariekin eta, haren ondoren, CaixaBankenekin. Bi bilerak aurrez aurrekoak izan dira bi erakundeek Bilbon dituzten egoitza nagusietan.
Bi hitzordu hauekin, EUDELek gaur amaitu du hilaren hasieran erabakitako bilerak. Horien xedea Euskadiko adinekoek udalei helarazitako kezkak Bankuekin partekatzea izan da.
Elkarteburua pozik agertu da banketxeekin izandako elkarrizketen emaitzarekin, izan ere, guztiek baieztatu diote EUDELi EAEko udalerrietan finantza-inklusiorako neurri zehatzak aplikatzeko asmoa. Martxoaren 1ean Kutxabankekin eta atzo, martxoaren 8an, Laboral Kutxarekin egindako bileretan jasotako informazioari gaur BBVAk eta CaixaBankek partekatutako konpromisoak gehitu behar dizkiogu.
BBVAren Ekintza plana
Álvaro Crespok, Komunikazio eta Negozio Arduradunak, eta Saioa Urizarrek, Herri Erakundeen Bankarako Gunearen zuzendariak, dagoeneko aplikatzen ari diren neurrien berri eman diote EUDELi, bereziki adinekoen kolektiboari zuzenduta:
1.- BBVAk 08:30etik 14:00etara arteko bulegoetako arreta-ordutegia berreskuratu du, bulegoan lehentasunezko arreta duten 65 urtetik gorakoentzako ordutegi malgua. Horrela, ez dute ilararik egin behar eta, gainera, aurretiko hitzordua kudeatzeko erraztasunak ematen dituzte. Aurrez aurreko arreta 65 urtetik gorakoentzako telefono bidezko berariazko arretarekin uztartzen da.
2.- Bankuak adineko bezeroen beharrizanei beren beregi egokitutako zerbitzu-sorta ere eskaintzen du. Berritasunen artean, kutxazainen egokitzapena dago, adinekoentzako eragiketak errazago egiteko asmoz, bezero-talde horrentzako app pertsonalizatuarekin batera.
3.- BBVAk aspalditik du adineko bezeroen arretarako prestakuntza-plana abian eta bere agenteek nahitaez bete behar dute. Aldi berean, gaitasun digitalei eta finantza-segurtasunari buruzko prestakuntza-ikastaroak eskaintzen dizkie adinekoei.
4.- Banku-azpiegiturak murrizteari dagokionez, finantza-erakundeak jakinarazi duenez, agente-sarea zabaldu du zerbitzu hori zuten herrietan oinarrizko eragiketak (eskudirua lortzea) errazteko.
CaixaBanken Ekintza Plana
CaixaBanken aldetik, honako hauek hartu dute parte bileran: Kepa Badiola, Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaria; Rubén Riaño, Espainiako Iparraldeko Lurralde Zuzendaritzako Herri Erakundeetako Zuzendaria; eta Estibaliz Olabarri, Negozio Idazkaritza Teknikoaren Zuzendaria.
Finantza-erakundea bereziki adinekoei zuzendutako zerbitzu-eskaintza zabalagatik nabarmentzen da. Neurri guztiak aspalditik dituzte indarrean eta finantza-erakundeak EUDELi adierazi dionaren arabera, adineko bezeroen arreta etengabe hobetzeko asmoa dute:
1.- Aholkulari espezializatuak: adinekoen arretan prestakuntza espezializatua duten profesionalei dagokionez, finantza-erakunde honek dedikazio esklusiboko EAEko sarerik zabalena dauka. Horrez gain, bulegoen azpiegitura berrindartu egin dute. Horrela, adineko bezeroei eta Bankiatik datozenei Caixabanken zerbitzu eta tresnekin laguntzen diete bi finantza-erakundeen eragiketak egiteko moduak bateratzeko prozesua burutu bitartean.
2.- CaixaBankek kutxa-zerbitzuaren ordutegi-murrizketak ezabatzen ditu.
Lehentasunezko arreta: kutxazainaren erabileran laguntza-zerbitzua sartzen da eta lehentasunezko arreta-protokoloak ezarri dituzte behar duten kolektiboentzat.
3.- Pentsioa kobratzeko itxaronaldiak saihestea: pentsioen ordainketa hilaren 24ra aurreratzen dute oraindik. Horrela, ez dago kobratzeko itxaronaldirik eta hilaren amaieran bezero gutxiago abiatzen dira bulegoetara.
