Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

Orain arte, EUDELek eta Europako Kontseiluak Gobernantzaren Bikaintasunaren Europako Zigiluaren (ELoGE) bost edizio deitu dituzte Euskadin. Hogei udal baino gehiagok jaso zuten ziurtagiria autoebaluazioa gainditu ondoren, eta horietatik hamalauk lortu zuten Zigiluaren kalifikazio gorena.

2025ean, ELoGEren 6. edizioa egingo da, eta, probaldi baten antzera, EUDELek interesa duten udalei doako prestakuntza-programa bat eskainiko die, ELoGE autoebaluazio-tresna ezagutzeko eta seigarren ediziora aurkezteko. Bertan, ziurtagiria edo zigilua lortu ahal izango dute.

Prestakuntzak 4 saio (2 ordukoa bakoitza) izango ditu, online formatuan (webinar). Prestakuntza-aldia urriaren 25ean hasiko da eta azaroko hurrengo ostiraletan jarraituko du.

FITXA egitarau eta edukiekin

IZEN-EMATEA: urriaren 11 baino lehen

IZENA EMATEKO ORRIA

ELoGEko webgunea

https://eloge.eudel.eus/eus/eloge.php

EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraiz, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta eta Irungo alkate Cristina Laborda bi elkarteburuordeekin batera, Denis Itxaso sailburuarekin eta Javier de los Toyos sailburuordearekin bildu dira legegintzaldi honetan elkarlanari ekiteko. Lehenengo bilera horren helburua Euskadiri eragiten dion etxebizitza eskuratzeko arazoari aurre egiteko beharrezkoa den erakundeen arteko lankidetza indartzea izan da.

Erakundeen arteko lankidetza indartzeko lehen topaketa izan da, Euskadiri eragiten dion etxebizitza eskuratzeko arazoari heldu ahal izateko. Euskal udalen ibilbidea eta Euskadiko etxebizitza-politiken garapenari egiten dioten ekarpena aintzat hartuta, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak “herri mailako erronka handi baten aurrean gaudela, eta ahalegin eta baliabide guztien bidez partekatu behar dela” nabarmendu du.

Lehenengo topaketa horretan, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko eta EUDELeko taldeak bat etorri dira, babestutako etxebizitzak eraikitzeko eta hiri-lurzoruaren erabilgarritasuna hobetzeko plangintza eraginkorragoa ahalbidetuko dituzten ekimenak aztertzeko, eta lankidetzan aritzeko beharrarekin. Bi erakundeek lankidetzan aurrera egiteko asmoa dutela adierazi dute, betiere udal-autonomia errespetatuz, eta, ildo horretan, EUDELek proposatzen diren neurriak aztertuko ditu, udalen iritzia aintzat hartuta. Hori guztia Euskadi osorako erantzun eraginkorrak eta koordinatuak lortzeko, eta arreta berezia jarriz gazteengan eta etxebizitza lortzeko zailtasun handienak dituzten pertsonengan.

Bileran zehar, Sailak EUDELi jakinarazi dio gutxieneko oinarri partekatu batean oinarritutako neurri posible batzuetan laguntzeko asmoa, besteak beste, tentsio-eremuen arloan, figura horri borondatez heltzea erabakitzen duten udalerriekin; etxebizitza babestutzat kalifikatuta dauden mobilizatu gabeko lursailen azterketa xehatua egitea, eta lurzoruaren eta hirigintzaren arloan egon daitezkeen arau-aldaketak kontuan hartzea.

  • 12 eta 20 urte bitarteko gazteek Azaroaren 8ra arte bidali ahal izango dituzte ikus-entzunezko lanak

  • Lehiaketaren edizio berrirako espreski sortutako Beldur Barik 2024 abestiarekin batera estreinatu da gaur ere

Gasteiz, 2024/09/20

Gaurtik, irailaren 20tik, azaroaren 8ra bitartean, 12 eta 20 urte bitarteko euskal gazteek ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dituzte Beldur Barik lehiaketaren hamabosgarren ediziora. Emakundek sustatzen du lehiaketa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiekin eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearekin batera. Beldur Barik programaren helburua gazteen artean indarkeria matxista prebenitzea da, gazteei gonbitea eginez indarkeria matxistaren aurrean berdintasunarekiko konpromisoa ager dezaten ikus-entzunezko lanen bidez.

