Eudel

Berriak

Sailetako Albisteak

Azken berriak

  • Tamaina txikiagoko udalerriei laguntzea, erakundeen arteko III. Akordioarekin bat datozen tokiko indarkeria-protokoloak eguneratzea eta 2030 Agendako berdintasun-proiektuak sustatzea dira EUDELek eta Eusko Jaurlaritza-Emakundek sustatutako Berdinsarea udal-sarearen ekintza-lerroetako batzuk.

2024ko martxoaren 25a.

Astelehen arratsalde honetan, EUDELek Bilbon duen egoitzan, BERDINSAREAren osoko bilkura egin da; sare horrek EAEko hiru lurraldeetako 88 euskal udalerri eta Arabako Lautadako eta Aiarako bi kuadrilla biltzen ditu. Lidergo politikoarekin, Udaleko teknikarien elkartrukerako gune komun bat da sare hau. Orain, 18 urteko ibilbidearen ondoren, Berdinsareak berritu eta eguneratu egin nahi du, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko abangoardiaren eta berrikuntzaren bultzatzaile izaten jarraitzeko.

Esther Apraiz, Derioko alkate eta EUDELeko elkarteburua, eta Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, izan dira sareko organo gorenaren bilera honetako buru; bilera horretan, aurtengo ekintza-ildo berriak onartu dira eta EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2030 estrategia aurkeztu da, Eusko Jaurlaritzak sustatua.

Osoko Bilkuran parte hartzen, Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta, eta EUDELeko berdintasun ordezkari hauek ere izan dira: Nati López de Munain, Burgeluko alkatea; Xabier Lertxundi, Hernaniko alkatea; Mª Jose Blanco, Portugaleteko alkatea; eta Joseba Zorrilla, Zallako alkateordea.

BERDINSAREAko udalerriak EAEko biztanleen % 80 dira, eta haien ekintzak eta orientazioak aitzindari dira berdintasun-politiken abangoardia toki-mailan bideratzeko, gainerako euskal erakundeekin lankidetzan arituz.

Hain zuzen ere, udalen arteko aliantzak eta erakundeen arteko koordinazioa bultzatzea da Osoko Bilkuraren funtsezko eginkizuna; atxikitako udaletako arduradun politikoek osatzen dute.

EUDELek eta Eusko Jaurlaritzak nabarmendu dute berdintasun-sare horren indargune nagusia direla “udalek berek gobernatua izatea”, koordinazio politiko-tekniko estu batetik, eta sarea osatzen duten lantaldeetan “adostasunean eta lortutako akordioetan” oinarrituta lan egitea.

Bi erakunde bultzatzaileek adierazi dute “aniztasuna” dela sare horren balioetako bat, udalen ezaugarrietara (tamaina, baliabideak, ibilbidea, antolaketa…) egokitu daitezkeen proposamenak bideratzea errazten baitu.

Esther Apraiz elkarteburuak Berdinsareak EAEko 252 udalerriri ematen dien zerbitzua nabarmendu du: “Sareko lan honen bidez, Euskadiko tokiko gobernuek berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloan duten erantzunaren efikazia hobetu nahi da. Berdinsareak berdintasuna transbertsal bihurtzen laguntzen du udaletan, eta gainerako erakundeekiko lotura gisa ere balio du”.

Euskal Udalen “berdintasunarekiko konpromiso irmoaren” ildotik, EUDELeko elkarteburuak udal-arduradunak animatu ditu konpromiso hori eguneroko lanean, urteko 365 egunetan, gauzatzera. “Berdinsareak markatzen du berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko udalerriak lortzeko hurrengo urteetan egin beharreko bidea”.

Bestalde, Nerea Melgosa sailburuak EAEko Berdintasunerako 2030 Estrategiaren hurrengo helburuak aurkeztu dizkie udalei, eta, zehazki, udal-eremuan inplikazio handiena dutenak. Adierazi duenez, “helburu horiek lortzeko, funtsezkoa da toki-erakundeen ekarpena, erronka handiak dituztelako, hala nola bermatzea beren aurrekontuen % 1,5, gutxienez, berdintasun-politiketara bideratuko dela, guztietan berdintasun-unitateak egongo direla, langile eta aurrekontu nahikorekin, edo langile guztiei berdintasunaren arloko prestakuntza emango zaiela”. Melgosak eskerrak eman dizkie udalerrietako teknikari eta politikari guztiei, egunero berdintasunarekin duten konpromisoagatik.

