Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

EUDELek irmo gaitzesten Mungiako (Bizkaia) emakumearen hilketa, indarkeria matxistaren biktima. Era berean, gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

EUDELek elkartasuna adierazten die biktimaren senideei eta lagunei; era berean, gertatutakoa azkar argitzea espero du.

EUDELek bat egiten du udalek zein erakundeek deitu ditzaketen elkarretaratze eta ekintza guztiekin.

*Gaur asteartea, Mungiako Udalak arratsaldeko 19:00etan kontzentrazio isil bat deitu du Udaletxe ondoan.

Bilbon, 2014ko martxoak 18

Gardentasunaren Aldeko Euskal Udalen Saren barruan, martxoaren 7an, EUDELek eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoak (DBEB/AVPD) “Gardentasuna eta Datu pertsonalen Babesa” izenburupean hitzaldia antolatu zuten, politikari zein teknikariei zuzenduta.

 

Hizlariak: Iñaki Pariente, DBEB/AVPDko Zuzendaria eta Roman Intxaurtieta, DBEB/AVPDko Abokatu Instruktore Ikuskatzailea.

 

Helburua:

  • Datu pertsonalak babesteko eskubideak gardentasunean eta informazioaren erabileran eduki ditzakeen mugak ezagutaraztea.

Edukiak:

  • Gardentasunari, Informazio Publikoa Erabiltzeari eta Gobernu Onari buruzko Legea indarrean hasteak Udalentzat dakartzan ondorioak eta horrek datu pertsonalak babesteko oinarrizko eskubidearekin daukan lotura.

  • Legeen artean egon litekeen talka eta interpretatzeko zailtasunak:
    • Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa.
    • Gardentasunari, Informazio Publikoa Erabiltzeari eta Gobernu Onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legea.
    • Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Prozedura Administratibo Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/92 Legea.

Beste erlazionatutako albisteak:

EUDELek Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren Saria jaso du udal administrazioetan praktika onak zabaltzeagatik

Datu Pertsonalesn Babesaren arloko jardunbide Egokien Eskuliburua Euskal Autonomia Erkidegoko toki erakundeetarako

Pasa den ostiralean, martxoaren 7an, Gardentasunaren aldeko Euskadiko Udalen Sarearen barne-bilera bat egin zen. Bertan erantsitako dokumentua aurkeztu zen: ‘Udal Gardentasuna abian jarri eta kudeatzeko eskuliburua’.

Gardentasunari buruzko estrategia zehaztu ondoren, udalak burutu beharreko ekintza zehatzen arabera egituratzen da eskuliburua.

Ereduaren oinarria zera da: udalek herritarrei eskaini beharreko informazioa plazaratu eta etengabe eguneratzea, gardentasun-maila altua erdietsi ahal izateko. Zeregin horretan laguntzeko, Gidak AGINTE KOADRO bat ere badakar, ekintza zehatzen egutegiarekin eta parte har lezaketen udal sailekin.

EUDELek, lanean erraz erabiltzeko, Aginte Koadroa Excel formatuan dauka, eta udalek eskatuz gero helarazi egingo zaie. Eskaerak egiteko: udaltransparencia@eudel.net

Eskuliburu bera eta Gardentasunaren aldeko EUDELeko Euskadiko Udalen Sarearen esparruan egindako gainerako argitalpenak hurrengo estekan daude: www.eudel.net/gardentasuna

Sarearen onurak: ezagutza partekatzea – parte izatea

Sarean landutako ezagutza, materialak eta baliabideak Euskadiko tokiko erakundeei banatzen jarraituko du Eudelek, udal gardentasuna ezartzen lagundu eta prozesua hedatzeko asmoz. Izan ere, antolamendua, herritarrekiko harremana eta Gobernu Ona hobetzeko premiatzat ez ezik, horretarako aukeratzat ere ulertu behar da gardentasuna.

Gardentasun Sareari atxikitzeko:

KONTAKTUA: udaltransparencia@eudel.net

INFORMAZIO GEHIAGOwww.eudel.net/gardentasuna

Aurreko urteetan bezala, EUDEL eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailaren artean elkarlanerako Hitzarmena sinatu da, enplegua eta ekonomia sustatzeko politikak Bizkaiko lurralde mailan artikulatzeko (Behargintza Zentroak).

Hitzarmen berri hau 2015ko otsailaren 28an bukatzen da, eta gogoratu nahi dizuegu, eskualdeko jarduerak betearazteko proiektuak aurkezteko epea apirilaren 16an bukatzen dela.

Behargintza Zentruen kudeaketa eta funtzionamendurako Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek adostutako Lankidetza Hitzarmena.

Hitzarmen horren bidez foru erakundeak 725.155 euro jarri ditu Bizkaiko eskualde guztietan jarduten duten enplegurako eta garapenerako 21 zentroak kudeatzeko.
EUDELek eta Ekonomia Sustatzeko Sailaren ustez Behargintzak toki mailan enplegua kudeatzeko eta ekonomia sustatzeko formularik egokienak dira, lehiakortasuna hobetuz, eskualdearen potentzialtasun ekonomikoa aprobetxatuz eta, azken finean, enplegua hobetuz eta sortuz.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDEL, Euskadiko Udalen Elkarteak, horien kudeaketa sustatzen jarraitu nahi dute, zertarako-eta euren ahaleginak biltzeko eta enpleguan eta toki mailako egitura horien garapenean laguntzeko.