4.- Telefono bidezko arreta pertsonala eta WhatsApp-a, 65 urtetik gorako bezeroentzako kudeatzaileekin. Horrela, 65 urtetik gorakoen eta haien kudeatzaileen arteko zuzeneko komunikazioa eta pertsonala bermatzen da, kanal guztien bidez, esate baterako, aurrez aurrekoa, telefono bidezko kontsulta pertsonalaren bidez, edo WhatsApp bidezko elkarrizketaren bidez.
5.-Libretak eta eragiketa pertsonalizatuak kutxazain-sare osoan: erakundeak erabat berritu du kutxazain-sarea; izan ere, libreta fisikoa erabiltzeko aukera ematen dute eta adineko bezeroentzat egokituta daude, eragiketak errazago eta erosoago egiteko.
6.- Bankuak eragiketei eta finantza-alderdiei buruzko aurrez aurreko prestakuntza-saioak eskaintzen ditu adinekoentzat.
7.-CaixaBankek finantza arloko bazterketa gainditzearen aldeko jarrerari eutsi dio. Ez da joango orain bulegoak dituen udalerrietatik eta zerbitzua zabalduko du. CaixaBank 7.000 biztanletik gorako Euskadiko udalerri guztietan dago.
2022ko martxoaren 5a. EUDEL bat egin du tokiko eremuari zuzendutako ekimenarekin, Ukrainako herriari udal-gobernuen babesa eta elkartasuna helarazteko. Euskadiko Udalen Elkarteak dei egiten die udalei datorren asteazkenean, martxoak 9, 12: 00etan bost minutuko elkarretaratze isila egin dezaten udaletxearen aurrean edo udalerri bakoitzeko ohiko lekuan ekitaldi horiek egiteko.
Proposamenaren helburua da toki entitateek Errusiak Ukraina inbaditzeari eta horrek eragiten duen sufrimendu eta suntsipenari, eta milioika pertsonen behartutako exodoari uko egitea.
Euskal Udalherriak harrerarako prest
Atzo, ostirala, Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburuak euskal udalen banatutako konpromezua adierazi zuen “Ukrainarekin gaude”. Urtaranek nabarmendu duenez, “euskal herritarrak eredu ari dira izaten ukrainar komunitatearekiko elkartasunaren eta babesaren arloan, eta udalok, ahal den neurrian, euskal gizartearen mailan egon nahi dugu. Gure babes osoa emango diegu Ukrainari eta basakeria horretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuei”.
EUDEL, EAEko Udal eta Mankomunitateekin lankidetzan, eskuragarri dauden harrera-baliabideak eta -lekuak identifikatzen hasi da (etxebizitzak, aterpetxeak eta mota guztietako zentroak), Errusiatik Ukrainara egindako inbasioaren ondorioz etxea uztera behartuta dauden pertsonei eta haien familiei ahalik eta arreta onena eskaintzeko.
Euskal erakunde guztiak koordinatuta ari dira lanean, Euskadira irits daitekeen ukrainar komunitateari laguntza eraginkorra, ordenatua, segurua eta baldintza duinetan emateko.
Plaza-eskaintza hori handitu egin daiteke datozen egunetan, harrera-gaitasunari buruzko informazioa biltzen ari diren udalerrien datuak jaso arte.
Bilbo, 2022ko martxoaren 8a. 48 orduko epe laburrean, EAEko udalek, EUDELen bitartez koordinaturik, 600 harrera-toki baino gehiago jarri dituzte Ukrainako errefuxiatuen lehen etorreraren eskura, hasierako dispositibo gisa. Izan ere, asmoa da Ukrainako herritarrei laguntza duina, ordenatua eta eraginkorra ematea Euskadiko udalerrietan. Lurralde historiko bakoitzeko harrera-tokien banaketa honako hau da: 154 harrera-toki Araban, 336 Bizkaian eta 147 Gipuzkoan. Gehienak etxebizitzak, pisuak, aterpetxeak eta mota guztietako egoitzak dira.
Gorka Urtaranen audioa
Gorka Urtaran elkarteburuak toki-entitateen eta Ukrainako herriaren arteko lankidetza jarri du abian. “Eudeletik eskerrak eman nahi dizkiegu Euskal Udalei emandako erantzun azkarragatik, ia 48 ordutan seiehun plaza baino gehiago eskaintzeko ukrainarrei. Elkartasun-jarduera bat, euskal gizartea ematen ari den erantzunaren mailakoa.”