2024ko ekintza-lerroak

Osoko Bilkuraren bigarren blokean, Nati López de Munain Burgeluko alkate eta EUDELeko ordezkariak Berdinsarearen aurtengo ekintza-lerro berriak aurkeztu ditu:

  • Tokiko Indarkeria Protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko erakundeen arteko III. Hitzarmenean ezarritako jarraibide eta printzipioen arabera.
  • Berdintasunerako tokiko politiketan kalitate-estandarrak betetzen diren begiratzea.
  • Berdintasunaren eta indarkeria matxistaren aurkako borrokaren arloko tokiko politikak zabaltzeko finantzaketa-egituren azterketa eta horiei buruzko hausnarketa.
  • Berdintasunaren arloan eskumena duten erakundeen (EUDEL, Eusko Jaurlaritza-Emakunde eta Foru Aldundiak) arteko koordinazioa indartzea, udalen aldeko jardueren efikazia hobetzeko.
  • Udalaren esperientziak eta praktika onak trukatzea (“Berdintrukeak”).
  • Euskadiko Udaltzaingoetan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko orientazio-gida
  • Euskadiko 2030 Agendaren tokiko sustapen-proiektuen aurrerapena eta garapena:

– Ikuspegi feminista duten zaintza erantzunkideetarako tokiko eredua. Udalerrietako “toki-komunitateetan” zaintza-sareak artikulatzeko ibilbide bat hartuko luke.

– Alkateek eta zinegotziek “Virginia Woolf Basqueskola”-n egiten duten lana babestea, emakumeak ahalduntzeko eta udal-politikan eragiteko gunea baita.

– Emakunderen Gizonduz programarekin elkarlanean jarraitzea, tokiko hautetsiak berdintasunaren sustapenean eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan inplikatzeko.

Tamaina txikiagoko udalerriak

Aurtengo ildo nagusietako bat da. 5.000 biztanletik beherako udalerrietan berdintasun-politikak hedatzen laguntzeko estrategiak (EAEren % 77 baino gehiago dira) udalen arteko aliantzak sortu behar ditu, langile espezializatuak eta baliabideak partekatzeko, eskualdeko estrategia bat artikulatuko duten ekintzak elkarrekin bultzatzeko.

Udalerri txiki eta elkartuekin lan teknikoa egiteko eremua indartzeaz gain, aurten Berdintasunerako 2030 Estrategiako orientabideak “herri txiki” eskalan nola lurreratu eta egokitu aztertuko da.

Informazio gehiago: https://berdinsarea.eus/eu/sarea

 

Udalerri txikienek UFFFean jasotzen duten kopurua arautzen duen 15/1994 Foru Arauaren artikulu bat eguneratuko dute, euren egoera berezituari erantzun eta finantziazio egokiago bat izan dezaten

Udal Finantzaketarako Foru Funtsean (UFFF) egokitzapen bat egitea adostu dute EUDELek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek azken urteotan egindako eskaerari erantzun eta udalerri horien finantzaketa indartu asmoz. Azken asteotan udalek eta foru ogasunak burututako elkarlanaren ondorioz, EUDELen Gipuzkoako Lurralde Batzordeak erabaki zuen gaur egin den Gipuzkoako Finantza Kontseiluari eskatzea UFFF arautzen duen 15/1994 foru arauko 3.1 a) artikuluan jasotako banaketa eguneratu eta egokitu dezan. Aldundiak bere egingo du proposamen hori eta, 2024ko lehen seihilekoan bertan, egokitzapen horri bidea emango dion foru arau proiektua onartzeko konpromisoa hartu du. 2025eko UFFFaren banaketan sartuko da indarrean neurri hori.

Adostasunez eta elkarlanean landutako neurri honen berri eman dute, gaur goizean emandako prentsaurrekoan, Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Izaro Elorza Oñatiko alkate eta Eudelen Lurralde Batzordeko ordezkariak. Erabaki honen bitartez, 1994ko araudia eguneratu egingo da, Gipuzkoako udalerri txikienen mesedetan. Izan ere, azken 30 urte hauetan, biztanleriaren arabera herri guztiek jasotzen duten kuotaz gain, 1.100 biztanle arteko herrietako udalei kopuru gehigarri finko bat esleitu izan zaie, herri txikiak izateak dakartzan zailtasun eta egoera berezituari aurre egiteko. Banaketa gehigarri hori, baina, berrikusi gabe zegoen 1994tik hona. Beraz, bide ematen zaion aldaketa honek UFFFaren garapenak islatuko ditu.