Bideo bakoitzak 3 minutuko iraupena izan behar du gehienez, eta nerabeek eta gazteek indarkeria sexistaren mota desberdinen aurrean duten hausnarketa eta jarrera jaso beharko ditu. Hau da, Beldur Barik jarrera irudikatu nahi da, neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei aurre egiteko dituzten moduak definitzen dituena eta errespetuan, askatasunean, autonomian eta erantzunkidetasunean oinarritutako harremanak eraikitzen dituena.

Parte-hartzea banakakoa edo taldekoa izan daiteke (ikastetxea, gaztelekua…). Lehiaketak 3 kategoria ditu adinaren arabera. Lehenengoa 12-14 urtekoei zuzendua, bigarrena 15-17 urte bitartekoei eta hirugarrena 18-20 urte bitartekoei. Kategoria, lan irabazle eta aipamen berezi bakoitzeko bi lan sarituko dira, 400 eta 200 eurorekin hurrenez hurren, eta 300 euroko beste bi sari egongo dira ikus-entzunezko lan onenarentzat eta bideo bozkatuenarentzat.

Beldur Barik abestia

Lehiaketarekin batera, Beldur Barik abestia estreinatu da, edizio honetarako propio sortua. Hainbat artistak elkarlanean osatutako abesti honek gazteak indarkeria matxistaren aurrean modu aktiboan azaltzera bultzatu nahi ditu. Garazi Zabaleta Mendizabalek konposatu du eta ekoiztu du abestia eta Víctor Sánchezek (Elkar Estudioa) nahasketan eta masteringean parte hartu du. Abeslariak Leire Olariaga (ithaka); Africa, (Miss Afrika Bibang) eta Ane Agirre (Biren) izan dira. Lexlie@wambramorenak sortu du bideokliparen koreografia.

Bideoa esteka honetan ikusi daiteke.

Gaur goizean, EUDELeko elkarteburua elkarrizketan aritu da du Euskadi Irratiko Faktoria saioan Iñaki Guridiren eskutik.

Esther Apraizek EUDELek udalen lehentasun komunen aldeko akordioetan lan egiteko duen zeregina azpimarratu du, adibidez, udalen finantziazioa. Gainera ikasturte hasierako egun-eguneko gai ezberdinez hitz egin du, besteak beste, mugikortasun jasangarriaren aldeko trafiko-neurriak, etxebizitza turistikoen erregulazioa, etxebizitzaren erronka edo udalerrietako segurtasuna.

Elkarrizketaren bideoa: https://www.youtube.com/watch?v=rICZtWh3dDg

Estrasburgon, 2024ko irailaren 13an. Esther Apraiz EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkateak Europako Kontseiluak irailaren 12 eta 13rako deitutako bileran parte hartu du, Demokraziaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, tokiko agintariek “kontinentearen egonkortasun demokratikoari” egindako ekarpena aldarrikatzeko. Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kontseiluak Estrasburgon duen egoitzan tokiko eta eskualdeko gobernuen 110 elkarte inguruk hartu dute parte.

Europako Kontseiluaren mezuen ildotik, Esther Apraizek Europako udalen funtsezko zeregina azpimarratu du, “gure komunitatetan demokraziaren, giza eskubideen eta zuzenbide estatuaren zaindari gisa elkarlanean aritzeko eta elkarrekin lan egiteko, pertsonekiko enpatia eta hurbiltasunetik abiatuta”.

EUDELeko elkarteburuak, beste behin ere, maila anitzeko gobernantzan “tokiko sentsibilitatea” txertatzearen alde egin du, erronka demografiko, sozial, teknologiko eta klimatiko handiei herri eta hirietatik erantzuteko, eta, bereziki, “herritarrek beren erakundeetan duten konfiantza sendotzeko”. EUDELek bultzatutako tresna praktiko bat Gobernantzaren arloko Bikaintasun Zigilua (ELoGE) da, eta dagoeneko EAEko 23 udalerrik bat egin dute ekimen horrekin.