EUDELek Eusko Jaurlaritzari bidali berri dio udalen baliabideen lehen zerrenda. Eta gainerako erakundeekin elkarlanean jarraituko du, baita gizarte-entitateekin ere, sortzen diren balizko premiei erantzuna emateko.
2022ko martxoaren 8an. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua eta Mª del Mar Zabala zuzendari nagusia gaur arratsaldean bildu dira Txomin García LABORAL Kutxako presidentearekin, Xabier Egibar zuzendari nagusiarekin eta Marije Etxaniz Komunikazioko zuzendariarekin. Bilera horretarako, EUDELeko ordezkariak Arrasatera joan dira, banketxearen egoitza nagusia dagoen udalerrira.
Gorka Urtaran pozik agertu da LABORAL Kutxako presidentziak emandako lehen mailako informazioarekin: “Oso positibotzat jotzen dugu LABORAL Kutxak Euskadiko udalerrietan finantza-inklusioaren alde egindako apustua eta adineko pertsonei ematen dien lehentasunezko arreta”.
Zehazki, erakundeak EUDELi jakinarazi dizkio abian jarritako neurri hauek:
1.- Martxoaren 1etik aurrera, LABORAL Kutxak pandemiaren aurreko ordutegia berreskuratu du, kutxan aurrez aurre artatzeko, 08: 30etik 14: 00etara, astelehenetik ostiralera bere bulego-sare osoan eta bezero guztientzat.
Aurrez aurreko zerbitzu hori osatzeko, telefono bidezko arreta-zerbitzu esklusiboa eskaintzen da adinekoentzat egun osoan, 08: 00etatik 22: 00etara astelehenetik ostiralera, eta 08: 00etatik 15: 00etara larunbatetan.
2.- Euskadiko udalerrietan banku-azpiegiturak, sukurtsalak eta kutxazainak mantentzeko konpromisoa ere hartzen du LABORAL Kutxak. Horrela, banku-zerbitzu guztietarako sarbidea bermatzen zaie bizilagunei.
3.- Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza espezifikoa eskaintzea, baita EUDELekin lankidetzan ere, bai eta pertsona guztientzako finantza-hezkuntza ere, euskal herritar guztien eskari zabalari erantzuteko.
Kutxabanken ondoren, martxoaren 1ean, eta gaur LABORAL Kutxa, EUDEL bihar, martxoak 9, bilduko da BBVA eta Caixabankekin, Euskadin ezarpen handiena duten banketxeekin bileren erronda amaitzeko.
Martxoaren 8a dela eta, Emakumeen Nazioarteko Eguna, EUDELek landutako adierazpen instituzionalaren eredua bidaltzen da Euskadiko udaletara. Aurten honakoa proposatzen du: “Berdintasunaren Legea berritzea, berdintasunaren aldeko konpromisoa indartzea”.
Aipatutako adierazpena udaletara igortzearen xedea da erreferentzia-eredu bat izan dezaten, baita berau udal errealitate bakoitzera egokitu ahal izatea ere.
EUDELeko Batzorde Eragileak onartu du Adierazpenaren testua gaur, otsailak 10, osteguna, egindako bilkuran.
Udalak Eusko Jaurlaritzarekin ari dira lanean aterpea eta ahal den laguntza guztia emateko Euskadira iristen diren Ukrainako pertsona eta familiei.
Bilbon, 2022ko martxoaren 4an. Ostiral honetan bertan hasi da EUDEL euskal udalerriek Ukrainatik berentzat eta beren familientzat etorkizun hobe baten bila irten behar izan duten pertsonei aterpea emateko zer gaitasun duten identifikatzen.
Euskadiko Udalen Elkartea Eusko Jaurlaritzarekin ari da elkarlanean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politikako Sailaren bitartez. Euskal erakunde guztiak koordinatuta dabiltza lanean, Euskadira irits litezkeenei laguntza eraginkorra emateko, modu ordenatuan, seguruan eta baldintza duinetan.