Egokitzapen honen bidez, lurraldeko udalerri txikienetatik azken urteotan egindako eskaerari erantzunez, gainontzeko herriek bezala biztanlegoaren arabera jasotzen duten kuota hortaz gain, urte bakoitzeko UFFFren %1,2 gordeko zaie eta ehuneko hori zati berdinetan banatuko da 1.100 biztanle arteko udalerri horien guztien artean.

Gipuzkoako diputatu nagusiak, Eider Mendozak, neurri honek oinarrian duen “adostasun eta elkarlan” eredugarria nabarmendu du eta Gipuzkoak “lurralde gisa ezaugarri duen orekan urrats garrantzitsu” moduan definitu du. “Finantzaketaren ikuspegitik azken urteotan udalerri txikienek egindako eskaera horri erantzuten diogu, horrela, beren etorkizunaren alde eginez. Diru banaketa egokiago bat jasoko dutelako aurrerantzean; haien egoera berezituari erantzuteko eta herritarrei eskaintzen dieten zerbitzua indartzeko balioko die, zalantzarik gabe”, gogoeta egin du.

Mendozak gogoratu du lurralde oreka “funtsezko balioa” dela Gipuzkoaren etorkizunerako, herri txikiak “funtsezkoak” diren bezala. “Ezinbesteko papera jokatzen dute, gipuzkoar askoren bizitoki diren heinean. Gainera, gure hizkuntzaren eta kulturaren arnasgune eta gordailu dira, landa ingurune bizia dute eta berau zaintzen dute, ekonomia aktibitatearen eta enpleguaren ikuspegitik ere oreka bermatuz”, adierazi du eta, horregatik, neurri honekin udalerri txikiekiko herri erakundeok “erantzukizun eta konpromisoari erantzungo dio foru ogasunak.

Izaro Elorza Oñatiko alkateak, EUDELen izenean, aldiz, azpimarratu du akordio honi esker Gipuzkoako 32 udalerri txikienek “baliabide gehiago” izango dituztela “zerbitzuak modu eraginkor eta efizientean emateko eta auzokideen eskaerei hobeto erantzuteko”.

Alkateak Gipuzkoako udalen autonomian eta nahikotasun finantzarioan egindako aurrerapena baloratu du: “gure ustez, bide baten hasiera da, non hausnarketa zabalagoa egin behar den. Gipuzkoaren ordezkaritza EUDELen garenok adostasuna oinarri hartuta bidea urratzen jarraituko dugu eta gainerako erakundeekin elkarlanean”.

Elorzak nabarmendu du proposamena EUDELen Lurralde Batzordean landu dela: “Elkarrekin lan egiten dugun alkateak gara Gipuzkoako herritar guztiei mesede egingo dieten akordioak lortzeko, lurraldeko udalerri guztien aurrerapen sozial eta ekonomikoaren alde, txikienetik handienera”.

150 biztanleko udalerri baten adibidea

Esate baterako, biztanleriaren araberako kuotaz gain, gaur arte 150 biztanleko udal batek atal honetan jasotzen zuen kopuru finkoa 1994tik hona urtero 84.141,69 €koa izan da, UFFFren garapena goranzko edo beheranzko joera kontuan izan gabe. Orain proposatzen den aldaketa honekin, udal honek 244.395,67 euro jasoko lituzke aurten.

1994ko foru arauak kopuru finko bat –momentu hartako %1,2aren arabera kalkulatutakoa– ezartzearen arrazoia izan zen UFFFren balizko jaitsiera batek udalerri txikiak ez kaltetzea. Denboraren poderioz, ordea, Udal Finantzaketa Foru Funtsak gora egiten jarraitu du eta, gaur egun, 1.100 biztanle baino gutxiagoko herriek %0,32 soilik jasotzen dute atal honen bitartez.

Donostia, 2024ko martxoaren 22a.

Ostegunean, Martxoak 21, 19:40ak inguruan, Esther Apraiz EUDELeko elkarteburuak Korrikaren 23. edizioaren lekukoa hartu zuen Bilbon, Poza kaleko 65 zenbakian.

Apraiz elkarteburuak, Elkarteko beste ordezkariekin batera, EUDELek erositako 1889. kilometroa bete zuten, euskal udalerrietan euskara sustatzeko eta bultzatzeko erakundearen konpromisoaren eta lanaren esparruan.