Goi-bilera munizipalista azken adierazpen batekin amaitu da gaur, oinarrizko hautetsiek Europako printzipio eta balio demokratikoekin duten konpromisoa berresteko. Besteak beste, gazteek bizitza publikoan parte-hartze handiagoa izatearen alde egiten du dokumentuak, eta “gizarte demokratikoak, baketsuak, giza eskubideetan oinarritutakoak, jasangarriak, inklusiboak eta erresilienteak” eraikitzen aurrera egitearen alde.

Ekitaldian hainbat eztabaida-foro egin dira tokiko autogobernua hobetzeari buruz, Errusiak Ukrainaren aurka abiatutako eraso-gerraren ondorioei buruz, atzerapen demokratikoari buruz, polarizazio politiko eta sozialari buruz, klima- eta ingurumen-krisiei buruz, injustizia sozialari buruz, migratzaileen eta errefuxiatuen harrerari buruz, eta egungo eta etorkizuneko beste erronka batzuei buruz.

EUDELek gaitzespenik irmoena azaldu nahi du Bilbon izan zen emakumearen erailketaren aurrean, eta elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta hurbilekoei.

EUDEL-Berdinsareak gogorarazten du heriotzek  emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek bat egiten du gaitzespena adierazteko Bilboko Udalak deitu duen elkarretaratzearekin, gaur, irailak 12,  12:00etan, udaletxearen aurrean. Euskadiko Udalen Elkarteak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2024ko irailaren 12an.

  • Bost udalek “Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigilua” lortu dute, udal-gobernuaren eta udal-kudeaketaren kalitateari ematen zaion Europako saririk handiena.
  • EUDELek eta Europako Kontseiluak Zigiluaren V. edizioa sustatu dute Euskadin. Europako 300 udalerri inguruk dute aitorpen hori, eta horietako 14 euskaldunak dira.
  • Azkoitiak eta Donostiak haien lehen ELoGE Zigilua lortu dute; Legazpik bere bigarren zigilua eta Ermuak eta Irunek haien hirugarren zigilua, aurreko edizioetan parte hartu ondoren.
  • Erandiok, Errenteriak eta Laudiok etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoa (ELoGEren azken helburua) egiaztatzen duen diploma jaso dute.

Ekitaldiko Argazkiak

Donostia, 2024ko uztailaren 18a. Gaur goizean, bost euskal udal sartu dira “ELoGE zigiluaren” zerrenda entzutetsuan, hau da, Gobernantzako Bikaintasunagatik aintzatetsitako tokiko gobernuek osatzen duten horretan. Azkoitiak, Donostiak, Legazpik, Irunek eta Ermuak lortu dute Europako ziurtagiririk altuena. Beste hiru hautagaiek, Erandiok, Errenteriak eta Laudiok -azken horrek aurretik zigilu bat zuena- autoebaluazioa burutu dute, eta autoebaluazioarekin euren hobekuntza-planak bultzatu ahal izango dituzte.

Hiru hilabetez, udal hautagaiek Europako Kontseiluak diseinatutako autoebaluazio zorrotza egin dute, eta horrek 72 adierazleko multzo bat onartzea dakar, gobernu onaren hamabi printzipioetan oinarrituta: Partaidetza demokratikoa; Giza eskubideak; Zuzenbide estatua; Etika publikoa; Kontuak ematea; Irekitasuna eta gardentasuna; Kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; Lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak; Erreakzio gaitasuna; Ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa; Jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia; Aldaketara eta berrikuntzara irekitzea.

2017an, Europako Kontseiluak Euskadiko toki-erakundeei zigilua emateko akreditazioa duen lehen eskualde-plataforma bihurtu zen EUDEL-Euskadiko Udalen Elkartea. 2024aren hasieran, Kontseiluak bere ebaluazio-metodologia eguneratu zuen, eta V. edizio honetan parte hartu duten zortzi udalak lehenak izan dira metodologia hori ezartzen.