Egoeraren urgentzia dela-eta, ahalik eta azkarren egin behar da euskal udalek dituzten aterpe-plazen aurreikuspena, etor litezkeen premiei aurre egin ahal izateko. Informazioa biltzeko, EUDELek EAEko udalei eta mankomunitateei galdetegiak bidali dizkie. Bertan, adierazi ahalko dute dituzten baliabideen (zentroak) zerrenda, horien ezaugarriak, eta zenbat plaza dituen bakoitzak erabilgarri. Galdetegi horiek Inklusioaren, Gizarte Segurantzaren eta Migrazioen Ministerioak autonomia erkidegoentzat egindako eredu komunak dira.
EUDELen elkarteburu Gorka Urtaranek balioan jarri du toki-erakundeen lankidetza: “Harrerarako eta etor litezkeen beharrizanetarako udalek erabilgarri dituzten baliabideei buruzko datuak jasoko ditugu, bai eta gure herri eta hirietan ditugun baliabide materialei eta giza baliabideei buruzkoak ere”. Urtaranek nabarmendu duenez, “euskal herritarrak eredu ari dira izaten ukrainar komunitatearekiko elkartasunaren eta babesaren arloan, eta udalok ahal den neurrian euskal gizartearen mailan egon nahi dugu. Gure babes osoa emango diegu Ukrainari eta basakeria horretatik ihesi dabiltzan errefuxiatuei”.
-Baliabide materialak (elikadura, arropa, higiene-kitak) eta giza baliabideak (langile espezializatuak, edo zentroa kudeatzekoak).
-Kokapena: urbanoa, landa-ingurunekoa, garraio publikoa, udalerrian dauden ukrainar biztanleen eta komunitateen kopurua.
Aldi berean, herritarren elkartasunezko eskaintza indibidual eta partikularrak bideratzeko eta kudeatzeko, Eusko Jaurlaritzak jarritako posta erabil daiteke: errefuxiatuak@euskadi.eus
Gaur goizean Bilbon izandako bileran, udalen ordezkariek lehen eskuko informazioa jaso dute finantza-inklusioaren arloan banketxeak aurreikusitako ekintzei buruz.
2022ko martxoaren 2an. Gorka Urtaran EUDELeko elkarteburua, eta Jose Antonio Santano elkarteburuordea, Gregorio Villalabeitia Kutxabankeko presidentearekin eta zuzendaritzako beste kide batzuekin bildu dira gaur goizean, bankuak Bilbon duen egoitza nagusian. Euskal udalen ordezkariak pozik agertu dira erakundeko arduradunengandik lehen eskutik jasotako informazioagatik. Kutxabankek Euskadiko udalerrietan modu homogeneoan aplikatzen hasi den ekintza-plan zehatzaren berri eman dio EUDELi.
Banketxea eta udalen ordezkariek beren konpromiso partekatua egiaztatu ahal izan dute bileran, euskal gizartearen kezkei eta eskaerei arin eta eraginkortasunez erantzuteko eta adineko pertsonei eta beste kolektibo ahul batzuei lehentasunezko arreta emateko. Zehazki, konpromiso hauek jakinarazi dizkio Kutxabankek EUDELi:
1.-Aurrez aurreko arreta bermatzea. Martxoaren 15etik aurrera, Kutxabankek bulegoetako arreta berreskuratuko du, goizeko 8:00etatik eguerdiko 14:00etara.
Gainera, erakundeak EUDELi jakinarazi dio telefono bidezko arreta-zerbitzua duela, goizeko 8:00etatik gaueko 22:00etara. Adineko pertsonei ematen zaie lehentasuna, arreta pertsonalizatua eta itxaronaldirik gabekoa eskaintzeko.
2.-Banku-azpiegiturak mantentzea lehendik ere bazituzten Euskadiko udalerrietan. Horrela, bulego eta kutxazainetarako sarbidea ematen zaie bizilagunei, eta dirua eskudirutan, ohiko eran, jaso ahal izango dute.
3.-Gaitasun digitalei buruzko prestakuntza eskaintzea Kutxabanken bidez, baita EUDELen bidez ere, Euskadiko udalekin elkarlanean. Helburua da prestakuntza-ikastaroak Euskadiko udalerri guztietara zabaltzea, eta euskal herritar guztiek prestakuntza-aukera berberak izan ditzaten lortzea.
Gaurko bilera lehenengo urratsa da EUDELek datozen egunetan EAEn ezarpenik handiena duten gainerako finantza-erakundeekin jarraituko duen bilera-txandetan. Hurrengo hitzordua martxoaren 8an izango da, Laboral Kutxarekin; eta martxoaren 9an, BBVA eta Caixabankekin.