KORRIKA joan den martxoaren 14an abiatu zen Irunetik eta martxoaren 24an Baionan amaituko da; ordura arte, “HARRO HERRI” lelopean, milaka pertsona Euskal Herriko hainbat herritan zehar korrika egingo dute, euskarari babesa emateko.

2024/03/11

EUDEL, Euskadiko Udalen Elkartea, bidelagun izango da aurten ere Udaltopeko seigarren edizioan.

EUDELek, dirulaguntza eskaintzeaz gain, jardunaldien hedapenean sustapen lana egiten laguntzen du. Horren ordez, Udaltopeko antolakuntzak eskerrak eman ditu euskara zerbitzuen arteko esperientziak trukatzen, esperientzia horiek nola hobetu hausnartzen eta esperientzia berriak elkarlanean abiatzen laguntzen jarritako hondar-alearengatik.

Antolatzaile lanetan, berriz, Euskal Hirigune Elkargoak, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak jarraitzen dute.

Aurtengo topaketaren gaia

Nola erakarri etorri berriak euskarara? Edota, euskaldunok, nola hurbildu etorri berrietara?

Aurtengo edizioan etorri berriak euskarara erakartzeko edota euskaldunok etorri berrietara hurbiltzeko oinarri teorikoak eta praktika onak bilduko ditu. Eta Udaltopeko antolatzailei funtsezkoa iruditzen zaie gizarte politiketako eragileak erakartzea, eta, urrats bat haratago emanez, elkarlanerako zubiak eraikitzea eta elkarlanak bideratzeko oinarriak ezartzea.

Izen-ematea, astea honetan

Egitaraua osatzeko azken lanak egiten dabiltza, eta, ongi-bidean, aste honetan zabalduko dute izen-emate epea. Apirilaren bukaerara arte izango da zabalik Lasarte-Oriako Manuel Lekuona Kultur Etxeak maiatzaren 16an eta 17an jasoko dituen topaketak jarraitzeko.

Informazio gehiago: https://www.udaltop.eus/eu/hasiera

 

  • Esther Apraiz, Derioko alkatea, Bizkaiko Batzar Nagusiek antolatutako ezohiko batzarrean izan da gaur goizean, Euskal Udalen ordezkari gisa. Gernikako Batzar Etxeko ekitaldian, Bilboko San Luis zentroaren lana goraipatu da, kontziliazio neurriak ezartzeko zereginean bultzatutako jardunbide egokiengatik.
  • Aurreko edizioetan bezala, ekitaldi beraren barruan EUDELen Martxoaren 8ko Adierazpena irakurri dute sentsibilitate politiko berekoak ez diren lurraldeko bost hautetsik.
  • Urteroko hitzorduan, euskal alderdi politiko guztietako emakumezko alkateak, zinegotziak, diputatuak, biltzarkideak, senatariak, europarlamentariak eta liderrak izan dira.

Gernika, 2024ko martxoaren 1a. Gernikako Batzar Etxean egin da, berriro ere, azken hamarkada honetan genero berdintasunaren aldeko borrokaren ikur den ekitaldia. Ekitaldi horretan, arlo horretan nabarmendu diren erakundeen edo emakumeen lana goraipatu ohi da.

Bizkaiko Emakume Hautetsien Ezohiko Batzarra zortzigarrenez bildu da foru hiribilduan, Martxoaren 8a dela-eta EUDELek osatu eta Bizkaiko Batzar Nagusiek sinatu duten Adierazpen Instituzionala irakurtzeko xedez. Ekitaldi berean, Bilboko San Luis LHko ikastetxearen lana goraipatu da, Kontzilia proiektuaren barruan hainbat kontziliazio neurri ezarri dituelako bertako langileentzat.

Jai giroan, eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasunean aurrera egiteko aldarrikapena oinarri, Gernikako Arbolaren ondoan ekin zaio Bizkaiko Legebiltzarrak eta Euskadiko Udalen Elkarteak (EUDEL) antolatutako batzar honi.

Ondoren, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Legebiltzarreko lehendakaria, Elixabete Etxanobe Landajuela Bizkaiko ahaldun nagusia, Legebiltzarreko Mahaiko kideak, Esther Apraiz Fernández la Peña EUDELeko elkarteburua, Miren Elgarresta Larrabide Emakunderen zuzendaria, eta omendu diren eta hizlari jardun duten emakumeak sartu dira hemizikloan, askatasuna eta berdintasuna sinbolizatzen duten oroimenezko zapiez elkartuta.