Aintzatespenak emateko ekitaldia gaur goizean izan da, 10:30etik aurrera, Donostia Sustapenak bultzatutako EKINN zentroan, bertan zortzi udalerrietako arduradun politikoek eta teknikoek parte hartu dute. EUDELeko elkarteburu Esther Apraizek eta Europako Kontseiluko ordezkari eta Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kongresuko tokiko demokrazia sustatzeko saileko buruak, Daniel Popescuk, gidatu dute ekitaldia. Bi ordezkari horiek parte-hartzaile guztiak zoriondu dituzte beren erakundeen berrikuntzarekiko eta etengabeko hobekuntzarekiko “ausardia, anbizioa eta konpromisoa” izateagatik.

EUDELek, Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek osatutako Erakunde Batzorde batek ELoGE ematea onartzen du. Ekitaldian, Batzordeko kide hauek izan dira: Maria Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua; Irune Berasaluze, Gipuzkoako Gobernantzako foru diputatua; Anartz Gorrotxategi, Arabako Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolaketaren foru diputatua, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendariekin batera, Imanol Landa eta Mikel Pagola, hurrenez hurren.

Ekimen honen azken helburua, zigilua lortzeaz gain, udalak beren udal-gobernantza eta kudeaketa etengabe hobetzeko prozesuan parte hartzera bultzatzea da. ELoGE garaikurra kristalezko dodekaedro bat da, aurpegi bakoitzean 12 printzipioak grabatuta dituena, eta zigilua lortzen den edizio bakoitza aurpegi batean inprimatzen da. Erronka guztiak osatzea da.

ELoGEn parte hartzea etengabeko ikaskuntza da udal-antolaketarako, eta autoebaluazio-prozesuaren oinarria den lidergo politikoaren eta lan teknikoaren arteko koordinazioa indartzen du.

14 ELoGE Euskadin

Orain arte, 23 euskal udalek autoebaluazioa egin dute, eta horietatik 14k zigilua lortu dute, batzuek hainbatetan:

ARABA BIZKAIA GIPUZKOA
Laudio*

Vitoria-Gasteiz*

Basauri**

Bermeo*

Bilbao*

Ermua***

Leioa*

Andoain*

Azkoitia*

Donostia*

Eibar*

Irun***

Legazpi**

Urnieta**

*zigilu bat / *bi edo hiru zigilu

Europa osoan, ELoGEk 300 udalerri inguru aitortu ditu 21 herrialdetan, 41 behin baino gehiagotan.

ELoGE 2024ko udalerriak

  • Azkoitiak eta Donostiak ELoGE Zigilua lortu dute haien lehen hautagaitzan.
  • Legazpik bere bigarren zigilua lortu du, 2018an lehenengoa lortu ondoren.
  • Irunek eta Ermuak ELoGE zigilua lortu dute hirugarren aldiz, 2017an eta 2020an jaso ondoren.

Ekitaldiko hitzaldian, EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraizek nabarmendu duenez, “euskal udalerriak Europako abangoardian egoteko ahalegina egiten ari dira, balio demokratikoekin eta politika eta zerbitzu publikoen estandar aurreratuenekin bat etorriz”. Apraizek adierazi duenez, “ELoGE ezinbesteko tresna da etengabe eboluzionatzen ari den gizartearen beharrak aseko dituen udal-kudeaketa eraginkorra eta efizientea garatzeko, eta, horrela, haren ongizatearen eta bizi-kalitateari laguntzeko”. Elkarteburuak gaineratu duenez, EUDELek lanean jarraituko du Euskadiko udalerri gehiagok ezar dezaten metodologia hori “Euskadi tokiko gobernantza onaren Europako erreferente bihurtu nahi dugu”.

Bestalde, Daniel Popescu Europako Kontseiluko ordezkariak azpimarratu duenez, “ELoGE zigiluak tokiko agintarien gobernantza demokratiko ona aitortzen du. EUDEL 2017tik ari da EAEn, ELoGE ezartzen eta lidergoan eta tokiko administrazioan bikaintasunarekin duen konpromisoa erakutsi du. Europako Kontseiluaren Tokiko eta Eskualdeko Agintarien Kongresuaren izenean, edizio honetan parte hartu duten udalerri guztien ahalegina goresten dut, eta Donostia, Azkoitia, Irun, Ermua eta Legazpi zoriontzen ditut ELoGE zigilua jasotzeagatik. ”