Behargintzak udalerriaren edo eskualdearen garapen integrala sustatzeko sortu ziren udal zentroak dira; halaber, pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko ekintzak egiten dituzte, udalerri edo eskualdeko enpresa eta merkataritza bilba sustatzekoak eta enplegurako prospekzioak eta informazioa ematekoak; horiek ez ezik, inoren konturako laneratzea, autoenplegua eta enpresen sorkuntza laguntzen dute; zerbitzuak ematen dizkiete udalerrian edo eskualdean kokatuta dauden enpresei; eta, azken finean, toki garapena bideratzeko era guztietako jarduerak egiten dituzte. Zentro horiek era juridiko desberdinak dituzte baina guztiak dira toki esparrukoak.

Gasteizen, 2014ko martxoak 7. EUDELek Lurralde Kontseiluaren akordioan oinarrituta, Arabako Batzar Nagusietan agerraldia egitea eskatu du gaur, Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren operatibitate eta efikaziarik ezaren berri emateko asmoz.

EUDELen Arabako Lurralde Batzordeak, 2014ko martxoaren 7an Vitoria-Gasteizen egindako bileran, hartutako erabakiak hurrengoa esaten du hitzez hitz:

“29/1996 Foru Arauaren bitartez, tokiko administrazioko erakundeen eta Arabako Foru Aldundiaren arteko parte-hartze eta koordinaziorako organo gisa eratu da Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseilua. Izaera aholku-emailea eta eztabaida-xedea daukan arren, Kontseiluari funtzio garrantzitsuak esleitzen zaizkio lurraldeko tokiko erakunde guztiei eragiten dieten gai orotan.

Maila desberdineko erakundeen arteko topaketa eta akordio organoa izan beharko lukeen hau tresna formal eta eduki gabekoa bihurtu da; izan ere, Foru Aldundiaren ordezkariek bete beharreko izapide soiltzat hartzen dute.

Kontseiluaren funtzioak tratatzeko era horren ondorioz, ez dauka eraginkortasunik, eta hori agerian geratzen da Lurraldeko tokiko erakundeek informazioa lortzeko duten zailtasunean; hain zuzen ere, informazio hori banan-banan eman beharko litzaieke Herri-dirubideen Euskal Kontseiluaren bileren ondoren.

Egoera hori, gainera, larriagotu egiten da Arabako Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluaren bileretan tokiko interesak defendatzeko izendatutako hautetsiei ematen zaien tratuagatik; izan ere, egoera hori jasanezin bihurtu zen Toki Administrazioaren eta Finantzen Lurralde Kontseiluak joan den martxoaren 3an egindako bileran.

Azaldutakoari buruzko informazioa emateko eta gaiari buruzko irtenbideak proposatzeko asmoz, EUDELek uste du komenigarria dela Arabako Batzar Nagusien agerraldia eskatzea, eta honen bitartez hori egiten du.”

ITELAZPI Telekomunikazioen Sozietate Publikoaren arduradunen eta EUDELen Udalerri Txikien Batzordeko ordezkarien artean izandako bileretan, Lurreko Telebista Digitalerako (LTD) Plan Tekniko Nazionalaren egoerari buruzko informazioa eman zen. Plan horren arabera, ezarpena egikaritzeko egunak
2015eko urtarrilaren 1a izaten jarraitzen du.

Era berean, ITELAZPIko arduradunek jakinarazi zuten bezala, epe laburrean bere Udalarekin harremanetan jarriko dira, udalerri horretako Komunikazio Zentroaren erabilera lagapenari dagokionez jarraitzen ari diren espedientearen tramitazioa aztertzeko.

Aipatutako espedienteak azpiegitura horien ondare-egoera erregularizatzea du helburu, eta, ondorio horietarako, Udalaren eta ITELAZPIren artean lankidetza hitzarmena sinatzea beharrezkoa dela aurreikusten du. Hitzarmenean honakoak sartzen dira: Udalari dagokionez, zentroak hartzen duen lursaila dohainik erabiltzeko lagapena, horretara sartzeko bidea erabiltzeko baimena, eta, hala badagokio, hori osatzen duten azpiegituren titulartasunaren lagapena; ITELAZPIri dagokionez, funtzionamendu, mantentze, konponketa eta kontserbazio gastuak bere gain hartzea legezko eta lan segurtasuneko berme guztiekin, eta etorkizunean ekipamendua berritzeko egin daitekeen edozein inbertsio.

Jakinarazi beharra dago, aipatutako zentroa ez erregularizatzeak bi ondorio ekarriko dituela: alde batetik, ezingo da telebista-eskaintza osoa eskuratu LTDrako Plan Tekniko Nazional berriak adierazitako kanal eta frekuentzietan; eta, bestetik, Dibidendu Digitalak eragindako LTD kateak derrigor desagertuko dira 2015eko urtarrilaren 1a baino lehen.