Adarrarekin Batzarretarako egin ohi den ohiko deiarekin hasi da ezohiko bilkura, Gernikako Batzar Etxeko osoko bilkuren aretoan.

Bizkaiko herritarrek hautatutako emakumeez beteta zegoelarik hemizikloa, Foru Ganberako Lehendakaria aulkira abiatu da, ezohiko batzarrari hasiera emateko, Emakumearen Nazioarteko Eguna baino astebete lehenago.

Bizkaiko bost udalerritako emakume hautetsiek, pentsamolde politiko guztien ordezkari (Karmele Tubilla Artetxe, Santurtziko alkatea; Ima Garrastatxu Urbaneja, Durangoko zinegotzia; María Jose Blanco Gavieiro, Portugaleteko alkateordea; Natalia Aranduy Zuazagoitia, Getxoko zinegotzia, eta Alba Gutiérrez Gómez, Amorebieta-Etxanoko zinegotzia), irakurri dute EUDELek egindako Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala.

Batzar Nagusiek ere izenpetu dute Adierazpena, eta aurtengoan, emakumeek, gure adinekoengandik hasita, pairatu dituzten ahanztura historikoen erreparazioan jarri dute arreta. Udalen aukera eta ardura da emakume belaunaldien historia berreskuratzea eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzea, gaur egun adineko direnen belaunalditik hasita”.

Ondoren, Maren bizkaitar abeslariak hartu du hitza, eta “kontziliazio erantzunkideak”, aurtengo topaketaren leit motiv-a izanik, bere belaunaldiarentzat adierazten duenari buruzko ikuspegia azaldu du. Gallartako artista gazteak eman dio amaiera ekitaldiari, “Gernikako Arbola” interpretatuz.

Aurretik, Batzarrak tarte bat utzi dio Tania Llasera Alberdi bilbotar komunikatzaile eta antzezleari, kontziliazio erantzunkideak zer esan nahi duen azal zezan, jarduera profesional biziko ama eta emakumearen ikuspegitik.

Aurtengo edizioan, Emakumeen Batzarrak San Luis Zentroa goraipatu du, berdintasunezko gizarte bat lortzen laguntzeko egindako lanagatik. Bilboko LHko ikastetxe horretako Berdintasun eta Kontziliazio Planaren arduradunak, Leire Ovejerok, jaso du saria, eta azaldu du zein izan diren ikastetxeko zuzendaritzak bertako langileen artean abian jarri dituen eta lan giroa hobetzeko balio izan duten familia kontziliazioaren aldeko ekimenak.

Batzarra amaitu eta gero, gonbidatu guztiek Gernikako Arbolaren ondoan egin dute erretratua, erakundeetako arduradunekin, alkateekin, zinegotziekin, batzarkideekin, euskal legebiltzarkideekin, biltzarkideekin, senatariekin, europarlamentariekin eta lurraldeko politikariekin batera.

Guztiek mezu bateratu bat zabaldu dute kontziliazio erantzunkidearen alde. Kontziliazio erantzunkidearen bitartez, etxeko zaintzan eta familian gizonen eta emakumeen erantzunkidetasuna bilatzen da, eta, era berean, erakundeen eta enpresen erantzukizun soziala eskatzen du zaintzaren gaiari dagokionez.

Sistema patriarkalak emakumeen  ideiak ikusezin bihurtu ditu eta haien aktibismo politiko eta soziala ukatu ditu, beraien aldarrikapenak isilaraziz eta komunitateen aldeko lorpenen ebidentziak ezabatuz. Gainera, sistematikoki ezkutatu dira jatorri eta tradizio kultural desberdinetako emakumeen, emakume arrazializatuen, lesbianen, dibertsitate funtzionala duten emakumeen eta adineko emakumeen ekarpenak.

ADIERAZPENA JAITSI

Zehazki, arreta jartzen dugu adineko emakumeen egungo belaunaldian, sistematikoki estereotipatua eta diskriminatua den belaunaldi horretan, sozialki garrantzirik gabekoa bihurtu duten horretan. Gainera, ikusezintasun hori ahulezia handiagoko egoerak ezkutatzen ari da, hala nola prekarietatea eta pobretzea, nahi ez den bakardadea, osasun-arazoak eta indarkeria matxista motak.