Zigiluaren saria jaso ondoren, ELoGE 2024 jaso duten bost udaletako alkateek beren poztasuna adierazi dute epaia ezagutu ondoren, eta denek eskerrak eman dizkiete beren talde politiko eta teknikoei egindako lanagatik:

Eneko Goia Donostiako alkateak eskerrak eman ditu ELoGE zigiluak dakarren aintzatespenagatik, “udala bere eginkizun nagusia betetzeko egiten ari den ahaleginagatik, hau da, donostiarrei gero eta zerbitzu publiko hobea eskaintzeagatik”. Goiak azpimarratu du ziurtagiria udal-administrazioak duen helburuaren azken emaitza dela, ” eta gizartearen erabilera eta beharretara egokitzeko eta modernizatzen joateko helburua, zeinak harreman estua baitu bere udalarekin eta gero eta eskakizun-maila handiagoa baitu, eta horrek egunez egun hobetzeko erronka dakar berekin”.

Ana Azkoitia, Azkoitiko alkatea: “Barne mailan, prozesu aberasgarria izan da. Hasieratik zigilua lortzeko aukera erronka gisa hartu genuen, ikasketarako eta hobekuntzarako tresna zela ulertuta, eta hala izan da. Udalaren esku-hartze eremuen inguruan,  ikuspegi askoz ere zabalagoa izaten lagundu digu. Eraginkortasunaz, gardentasunaz, giza eskubideez edota etikaz ari gara, eta, ondorioz, erantzunkizunagatik eta konpromisoagatik hartu dugu parte. Administrazioa herritarren zerbitzura dago, eta udal ordezkariok exijenteak izan behar dugun lehenak gara. Errekonozimendu ororen atzean lan bat dago, eta barne mailan, prozesu hau nola lan egiten ari garen jabetzeko erraminta baliagarria suertatu zaigu “. 

Cristina Laborda, Irungo alkatea: “Irungo Udala izan zen 2018an zigilu horrekin aintzatetsi zen lehenengo euskal hirietako bat, eta, harrezkero, lanean jarraitu dugu aitorpen horren eskakizun-mailari eusteko, bai eta maila hori gainditzeko ere. Zorionak eta eskerrak eman nahi dizkiet EUDELi eta Europako Kontseiluari ekimen honengatik; izan ere, udalerri guztientzat ikasteko aukera paregabea da, baita ibilbide-orri bat ere, helburu komun bat duena: gobernu ona eta gardentasuna. Bi balio horiek funtsezkoak dira politikan, eta Irun hiria % 100ean identifikatzen da balio horiekin. Hori da hirugarren aintzatespena eta, seguru nago, ez dela azkena izango, hori baita gure filosofia eta identitatea. ”

Juan Carlos Abascal, Ermuko Alkatea: “Poz handia da ELoGE zigilu hau jasotzea, hirugarren aldiz jarraian, gobernu onaren arloan bikaintasunaren Europako zigilua baita. Eskerrak eman nahi dizkiegu EUDELi, Ermuko herritar guztiei eta Ermuko Udalaren antolakuntza osoari zigilu hau osatzen duten gobernu onaren printzipioetako bakoitza hobetzeko egindako lanagatik eta egindako ahaleginagatik, ezinbestekoa baita politikarekiko eta erakundeekiko sinesgarritasunik gabeko uneetan lan egitea “.

Eric Gálvez, Legazpiko alkatea: “Prozesu honetara, herritarrei zerbitzu hobea emateko eta legazpiarren bizitza hobetzeko helburuarekin aurkeztu gara; ez egiten duguna ebaluatzeko bakarrik, baita zer hobetu genezakeen jakiteko ere. Zalantzarik gabe, oso ebaluazio zorrotza izan da, eta sari hau lortu ondoren, erantzukizun handiagoarekin eta legazpiarrekin konpromiso handiagoarekin ateratzen gara hemendik. Aitortza honek bigarren aldiz kokatzen gaitu gardentasun, eraginkortasun, efizientzia, berrikuntza, kontu-emate edo herritarren parte-hartze maila handienak dituzten Europako udalerrien artean. Eta hori ez da hemen amaitzen, gure herriaren alde egiten, eraikitzen, entzuten eta proposatzen jarraituko baitugu, beti gure onena emanez.”