Emakumeen ahalduntze-prozesuak tradizio teoriko, politiko eta filosofiko feminista baten oinordekotzat hartzea eskatzen du. Horregatik, adineko emakumeek dituzten jakinduriak eta errealitatearen ikuspegi kritikoa balioestea lagungarria da memoria historikoa erreparatzeko. Konponketa horrek aukera ematen digu gure aurreko emakumeak ezagutzeko eta iragana, oraina eta etorkizuna lotuko dituen belaunaldien arteko transmisioa bermatzeko.

Martxoaren 8an, emakumeen nazioarteko eguna dela eta, erakunde ezberdinek eskura ditugun estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar ditugu, genealogia feminista ikusarazteko eta emakumeekin historian izandako ahanzturak konpontzeko.

Udalok, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak garenez, aukera eta ardura dugu, toki-eremuan, emakumeen belaunaldien historia berreskuratzeko eta emakumeek eta borroka feministek udalerrien bizitzari eman dioten balioa aitortzeko, adineko emakumeen egungo belaunalditik hasita. Beraz,…………………………… (e) ko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Emakumeen memoria historikoa aitortu eta berreskuratuko duten proiektuak garatzea, genealogia sortzeko, hurbileko erreferenteetatik hasi eta tokiko bizitzan eragina izan duten talde feministetaraino.
  • Une historiko bakoitzean, tradizio eta ingurune kultural guztietan, sistemarekiko erresistentzia eta erantzuna artikulatu duten mugimendu feministak aintzatesten
  • Ezagutzak eta esperientziak trukatzeko belaunaldien arteko topaketa- eta elkarrizketa-guneak babestea, ahalduntze feministarako eta adin eta baldintza desberdinetako emakumeen aliantzarako guneak izan daitezen.
  • Emakumeen ikusgarritasun soziala sustatzea ikuspegi intersekzionalaz, bereziki, adineko emakumeena, bere aniztasun osoan, eta emakumeen zahartzaroari buruz , gizartean, nagusi den irudia eraldatuz, adinean eta estereotipoetan oinarrituta.
  • Adineko emakumeek esparru publikoan dituzten esperientzietan eta harreman- eta partaidetza-moduetan arreta berezia jarriko duten proiektuak bultzatzea, haien aniztasun osoan.
  • Errenta baxuenak dituzten adineko emakumeei, bereziki alargunei, ahalduntze ekonomikoa bermatuko dieten diru-sarreren eta pentsioen eskaera babestea, eskumena duten erakundeen aurrean, eta konpentsazio-neurriak aztertu eta artikulatzea.
  • Adineko emakumeentzat, bereziki alargunentzat, dauden laguntza eta prestazio ekonomikoak
  • Udal-eskumeneko laguntza- eta zaintza-zerbitzu publikoak indartzea beren herrietan, adineko emakumeei autonomia eta aktibismoa mantentzea ahalbidetzeko.
  • Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxistaren eragina eta hura gauzatzeko moduak ikertzea eta horietan sakontzea, emakume horien errealitatera eta beharretara egokitutako erantzunak artikulatzeko.
  • BERDINSAREA sarearen bidez, EUDELen eta Emakunderen laguntzarekin, udalerriak emakumeen tokiko memoria berreskuratzeko abian jartzen ari diren ekimenak ezagutaraztea eta ikusaraztea.
  • Gaur goizean Bilbon egindako Batzar Orokorrean, EUDELeko elkarteburuak “aukera hirukoitzeko” garai berrian aprobetxatzera gonbidatu ditu alkateak: udal berriak, legealdi berria Euskadin eta EUDEL berria.
  • Apraiz elkarteburuak Elkartearen ekintza-ildoen proposamena aurkeztu du, hauetako lau berriak direnak: udalerri txikien beharren diagnostikoa; zainketen erronkari tokiko heltzea; genero-eraginaren azterketa tokiko gobernuetan; atzerriko pertsonak hartzeko tokiko protokoloak.

Bilbon, 2024ko otsailaren 23an. EUDELeko Batzar Orokorrak EAE osoko alkateak bildu ditu, gaur goizean, Bilboko Euskalduna Jauregian. Agintaldi berriaren lehen Batzar Nagusia da, iazko irailean Donostian hautatutako Batzorde Betearazlea buru duena.

Esther Apraizek, EUDELeko presidente eta Derioko alkateak, oso positibotzat jo du, EUDELen Batzarraren gehiengoaren babesarekin, Elkartearen 2024ko ekitaldirako aurrekontua onartu izana, 3,7 milioi euro guztira. “Pozten gara Elkartearen jarduerari eusteko eta udalerriei agintaldi berri honetarako lehentasunezko helburuetan laguntzeko aurrekontu estrategiko batzuk aurrera ateratzeagatik. Horrek erakusten du EUDELen heldutasuna eta Euskadiko tokiko erakundeen interes komunen alde lan egiteko borondatea, herritar guztientzako onuragarria izan dadin”.

BATZARRAREN ARGAZKIEN GALERIA

Presidenteak batzarraren bileraren balioa nabarmendu du, Elkartearen gobernu-organo gorena den aldetik. Euskal Udalen urteko lehen topaketa honetan, Apraizek barne-mezu bat helarazi die hautetsiei: “Berrogei urte baino gehiago dira EUDEL dela alkateen eta alkateen arteko lan-mahai bakarra, udalerrien beharrei erantzuteko. Gutako bakoitzaren erantzukizuna da ondare hori babestea, borroka politikoetatik aparte”.

BIDEOA: ESTHER APRAIZ, EUDELeko Elkarteburuaren hitzak

Batzarraren garapena

Bilera, goizeko 9:30ean hasi da, Amaia Arregi Bilboko jarduneko alkatearen ongietorriarekin. Esther Apraiz elkarteburuak esku-hartze nabarmena izan du elkartearen ardatzak eta jarduera-ildoak aurkezteko. Apraizekin batera, Nagore Alkorta elkarteburuorde eta Azpeitiko alkatea eta Mikel Torres elkarteburuorde berri eta Portugaleteko alkatea, Jose Antonio Santanoren ordezkoa dena, izan dira.

Bere estatutuekin bat etorriz, EUDELen funtsezko ardatzak udalei zerbitzua ematea eta erakundeen arteko lankidetza dira. Berritasun gisa, lau jarduera-ildo sartu dira, Esther Apraizek Donostiako Batzarrean elkarteburu hautatu ondoren helarazitako hiru konpromisoei erantzuten dietenak: udalerri txikiei laguntzea, udalgintza feminista bultzatzea eta udalen eta herritarren arteko “konfiantzazko zubiak” sendotzea.

Tokiko lidergoa trantsizio handietan

Batzarreko bere hitzaldian, EUDELeko elkarteburuak “tokiko lidergoa” euskal gizartearen zerbitzura jartzeko deia egin die euskal udalei, “erakundeen lankidetzatik, transakzio handietan, sozial-demografiko, digital, ekologiko eta feministetan laguntzeko”.

Esther Apraizek esan du udalak “ezinbesteko eragileak” direla pertsonei Euskadiko eraldaketa handietan laguntzeko, “errealistak eta integratzaileak izan daitezen, eta inor atzean utz ez dezaten”.

Derioko alkateak biztanleriaren zahartze progresiboaren eta digitalizazioaren arteko harremana aipatu du. Hemendik aurrera, irisgarritasun digitala bermatzeko eta belaunaldien arteko arrakalak saihesteko irtenbide posibleak lantzea proposatu du Apraizek.

Erronka demografikoari dagokionez, “aniztasunaren kultura” sustatzearen alde egin du, bai eta erakunde guztien artean “kanpotik datozen pertsonak erabat integratzearen alde” lan egitera ere, “gure hiri eta herrien aurrerapenean laguntzeko”.

 

Aukera hirukoitza

Elkarteburuak “erronka garrantzitsuen garai berri honi ilusioz eta anbizioz” eta “aukera hirukoitz” batetik aurre egiteko deia egin die alkateei: udal berriak, legealdi berria Euskadin eta EUDEL berria.

Udal berriak:

“Erakundeen kalitatea erakundeak gidatzen ditugun pertsonetatik hasten da. Tokiko liderren belaunaldi berri bat dugu, euren komunitateen ongizatea hobetzeko prestakuntza, zorroztasun eta konpromisoarekin, metatutako esperientziatik abiatuta”

Legealdi berria Euskadin:

“Lankidetza publiko-pribatu-soziala funtsezko tresna da, Euskadiren erronka handiei erantzuteko, gizarte- eta lurralde-kohesioa bermatuz”.

EUDEL berria:

“Udalen interes komunak eta udal-autonomia defendatzeko adostasuna zaintzen jarraitu behar dugu. Euskadiko tokiko boterea indartzeko beharrezko solaskide instituzionala gara”.