ELoGE adierazleen tresna

Adierazle bakoitza justifikatzeko, ebidentzia dokumentalak eman behar dira. Udal-tresnak baloratzen dira, bai barne-mailan (agintaldiko plana, finantza-kontroleko plana, GJHekin lerrokatutako aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea…), bai kanporantz, herritarrekiko eta tokiko eragileekiko harremanetan (partaidetza- eta gardentasun-kanalak, etika- edo jokabide-kodea, 2030 Agendaren estrategia…). Adierazle gisa, besteak beste, honako hauek aztertzen dira: epe luzerako plangintza eta ikuspegia, administrazio-izapideak, kontratazio-prozedurak, finantza- eta aurrekontu-kudeaketa, kontuak ematea, berrikuntza publikoa, euskararen sustapena, bai eta giza eskubideena ere, berdintasuna, aniztasuna, gizarteratzea eta gizarte-kohesioa zeharkako ardatzak izanik.

Idazkaritza tekniko batek egiaztatzen ditu udalen autoebaluazioak, eta emaitzen txostenak konfidentzialak dira. Gainera, udalerriek kontraste-inkestak egiten dituzte hautetsiekin, udaleko langileekin eta herritarrekin, baina ez dira lotesleak.

https://eloge.eudel.eus/  

https://www.coe.int/en/web/centre-of-expertise-for-multi-level-governance/eloge

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtado eta EUDELeko elkarteburu eta Derioko alkate Esther Apraiz bildu dira gaur XIII. legealdi honen hasierako bilera-sortaren barruan. Bileran izan da, halaber, Cristina Laborda, EUDELeko elkarteburuordea eta Irungo alkatea. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, talde berriko kideak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Jakes Aguirrezabal eta Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Clara Navas izan dira.

Bileran Sailaren eta EUDELen arteko koordinazioari heldu zaio, batez ere udal askok arautu dituzten edo arautzeko asmoa duten erabilera turistikoko etxebizitzen gaiari. 2023ko apirilaren 9an, Legebiltzarrak 9/2023 Mozioa onartu zuen. Mozio hori EUDELek eskatu zuen lantalde bat eratu zedin erabilera turistikoko etxebizitzen erregulazio orokorrerako oinarri komunak eta orientabide orokorrak jorratzeko.

EUDEL, gaur egun, azterlan bat egiten ari da, gida gisa balioko duena beren udalerrietan erabilera turistikorako etxebizitzei buruzko araudi espezifikoa landu nahi duten udalentzat. “Errespetu handia diogu udal-autonomiari; izan ere, udalak dira beren udalerrien errealitatea eta beharrak ondoen ezagutzen dituztenak”, sailburuak azaldu duenez, “eta udalekin lankidetzan jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala, erabilera turistikoko etxebizitzei buruzko informazioa kontrolatzeko eta trukatzeko”.

Esther Apraiz elkarteburuak adierazi duenez, EUDELek kontraste bat egin du hainbat udalekin, etxebizitzen eta logela partikularren erabilera turistikoa hirigintzaren aldetik arautzeko beharraz duten pertzepzioa ezagutzeko. “Udalen errealitatea askotarikoa da, eta EUDELek orientabide orokor batzuk eskaini nahi ditu interesa duten udalerriek hirigintza-erregulazio bat bultza dezaten beren tokiko errealitate espezifikoaren arabera, turismo-ostatu modalitate horrek gainerako tokiko erabilera eta politikekin nolabaiteko distortsioa sortzen duenean (alokairua, hiri-zerbitzuen saturazioa, etab.)”, azaldu duenez. Apraizek Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzearen garrantzia azpimarratu du, lantzen diren oinarriek ezin baitute erregulazio autonomikotik at egon, ez eta Estatuko eta Europako arauditik ere.

Era berean, sailburuak azaldu du nola garatu zen aurreko legealdian turismo-egonaldien gaineko zergari buruzko eztabaida eta legealdi honetan garatzeko planak. Gai horiez gain, beste batzuk ere jorratu dira, tartean turismoaren sustapena, etorkizuneko proiektuak eta beste lankidetza-bide posible batzuk.