EUDELen ardatzak eta jarduera-ildoak

  1. ARDATZA: Udalentzako zerbitzua

UDALHITZ enplegu publikoko hitzarmena:

Elkarteburuak jakinarazi duenez, EUDELek, udalen ordezkari gisa, Enplegu Publikoaren Euskal Kontseiluan parte hartzen du eta “erakundeen arteko lankidetzatik Euskadiko enplegu publikorako esparru komun batean lan egingo dugu”. Gaineratu duenez, “Udalhitzi buruzko hausnarketa partekatua irekitzeko aukera” emango du horrek, hau da, toki-erakundeetako 27.000 langile ingururen esparru-akordiorako hausnarketa.

(*Berria) Laguntza berezia udal txikiei: Eusko Ikaskuntzarekin lankidetzan, landa-inguruneko herrien behar eta erronka espezifikoen diagnostikoa egingo da: besteak beste, gazteen eta emakumeen sustraitzea; digitalizazioa; enplegua eta sustapen ekonomikoa; etxebizitza; belaunaldien arteko bizikidetza.

(*Berria) Berdinsarea-Berdintasunaren aldeko udalerrien sarea. Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen herri-esparru komunaren barruan, tresna bat landuko da, udalek zainketen tokiko sistema berri bati heltzeko, ikuspegi komunitario, feminista eta erantzukidea izango duena.

(*Berria) Basqueskola hautetsien sareak, tokiko gobernuen eraketan, genero-eraginari buruzko azterlan bat bultzatu du.

Europako agenda: bere alderdi europazaletik, EUDELek euskal tokiko gobernuen ahotsek Europan proiekzioa izan dezaten laguntzen du, Europako beste sare batzuekin dituen aliantzen bitartez, eta, bereziki, Europako Parlamenturako hurrengo hauteskundeak direla eta.

Euskararekiko konpromisoa: euskara lan-hizkuntza gisa bultzatzea udaletan eta, bereziki, herritarrentzako zerbitzuan. “Euskara barruan eta kanpoan defendatu behar dugu, gure euskal berezitasuna Europara eta munduko gainerako herrialdeetara proiektatzeko”.

Tokiko demokrazia: Europako Kontseiluarekin lankidetzan, Gobernantzaren Bikaintasunaren Zigilu Europarraren (ELoGE) bosgarren edizioa martxan jarriko da.

GJH eta 2030 Agenda: udalentzako tresna espezifikoen ezagutzan eta aplikazioan sakonduko da, hala nola udal-aurrekontuen eta GJHen arteko lerrokaduran.

  1. ARDATZA: Erakundeen arteko lankidetza

Tokiko autonomiaren defentsa eta finantza-nahikotasuna

Udal Finantzaketarako Foru Funtsei dagokienez, Esther Apraizek EUDELeko organoetan akordioak garatzen jarraitzearen alde egin du. “Adostasunen bidez bakarrik erraztuko ditugu aldaketak”, adierazi du.

EUDELeko elkarteburuak adibidetzat jarri du Gipuzkoako Udal Finantzaketarako Foru Fondoak Foru Araua aldatzeko lortu duen akordioa: 1.100 biztanle arteko udalei finantzaketa finkoa ematea, haien funtzionamendu-egitura bermatzeko.

(*Berria) Atzerritar jatorriko pertsonei harrera egitea

Eusko Jaurlaritzaren Biltzen zerbitzuarekin lankidetzan, EUDELek atzerritar jatorriko pertsonei harrera egiteko tokiko protokolo-eredu bat osatzeko talde tekniko bat aktibatu du. Esther Apraizek iragarri duenez, “EUDELek lana aurreratua du, erronkarik garrantzitsuenean: demografian. Eta aurten bertan gauzatuko den lana izango da “.

 

 

Bideoa grabatuta eta webgune honetan ikusteko moduan geratuko da.

Ordua: 11:15-14:30

“UDALAK ABIAN. Lidergoa eta Komunikazio estrategikoa Euskal Udaletan”

EUDEL-Euskal Udalen Elkarteak  euskal udaletako hautetsiei zuzendutako “UDALAK ABIAN” ekimena antolatu du.

Jardunaldiak tokiko gobernuen buru diren pertsonen antolakuntza- eta erakunde-lidergoa eta komunikazio estrategikoa indartzeko gakoak eskainiko ditu.

Mahai-ingurua eta esperientziak

Hizlariak: Xavier Marcet (Lead to Change)/Eva Silván (politologoa)/César Calderón (komunikazioan aditua).

Egitarau osoa